Store and Serve.com, fitxategi handiak ostatatzeko zerbitzua
Esku artean dudan web proiektutxo baterako fitxategi handiak ostatatzen dituen zerbitzu baten beharra nuen, doakoa ahal izanez gero. Justu egun horietan ordenagailuak eta interneti buruzko blog batzuetan horietako bi zerbitzu aipatu zituzten: Zhube.com eta Box.net. Baina bietako batek ere ez zituen nire beharrak asetzen. Azkenean, Google-en bilatuta aurkitu nuen egokia: Store and Serve.com.
Zhube.com probatu nuen lehenengo, baina ez zen egokia niretzat hainbat arrazoirengatik:
- Argazki, bideo edo audio ez diren fitxategiak zipeatuta igo behar dira derrigorrez; nire kasuan PDFak ostatatu nahi nituen, baina ez nituen zipeatuta igo nahi, konpresioan ez zelako apenas ezer txikitzen eta fitxategiak jaisten dituenari pauso bat gehiago (deskonpresioa) emanarazi nahi ez niolako
- Tamainaz 20 MB diren fitxategiak igo daitezke gehienez, eta nire kasuan 25ekoak dira
- 15 egunetan jaitsi edo ikusten ez diren fitxategiak ezabatu egiten dira automatikoki
Box.net-i buruz irakurri nuen ondoren (1 GB ostatatzeko aukera ematen du doaneko bertsioan), baina honek ere ez zidan balio:
- Gehienez 5 MB diren fitxategiak igo daitezke
- Ezin dira publikoki konpartitu, pribatuan soilik (erabiltzaile / pasahitz bidez)
Murrizketa horiek ordainpeko bertsioan desagertzen ziren, baina ez nuen ordaindu nahi ahal izanez gero.
Orduan apur bat googleatuta Store and Serve.com aurkitu nuen. Honetan, erregistratu gabe ere 100 MBrainoko fitxategiak igo ditzakezu, 75 KB/s abiaduran jaitsi ahal izango direnak. Doaneko erregistroarekin oraindik gauza gehiago lortzen dira:
- Igo daitezkeen fitxategien tamaina 250 MB da
- 150 KB/s abiaduran jaitsi daitezke, eta 5 fitxategi aldi berean
- Guztira 10 GBko espazioa
- Jaitsiera estatistikak
Eta ordainpeko erregistroarekin askoz gehiago duzu: 2500MBrainoko fitxategiak, 1000 KB/s-ko jaitsiera abiadura, 100GB-eko espazioa...
Hala ere, bi gauza baditu zerbitzuak hainbeste atsegin ez ditudanak:
- Fitxategien jaitsiera ez da zuzena; ematen dizuten linkarekin euren orri batera zoaz eta han klikatzen duzu jaisteko botoian; orri horretan, noski, publizitatea erakusten dute
- Hilabete baten fitxategi bat ez bada jaisten ezabatu egiten da
Bi defektu horiek ez dira hainbesterainoko ere. Publizitatearenak ez dit inporta, eta fitxategiak ezabatu ditzaten ekiditeko beti erabil dezaket programatxo bat hilean behin fitxategiak jaitsiko dituena. Eta edozein modutan, ordainpeko bertsioak ez ditu murrizketa horiek, beraz beti dago aukera ordainpekora pasatzeko. Horregatik zerbitzu honekin gelditu nintzen.
Entzun nauen horri buruz, bai, baina probau ez... Ze niri aste betez bakarrik ez zuzten balixo, denpora luuuzez gordetia biher nauen.
Edozein modutan, azkenien ez nauen hor aipatzen dotena erabili, http://www.esnips.com/ baizik. Hor beste aukera bat, beraz.