Basauriko komiki-lehiaketara aurkeztutako komiki guztiak, online
Basauriko Kultur Etxeak, azken urteetan ohi duenez, Ganorabako 2007 komiki-lehiaketa antolatu du. Lanak martxoa bitartean aurkez zitezkeen eta jada baditu irabazleak lehiaketak. Baina herrietako komiki-lehiaketetan ohikoa den liburuaren ordez (garestia dena eta, banaketa arazoak medio, herritik kanpo zabalkunderik apenas duena), oso ekimen interesgarria jarri dute bertara aurkeztutako lanak ezagutarazteko: interneten jarri dituzte guzti-guztiak.
Lehiaketara 13 lan aurkeztu ziren, eta horietatik 6k jaso dute sari edo aipamenen bat:
- 1.go saria, 900 eurorekin hornitua: Igor Fernandezen El titiritero
- 2. saria, 450 eurorekin hornitua: Carmen Gonzalezen Día de viento
- 3. saria, 300 eurorekin hornitua: Laura Velascoren Me llamaban olvido
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Kostaren Y...
- Euskarazko akzesita: Irati Fernandezen Txanogorritxu eta otsoari buruz
- Basauriko egile onenaren saria: Roberto López Quiñonesen Cine sin cortes
Saritutako lan horiez gain, beste hauek ere aurkeztu ziren lehiaketara (eta irakur daitezke web gunean):
- Mikel Begoña eta Ricardo Mario Sendraren Lerroaren muturra
- Alvaro Ortizen Cupido desterrado
- Tomas Gimenoren Javi Cogollo
- Joseba Larratxeren Tximeleta reggae
- Nikolay Troshchinskiyren Tormento
- Daniel Parraren Necesidad
- Jose Angel eta Roberto Lopez Quiñonesen Lau gurutzeak
Oso ekimen interesgarria benetan, eta gainera web gune guztia elebitan dago. Txalogarria. Eman ezazue bueltatxo bat bertatik, komikiok irakurtzea merezi du-eta.
Hala ere, beti egin behar kritikatxo edo hobetzeko proposamenen bat, eta... Nik komikiak web gunetik bertatik irakurtzeko aukera eman beharrean (edo aukera emateaz gain), CBZ edo CBR formatuan jaisteko aukera ere emango nuke, gero norberak bere ordenagailuan offline irakurtzeko aukera ere izateko. Formatu hau ZIP edo RAR bidez konprimitutako JPEG irudiak dira, eta ordenagailuan irakurtzeko, CDisplay programa erabil dezakezu Windows-en eta CBView , Comix edo CBRPager Linux-en.