Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Japoniako jana

Japoniako jana

Luistxo Fernandez 2008/03/25 22:42

Hemen gaude oraindik oporretan, Hiroshima aldean gaur. Japonian ondo jaten da, ugari, eta nahiko merke. Sumoko lodikoteak idoloak dira, baina hala ere, gizen gutxi ikusten da. Japoniako neskek tipo fina dute oro har, eta munduko minigona laburrenak ere bai.

Japoniako jana modan dago gure bazterretan, eta hemen ikasitako batzuk idatziko ditut haren inguruan.

Arrain gordina

Arrozarekin bilduta sushi, eta bestela sashimi, bere horretan denean. Oso gozoa. Wasabi deritzon pikantean igurzten da apur bat, eta gero soian busti jan aurretik. Wasabi gai berde bat da, landare baten zuztarrarekin egina, eta oso pikantea: kontuz gero.

Arraina beste era batzuetan ere jaten da: egosia, plantxan, errea... Mota asko, auskalo zer jan izan dugun. Legatz egosia igarri nuen lehengoan zaporean, eta sashimian atun gorria aurkitzen da.

Itsaskietan, ganbak sarri, eta olagarro eta txibiak, egosiak baina gutxi. Guk gordin jaten ditugun ostrak, hemen plantxan erreak berriz.

Tempura

Barazki eta ganbak, fritanga puztu batean, hori da tempura. Pure zati zuri batekin ateratzen dizkizute: arbia da hori, eta jengibre ontzitxo bat ere badatorrenez, han urtu behar duzu arbia, gero tempura zatiak han bustita jateko.

Zotzekin, noski, Japoniako jan guztia bezala. Lurrean jarrita, gainera, mahaitxo batzuen aurrean. Batzuetan, mahaitxo horren azpian tatamia altxatu eta zuloa agertzen da hankak deskantsatuago egoteko, baina ez beti. Toki batean armosua zuloarekin zen egun batean, eta zuloak tapatuta hurrengoan, batek daki zergatik. Beti mantelik gabe; han hemenka mahaitxo batzuk ikusten badituzu mantel gorriz tapatuak, ez dira pastak edo tea bertan jartzeko, zu zeu esertzeko baizik.

Haragia

Okela ia prest

Txerriki eta oilaskoa jaten da hemendik. Baina okela preziatuena txahalkia da. Xerrak fin-fin mozten dituzte, eta jateko modu tradizionalena zuk zeuk egosiak dira. Ryokan edo hotel indigena batean gelan jarri ziguten ura irakiten mahaian, zerbitzariak bota zituen bertara tofu, perretxikoak eta barazki batzuk (ikusi argazkia), eta listo, geuk egiteko. Hau da, okela tajada hartzen duzu zotzekin, segundu batzuetan mugitu ur irakitan, eta gero saltsaren bat dagoen platertxo batean pittin bat busti eta jan. Oso ona geratzen da.

Hemen esandakoez gain, mila gauza jaten dira. Barazki eta algak, tripakiak ere bai batean, arroza gauza gehienekin eta Miso esaten dioten zopa bat. Arrautzak, beroa dagoen zerbaitetara bota ohi dituzte gordinik, eta han egin edo erdi-egiten dira. Afari edo bazkari japoniarrez gain, armosua ere estilo horretakoa da, agian tofu egosia nabarmenduta gehixeago.

Edana

Te berdea zerbitzatzen da janariarekin. Uraren ordez, hori. Eta zerbait poztekotan jana, garagardoa. Sake badago, baina ez da asko kontsumitzen, esango nuke. Eskatuz gero, ontzi txikia ateratzen dizute, beroa, kikara batzuetan hartzeko. Pauloren emazte Lenak gomendatuta, jatetxe batean sake hotza eskatu zigun berak, eta oso ona zegoen, txolindu arte errepikatu egin genuen. Baina hura eskatzen jakiteko, japonieraz jakin barik, ez dut ikusten modurik.

Kafezaleak ere badira, eta Starbucksak eta italiar/frantziar estiloko kafetegi ugari dagoen arren, onena edari makinetatik ateratzea. Te eta kafeak beroak ere egoten dira latan, harritzekoa ze ona suertatzen den, 75 zentimo kostatzen da lata.

Kalean jan

Han-hemenka jateko aukera infinitoak dira. Konbini edo supermerkatu arruntetan ere badago oilasko errea edo pintxomorunoak jateko aukera. Beste mila postu ere bai, hau edo bestea saltzen: hot-dog postu newyorktarrik ez espero, baina olagarro albondigak eta beste mila gauza bai. Gaztaina erreak ere aurkitu genituen Kyoton, guretzat homologagarriak.

Jatetxeetan oso on eta garestiak egon egongo dira, baina prezio normaletan ondo jan eta leku txukunetan egotekoak ere ez dira falta (baina topatzeko, indigenen laguntza ondo dator). Eskalan beherago, eskaparatean jana erakusten dutenak daude, plater eta konbinatuen modelo bisuala erakusten dute prezioarekin, eta horrek laguntzen du. Sukaldariei begira aulki altuan jateko leku asko ere bada, plantxa edo barra aurrean, langile askok horrela afaltzen du iluntzeetan.

Ez da inon propinarik lagatzen: ze diferentzia Estatu Batuetako propina programatuen sistema zail eta absurdoarekin.

Frankiziak ere ugari daude, batzuk indigenak, eta kanpokoak. Bertakoetan behin afaldu genuen katilukadak ateratzen zituen batean. Sukiya zuen izena (Idiazabalgo artzapezpikuarekin akordatu nintzen), 30 bat katilu zeuden auskalo zerekin. Begiz jota, neuk bat eskatu eta urdai goxoa bezalako zerbait zen, tipularekin. Kapa proteiniko horren azpian, arroza zegoen. Eskerrak argazki edo modeloekin gauzak eskatu daitezkeen: ingelesaren ezagutza mugatu samarra da, eta oso leku turistikoetan ez bada (Donostiako kaiaren parekoak), bertako idazkeran bakarrik azaltzen dira guztiak. Frankizia kanpotarren artean, McDonalds asko dago, eta mundu osoko Big Mac berdintsuak eskaintzen dituzte eskaparateetan (ez dugu inon jan), baina beste batzuk guztiz moldatuak daude ohitura lokaletara: Denny's batean egon ginen, eta zeharo japoniarra zen guztia, hanburgesa bai, baina ez ogitartekoan, plater batean ohiko parafernalia japoniarraz inguratutako filete errusiarra baizik. Buffet bat ere aurkitu genuen, zeharo bertakoa; nahi beste jan bai, baina 90 minutuan.

Eta hau guztia, Euskal Herrian baino merkeago. Esan nahi dut, ez Euskal Herrian aurki daitekeen janari japoniarra baino merkeago, baizik eta Euskal Herriko janari orokorra baino merkeago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004