"Little Nemo"-k 100 urte!
Little Nemo in Slumberland Winsor McCay-ren komiki-bandak 1905eko urriaren 15ean ikusi zuen argia lehen aldiz New York Herald eta William Randolph Hearst-en New York American egunkarietan, beraz larunbatean 100 urte bete zituen.
Genero bezala komikia "ofizialki" sortu zenetik 10 urtera (1895ean ateratako Richard F. Outcault-en The Yellow Kid komikia hartzen da holakotzat, hor agertu baitzen lehen aldiz bunbuilo edo bocadilloa) argitaratutako komiki honek haur baten, Nemo txikiaren, ametsak kontatzen ditu. Baina ez zen haurrentzako moduko komikia. Surrealista eta iluna ere bazen sarritan.
Little Nemo komikien historiako maisulanik handienetakoen artean jarri ohi da. La cárcel de papel komikiei buruzko blog zoragarriaren editore Álvaro Pons-ek, adibidez, bere kuttunenen artean bigarrena du. Pons-en Little Nemori buruzko post oso interesgarria irakur dezakezue hemen.
Eta webgune horretan bertan diotenez (hemen eta hemen), Little Nemoren ohoretan omenaldi-liburu bat atera dute, munduko komikigile eta komikiei buruzko aditu ezagunenetako askoren partehartzearekin. Komikigileen zerrendan, adibidez, Art Spiegelman, Bill Watterson, Moebius, Katsuhiro Otomo eta Miguelanxo Prado daude. Modu ederra duzue, beraz, mendeurrena ospatzeko.
Zorionak Nemo!