IEB 2005eko moblogging-a azkenean!
Oraintxe, nire urtebetetze eguna amaitzeko ordutxo bat falta denean, jaso dut azken oparia: Euskaltelekoek konpondu dute neskalagunaren mugikorretik MMSak bidaltzeko nuen arazoa, eta Informatikari Euskaldunen V. Bilkuran telefono mugikorrarekin egin nituen argazkiak blogera posteatu ahal izan ditut.
Orain arte deitzen nien bakoitzean bi konponbide probatzen zituzten: beraiek beraien ordenagailuan nik MMS-ak bidaltzeko aukera berraktibatzea edo niri mezu bat bidaltzea MMS-en bidalketa konfiguratzen zidana. Baina biek beti kale.
Gaur erantzun didanari insistitu diot horiek askotan probatu ditudala eta ea ezin den beste ezer egin. Esan dit: "¿y no le han intentado configurar su teléfono manualmente?". Pues ez. Orduan esan dit beste telefono batetik deitzeko mugikorra eskutan nuela, eta konfigurazioko datuak banan-banan errepasatu ditugu. Dena ondo zegoen, baina bukaeran konfigurazioa gordetzeko esan diot. Ba ez nuen uste ezer konponduko zenik, konfigurazio guztia ongi izanik, baina konpondu da, aizue!
Bidalitako mezuak automatikoki agertu dira blogean, baina oraingo data eta orduarekin. Aurreko ostiraleko data eta gutxi gorabehera bidali nitueneko ordua jarri diet. Horrez gain, technoratin IEB2005-eko beste gauzekin batera ager zitezen esteka bat jarri diet, Garik eskatu bezala.
Argazkiei buruz, oraingoan bereizmen aldetik kalitate hobea dutela iruditu zait. Baina ez daude ongi argitasunari dagokienean. Jokatu nuen mugikorrean argitasun ezberdinak probatuz, baina beti edo proiekziokoa argiegi zegoen eta ezin zen irakurri, edo aurkezlea eta jendea ilunegi agertzen ziren. Lehenean izan ezik, beste hiruetan zoom-a erabili nuen (zoom digital kaxkarra da eta ez optikoa, argazki txikiagoak ateratzen ditu aukeratutakoan zentratuta, eta kitto).
Eta honekin uste dut denbora baterako amaitu dudala moblogging-aren esperimentu hau. Nire blogaren jardun arruntean ez dut hori erabiltzeko asmorik. Agian etorkizunean egiten den beste ekitaldiren baten erabiliko dut berriro (baina ez dut gogoan besterik dudanik denbora luzean), edo noizbait mugikor berriago eta hobe bat eskuratuz gero probatuko dut ostera ere. Nork daki...
Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: ieb2005.
Azkenean!!!
Arrazoia duzu, bapatekotasun hori bakarrik oso kasu berezietan behar dela iruditzen zait. Ez dakit, baina badirudi hobe dela kamara digitalei Internet konexioa ematea, telefonoei argazki funtzioa gehitzea baino ... edo Igor argazkigintza ikastaro baten apuntatu?? :-)
Zorionak berriro, Igor!!