"Ahuntzaren Eguerdiko Doministikua", euskal blog berria
Gaur atseginez aurkeztu nahi dizuet (jada ezagutzen ez duzuenoi) blog euskaldun berri bat. Ahuntzaren Eguerdiko Doministikua (AHED) du izena, eta Patxi Lurra (edo hobe esanda Iñaki Peña) adiskideak sortu du. Patxi blogen munduan beteranoa dela esan dezakegu, eta ziur naiz gauza interesgarriak dituela bertan esateko.
Patxi-Iñaki ez da berria blogen munduan. Aspalditxotik dabil blog askotan erantzunak idazten, eta baita artikuluak ere. Artikulu gogoangarria idatzi zuen Sustatun azken Korrikaren harira, Korrikak euskaldun berriak omendu nahi zituela-eta euskaldun berri etiketa arbuiatuz. Blog honetan bertan hainbat artikulu idatzi izan du (Aitor Aranaren Komiki Gay eta Lesbiko bildumari buruz, Bartzelonako 23. Komiki jaialdiari buruz, American Splendor filmari buruz eta Marrazkirri komiki-erakusketari buruz) eta ezin konta ahala erantzun!
Horrez gain, aurrez bloga edukitakoa da. Gogoan duzue nola hitz egin nizuen hemen ezkontza-bidaia baten blogari buruz? Ba bera zen ezkontideetako bat. Eztei-bidaiaren kronika ederra osatu zuten berak eta Maider neskalagunak Turkistan 2005 blogean.
Irailaren 1ean izan zen blogaren irekiera ofiziala. Atal interesarriak izango ditu: Bilboko kontuak, medikuenak (bera medikua baita), militantismoak... Blogaren aurkezpen orrian aipatzen ditu gustuko dituen hainbat gauza, eta horrelakoak gustuko dituztenek atsegingo dutela bloga. Monty Python, Young Frankenstein... Eta berak badakienez, nik asko atsegin ditut horiek, beraz bloga ere ziur baietz!
Hasteko, blogaren atal ezberdinen aurkezpenak sartu ditu, eta jada badago bere harrikaldi oso polit bat. On egin dagizuela!
Nik ere aurkitu dut gaur blog hau, aurkin saltseatzen. Asko gustatu zait, umore pittin batekin kontatzen ditu kontuak. Zorionak!