Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Postindependentzia (A Postponed Manifesto)

Postindependentzia (A Postponed Manifesto)

Volgako Batelariak 2008/04/27 18:35
Euskal Herriko hedabideetan barnako bidea egin ondoren, hona hemen, artxibo kontuetarako, gure (oraingoz) azkeneko manifestuaren testua. Atxikimenduak onartzen dira.

arbolaAbertzaleon, hots, euskaldunon kontra usu aditzen den argumentu batek proiektuaren utopikotasuna eta destenorea airatzen du. Nazionalismoa garai jakin bateko ondorioa izango zen (eta ez zerbait adenborala), batzuen ustez, eta garai jakin hori Erromantizismoa litzateke hain zuzen ere. Guk eztabaida luze bezain antzuetan sartu nahi izan gabe, garai berrietara egokitzen badakigula erakutsi nahian, independentzia lortzeko modu postmodernoa proposatu nahi diogu euskal gizarteari.

Bizi garen mundu post honetan, argi dago esentziak ez direla aintzat hartzekoak, itxurak nagusitzen direlarik. Bestela esan, euskaldunok euskaldun izatetik euskaldun irudia ematera pasatu behar dugu. Antipodetako herritar batek basque entzun eta irudi mental bat eduki dezan, herri burujabe batena. Hots, munduko herritar guztien edo ehuneko altu baten buruetan independentzia irudia ematea lortu beharra dago. Hemen, euskal lurraldeetan independentzia hori egiazkoa (administratiboa, dezimononikoa…) izan ala ez, ez du garrantzia batere, gure helburu berrirako, postindependentziarako.

            Horretarako hauexek dira proposatzen ditugun urratsak:

            - ETAren desagerpena, haren existentzia hutsak etengabe gogoratzen duelako urbi et orbi, Espainian zerbait gertatzen dela (ez da jakiten oso ongi zer), bonbak eta abar daudela. ETA Espainaren arazoa da, beraz, publikoarentzat (genitibo kontuetan batere trebea ez baita), EspainiaKO arazoa. ETA desagertuko ez balitz ere, hura birtual bihurtzea behintzat, bere jarduera osoa Second Life-ren eremura eramanez (handik ez ateratzeko). Edo, are egokiagoa litzatekeena (eta inoiz Ana Malagonek bere Pravda Txikia blogean iradokitakoari jarraituz), ad hoc asmatutako bideojoko baten eremura mugatuz ETAren ekintza guztiak, Doom edo Call of Duty klasikoen ildoan eta zeinetan, ziurrenik, gure mutikote elektronikoek bizkartzainik gabeko zinegotzi ohiak tirokatzea edo etorkin lokartuen gainean aireportu-terminalak birrintzea baino balentria ohoragarriagoak burutu ahal izango lituzketen: esate baterako, haur txikien organoen trafikoan nahasturiko nazioarteko bandak suntsitzea edo aldaketa klimatikoa areagotzen duten enpresak hartzea eta beronen pertsonalaren artean sekulako sarraskiak burutzea. Halako bideo-joko batek gaztetxoen (eta ez hain gaztetxoen) artean mundu mailako arrakasta balu, gainera, urrats sendo bat emango genuke postindependentziarako.

            - Euskal Selekzio bat, kirol arlo bakoitzean, edo gutxienez futbolarenean (besteekin zer gertatzen den, egia esan, axola gutxi, gure helburuei dagokienean: futbola da benetan garrantzia daukan bakarra). Neurri honi garrantzi handikoa deritzogu (Loiolan gai honetaz serioski aritu izan balira beste kuku batek joko zigun). Populazioaren eskasak ekar litzakeen emaitza are eskasagoak, mundu osoko arreta eta izua (hots, mirespena) pizteko moduko hooligan talde suhartu baten bidez konpentsa litezke, kale borrokako infanteria langabetik eta ordurako bigarren mailan egongo diren gure hiriburuetako lau ekipoen zalego are langabetuagotik elikatuak.

            - Eurovision Lehiaketan Parte Hartzea: gero eta herrialde gehiago aritzen dira gero eta prestigio handiagoa duen lehiaketa honetan, munduko frikitze eta gaytze prozesu amaiezinaren seinale: horiexetara (friki eta gayetara hain zuzen) iristea da gehien komeni zaiguna, giza espezie horien moda-eragina eta medio-ezagutza direla kausa. Aldaketa paulatinoa izan eta aldi berean Europan inpresio ona egite aldera, Alaitz eta Maider (the return) eramatea proposatzen dugu. Hurrengo urteetarako utziko genituzke performance bizarroagoak, hala nola Eganena edo Mikel Markezen eta Pako Aristiren arteko duetoarena.

             - Jaki Nazional baten Asmatzea: Honetarako (euskal sukaldarien ospeari esker) lana aurreratuta badaukagu ere, nabarmena da oraindik zerbait falta zaigula, munduko azken bazterrean ere (elikaduraren bidez) euskaldunon berri eduki dezaten. Orain arte egindako bideak kalitateari erreparatu dio, oso aukera garesti eta elitista sortuz, gure asmotarako batere eragin gabea. Ereduak beste bat izan beharko luke: nork ez daki Txina existitzen dela, jatetxe txinatarretan udaberriko errulotxoa dastatu baditu. Gauza bera Italia edo Kebab herrialdeez: nork pentsatuko zuen ez direla herri osoak? Gure proposamena: euskal sukaldari famoso (eta berekoi) horiek zazpi giltzapean itxi, Arantzazun esaterako, hanburgesa edo pizza bezalako jaki popular, merke eta zabalgarria asmatu arte, zeina, munduko lau txokoetara hedatuko baita; denborarekin, tokian tokiko jendearen eskutik ere beren izenak modu barregarrian euskaldunduz. Pintxoetatik abiatzea ez legoke batere gaizki.

           - Euskal PornoIndustria Labeldun baten Bultzatzea. Postindependentzian bizitzeko moduetako bat zera izango da: gaur egun errealitate nazionala deritzon ardatz-guneak bazterturik ertzak ertz-gune bihurtzea, Beatriz Preciado-ren teoriei sutsu segitzen diegularik. Oso bazterrekoa iritzi izan zaio pornografiari eraikuntza nazionalari dagokionez, baina gure uste apalean ertz-gune bihurtu beharko genuke. Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako zein Akitaniako diru laguntzarekin hiru bideo porno errodatzea proposatzen dugu (gero etorriko dira gehiago) euskal jendearen une intimoenetan ere identifikazio postnazional arina gerta dadin:

                                1)  Pilotariak Labriten: Unanue, Barriola, Retegui (lehen izarra), Martinez de Irujo eta abar aktore harturik bideo pornoa. Postindependentzian narratibitatea garrantzitsua delarik Anjel Lertxundi proposatzen dugu gidoia egiteko eta Medem errodatzeko, iruditzen baitzaigu lan transbertsalak garrantzitsuak izango direla;

                                     2)  Belarra mozten: Itxaro Bordaren gidoi pean;

                    3) Ikurrinaren atzean: Gidoia Volgako Batelariak. Hona proposamen bat: bideoa aurre-postindependentzia garaian hain garrantzitsuak ziren manifestazio batekin hasiko da. Ikurrina erraldoi bat daramate manifestazio buruan. Halako batean Ertzaintza kolpeka hasten denean orgia erraldoia osatuko dute manifestariek eta ertzainek ikurrinaren gainean.

        - Mundu Mailan Ezaguna Izango den Idazle (Post)Nazional bat. Honetarako, sukaldaritza arloan bezala, urrats batzuk emanak ditugu, Bernardo Atxagari esker, baina ez dira inondik ere nahikoak: gure gloria literario nagusia den arren, onartu behar da ez dagoela oraindik Nazioarteko Letren Errepublikaren elitearen erpinean. Alde horretatik, bi konponbide baizik ez zaizkigu bururatzen:

                          a) Jon Aranoren aspaldiko eskakizuna berretsiz, eman diezaiotela Bernardo Atxagari Nobel saria (egia esan, gure helburuetarako berdin lioke beste edozein euskal idazleri emango baliote, baina onartu beharra dago Atxaga dagoela uneotan egokien lekutua). Edo,

                           b) hori posible ez balitz, jada elite horren barruan dagoen idazle bat konbentzitzea euskaldun gisa ager dadin munduaren aurrean, bere hurrengo lanak (ez dute zertan guztiek izan behar) Euskal Herrian kokatzera konprometituko litzatekeelarik. Ziur gaude idazlearen euskal jatorriaz arduratzeko gure genealogisten lana, urtetan frogatua, akasgabea izango litzatekeela (Athleticentzat aritzen direnak bereziki aproposak izan daitezke), eta idazlea konbentzitzea diru kontu bat besterik ez dela. Aukeratutako puntako idazleari dagokionean, onartzen dugu bi bide egon daitezkeela: elitista eta popularra. Guk, jakina, bide elitistaren alde egingo genuke (eta JM Coetzee bezalako norbait proposatuko), baina berriro ere onartu behar dugu gure xedeen kausitzerako berdin-berdin liokeela best-seller idazle bat hautatuko bagenu, benetan handi bat alegia (ahaztu ditzagun Ken Follet bezalako mardulio-ekoizle arruntak): Stephen Kingek edo JK Rowlingek egiatan eta funtsean euskaldunak direla aitortuko balute (eta aurrerantzean halakotzat jokatuko balute) zinez garbaldua legoke postindependentziarako bidea (euskaraz idaztearenak, Silveira-Landa asuntoak ondo baino hobeto frogatuta utzi duenez, oso bigarren mailako auzia da honezkero).

Hau guztia kontuan hartuta, beraz, argia da gure proposamena: Nazioaren ordez, Imajinazioa (dena dela, inoiz utzi izan al zion nazioak, edozein naziok, imajinazioa izateari?); Abertzaletasunaren ordez, Aversisaletasuna; Independentziaren ordez, Postindependentzia.

Imanol Alvarez
Imanol Alvarez dio:
2008/04/28 18:00

Postindependentzia Eutsi.org-en:

http://www.eutsi.org/kea/lucha-social/euskalherria/postindependentzia-a-postponed-manifesto.html

patxi lurra
patxi lurra dio:
2008/04/27 22:59

Aspaldi ez neban hain testu borobilik irakurtzen, ekarri asko! Neu be bat nator Fermin Etxegoien handiagaz eta bere proposamen estetikoekin. Hori, lehengo egunean "Berria"n Irati Jiménezek proposatzen ebana (euskara zikinaren aldeko testua) eta zuen testua bide beretik doiazala esango nuke. Pozgarria da, gentlemen and ladies, dana ez dago galduta!

iturri
iturri dio:
2008/05/01 02:50

Nik (normalean) ez dut manifiestorik sinatzen. Bestela, hauxe bera sinatuko nuke gustura.

Eta hona hemen gaztelerazko testuari lotura zuzena: Porque lo digo yo.

harkaitz millan
harkaitz millan dio:
2008/05/08 13:45

Kaixo lagunok. Ez naiz blog honen irakurlea. Egia esan bere berri Postindependentziari buruzko Manifestua argitaraturik ikusi nuenean izan nuen. Ez dakit Errusiar idazleen iturri jariotsutik edaten duzuelako edo beste edonolako arrazoi estetiko, etiko edo ideologikori so eginik aukeratu duzuen izena. Edonolaz ere gustoko dut. Utzidazue neure burua aurkezten. Urte batzutan ( nere adinerako dexente eta gehiegitan egia esan ) Abertzaletasunean militatu eta lan egin duen 28 urtetako ( kasik 29 ay! ) gazte donostiarra naiz... orain horretatik jubilatzen hasten hasi banaiz ere...bizitza laboralean bezala hemen ere gogoak gertaeren aurretik. Artikuluaren sinatzaileetan nire irakasle izan zen Iban Zaldua topatzeak Manifestua irakurtzera bultzatu ninduen. Eta hor nire sorpresa... norbaitek nire barne barnean ( arimarik existitzen bada hor bertan ) gorderik nuen sentimendu eta erreflexioak txanpain botila bat irekitzen den azkartasun berberaz atera izan balit bezala sentitu nintzen lehen parrafoa irakurri bezain pronto. Ezin adosago egon! Zihuraski bakoitzak bere interpretazioa emango manifestuaren intentzioari.. baina nik balore estetikoaz gain ( zeina ezin dudan ondo apreziatu, ezpaidakit horren inguruan gehiegirik ) euskal gizartearen, eta hobe esanda euskaldun askoren barne nekea, aspertzea, gogaitasun eta sarri goragalea ere ederki baino hobeto isladatzen duela uste dut. Inora ez garamazan eztabaida semantiko antzu eta absurduetan, ez hanka ez buru ez duten zientzia fikziozko nobela txar bateko planteamendurik surrealistenean ere agertzen ez diren aferak serioski hartzen doakigu bizitza publikoa. Euskal politikagintzaren usteltze semantiko-imaginatiboan guztiz murgilduta gaudelarik aize freskoa izan da niretzat zuen Manifestua irakurtzea. Esan bezala, ez naiz zihur nire interpretazioa egokia den hala ez.. baino beraien inguruan dugun iritziaren ondoan gizartearen banaketa manikeoa egin ohi dugun hainbat eta hainbat gai zinez aspergarri hauei eman diezuen enfokea emanda , eta beraz, benetan direna baino serioago hartu behar genituzkeen kontzeptuak bihurtuz bete betan eman duzue dianan.Jaso ezazue beraz nire adesiorik baldintzagabekoena.Zin egiten dut zuen pausuei so egingo diedala hemendik aurrera.ZORIONAK.

irati zabala
irati zabala dio:
2008/04/28 19:53

Hau da igandeko Berriako Serio Demonio-n Lakastak eta Zaldieroak esan zutena:

"Irakurle maiteok, edonola ere une politiko itxaropentsuan gaude, Volgako Batelariak webgunea osatzen duten idazleek karrikaraturiko manifestuak aro politiko berria zabaldu du. Abertzaletasunari erromantizismo utopikoa leporatzen dietenei aurre eginez, independentzia lortzeko hainbat bide postmoderno proposatu dituzte. The Organization-ek bere jarduera Second Life-ra muga dezala. Euskal futbol selekzioa sortzea ("Loiolan hori negoziatu izan balute, beste kuku batek kantatuko zigun"). Euskal Herriak Eurovisionen parte hartzea, lehen urtean Alaitz eta Maiderrekin (the return), eta gero Mikel Markezek eta Pako Aristik osaturikoa bezalako dueto "bizarroagorekin". Itzela, manifestua. Etsipenaren iluntasunaren erdian itxaropenaren argia piztu du, Toñi Foroko kideontzat. Datozen asteotan gure foroa berriz abiatzeko lanean hasiko gara. Lehen neurria, birbataiatzea. AUrreantzean, apika, Toñi Foro Postmodernoa izanen da."

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2008/05/07 12:13

Eta hemen Juanjo Olasagarrerena, baita Deian ere: Lotura here

Jartos Subkomandantea
Jartos Subkomandantea dio:
2008/05/07 14:08

Kosovo,Lituania,Moldavia,Mazedonia...
begibiztan dago Europa ekialdean errazago onartzen dituztela Estatu berriak.
Goazen ba ekialdera!
Euskal-Herriari Vascovia, sagardoa baino vodka, eta ikurriñan lekuan izar gorri bat.
Free Vascovia!!
Kamaradak! Aurki Vascoviako Rpublika aldarrikatuko dugu! Guztiei dei egiten dizuegu Rpublikarekin bat egitera!

Free Vascovia!!

Free Vascovia myspace-n.

Jurgi Kintana Goiriena
Jurgi Kintana Goiriena dio:
2008/05/04 03:02

Bat egiten dut osorik eta puntuz puntu manifestuarekin. Arazoa da, "egiazko" nazioa lortzea zaila bazen, "itxurazko" nazioa lortzea ez dela errazagoa. Izatez mundu birtualean batzutan mundu fisikoan erdietsitako lorpenak galdu dira: ikus zer gertatu den gaztelaniazko Wikipedian euskarazko, katalanezko eta galegozko herrien izenekin. Izen ofizialei jaramonik egin gabe herri guzti-guztien izenak espainolizatu dituzte, berdin herri handienak zein txikienak: Gerona, La Coruña, Lérida, San Cugat, Baracaldo, San Sebastán, Vitoria, Guecho, Aramayona, Abalcisqueta, Arechavaleta, Berástegui, Echevarri... Eztabaidak handiak egon dira horren haritik Wikipedian, baina espainolisten komunitate birtuala ugariagoa suertatu da eta bere irizpidea inposatu du. Ondorioak laster hedatu dira beste hizkuntzetara ere: lehen unean soilik izen ofizialetan ematen bazen ere sarrera, jada, hasi dira espainolezko izen ez-ofizialei leku egiten. Izatez, kasu batzuetan, adibidez, ingelesezko Wikipedian, jada sarrera nagusia ez da Gernika, baizik Guernica.

ImajiNazioaren ideia polita zen. Ez dakit ordea oso emankorra izango zaigun.

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2008/05/07 12:07

Rikardo Arregik ekarpen gehigarria egin zion Deian Postindependentziaren kontzeptuari: hemen.

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2008/04/30 18:46

Irakurle batek manifestua gaztelaniara itzultzeko ideia izan du, eta bere blogean ipini du: eskerrik asko. Hemen dago lotura:

http://porquelodigoyo.com/2008/04/30/postindependencia/

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi "sei" zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44
Fetitxeak, ironiak eta kanonak Egun on, Beñat. ... Iban Zaldua, 2012/07/11 10:43