Urtebetetzeko komiki-opariak (eguneratzea)
Aurreko astean komentatu nizuen ba nola nire neskalagunak komiki eder batzuk oparitu zizkidan? Ba hori kontsolazio-oparia besterik ez omen zen! Bere asmoa beste komiki batzuk oparitzea zen eta aurkitu ez zituelako ekarri zizkidan horiek... Eta gaur ez zait ba besteekin etorri!
Bere asmoa, esan nizuen moduan, aurten Angoulêmeko festibala irabazitako Marjane Satrapi-ren Poulet aux prunes oparitzea zen, baina ez zuen aurkitu. Nik komentatu nuen ez nuela uste Espainian argitaratu zenik, baina berak bazekien, nik baino hobeto jakin ere, baietz, berriki aterea zela. Horretarako al nago komikiei buruzko hainbeste blogetara harpidetuta, gero horrelakoetaz ez enteratzeko? Edo agian justu horregatik da, hainbeste berri izaten ditut irakurtzeko, "Avance Novedades Editorial Norma Abril" modukoei ez diedala kasurik egiten!
Kontua da "Donostiako Armageddon Comics" dendara joan zela hori erosteko asmotan eta han esan ziotela oraindik ez zeukatela, nire urtebetetzearen hurrengo egunean ekarri behar zietela. Gauzak horrela, aipatu nizkizuen hiru marabillak erosi zizkidan. Baina horrekin pozik gelditu ez eta gaur berriz joan da eta erosi dit Pollo con ciruelas.
Horrez gain, esan dit: "eta jada han nengoenez, beste bat erosi nahi izan dizut, ez dakit gustatuko zaizun...". Eta ez dit ba Alan Moore handiaren, Watchmen perfektuaren egilearen, From Hell ekarri! (izenburua ingelesez mantentzen badu ere, gaztelaniazko bertsioan ekarri dit)
Pufff!!! Zer gehiago eska dezake pertsona batek bere urtebetetzerako?
PS.: Aurreko post-ean zoriontze-erantzun mordoa jaso eta gero, nik ere erantzun nuen nire asmoa hori ez zela adieraziz eta nire lotsa agertuz euskal blogosferako "kronika arrosa" estreinatu ote nuelako... Beno, ba ez, aurkitu dut horren moduko post bat baina zaharragoa: Mikel Larreategi "erral"-ek egin zuen 15 egun lehenago.
PPS.: Neskalagunak beti asmatzen du opariekin eta kristorenak egiten dizkit, eta ni desastre hutsa naiz... Azken honek gainera hurrengoan zerbait oso ona egiteko erantzukizuna sortu dit... Iradokizunak onartzen ditut, edo hobe esanda eskertuko nituzke. Kontaktu orriaren bidez, mesedez, bloga irakurri egiten baitu.