Gazteszenak 10 urte beteko ditu maiatzean
Maiatzean 10 urte beteko ditu Gazteszena espazioak eta zoriontzeko modukoa da horrelako gunea izatea Donostian. Gehiago beharko genituela, dudarik ez, baina goazen poztera horrelako gune bat behintzat badugulako.
Zenbat ikuskizun pasa da urte hauetan guztietan toki horretatik? Makina bat. Antzerkia eta dantza ikustera baino musika emanaldiak eraman naute Jai Alai maldatik gora normalean. Batzutan ez nau gehiegi interesatu areto barruan gertatzen zenak eta gehiago erreparatu diot barra ondoko solasari, baina beti izan da aberasgarri bertako atetik sartzea.
Hamargarren urteurrena dela-eta, pasa den astean aurkeztu zuten urtemuga dela eta bereziki prestaturiko programazioa. Apirilaren 26an hasi zen La vida de un piojo llamado Matías, Fernando Aramburu idazle donostiarraren liburuan oinarrituriko haur antzezlanarekin eta Tr´Espace taldearen emanaldiarekin amaituko dira kontuak ekainaren 1ean. Bitartean Nats Nuts taldearen haur dantza, Teresa Iturriozen Single proiektuaren emanaldia (Gaztemaniak.net programaren barruan), Berri Txarrak, Al Kooper & The Funky Faculty, Peter Hammill, Asa, etab. pasako dira. Gainera, maiatzaren 27an festa antolatuko da.
Hau guztiau ezagutzera emateko, Gazteszena 10 urte folletoa egin du Donostia Kulturak eta diseinua José Luis Lanzagortari eskatu dio. 10 ikuskizunen berri emateaz aparte, eta agintarien agurraz gain, zenbait kazetari, artista eta antolatzaileri eskatu zaio bere iritzia: Sergio Cruzado, Ander Lipus, Xabier Portugal, Maite Agirre, Nats Nus Dansa, Juan Luis Etxeberria, etab. Testigantza argazki batzuk ere jarri dira, besteak beste La Máquina de Huesos eta Jon Iraundegi fotografo rockeroenak.
Lerro hauek aprobetxatu nahi ditut Egia Kultur Etxeko gune hau posible egin duten guztien lana eskertzeko, egunero bertan beharrean jardun dutenei bereziki.
Ah, portzierto!
Toki hau jaio berritan hil zen Poch jaunaren hamargarren
urteurrena ere beteko da irailean. Badakit musikari batzuk omenaldi xumea egiteko asmoa dutela, baina oraindik ez dakit pulamentuzko ezer. Ondo iruditzen zait, Poch herriarena baita eta uste dut
omenaldi hau herriak egin behar diola Ignacio Gasca zenaren barruan ezkutatzen ei zen jenioari.