Jean François Sauré eta Astiberri euskal komiki argitaletxeei elkarrizketa bana "Argia" eta "The Balde"-ren azken aleetan
Euskarazko komiki gehien argitaratzen duen Sauré argitaletxeko jabe, editore eta arima den Jean François Sauré-ri elkarrizketa interesgarria egin diote Argia aldizkarian.
The Balde aldizkariaren azken alean, berriz, Bilboko Astiberri argitaletxekoei egin diete elkarrizketa.
Sauré-k komiki asko ateratzen ditu euskaraz, dozenerdi bat-edo urtean. Itzulpenak eta baita bertako produkzioa ere. Eskertzekoa da argitaletxe honek euskarazko komikien alde egiten duen lana, baita harrigarria ere. Izan ere, komiki argitaratzaile frantses bat komikiak euskaraz kaleratzen ikustea ez da oso normala... Elkarrizketak argitzen du arrazoia. Sauré oso tipo jator eta interesgarria iruditu zait. Komikiekiko pasioa dario Sauréri elkarrizketa guztian zehar, eta ziur naiz egiten duena horregatik egiten duela, komikiekiko maitasunagatik (ez dut uste aberasteko asmoekin hurbiltzen denik inor euskarazko komikien mundura!). Horrez gain, hemen egin izan dugun eta egiten dugun komikien inguruko erreibindikazio ugari egiten ditu. Benetan, horrelako ero zoragarri gehiago behar ditugu...
Astiberri argitaletxea berriagoa da, baina bide onean doaz. Hainbat sari eraman zituzten Bartzelonako Nazioarteko Komiki Jaialdiaren azken edizioan, blog honetan bertan Patxi Lurrak esan zigunez. Tartean Raquel Alzate barakaldoarrak lortutako egile berriaren saria Cruz del Sur lanagatik.
Amaitzeko eta bide batez, duela bi urte baino gehiago The Balde aldizkarian Sauréri egindako beste elkarrizketa bat irakur dezakezue hemen.
"The Balde"ren alkarrizketatik behekoa aukeratu dot, nahikoa berba zorrotzak eta esanguratsuak iruditu izan jataz, Durangoko Azokari buruz Astiberri-ko Fernando Alarcón-ek egindakoak:
*Mundu apur bat itxia eta probintzianoa dela uste dut. Tipo batek Luis Duranen komiki bat erosi behar zuen bertako estandean eta lagunak erran zion no, que es un facha eta tira guk argitaratzen ditugunen artean Luis Duran ez bada euskal kulturan pertsonai bat ez dakit, euskal sari literario bat du eta guzti. Durangon hiru erakustoki eskatu genituen eta bakarra eman ziguten eta oraindik ez dakigu zergaitia ere, gu ordaintzeko prest geunden. Azkenean gauza ez dago oso argi ere euskal liburu eta disko azoka bada, euskaraz idatzitakoa edo euskal gaiarekin? Nahiko zaila da hori ezartzea, hor dago TMEOrekin izandako afera, ez zirela ez bata ez bestea, eta TMEOk ez badu Euskal Herriko kulturan eraginik esango didate. Azkenean noski, TMEOa Durangon da.*