New Yorkeko torreen itzala barik
Patxi Lurrak, blog honetako kolaboratzaile ilustreak, Maus komikiarekin Pulitzer saria irabazitako Art Spiegelman-en In the shadow of no towers entsegu-komiki bitxiaren iruzkina egiten digu artikulu honetan.
Irailaren 11
Aurton 6 urte bete dira historiako mugarri izan diran atentatuak Manhattanen gertatu zirala. Literaturan eta zineman lan ugarik gaia jorratu dabe, besteak beste 11/9 (Jules Naudet, Gédéon Naudet eta James Hanlon, 2002) pelikula-dokumental gogoangarria edo The Grand Illusion: The Untold Story of Rudy Giuliani and 9/11 liburua (Wayne Barrett eta Dan Collins, 2006).
Lan hauen guztien artean, Maus komiki bikainaren egilea dan Art Spiegelmanek 2004an argitaratutakoa da, In the Shadow of no Towers izenekoa. Spiegelmanek Mausen juduek pairatutako holokaustoa jorratu baldin baeban, azken honetan New Yorken jasandako sarraskia aztertzen dau, egile bera horren lekuko izan zala. Ganera, beste lan hartan komikilariaren aita protagonista baldin bada, kontzentrazino esparru batetik bizirik urtenda, beste honetan bere alaba agertzen da, hau be hondamenditik salbatuta.
Ostrukaren Alderdia
Spiegelmaneri Irailaren 11ren aurrean tokatzen jako bape zorionekoa ez dan erdibidean-edo egoten saiatzeko jarrera: alde batetik kanpotik joandako hiltzaile talde gupidababea eta beste alde batetik bere herrialdeko gobernuaren eta herrikide askoren jarrera militarista ("beldur bardina sentitzen dot Al-Qaidagaitik zein neure gobernuagaitik beragaitik"). Azkenean, baina, orekari ezin eutsiz gehiagotan kritikatzen dau George W. Bush "ez hautatutako presidentea" eta bere politika inork ez hautatutako Al-Qaidako gudariak baino.
Sarkastikoki, errepublikar eta demokraten arteko bipolarizazinoaren aurrean, balizko hirugarren alderdi baten aldarrikapena egiten dau, Ostrukaren Alderdiarena, errealitatea ikusi nahi ez daben herritarrena.
Sustraidun kosmopolita
Beste gai nagusi bat be, neure faboritoetakoa, azaltzen da komikian, kosmopolitatasuna edo "munduko uritartasuna" alegia. Bineta batean, guraso poloniarrak dituen eta Stockholmen jaiotako egile newyorkarrak aitortzen dau atentatuen ondoren "sustraibako kosmopolita" izatetik "sustraidun kosmopolita" izatera igaro dala. Kontzeptu interesgarria, beraz: "Munduko uritarra" zana munduko bere bizilekuan sustraitzen da atentatu izugarri baten biktimekiko alkartasunagaitik, biktimak auzokideak izanda. Hainbeste non Spiegelmanek, egun haietan, izar eta marradun bandera be onartu izan eban.
Antzinako komikiak
Azkeneko zatian, Spiegelmanek gogoratzen du zelan egun tragiko haietan jenteak aterpe morala bilatzen ebala edozein gauzatan, batzuk poesian, beste batzuk komikietan, bera tartean. Azken atal honetan, egile estatubatuarrak antzinako komikien jatorrizko zatiak libururatzen ditu, XX. mende hasierako harribitxiak diranak. Tira horietan guztietan, amankomuneko gaiak ataratzen dira: gerra, mundu arabiarra, bonbekin egindako erasoak, amesgaiztoak. Bitxia zinez.
Fitxa |
---|
Izenburua: Sin la sombra de las torres Gidoia eta irudiak: Art Spiegelman Argitaletxea: Norma Editorial Urtea: 2004 ISBN: 84-96370-38-0 |