Volgako batelariak eta Fermin Muguruza
Lagun batek idatzi zidan aurreko batean. Azken bolada honetan irakurritako manifesturik onena bidaltzen zidala zioen. Prentsan ere egin nuen topo idatziarekin, baita Volgako Batelariak taldearen blogean ere. Gainera, norbaitek gazteleratu eta Porque lo digo yo blogean jarri du. Zaila egiten zait hemen laburpena egitea, beraz, irakurri manifestua eta zuek atera ondorioak. Nik behintzat horrelako idatziak eskertzen ditut.
Hori ez da izan azken egun hauetako nobedade bakarra. Aspaldiko partez, Fermin Muguruzak bere ibilbidearen berri eman du webgunean jartzen dituen komunikazioetako 42. zenbakian. Palestinarekiko elkartasuna, AHT proiektua gelditzeko kanta eta Euskal Herriko egoera penagarria aldatzeko ekimenak. Gelditour izan da hortik azaldu dena blogosferan eta komunikabidetan, baina nik hitz hauek ere azpimarratu nahi ditut:
“Euskal Herrirako bake akordioa gauzatzeko ekimenak. Salbuespen egoera, ilegalizazioak, torturak, atxiloketak, errepresioa eta erabateko errefusa eragiten didan Isaias Carrascoren hilketa bezalako ekintzekin amaitzeko martxan jarri behar diren ekimenen aldeko jarrera”.
Ez da lehenengo aldia (Barajaseko atentatua, adibidez), baina oraingoan ere esanguratsua da.
Bukatzeko egoera penagarri honetan bi albiste antidemokratiko nabarmenen berri izanez oheratu nintzen atzo gauean: bata, Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen gartzelaratzea; bestea, the organization-ek jarritako hiru bonbak.