Denbora-bidaiarien konbentzioa egin dute MIT-en
Microsiervos-en bidez jakin dut MIT-ek denboran zeharreko bidaiarien konbentzioa antolatu zuela hil honen 7an, baina ez zela denbora-bidaiaririk agertu. Bai, niri ere grazia egin zidan hasieran notiziak, baina pentsatzen jarrita gai serioa izan daiteke...
Hori entzutean lehen erreakzioa barrea da, izan ere, nola pentsa dezake inork denboran zehar bidairik egin daitekeenik gaur egun? Baina ez du zertan orain posible izan: etorkizunean denboran bidaiatzea agian posible izango da, eta etorkizun horretan jakin badakite noiz egin zen lehen konbentzio hori, eta normalena da etorkizuneko denbora-bidaiariek historian egin zen lehen denbora-bidaiarien konbentziora joan nahi izatea...
Eta ez zen denbora-bidaiaririk agertu, edo, antolatzaileen esanetan, behintzat inork ez zuen bere burua horrela agertu publikoki, agian norbait agertu zen baina incognito, etorkizunari buruzko galderak saihestearren.
Serio jarrita, hainbat gogoeta datozkit honen inguruan. Eta arrakasta izan balute? Bidaiari bat edo batzuk agertu izan balira, egun historikoa izango litzateke... Baina bestalde, geroan bidaiok posible badira, zergatik ez dira lehenago ere agertu?
Agian bidaiok posible dira etorkizunean baina isilean egiten dira, historia ez aldatzeko edo paradoxarik ez sortzeko. Edo bestela denbora-bidaiak etorkizunean ere ez dira inoiz posible izango. Azken hau kezka sortzeko modukoa da... Zaila egiten zait sinestea denborarekin hori asmatuko ez denik, eta beraz inoiz ez badugu denbora-bidairik egitea lortzen, esan nahi du denbora nahikoa ez dugula izan. Beraz, gizadia etorkizun hurbilean amaitu egingo dela esan nahi du?
Tira, dramatiko ez jartzeko azalpen asko egon daiteke. Agian fisikaren legeek aginduta ez da posible hori egitea. Agian asmatzen dute baina debekatu, historia ez aldatzeko. Edo agian asmatu dute, iraganera bidaiatu dute eta historia aldatu dute, eta gu orain aldatutako historian bizi gara, eta gure etorkizun honetan ez da denbora-bidairik asmatuko. Edo iraganera bidaiatu zen eta historia aldatu zen, eta guk bizi dugun hau ez da benetako historia, aldatuta eta bidetik kanpo gelditu zen bat baizik. Edo denbora-bidaiariak badaude, baina denbora-polizia ere bai hauei jarraitzeko publikoan ager ez daitezen edo historia alda ez dezaten. Edo...
Gai liluragarria denboran zehar bidaiatzearena, inondik ere.
Orain dela pare bat hilabete Discovery Channel-en erreportai bat ikusi nuen denboran zehar bidaiatzearen inguruan.
Betidanik gustatu izan zait gai hau eta erreportaia ere oso interesgarria iruditu zitzaidan, nahiz eta oso-osorik ezin ikusi (ea eMandoak laguntzen nauen erreportaia aurkitzen).
Erreportaitik ideia nagusi bat hartu nuen eta zera da: denboran zehar bidaiatu badaiteke, bidai horiek egiteko makina asmatzen den momentuan hasiko dira bidaiak. Baina ezingo da momentu hori baino atzerago joan. Denboran zehar bidaiatzen duena asko jota makina asmatu zen egunera arte joan ahal izango da atzerantz.