Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Fregonari bueltaka

Mikel Iturria 2008/05/12 06:00
Fregonari buruzko erakusketa Donostian. Interneten jarraitu daiteke bi familien arteko lehia asmakizuna norena den argitzeko.

Ernest Lluch Kultur Etxean dago ikusgai maiatzaren 31ra arte Ceinpro ikastetxeko ikasleek egin duten beste erakusketa erakargarri bat: Fregonari bueltaka. Fregonaren 50. urteurrena ospatzen denez, asmakizun hori aukeratu dute erakusketa bat moldatzeko. Oraindik ez dut bertatik pasatzeko aukera izan, baina aurreko urteetan ikastegi horrek egindako lanaren jakitun izanik, mereziko duelakoan nago (begiratu Ez zara inoren panpina erakusketari buruzko aipamena blog honetan bertan).

Mezu hau idazteko informazio bila, gatazka dagoela konturatu naiz. Batzuek diote Emilio Bellvis Montesano izan zela asmatzailea; besteek, berriz, Manuel Jalón Corominas izan zela. Bitxia da Bellvis eta Jalón familiek 20minutos periodikoaren webgunean izandako mezu trukaketa.

Bellvis familiak fregona.net webgunea du martxan. Jalón-en jarraitzaileek, berriz, fregona.es eta fregona.com.

Indek eginiko apuntean irakurri dut Manuel Jalón-ek epaitegietara jo duela demanda de jactancia izenekoa planteatzera. Beraz, epaitegiek esan beharko dute nork asmatu zuen fregona.

Hori bai, arazo honek ez du eraginik erakusketan eta ukaezina da titulu argigarria aukeratu dela Donostiako erakusketa bataiatzeko: Fregonari bueltaka.

 

En castellano

 

Hamar egun Mallorcan

Mikel Iturria 2008/05/10 10:00
Oporretatik bueltan.

Lerro hauek oporretara joan aurretik idatziak daude, maiatzaren 1ean. Dena ondo joanez gero, gaur egingo dugu buelta Mallorcatik (Punta Amer Hotela). Bihar arropak garbitu eta beste gauza batzuk txukundu eta astelehenean beharrera.

Astelehenetik aurrera Literaktum 08 jaialdiari erreparatu beharko diogu, maiatzaren 8an hasitako Poltsiko Antzerkiari, Gazteszena 10 urte, prentsa-oharrak, hileko folletoak, etab… Azken bi hilabeteetako lanean nire errutina bihurtu denari, finean. Espero dut bateria ondo kargatuta ekartzea. Bestela, nitaz erruki, lankideok.

Ah! Eta 18an Bilbon World café.

En castellano

Eliztarrak uxatzen

Mikel Iturria 2008/05/08 06:00
Apaiz baten perlak.

Igande goizeko 11:00ak. Amaren lehengusu baten aldeko meza. Pare bat hileta-elizkizunetan eta ezkontza batean egonagatik ezagutzen ditut eliza eta apaiza. Gizon erretxina, elizara joateko denborarik ez duen jendearekin egiten omen du topo askotan. Gehienetan ez omen die ezer esaten, baina isilik gelditzen ez denean zera botatzen omen die: nolatan liteke Jaungoikoarekin egoteko nahikoa denbora ez hartzea? Hori bai, lagunekin egoteko, koadrilan eta parrandan ibiltzeko, auto bat, bi etxe… horretarako bai, baina Jaunarekin egoteko ez.

Hiru pega:

Baga, hori elizan esan zuela eta mezatara joaten ez den jendeari luzaturiko mezua zela.

Biga, Jaungoikoa ez al dago toki guztietan?

Higa, horrelako apaiz erretxinekin, Afrikako eta Amerikako apaizak soilik ez, eliztarrak ere inportatu beharko ditu Eliza Katolikoak. Beno, goseak eta globalizazio neo-liberalak laguntzen dute azken puntu hau bete dadin.

En castellano

Prentsari begira

Mikel Iturria 2008/05/06 08:00
Oporretan nago eta prentsa irakurtzen egon nintzen atzo goizean.

Atzo, gosaldu ondoren, ABC, El Mundo eta El País periodikoak irakurri nituen gainetik, baina eguneko albistei erreparatuta:

Calvo Sotelo presidente hil berriari eskainitako tarte luzeak, hala moduzko alabantza eta losintxa nekatuak eta nekagarriak alde guztietatik (zentrokoa, UCDkoa, zelako izanen da).

Real Madrid ahalguztidunak irabazi zuen igandean liga titulua. Eta zuzenean ikusi nuen taberna batean, mallorquinez mintzatzen ziren gizonak buila batean, pozik, gin-tonica eskatzen garaipena ospatzeko. Harrigarria egin zitzaidan, baina ez da hain harrigarria, itxuraz, zeren eta nagoen tokitik gertu jaio zen igandean ere Bartzelonan garaile izan zen Rafael Nadal tenislari bikaina eta bera ere madridista da, nahiz eta osaba Bartzelonako futbolaria izan bere garaian.

Ikusi nuen ere Mariano Rajoy (edo Raxoi) nola egurtzen duten Pedro Jota-renean. Gero, telebistan, ikusi nuen Calvo Soteloren hileta-karabana osatzen, Madrilgo bi agintariren erdian, alkatea eta Komunitate Autonomoko buruaren erdian, bakoitza berera, hitz erdirik esan gabe.

Gehien harritu ninduena, berriz, José María Ridao zutabegilearen artikulu luzexka Europar Batasunak onetsi nahi duen legeria dela-eta. Zortzi milioi atzerritar legoke kanporatze bidean, Sarkozyk eta Berlusconik  sustaturiko arauak aurrera eginez gero.

Lerro hauek sareratu ditut SaXarxa izeneko lokutorio batean. Alhuzemaseko ordua dago, besteak beste, lokaleko lau erlojuetatik batean. Ez da oso abila izan behar jakiteko jabea bertakoa dela. Bai, Ahmed bertakoa da. Berarekin gogoratu naiz Mariak bidali didan gartzelan hilda agertu den Abdel Ouahid Ahadouch presoaren albistea irakurri dudanean.

Bukaeran ikusi dut jada hamar mila hildako ekarri dituen desastre (natural) berria. Hamar mila, jode!!!

Irakurle mantsoa

Mikel Iturria 2008/05/05 18:00
Patziku Perurenaren “Dakiguna ikasten” liburutik.

"Neronek ikasia dut irakurketa atsegina patxadakoa izan ohi dela beti. Ni irakurle arretatsu bihurtu banaiz, irakurle trakets eta mantsoa naizelako da. Irakurle ona banaiz, irakurle azkarra ez naizelako da. Irakurlerik onenak, irakurle txarrak dira. Ezagutu dut jendea, nik orri erdi bat irakurtzen nuen bitartean, orriak eta orriak irakurtzen zituena, eta ez prezisamente irakurtzen zuenaz ohartu gabe. Baina, gauza bat da irakurtzen duzuna entenitzea, eta beste gauza arrunt diferentea, irakurtzen ari zaren pasartean adimena trabatu eta gelditzea. Ongi irakurtzen duenak gaizki irakurtzen du beti: hartzen ari dela uste duen hartan, utzi egin behar baitu berea".

Patziku Perurena, Dakiguna ikasten liburutik

En castellano

Pim-pam-pum

Mikel Iturria 2008/05/04 15:44
Ander Rodríguez zinegotziari eginiko bi elkarrizketa irakurgai.

Txundituta irakurtzen ditut Arrasateko Ezker Batua-Zutik koalizioaren kontra esaten ari direnak. Ados nago Ander Rodríguez zinegotziarekin: exekutibek agindu nahi dute eta udaletako zinegotziak albo batera utzi, ez-dakit-nongo bulegotan adosten diren akordioak betetzea besterik ez zaie utzi nahi.

Maiatzaren 1ean Berriak publikatu zuen Imanol Murua Uriak eginiko elkarrizketa eta maiatzaren 2an Noticias taldeko periodikoetan agertu da Jone G. Lurgain kazetariak eginikoa. Kontutan hartzeko gauzak esaten ditu zinegotzi gazteak, pim-pam-pum-aren erdian, duintasun osoz.

En castellano

 

 

 

Volgako batelariak eta Fermin Muguruza

Mikel Iturria 2008/05/01 12:24
Volgakoen manifestua, Fermin Muguruzaren komunikazioa.

Lagun batek idatzi zidan aurreko batean. Azken bolada honetan irakurritako manifesturik onena bidaltzen zidala zioen. Prentsan ere egin nuen topo idatziarekin, baita Volgako Batelariak taldearen blogean ere. Gainera, norbaitek gazteleratu eta Porque lo digo yo blogean jarri du. Zaila egiten zait hemen laburpena egitea, beraz, irakurri manifestua eta zuek atera ondorioak. Nik behintzat horrelako idatziak eskertzen ditut.

Hori ez da izan azken egun hauetako nobedade bakarra. Aspaldiko partez, Fermin Muguruzak bere ibilbidearen berri eman du webgunean jartzen dituen komunikazioetako 42. zenbakian. Palestinarekiko elkartasuna, AHT proiektua gelditzeko kanta eta Euskal Herriko egoera penagarria aldatzeko ekimenak. Gelditour izan da hortik azaldu dena blogosferan eta komunikabidetan, baina nik hitz hauek ere azpimarratu nahi ditut:

Euskal Herrirako bake akordioa gauzatzeko ekimenak. Salbuespen egoera, ilegalizazioak, torturak, atxiloketak, errepresioa eta erabateko errefusa eragiten didan Isaias Carrascoren hilketa bezalako ekintzekin amaitzeko martxan jarri behar diren ekimenen aldeko jarrera”.

Ez da lehenengo aldia (Barajaseko atentatua, adibidez), baina oraingoan ere esanguratsua da.

Bukatzeko egoera penagarri honetan bi albiste antidemokratiko nabarmenen berri izanez oheratu nintzen atzo gauean: bata, Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen gartzelaratzea; bestea, the organization-ek jarritako hiru bonbak.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter