Torrentocracy, eduki multimedia libreak banatzeko sarea
MythTV-ren instalazioa oraindik guztiz amaitu ez badut ere (bukatzean jarraituko dut MythTV-ri buruzko artikulu sortarekin), Torrentocracy plugin ez ofizialari buruz hitz egin nahi nuke, Patxi Gaztelumendik bere blogean idatzi duenaren harira. Izan ere, Patxik internet eta P2P sareak aipatzen ditu Korrika 14-ko bideoa zabaltzeko bide posible gisa. Eta Torrentocracy, MythTV-rentzako eduki multimedia libreak jaitsi eta ikusteko plugin bat izateaz gain, eduki multimedia libreak banatzeko sarea ere bada (edo izan nahi du), blog eta bittorrent teknologiak konbinatuz.
Torrentocracy proiektuaren asmoa da eduki multimedia libreak banatzeko sare bat antolatzea. Horretarako blogak erabiliko lirateke. Blog sare bat osatu nahi dute. Ikusentzunezko materialeren bat konpartitu nahiz gero, blog horietako baten artikulu bat gehitzen da, bertan bittorrent esteka txertatuz. Bi adibide, bt.etree.org (beraien musika banatzea libreki banatzea onartzen duten taldeen zuzeneko emanaldiak) eta Legaltorrents.com (musika, liburuak, pelikulak...).
Esan bezala, sare horrez gain MythTV-rekin erabiltzeko plugin bat garatu dute. Horren bidez, sare horretako hainbat blogetara harpidetu gaitezke, berria zer dagoen ikusi, interesatzen bazaigu jaisteko agindu eta jaitsitakoan ikusi.
Baina Torrentocracy MythTV-rako plugina aparte utzita, bere berri izan nuenetik Torrentocracy sarea (edo ideia) euskal mundurako oso interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan, eta gaur Patxi Gaztelumendiren artikuluak hori baieztatu dit. Blog bat antolatu genezake euskarazko edo Euskal Herriko edo Euskal Herriari buruzko eduki multimedia publikatzeko. Hor jarri ahal izango genituzke MacGyver-en bideoa, Korrika 14-koa eta beste batzuk, beti irratia.com-ekoek (euren banda-zabaleraren kalterako) jartzen ibili beharrik gabe... Eta gero blog hori Torrentocracy sarean integratu daiteke. Aurki berriarentzako ideia izan daiteke?