"V for Vendetta" Alan Mooreren komikian oinarritutako filmaren jendaurreko lehen emanaldia egin dute
V for Vendetta, Alan Moore handiaren gidoia eta David Lloyd-en irudiak dituen komikia, zinema formatura eraman dute eta Berlingo Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zuten astelehenean.
Wachowski anaien proiektua da filma, beraiek zuzendu ez badute ere; Matrix seriearen zuzendariek gidoia idatzi dute, eta filme haietan beraien zuzendari laguntzaile izan zen James McTeigue-k zuzendu du eta gaiztoarena egiten zuen Hugo Weaving-ek V-ren rola jokatzen du honetan. Natalie Portman da emakumezko protagonista.
Dial V for Vendetta izeneko komikiei buruzko blogean (ikusten denez, komikiaren fan batek egindakoa da) esteka bat dakar, hainbat hedabidetan horri buruzko berria irakurtzeko. Filmaren kalitateaz zer dioten irakurtzera sartu gabe, titularrek haserrarazi egin naute. Ia denek "terrorismo" eta "polemika" edo "probokazio" hitzak sartzen dituzte. Irailaren 11ko atentatuak gogorarazten dituela esatera ere iritsi dira! USAmerikarren paranoiatik agian uler nezake hori, baina Espainiako prentsak ere esatea... Edo izenburu sentsazionalistak bilatu dituzte erlazio sinplista bat eginez, edo ikuspegi ultraeskuindar guztiz antilibertario batetik eginda daude (egunkariaren arabera, ziurrenik bietatik egongo da). Zeren ez dakit zein zerikusi duten balizko etorkizun post-nuklear bateko sistema totalitario baten aurka altxatzen den anarkista batek eta terrorismo islamiarrak, bonbez aparte... Jada ezingo dira bonbak filmeetan agertu ere egin? Edo segun eta zein aldetakoak diren soilik? Beste blog batzuetan ere egin dituzte nirearen antzeko hausnarketak, baina politago adierazita noski, hemen adibidez.
Gainera, 80ko hamarkadan idatzitako komiki bat da, mesedez... Nola eduki dezake gaur egungo islamdarrekin zerikusirik? Alan Moorek 1988an, edizio osoa argitaratu zenean, idatzitako hitzaurre gogorraren zati batzuk itzuli eta hemen jartzen dizkizuet, komikiak beste horrekin guztiarekin bat ere zerikusirik ez duela ikus dezazuen:
"V de Vendetta 1981eko udan hasi nuen (...) 1988ko neguan bukatu dut (...) Lehen pasarte horietan nire esperientzia politikorik eza ere nabaritzen da (...) inuzentegia izan nintzen Ingalaterra faxismora eramateko gatazka nuklear bat bezalako gertaera melodramatiko bat beharko litzatekeela pentsatzean (...) Orain 1988an gaude. Margaret Thatcher bere hirugarren agintaldia hastera doa eta alderdi kontserbatzailea hurrengo menderantz irmoki gidatzen du (...) prentsan HIESdun gaixoentzako kontzentrazio-esparruen ideia puri-purian dago. Istiluen aurkako polizia berriak bisore beltzak ditu, euren zaldiek bezala, eta euren furgonetek bideokamera birakariak dituzte sabaian. Gobernuak homosexualitatea errotik ateratzeko asmoa adierazi du, kontzeptu abstraktu gisa ere. Eta nire buruari galdetzen diot zein izango den legearen erasoa jasango duen hurrengo gutxiengoa. Nire familia herri honetatik laster ateratzeko asmoa dut, hurrengo urteetan. Hotza, miserablea eta ikusmen motzekoa da. Eta ez dut etorkizunean hemen egon nahi."
Horrez gain, blog komikizaleetan berriz ere medio tradizionalekin sartu dira filmari buruzko berri eta kritiketan hauek komikiekiko erakusten duten ezagutza eta errespetu faltagatik. Adibidez, ikusi zer dioten La cárcel de papel-en Diego Galán Donostiako Zinemaldiko zuzendari ohiaren kritikari buruz. Bide batez, beste komikizale batzuen erreplika ere jaso dute kexa horiek.
Nik film honekin ere nire kontzientzia arazoekin jarraituko dut... Nire Moore mirestuarenganako errespetuagatik filma ikusi gabe agoantatuko al dut? Ez dut uste, barkatu Jauna baina ahula naiz...
P.S. : Badakit artikulu honek jada gaurkotasuna galdu duela. Asteartean publikatu nahi nuen, baina gaixo jarri nintzen eta orain arte ezin izan dut. Gaixoaldi gogorra izan da, etxeko laurak (ni neu, Alaitz eta umeak ) gaixotu baikara eta, beraz, deskantsatzeko aukerarik bat ere ez dut izan... Termometroa jartzeko ere txanda eskatu behar izan dugu!