2013ko hondarreko euskarazko komikiak
Udazkenero, Durangoko Azoka, Getxoko komiki-azoka eta Gabonak direla-eta, euskarazko komiki berriak atera ohi dira, eta iaz ez zen salbuespena izan. Urria aldean euskarazko azken bi komikien berri eman genizuenetik, beste bost komiki atera ziren. Ez dago bat ere gaizki!
Horietako hiru jatorriz euskaraz sortutakoak dira. Lehenengoa, De rerum natura 5, Zaldieroak Berria egunkarirako egiten dituen zinten 5. bilduma, Elkarren eskutik. Bigarrena, Txalapartak ateratako Habiak, Maite Gurrutxagak egina Dejabu panpin laborategiaren Gizona ez da txoria antzezlanean oinarrituta. Eta hirugarrena, Iñaki Martiarena Mattinen 1813-2013 Sua itzali, hiria piztu, Donostia Sutan 1813-2013 elkarteak argitaratua.
Beste biak itzulpenak izan ziren. Batetik, mundu guztian atera zen Asterixen album berria, Asterix eta piktoak, euskaraz ere atera zuen Salvat-Bruño argitaletxeak; album honetan, hasieratik marrazkigile eta René Goscinnyren heriotzaz geroztik gidoilari ere izan den Albert Uderzok lekukoa pasatu die (alabarekin polemika handia izan ostean) Jean-Yves Ferri gidoilari eta Didier Conrad marrazkilariari. Eta bestetik, Cénlit denonartean etxeak Amaia – Euskaldunak VIII. mendean komikia, Francisco Navarro Villosladaren izen bereko 1879ko gaztelaniazko eleberrian oinarrituta 80ko hamarkadaren hasieran Rafael Ramosek egindakoa, berrargitaratu du.
Badakizue, erosi ba, ea aurten iaz baino euskarazko komiki are gehiago ateratzen diren!