Firefox eta bere plugin zoragarriak
Bada denbora dezente interneten nabigatzeko Firefox nabigatzaile librea erabiltzen dudala, eta oso gustura nago berarekin. Eta bere plugin batzuk ere instalatuta ditut, asko oso interesgarriak baitira. Baina lehengo baten are txundituago utzi ninduen: banuen eginbehar bat, zeina burutzeko hainbat programa probatu nituen (batzuk ordainpekoak ere!) eta guztiek kale; bada, azkenean Firefox-en plugin batek konpondu zidan arazoa!
Duela hilabete pare bat interneten izan nuen Alacant-eko mutil batek aurrera daraman proiektu oso interesgarri baten berri, eta berarekin kolaborazio txiki bat egiten hasi nintzen (idatziko dut laster proiektu horri buruz). Baina horretan laguntzeko, zerbitzari batetik fitxategi mordoa jaitsi behar nituen. Zerbitzaria ez zen berea eta posible izatekotan nahiago zuen niretzako FTP kontu bat ez eskatzea. Beraz, fitxategi horiek jaisteko HTTP zerbitzariak eskaintzen zuen index orrira joan eta esteketan klik eginez banan-banan jaitsi behar nituen.
Banekien, lehenago ere erabili izan dudalako, horrelako gauzak egiteko badaudela programak. Web helbide bat ematen diozu programari eta bertako esteka guztiak bilatzen ditu. Gero horietatik batzuk edo guztiak aukeratzen dituzu, eta berak esteka horiek seinalatzen dituzten fitxategiak jaisten ditu. Hau oso interesgarria da lehen aipatutako kasurako (HTTP zerbitzari bateko karpeta baten dauden fitxategiak erakusten dituen index orri bateko fitxategiak jaisteko), baina baita beste batzutarako ere. Adibidez, argazki asko dituzten guneetan oso ohikoa da index orri bat egotea argazki txiki edo thumbnail-ekin, eta berauek argazki handirako esteka izatea. Ba horrelako batekin argazki guztiak jaitsi daitezke kolpe bakar baten.
Nik horrelako gauza batzuk egiteko aspaldi Go!Zilla erabili nuen, bere Leech funtzioaz baliatuz. Baina jada zaharkitua zegoelako edo, ez zidan web gune honekin funtzionatu. Eguneratzen saiatu nintzen, baina orain ordainpekoa dela ikusi nuen (adware-a zeukan lehen, orain kendu egingo zioten horrek ematen duen izen txarragatik). Pirateatzen hasi aurretik, beste bat probatzea erabaki nuen, GetRight, baina hau ere ordaindu behar. Doako bat bilatu, aurkitu eta jaitsi nuen, Free Download Manager, baina ez zuen egiten nik nahi nuena.
Desesperatzen hasia nengoenean, argitxoa piztu zitzaidan. Ez al da Firefox-erako plugin bat egongo hori egiten duena? Hara joan eta bingo! Download Tools ataleko lehenengoa probatu, Down Them All, eta di-da batean jarri nituen automatikoki jaisten 400 fitxategitik gora!
Firefox-en plugin-ak eskura izanik, gauza bera egiten duten beste programak ordainpeko bihurtu dituzten enpresa horien alde ez nuke txakur txikirik ere jokatuko...
Oraindik Firefox probatu ez baduzu, egin ezazu lehenbailehen, ez zara Internet Explorer-era bueltatuko. Eta Firefox erabiltzailea bazara, eman bueltatxo bat plugin-en orritik eta probatu itzazu batzuk, ez zaizu damutuko!
FireFTPren euskarazko bertsioa orain http://www.3arrano.com/gailuak/geh_fireftp.php da. Hemendik helbide zaharrera sartu da baten bat, eta egokia iruditu zait helbide berria jartzea.
FireFTPren bertsio berria euskararatzeko lanean nabil, baina arazo batzuk ditut...