Japoniako jana
Hemen gaude oraindik oporretan, Hiroshima aldean gaur. Japonian ondo jaten da, ugari, eta nahiko merke. Sumoko lodikoteak idoloak dira, baina hala ere, gizen gutxi ikusten da. Japoniako neskek tipo fina dute oro har, eta munduko minigona laburrenak ere bai.
Japoniako jana modan dago gure bazterretan, eta hemen ikasitako batzuk idatziko ditut haren inguruan.
Arrain gordina
Arrozarekin bilduta sushi, eta bestela sashimi, bere horretan denean. Oso gozoa. Wasabi deritzon pikantean igurzten da apur bat, eta gero soian busti jan aurretik. Wasabi gai berde bat da, landare baten zuztarrarekin egina, eta oso pikantea: kontuz gero.
Arraina beste era batzuetan ere jaten da: egosia, plantxan, errea... Mota asko, auskalo zer jan izan dugun. Legatz egosia igarri nuen lehengoan zaporean, eta sashimian atun gorria aurkitzen da.
Itsaskietan, ganbak sarri, eta olagarro eta txibiak, egosiak baina gutxi. Guk gordin jaten ditugun ostrak, hemen plantxan erreak berriz.
Tempura
Barazki eta ganbak, fritanga puztu batean, hori da tempura. Pure zati zuri batekin ateratzen dizkizute: arbia da hori, eta jengibre ontzitxo bat ere badatorrenez, han urtu behar duzu arbia, gero tempura zatiak han bustita jateko.
Zotzekin, noski, Japoniako jan guztia bezala. Lurrean jarrita, gainera, mahaitxo batzuen aurrean. Batzuetan, mahaitxo horren azpian tatamia altxatu eta zuloa agertzen da hankak deskantsatuago egoteko, baina ez beti. Toki batean armosua zuloarekin zen egun batean, eta zuloak tapatuta hurrengoan, batek daki zergatik. Beti mantelik gabe; han hemenka mahaitxo batzuk ikusten badituzu mantel gorriz tapatuak, ez dira pastak edo tea bertan jartzeko, zu zeu esertzeko baizik.
Haragia
Txerriki eta oilaskoa jaten da hemendik. Baina okela preziatuena txahalkia da. Xerrak fin-fin mozten dituzte, eta jateko modu tradizionalena zuk zeuk egosiak dira. Ryokan edo hotel indigena batean gelan jarri ziguten ura irakiten mahaian, zerbitzariak bota zituen bertara tofu, perretxikoak eta barazki batzuk (ikusi argazkia), eta listo, geuk egiteko. Hau da, okela tajada hartzen duzu zotzekin, segundu batzuetan mugitu ur irakitan, eta gero saltsaren bat dagoen platertxo batean pittin bat busti eta jan. Oso ona geratzen da.
Hemen esandakoez gain, mila gauza jaten dira. Barazki eta algak, tripakiak ere bai batean, arroza gauza gehienekin eta Miso esaten dioten zopa bat. Arrautzak, beroa dagoen zerbaitetara bota ohi dituzte gordinik, eta han egin edo erdi-egiten dira. Afari edo bazkari japoniarrez gain, armosua ere estilo horretakoa da, agian tofu egosia nabarmenduta gehixeago.
Edana
Te berdea zerbitzatzen da janariarekin. Uraren ordez, hori. Eta zerbait poztekotan jana, garagardoa. Sake badago, baina ez da asko kontsumitzen, esango nuke. Eskatuz gero, ontzi txikia ateratzen dizute, beroa, kikara batzuetan hartzeko. Pauloren emazte Lenak gomendatuta, jatetxe batean sake hotza eskatu zigun berak, eta oso ona zegoen, txolindu arte errepikatu egin genuen. Baina hura eskatzen jakiteko, japonieraz jakin barik, ez dut ikusten modurik.
Kafezaleak ere badira, eta Starbucksak eta italiar/frantziar estiloko kafetegi ugari dagoen arren, onena edari makinetatik ateratzea. Te eta kafeak beroak ere egoten dira latan, harritzekoa ze ona suertatzen den, 75 zentimo kostatzen da lata.
Kalean jan
Han-hemenka jateko aukera infinitoak dira. Konbini edo supermerkatu arruntetan ere badago oilasko errea edo pintxomorunoak jateko aukera. Beste mila postu ere bai, hau edo bestea saltzen: hot-dog postu newyorktarrik ez espero, baina olagarro albondigak eta beste mila gauza bai. Gaztaina erreak ere aurkitu genituen Kyoton, guretzat homologagarriak.
Jatetxeetan oso on eta garestiak egon egongo dira, baina prezio normaletan ondo jan eta leku txukunetan egotekoak ere ez dira falta (baina topatzeko, indigenen laguntza ondo dator). Eskalan beherago, eskaparatean jana erakusten dutenak daude, plater eta konbinatuen modelo bisuala erakusten dute prezioarekin, eta horrek laguntzen du. Sukaldariei begira aulki altuan jateko leku asko ere bada, plantxa edo barra aurrean, langile askok horrela afaltzen du iluntzeetan.
Ez da inon propinarik lagatzen: ze diferentzia Estatu Batuetako propina programatuen sistema zail eta absurdoarekin.
Frankiziak ere ugari daude, batzuk indigenak, eta kanpokoak. Bertakoetan behin afaldu genuen katilukadak ateratzen zituen batean. Sukiya zuen izena (Idiazabalgo artzapezpikuarekin akordatu nintzen), 30 bat katilu zeuden auskalo zerekin. Begiz jota, neuk bat eskatu eta urdai goxoa bezalako zerbait zen, tipularekin. Kapa proteiniko horren azpian, arroza zegoen. Eskerrak argazki edo modeloekin gauzak eskatu daitezkeen: ingelesaren ezagutza mugatu samarra da, eta oso leku turistikoetan ez bada (Donostiako kaiaren parekoak), bertako idazkeran bakarrik azaltzen dira guztiak. Frankizia kanpotarren artean, McDonalds asko dago, eta mundu osoko Big Mac berdintsuak eskaintzen dituzte eskaparateetan (ez dugu inon jan), baina beste batzuk guztiz moldatuak daude ohitura lokaletara: Denny's batean egon ginen, eta zeharo japoniarra zen guztia, hanburgesa bai, baina ez ogitartekoan, plater batean ohiko parafernalia japoniarraz inguratutako filete errusiarra baizik. Buffet bat ere aurkitu genuen, zeharo bertakoa; nahi beste jan bai, baina 90 minutuan.
Eta hau guztia, Euskal Herrian baino merkeago. Esan nahi dut, ez Euskal Herrian aurki daitekeen janari japoniarra baino merkeago, baizik eta Euskal Herriko janari orokorra baino merkeago.
Blade Runner
Zorte handia izan dut bizitzan orain arte, irabazi dudan dirua gastatu ahal izateko bidaietan eta ez bankuari ordaindu beharreko hipoteka batean. 41 urte ditut, eta ez naiz etxe baten jabe. Dibortziatzen banaiz, larri geratuko naiz, baina artean, ez naiz txarto bizi.
Bidaietan, behin baino gehiagotan izan naiz Estatu Batuetan, eta herrialde hartan beti izan dut sentsazioa pelikula batean nengoela, hain da dena fikzioko eszenario ezagunekin lotzeko modukoa, motelak, paisaiak, kale eta pertsonaiak. Baina Astesantu honetan beste toki batean nago, Japonian, eta hemen ez da halakorik. Hemen dena da bitxia eta ezberdina, sorpresa bat bazter bakoitzean.

Lehengoan, ordea, film batean ikusi nuen neure burua. Odaiba auzoan geunden Tokyon, uharte artifizialen gainean eraikitako sektore guztiz berrian, eta monorraila hartu genuen erdialdera itzultzeko. Lehen bagoian sartu ginen, kristalaren aurrean. Han behintzat ez zihoan gidaria, inon bazihoan. Gaua zen jada, eta zubitik igaroz gindoazela, hiruzpalau solairuko altueran, Ginza auzoko bulego eta kale-argien artean sartzen ari ginela Blade Runner bizi genuela izan nuen sentipena.
Egia da bai, Japonia etorkizunean 10-15 urte aurrerago dagoen herrialdea dirudiela (salbu eta gauza batean: musika, J-Pop guztia Ken Zazpiren berdin berdina baita).
Eskerrik asko Paulo Berriozabal Lekesani, haren emazte Lena eta seme Kotarori, beren herrira egin diguten harrera zoragarriagatik.
Egoera ilun, Zapateroren bigarren txanpan
Zinegotzi ohiak ere hiltzera kondenatuen zerrendan badaude, errazegi aurkituko du ETAk hurrengo biktima, ez baitut batere esperantzarik Isaias Carrasco izango denik azkena.
Derioko egoitza sozialista zartatu ondoren, hango ANVrentzat gaitzesgarria eta onartezina izan bazen hura, esperantza nuen San Andres auzoko hilketa ere berdin izan zitekeela Arrasateko ANVrentzat. Baina ez da hala gertatu, publikoki bederen; eta pena handia eman dit horrek. Are gehiago, Derion egin zuten gaitzespena, kendu ere egin dute jada zegoen lekutik, Derioko ezker abertzalearen eztabaidagunetik.
Uste dut egoera politikoa ilun datorrela. Zapateroren bigarren aukera honetan, sinpatia gutxi ikusiko dugula euskal independentismoari begira, eta beltza dagoela kontua, bereziki, lagunak ditudan Egunkaria kasuan auzipetuentzat. Hala ere, haien alde ekin beste erremediorik ez dut ikusten. Pertsonalki gaztelaniazko blog batekin lagundu behar dudala pentsatu nuen duela aste batzuk, eta horretan segitu behar dut.
John Williams
Ez naiz ni musika klasikoaren oso zalea. Mozartek ez dit ezer esaten. Eta The Jesus & Mary Chain-en zarata hutsa, aldiz, zoragarria iruditzen zait. Baina tira, semearen bibolin klaseengatik edo, biguntzen ari gara honetan ere.
Peruren irakasle Mikel Larraz entsegatzen ari da, lagun baten ezkontzan pieza bat jo nahi du eta. John Williams aukeratu du. Schindler's List filmerako bandako konposizio bat. Pieza ezaguna egingo zaizu, eta nik uste dut ederto jotzen duela Mikelek. Nire argazki-kamera ziztrinak grabatzeko gai dena baino hobeto egiten du, ez pentsa.
Lehen aldiz jo zigunean, galdetu zion Mikelek semeari: Ikusia daukazu Schindler's list? Ez, gizona, gogorra da hori umearentzat, erantzun nion nik. Baina gero, pentsatzen jarrita: ez ote diogu askoz gauza gogorragoak ikusten uzten? Ez dakit. Adibidez, iaz Normandian izan ginen oporretan eta handik bueltan Saving Private Ryan
familian ikusi behar genuela erabaki genuen, eta baita ikusi ere. Odol eta indarkeria faltarik ez dago film horretan. Hortaz, noiz da adin egokia holokaustoaz filma bat ikusteko?
Nolanahi ere, John Williams-en beste pieza zinematografiko bat oso ondo ezagutzen du Peruk. Star Wars sagako Darth Vaderren martxa inperiala.
Mondragon Unibertsitateko komunikazio ikasleekin
Nik kazetaritza euskaraz ikasi nuenean, leku bakarra zegoen hori egiteko, Euskal Herriko Unibertsitatea. Orain bada beste unibertsitate bat bederen komunikazio arloko ikasketak eta titulazioa ematen duena euskaraz, Mondragon Unibertsitatea. Huhezi fakultatean, aurten irtengo da lehen promozioa, eta 4. mailako ikasle horientzat bereziki (baina guztientzat irekia, izena emanez gero) izango da Eskoriatzan datorren astean Komunikaldiak 08 jardunaldia. Neu han izango naiz hizlari, eta izenburu honen inguruan jardungo dut: Interneteko komunikatzaile profesionala.
Ez dakit ordu erdian asko esaterik izango dudan, baina puntu hauek aipatu nahi nituzke.
- Multimedia pertsonalean trebakuntza
- Komunikazio gabinetea, pertsonaletik bezero korporatiboraino
- Marketing biralaren ajeak
- Metrika, analitika
- Merkatu kultural eta komunikatiboaren apurketa
Aste honetan ere igaro naiz Huhezitik: datorren urteko Komunikazioko promoziokoekin egon nintzen asteartean (3. mailakoekin alegia), beren zuzenbide irakasle Ainhoa Larrañagak gonbidatuta. Oso gustura jardun nuen kultura librearen eta eduki lizentzia libreen inguruan, del.icio.us-en gordetako lotura multzo bat abiapuntu nuela. Richard Stallmani inprimagailua ataskatu zitzaion egunarekin hasi ginen, eta Creative Commons lizentzien xehetasunetatik pasatuz (NonCommercial klausularen inguruan sakonduz bereziki), mundua nola hobetu daitekeen filosofatzen amaitu genuen. Esaten dut "genuen", ze ez nik bakarrik, ikasleek ere gogoz parte hartu eta hitz egin zutelako. Horrekin oso pozik irten nintzen.
Rajoy eta Raxoi
Katixa Agirrek dio Berria-rentzako idazten diharduen artikulu sortan, Mariano Rajoy aldatu diotela eta bihurtu diotela Mariano Raxoi. Eta ez dakiela zergatik. Neuk ere ez dakit zergatik Rajoy bihurtzen den Raxoi. Berria-ren Estilo Liburuan ez dago horretarako bide ematen duen aipurik.
Gaztelaniaz Egunkariaren alde
Gaztelaniazko bloga hasi dut duela egun batzuk Egunkariako auzipetuen alde, eta egoera negargarri hau salatzeko. Juicio a Egunkaria jarri diot izena, eta Javier Ortiz zutabegileak duen komunitatean jarri dut.
Euskaraz, erreferentziazko lotura, gaurko 5. urteurren triste honetan, Egunkariaren Alde taldearen Egunkaria.info webgunea da.
Rant
Blogetako jenero espezifikoa da ingelesez rant esaten duten hori; kritika gogor, zuzen eta sarri suntsikorra edo esperantzagabea, hiperbolikoa beharbada, baina bihotzez sentiturikoa.
Adibidez:
- Ramon Sanguesak ekitaldi publikoez bota zuena behin, zeinak balio izan duen Ramon Sanguesaren legea definitzeko
- Wheylonak orrazkera borrokilla tipikoaz idatzi duena, mullet irudi sorta utzi diguna Sustatuko irudien artean azken egunotan.
Intelektualen teknofobia jarrera marginatua da gaur
Eta Kitto aldizkariak galdera batzuk bidali zizkigun Eibar.org elkarteak prentsaurreko bat eman ondoren. Hor doaz nik emandako erantzunak. Gaur irtengo ei da paperean, ez dakit editatuta ala ez.
- Eibartarrak' posta zerrendak 10 urteko ibilbidia dauka eta urtetik urtera hazten juan da. Gaur egun internet ezagunagua da eta eskurago daukagu, baiña bere sorrerako sasoia zelan gogoratzen dozue?
Zirrara
bereziko momentuak. Uholde teknologiko berri bat dator, Internet, eta
hark irentsiko gaituen ala guk geure helburuetarako erabili behar dugun
erabaki behar da. Eta bigarrena aukeratu genuen, horretarako bidea
ikusi genuen lehenengo aukerarekin, kasu honetan, posta-zerrenda bat
egiteko sareko doako tresna sinple batekin. Gero webgune sinple bat
egiteko aukera ikasi, eta egin. Eta bilatzaile bat antolatu zitekeela
ikusi, eta egin (Aurki.com), eta munduan blogak indartzen doazela ikusi, eta egin.
- Zelako jendiak hartzen dau parte zerrendan?
Suerteagatik
edo batek daki zergatik, itxura batean kontatzeko gauza interesgarriak
dauzkan jendea elkartu da, batzuk eibartarrak, eta beste mordoxka bat
kanpokoak.
- Zelako gaixen inguruko eztabaidak egoten dira?
- Nundik etorri leike zerrendaren arrakasta?
Funtzionatzeko
arau sinpleak inportanteak dira. Partaidetza publikoa, hau da,
izen-deiturekin identifikatutako jendea bakarrik, eta mezu guztiak
artxibo publiko batean. Eztabaidatu daiteke, baina modu zibilizatu
batean. Hori, eta jarduna euskaraz dela. Interneteko euskarazko foro
biziena da, oinarri sinple horien gainean.
- Eibar.org pegoria be sasoi barrixetara moldatzen juan da. Zelakua izan da eboluziñua?
Herriaren
ondare digitala sortu edo gordetzeko asmo batetik, berez berrizten doan
webgune batera igaro da, eta komunitatea (blogak) dira ardatz nagusia
orain. Hedabide lokal baten tankera gehiago ere hartu du orain.
Teknikoki, webgune estatiko eta baldar samar bat izatetik, webgune
dinamiko eta aurreratu bat izatera igaro da, software libre
euskaratuarekin egina, gainera.
- Eibarko blog komunidadia sortu zenduen 2004an, berbia askorendako oindiok nahiko ezazaguna zanian. Internetekiko lilura berezixa dago Eibarren?
Ez dut uste.
- Zelakua da eibartarren blog komunidadia?
Nahasketa
berezi bat, kanpoko eta herriko jendearena. Blog batzuk aktiboak, beste
batzuk mutu geratu zirenak, etorri-berririk ere bai. Idazle jende
batek, adibidez, bultzada nabarmena eman zion geureari kanpotik etorri
eta bloga egiten hasita (Xabier Mendiguren Elizegi, Julen Gabiria,
Volgako Batelariak, Sareinak...). Geure komunitateari eman zioten
bultzada, eta euskal blogosferari oro har. Teknofobia euskal
intelektualitatearen adierazgarri izatetik, jarrera marginala
(marginatua) izatera igaro da, neurri handi batean geurekin urratsa
eman zutelako lagun horiek.
- Zeuenian, bestiak beste, blog-a sortzeko aukeria eskintzen dozue, euskerazko baliabidiak eskura ipiñitta. Zer egin bihar dau eibar.org-en blog-a sortu nahi dabenak?
Elkarteko bazkide bihurtu (baina ez da oso zaila). Lehen urrats gisa, zerrendara apuntatzeko esango genioke jendeari: eibar.org/zerrenda
- Teknologia barrixak garatzen diran abiadia ikusitta, eibar.org etenbarik barriztatzen juango zarie, sasoi barrixetara moldatzeko ahalegiñetan, ezta?
Sasoi berrietara aurreratzeko ahaleginetan, bereziki.
Suhiltzailearen galderak: informazio geografikoa eta euskal administrazioak
zerbitzuko burua.
Suhiltzailearen galderak
Informazio geografikoa eguneroko bizitzaren parte gero eta nabarmenagoa bihurtzen ari da. Mugikorragoak gara denok, telefonoa eskura izanda edozein tokitan gaudelako kontaktatzeko moduan, lana eta etxebizitza toki desberdinetan ditugu askok eta batetik bestera goaz. Mundu globalizatuan distantzia ekonomikoak zein txikiak ere nabaria zaigu, edozein kaletan bazar txinatarra ireki berri dela ikusten dugunean ebidentea egiten zaigun bezala.
Hala ere, GIS, GPS eta gainerako terminoetatik haruntzago, nik uste dut geografia, gaur egunean, Interneteko garai hauetan, oso muin sinple batera datorrela. Suhiltzaileen galderetan laburtu dezakegu geografiaren esanahia. Eta galdera sinpleak dira suhiltzaileak egiten dituenak:
- Non dago zera?
- Nola iritsiko naiz hara?
- Nolakoa da leku hori edo zer aurkituko dut bertan nagoenean?
Bizitza laboralean, edo bakoitzaren eremu pertsonalean, galdera horiekin zerikusia duten hainbat kontu topatuko ditugu egunero. Ekonomiaren esparruan, lurralde antolamendua eta garraiobideak instituzioen zeregin nagusietakoak dira, produktuen merkaturatzean ere merkatua non dagoen funtsezkoa da (non dauden erosleak). Eremu pertsonalean, seme-alabekin mugikorrez hitz egiterakoan lehen galdera egiten dieguna: non zaude? Eta oporrak planifikatzean, elkarzen gara Interneten aurrean (etxean baldin badugu), eta hasten gara esaten, nora joango gara hurrengo oporretan? (azken galdera honek berriz alor ekonomikoarekin lotzen gaitu: turismo erakarpena, gure lurra non den eta nolakoa den agertaraztea, ze zerbitzu zein tokitan ematen ditugun ezagutaraztea, faktore ekonomiko gero eta inportanteagoa da).
Informazio geografikoa antolatzea, eta zerbitzu gisa enpaketatzea, beraz, funtsezkoa da galdera sinple horien atzean sortzen diren posibilitate anitzen probetxurako. Turismo sustapena, mugikorren bidezko lokalizazioa, GPS zerbitzuak, suhiltzaileak berak behar dituen suteetarako benetako datuak... Behar hauek guztiak, galdera sinple horietatik sortzen dira, baina esparru zabal, gero eta zabalago bat, hartzen dute. Eta informazio hori antolatzen, lana dago, lan aukerak, aberastasuna sortzeko bideak.
Informazioaren gizartean gaudela esaten dugu, ezagutzaren ekonomiarantz mugitu behar dugula. Ez dakit horrek esan nahi duenaz konturatzen garen. Batzuk konturatu dira: Googlek informazioa antolatzeko modu sinple bat asmatu du, terminoa bilatu, eta tori, emaitza interesgarriak sarean. Eta informazio geografikoaren antolakuntzan ere, Kaliforniako enpresa hori ari da inor baino azkarrago. Googlek kalkulatu izan du munduan den informazioaren %30ak balio geografiko jakin bat duela, eta erabiltzailearen kokapenaren (edo kokapen jakin baten) baitan balio erantsia duela horrek. Google Maps, Earth eta beste zerbitzu batzuetan jartzen ari den indar ikaragarria hortik doa.
Kontua da ea gure, hemengo informazio geografikoa antolatzeko zeregin guztia Kaliforniako erraldoiari utzi behar diogun, ala honetan ere merkatu lokal bat, aberastasuna biderkatzeko bide lokalak jarriko ditugun. Honetarako, administrazio publikoek aukera handi bat daukate: Europan oro har, eta Euskal Herrian bereziki, informazio geografiko interesgarriena publikoa da. Diputazioek, Jaurlaritzak eta Espainiako Nekazaritza ministerioak dauzkate euskal zelaietako irudirik onenak, zehatzenak eta eguneratuenak. Baina horiek eskuratzeko, pufa! Googlek eskaintzen dituen irudiak dira, beren lizentzien bidez, Tagzania
n ikusten direnak.
Gure herrietako kaletegi eta katastroak, zehatz marraztuta dituzte administrazioek, badakite zein atari zein puntutan tokatzen den. Baina autoetako GPS gailuetan ordaindu behar diren datu geografikoak, Teleatlas edo Navteq izeneko urrutiko enpresa batzuenak dira. Zenbat informazio geografiko publiko dagoen giltzapean... Batzuetan zaila da sinesten! Baina kasu bat aipatzeagatik, Tagzaniak ez du, oraingoz, Euskaltzaindiaren baimenik akademiak araututako euskarazko toponimia integratu ahal izateko gure datubasean. Horrekin horrela bagabailtza...
Aldarri bat egiteko garaia da:
- Informazio Geografiko Publikoa oinarri-oinarrizko tresna da, gizarte zibilak informazioaren aroan aurrera egin behar badu.
- Mapa eta datu publikoek, kokapenaren inguruko teknologia berrien sorta osa susta dezakete, garapen ekonomiko eta sozial handi baterako aukera irekiz.
- Europako administrazioen arteko elkarlana ziurtatzeko modua datu da datu geografiko irekiak izatea; horrela egingo da lan alor garrantzitsuetan, esate baterako ingurugiroa dela-eta aurrera begira ditugun erronka zailetan.
- Ez dezatela administrazioek copyright murriztailerik ezarri informazio geografikoaren gainean. Horrekin, herritarroi berriz ordainaraziko ligukete dagoeneko ordaindua dugun informazioa, denon zergekin lortu baita informazio geografiko hori.
galderena, halako profesional batek esan zidan behin, adibidez. Jende horren lan bikaina izan dadila denontzakoa, eta jaso dezala ahalegin horrek bultzada politiko garbi bat.
Diseinu berria: Amerikarren eta alemanen hilerriak
.
Ingelesen Hilerria Donostiako bazter polit bat da. Hiru hizkuntzatan hasi nuenez blog hau, pentsatu nuen tokiak balio zuela bloga izendatzeko. Gero El Cementerio de los Ingleses delakoa joan egin zen hemendik; hala nola bulean 20.00etan geratu izan balitz, Espainiara migratu zuen, eta Mapamovil.net domeinuan kokatu zen. Cemetery/Hilerri elebidun gisa jarraitu zuen honek, baina Coreblog azpiegitura eta diseinu laranja atzean utzita, Bitakora
sistemara eta diseinu misteriotsuago batera igaro zen. Perbertitu itxura ematen zidala zioen lagun batek. Hor konpon. Gustatuko ote zaio orain hilerri konfusioa?
Desioa, arriskua, besteen bizitza
Iaz asko gustatu zitzaidan Brokeback Mountain, eta kontatu nuen hemen. Oraintsu estreinatu da Ang Lee zuzendariaren hurrengoa, eta asteburuan ikusi nuen. Desioa, arriskua. Ze ona. Gomendatzekoa guztiz. Brokeback baino sexualagoa oro har, eta heterosexualagoa, zer esanik ez. Kamasutra estiloko eszenak, ikustekoak.
Donostian ikusteko aukera, bertsio originalean, txineraz gaztelaniazko azpititulekin. Hala ikusi nuen nik txineraz Antiguo Berri zineman, eta ia 3 ordu airean pasatu zitzaizkigun. Zineko sarreratik 200 metroko erradioan, bi jatetxe eta bi bazar txinatar daude. Baina zinean ez zegoen txinatarrik neure pasean. Ikuslearen egunean joango ote ziren?
Ingelesez ez den hizkuntzan OscarDra aurten eroateko neure pronostikoa, hauxe. Iaz sari hori eroan zuena, Besteen bizitza, alemana, asteburuan ikusi dut halaber (ordenagailuan). Hori ere ona, hotzagoa, baina paralelismo askorekin bestearekin: traizioa, maitasuna, gerra politikoa, antzerkiaren papera, ministro miserablea eta haren maitalea... ez dut gehiago esango: spoilerrik ez.


