Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Kirol kazetari frantses bat preso Aljerian

Mikel Iturria 2026/01/11 21:53
Christophe Gleizes izeneko kirol kazetari bati zazpi urteko kondena jarri zioten pasa den udan Aljerian. Haren abokatuak dio bahituta daukala Aljeriak. Frantzia eta Afrikako ipar aldeko herrialdearen arteko gatazkaren beste adibide bat. Sareetan #FreeGleizes ez da asko mugitu.

Ez nuen Christophe Gleizes auzia ezagutzen eta aurreko batean Panenka aldizkariaren Brazalete negro izeneko podkastean iritsi zitzaidan berria. Aitor Lagunasek gidatzen duen programak saio berezia eskaini baitzion gaiari. Horretarako Sofoot aldizkariko erredakzio burua, Javier Prieto-Santos, eta abokatua, Emmanuel Daoud, elkarrizketatu zituen. 

Prieto-Santosek kontatu zuen Gleizes 2024ko maiatzean bidali zuela Tizi Ouzoura bertako JS Kabylie futbol taldeari buruzko erreportaje bat egitera. Kazetaria ez dago plantillan eta free lance moduan aritzen da.

Nik Aljeriaz gutxi dakit, bertako futbolaz are gutxiago. Diotenez, JS Kabylie da Aljeriako ligako talderik indartsuenetako bat. Nortasun berezia dauka Kabiliak eta hori ere nabaritzen da klubean.

Iritsi eta berehala poliziak atxilotu egin zuen kazetaria, entrenamendu bat ikusten ari zenean. Libre utzi zuten, baina goizero eta gauero sinatzera joan behar izaten zuen polizia-etxera edo. Epaiketa egin eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten terrorismoaren apologia argudiatuta. 2025aren amaieran helegitea ez zioten onartu eta bere horretan utzi zuten epaia. Gleizes gaur egun kartzela batean dago.

Diotenez, hainbat kontu nahasten dira: alde batetik, kazetari honek segimendu berezia egin zuen 2014ko abuztuan Kabylie taldeko jokalari zen Albert Ebossé Bodjongo kamerundarraren heriotzaz. Harmailetatik «zale» batek harria bota, buruan jo eta handik ordu batzuetara hil egin zen.

Bestetik, eta hau izan daiteke gakoa, Kabiliaren Autodeterminaziorako Mugimenduko kideekin izan omen zituen harremanak kazetariak aurreko bi bisitatan. Mugimendu hori Aljeriako estatuarentzat erakunde terrorista da 2021etik. Sofoot-eko buruak zein abokatuak diote beti ere kazetari baten lanean eginiko kontaktuak direla.

Horretaz gain, Frantzia eta Aljeriaren arteko harremanak ez daude unerik onenean. Horregatik dio abokatuak presoa bahitu bat dela kromo aldaketetarako. Duela aste batzuk Aljeriako presidenteak askatu egin zuen Boualem Sansal idazle frantziarra.

Sofoot-eko erredakzio burua, Prietos-Santos, oso negatibo zegoen Aitor Lagunasek elkarrizketatu zuenean. Errudun sentitzen zen kazetaria Aljeriara bidali izanagatik erreportaje hori egitera. Eta oso kritiko agertzen da Frantziako politikariekin, baita bertako futbol erakundeekin ere. Adibide moduan, Parisko PSGko zalea omen da Gleizes eta hain klub indartsuak apenas agertu duen bere babesa txio ziztrin baten bidez.

Mugarik Gabeko Kazetariak dio bera dela kartzela batean dagoen kazetari frantses bakarra.

Arraroa iruditu zait gai honek gurean ez izatea inolako oihartzunik. Edo agian da ni ez naizela enteratu.

Ana, Andoni eta Leire

Mikel Iturria 2026/01/06 18:05
Abenduaren 29an hirukote honi esker salbatu genuen eguna.

Aspaldian nahi nuen Irungo Meaka auzotik buelta bat eman Aiako Harriko parketik barrena. Batez ere, Aitzondoko ur-jauzia ikusi nahi nuen.

Ana, Andoni y Leire, estas líneas en castellano.

Iritsi ginen bertara, ikusi genituen ikusi beharrekoak eta gero Enbido eta Meazuritik barrena jarraitu genuen.

Elurretxe aparkalekutik gertu samar, lagunak gaizki zapaldu eta erreka batean erori egin zen. Ez zuen minik hartu, baina blai eginda atera zen uretatik.

Pixka bat atzerago topo egin genuen bikote gazte batek esan zigun onena izango zela Elurretxera hurbiltzea eta han baten batek eramango gintuela guk autoa genuen tokira, Ola sagardotegiko atarira. Bost bat kilometroko bidea zen.

Eguraldi ona lagun, hogei bat minututan iritsi ginen Elurretxeko aparkalekura.  Auto asko zegoen bertan, baina lehen asmoa izan zen Irungo taxi zerbitzura deitzea.

Kostatu zitzaidan telefono estaldurarekin arazoak izan nituelako. Bosgarren ahaleginean lortu nuen bertako telefonistarekin hitz egitea. Aipatu nion taxi bat behar genuela handik Ola Sagardotegira jaisteko. Hori bai, abisatu nion taxistak manta bat edo antzeko zerbait ekartzeko, laguna blai eginda baitzegoen eta ez genuela taxia busti nahi.

Hori entzun zuenean, telefonistak esan zidan ezetz, bustita baldin bazegoen, taxistak ez gintuela eramango. Bigarren aldiz esan nion, manta edo antzeko zerbait jarrita ez genuela autoa izorratuko. Berak bigarren aldiz berretsi zidan taxiak ez daudela horretarako. Agur esan nion eta ataka hartatik nola atera pentsatzen jarri nintzen.

Telefonoa estaldurarekin arazoak nituenean, emakumezko bati galdetu nion ea telefonorik ba ote zuen berak. Deia moztu nuenean eta ikusi zuenean ez genuela lortu taxia, berak bere burua eskaini zuen gu jaisteko.

Iritsi berriak ziren Elurretxera. Anak eta bi seme-alabek, Andonik eta Leirek, orduan zuten mendi buelta bat hasteko asmoa.

Jaitsi gintuen Ola sagardotegira, aldatu zituzten goiko planak (bueltaxka behean egingo zutela esan zigun Anak). Eskertu genion egindakoa, baita telefono zenbakiak trukatu ere.

Larunbatean, urtarrilak 3, itzuli ginen Irunera eta Elkarrek Colon hiribidean duen dendan (Bertso-Hop) detaile bat utzi genien Anari eta seme-alabei, Aiako Harria eta Jaizkibel barrena hainbat ibilibide egiteko liburuxka.

Errege bezperan jaso zuten eta mezu bat bidali zigun Anak: ibilbide horiek egiterakoan gurekin gogoratuko direla.

Gu ere onerako gogoratuko gara beraiekin eta ez, aldiz, Irungo taxi zerbitzuarekin.

Amets Arzallus Miñani buruz

Mikel Iturria 2025/12/22 19:13
Helduen Hitza elkarteak Amets Arzallus gonbidatu zuen Okendo Kultur Etxean eginiko literatur solasaldi batera azaro amaieran. Audioa entzungai dago sarean. 50.000 migrante pasa dira Irun eta Hendaiako mugatik 2018tik hona. 50 bat lagunek eskatu dute asiloa Espainiako Estatuan. Horietako bat da Ibrahima Balde.

Ez da lehen aldia Miñan liburuari buruz idazten dudala txoko honetan. Bi apunte azpimarratuko ditut: Paperik ezean liburua eta Ibrahimaren paperak.

Goiko laburpenean esan bezala, Helduen Hitza elkarteak Okendo Kultur Etxera gonbidatu zuen azaroaren 26an Hendaiako bertsolari eta idazlea Miñan liburuari buruz hitz egin zezan.

Entzun beharreko podkast eta audioen artean nuen hitzaldia eta hori egin nuen abendu hasieran, asteazken goiz batez, lanera joan aurretik.

Elkarteko kide baten aurkezpen laburraren ondoren, hitza hartu zuen Arzallusek. Gelditu gabe hitz egin zuen ordu erdi luzez. Lehenengo eta behin kontestu pixka bat eman zuen  migrazio kontuak aipatuz; gero adierazi zuen zergatik hasi zen kolaboratzen Irungo Harrera Sarearekin; bertan bolondres gisa ezagutu zuen Ibrahima, Europara etorri nahi ez zuen migraria; asilo eskaera egiteko txosten laburra zena, nola joan zen potolotzen liburu bihurtu arte; liburuak egindako bidea; paperak lortzeko dagoen bide neketusa, diru eta trabak. Besteak beste.

Liluratuta entzuten nuen Donostian barrena, eguzkia altxatu aurretik eginiko paseoan. Eta hori istorioa ondo samar ezagutzen nuela, lagunok.

Ez dut gehiago kontatuko. Hortik aurrera gustu baduzue, egin klik eta entzun.

Palestinari buruzko zikloa Intxaurrondon

Mikel Iturria 2025/12/08 08:30
Abenduaren 24a arte ikusgai dago Intxaurrondo Kultur Etxean Federico Vespignaniren «Short term, but Long Term» erakusketa. Horren harira hiru ekitaldi antolatu ziren azaroaren 11 eta 12an. Mikel Aramendiren hitzaldia eta Hithem Abdulhaleem eta Liliana Córdova Kaczerginskiren arteko mahai-ingurua entzungai daude sarean.

Azaroaren 11n hasi zen Intxaurrondo Kultur Etxean Ibaitik itsasoraino, beste begirada bat izeneko zikloa. 

Ciclo sobre Palestina en Intxaurrondo, este apunte en castellano.

Alde batetik, Federico Vespignaniren Short term, but Long Term erakusketa inauguratu zen. Abenduaren 24a arte duzue bisitatzeko aukera, astelehenetik ostiralera. Italiar argazkilariaren erakusketan Gazako genozidioan parte hartu duten israeldar soldaduek Tinder moduko ligatzeko aplikaziotan dituzten 300 profilen irudiak biltzen dira. Ez dakit denak ote dauden Intxaurrondon, baina sarean eskegi ditu Vespignanik bere webgunean. Ez omen ditu aukeratu emakumezko soldaduen erretratuak, nahiz eta badauden aipatutako aplikazioetan.

Inaugurazio egunean Mikel Aramendi nazioarteko gaietan aditua den kazetariak hitzaldia eman zuen euskaraz: Sionismoa; traszendentziaz mozorrotutako kolonialismo bat.

Segidan Adania Shibliren Detaile xume bat liburuari buruzko literatur solasaldia gidatu zuen Iratxe Retolazak. Bi jarduera hauek Plazara Goaz elkartearekin batera antolatu ziren.

Azaroaren 12an Hithem Abdulhaleem palestinarra eta Liliana Córdova Kaczerginski judua egon ziren Intxaurrondon Jaime Otamendik gaztelaniaz gidatutako mahai-inguruan: Deshumanizar como estrategia.

Hithem Abdulhaleem psikologian doktoreak 25 urte baino gehiago daramatza Euskal Herrian. Doktore-tesia fundamentalismo erlijiosoaren fenomenoari eta erradikalizazio-prozesuei buruz egina dauka.

Liliana Córdova Kaczerginski Parisen jaio zen, Argentinan hazi eta ia 15 urtez egon zen Israelen bizitzen. Herrialde honetan bihurtu zen sionista, baina gero baztertu du kausa hori. Frantzian egin zuen lan pedagogo gisa eta egun, erretreta hartuta, Madrilen bizi da. Bakearen aldeko Frantziako Juduen Batasunean eta European Jews for a Just Peace-n parte hartzen du aktibista gisa, eta International Jewish Antizionist Network sarearen sortzaileetako bat izan da.

Mikel Aramendik Emmanuel Todd aipatu zuen hitzaldiaren une batean. Ez bereziki ados dagoelako berarekin, baizik eta Todd pentsalaria delako eta hori ez da gutxi gaur egun, gehitu zuen Aramendik.

Publikoa gonbidatu zuen «Todd On Gaza» bilaketa egitera Internet-eko bilatzaileetan. Hori egin dut eta 2024ko abenduan argitaratutako frantsesezko elkarrizketa batekin egin dut topo: Le nihilisme peut expliquer le comportement d’Israël à Gaza. Gaztelaniaz eta ingelesez ere argitaratu zen 2025eko ekainean.

Emmanuel Todd-en La derrota de Occidente liburua Akal argitaletxeak kaleratu du gaztelaniaz 2024ko maiatzean.

Topaketetan ez nintzen izan, baina DK Irratiak sarean jarri zituen aipatu bi saioak: Mikel Aramendirena eta mahai-ingurua.

Scott Zuñiga Oier Aranzabalekin

Mikel Iturria 2025/11/23 20:50
Ez nuen Scott Zuñiga ezagutzen. Oier Aranzabalen "Barruan gaude" podkastaren denboraldi berriko lehen gonbidatua izan da. Bide batez, bigarrena Marino Lejarreta.

Barruan gaude podkastaren 85. elkarrizketatua izan da Scott Zuñiga. Beti bezala, gonbidatuaren etxean sartzen da Oier Aranzabal eta harekin egindako hitz aspertutik sortzen du podkasta.

Oierrek horrelaxe aurkezten du: «Utah-ko mormoien komunitate batean hazi zen Scott Zuñiga AEBetan. Bere familia mormoi egin zen lehenengoetakoa izan zen Mexikon, hamazazpigarren mendean, eta orain bere belaunaldia izan da eliza alde batera utzi duen belaunaldia. Duela hiru urte Euskal Herrira etorri zen bere sustrai euskaldunetatik tiraka, eta euskara menperatzea bihurtu du bere bizitza helburua. Musikaria da, eduki sortzailea sare sozialetan eta lehenengoz bere buruan sinesten hasi dela aitortu digu. Donostiako Amara zaharreko etxeko ateak zabaldu dizkigu, gitarra soinean duela».

Ama eskoziarra du eta aita mexikarra. Esan bezala, jada ez dago mormoien elizan eta  Donostian bizi da Scott Zuñiga.

Euskara ikasten ari da, baina oraindik kosta egiten zaio zehaztasunez adieraztea esan nahi duena. Horregatik saioaren tramo askotan berak ingelesez hitz egiten du azpitik eta gainetik euskarazko itzulpena irakurtzen du.

Aitortu du kosta egin zaiola Euskal Herriko kulturan sartzea. Alde nabarmena baitago bere herriarekin: mutil estatubatuar peto-petotzat du bere burua, hobe dela postetxean aldameneko ezezagunarekin hitz egitea itxaronaldia telefono mugikorrera begiratzen pasatzea baino. Eta klaro, hemen jende ezezaguna kaletik agurtzen zuenean, askok  zorotzat hartzen zuela aitortu du barrez. Euskal Herriko Forrest Gump dela dio.

Amaitzeko, Euskal Herriko ze talde ezagutzen dituen galderari erantzunez, Chill Mafia eta Kiliki Frexko, Xiberoots eta La Txama aipatzen ditu, besteak beste.

Mariana Enriquez Argentinari buruz: errukia haserrearen gainetik

Mikel Iturria 2025/11/04 20:00
Mariana Enriquez idazle argentinarra Donostian egon zen irailaren erdialdean. Begoña del Tesorekin aritu zen solasean bere lanaz, literaturaz, zinemaz, Argentinaz, katastrofismoaz... Besteak beste.

Esan bezala, Mariana Enriquez idazle argentinarra Okendo Kultur Etxetik pasa zen irailaren 17an Anagrama argitaletxeak antolatutako biran. Donostiako Gros auzoko kultur etxean Begoña del Teso kazetaria zuen zai. Gai asko jorratu zituzten, baina niri bereziki interesatu zaizkit Marianak esandakoak bere herrialdeari buruz, Milei presidentea barne, eta gu irentsi nahian dabilen olatu katastrofistaz.

Mariana Enriquez sobre Argentina: más compasión que ira, este apunte en castellano

Saio honetaz gogoratu nintzen Mileik duela egun batzuk eginiko hauteskundeetan bere boterea indartu duela jakin ondoren.

Gaztelaniaz aritu ziren eta nik hona euskaraz ekarri dudan hau grabazioaren 40. minutua baino segundo gutxi lehenago gertatu zen.

Begoña del Teso: Beste elkarrizketa batean esan zenuen, eta zuen zain geundela (publikoaz ari dela ulertzen da) gure artean komentatu dugu. Eta berriro esan diguzu Josemi Beltrán (Donostia Kulturako zinema programazioaren zuzendaria) eta niri kezka gutxiago sortzen dizula herrialde horietan, baita zurean ere, sortzaileen egoerak baztertuen egoerak baino. Baztertu horiek Mileiri botoa eman badiote ere.

Mariana Enriquez: Kulturak Argentinan, eta Latinoamerikako herrialde askotan berdin, arazo asko ditu. Alde batetik, normala eta ederra da kultura denengana iristea, baina publikoa, doakoa eta irisgarria izateak ez du esan nahi bost enplegu dituen pertsona batek denbora eskaini ahal izatea kulturari; eta bost lan ditu, horiek gabe ezin duelako bizitoki duen etxea pagatu, ezin ditu seme-alabak mantendu, familia, eta abar. Pertsona hori ezin da objektiboki errukitu zinemagile batek ezin duelako film bat egin. Hori horrela da.

Naturalena litzateke esan ahal izatea: «Beno, bi kontu dira eta biak dira kezkatzeko modukoak». Ados: biak dira kezkagarriak. Baina kulturaren mundutik ulerkorragoak izan beharko genuke zuri begira halako pentsamenduak dituen jendearekin: «Baina, benetan esaten didazu amaitu dela idazleen diru laguntza desgaitasunak dituen pertsonena ere bukatu denean?»

Objektiboki hasi behar dugu pentsatzen Argentinako gizartea ez dela Europako zenbait gizarte edo ni bizi naizen Australiako gizartea bezalakoxea: badaude lehenago konpondu behar diren premiazko beharrizanak.

Sortzaile gisa, ni sortzaileen talde pribilegiatuko kide bainaiz, jarraitu behar dugu ekinean eta protestan, baina protesta horretan sartu behar dugu aisialdiaren eskubidea eta esplotaziorik ez egotea jende hori iris dadin gozatzera guk egiten dugunarekin, ukatzen zaien eskubidea baita.

Izan ere, eskubide hori ezean nire sorkuntzak ez du zentzurik, publikorik gabe gelditzen baita, edo behintzat niri interesatzen zaidan publikoa. Ez da ni bezalako jendea. Lanetik bueltatu daitezkeen pertsonak dira, lasaitu pixka bat, zapatak albo batean utzi eta pelikula argentinar bat ikusi. Horretara heldu beharra dago. Horregatik nioen ez dela kontu bat edo bestea, biak hartu behar dira aintzat; eta sorkuntzaren eremutik pentsatu behar dugu norentzat ari garen lanean.

Ezin da izan kultur pribilegio hori duen pertsonen arteko eztabaida, nahiz eta pobreen kultur pribilegio bat izan, Argentina bezalako herrialde batean zinea egiteko duzun laguntza eskasa baita. Hots, ez dugu esan nahi pelikula bat egiten duen jendea pribilegiatua denik, baina pertsona horrek talde bat maneiatzen du, aktoreak daude... ez dakit ba: ez da goizeko 5etan jaiki, azokara joan, azenarioak erosi, (saiatu) hauek saltzen eta jendeak ez erostea, oso garestiak direlako, inflakzioa 150ekoa baita.

Onena litzateke pertsona hori lasai-lasai jaikitzea goizeko 5etan, azenarioak erostea, ondoren saltzea, arratsaldeko 4etan bukatu eta etxera alde egitea. Bertan esateko: «Goazen zinera!».

Behatza baino sakonagoa den eztabaida dago hor. Eta argi dago horretako jende askok eskuinari ematen diola botoa, ez bakarrik Mileiri, eskuinari ematen diote botoa kasu guztiak desberdinak direlako.

Eta hau gertatzen da Argentinan bertan denetarik probatu delako: eskuin soft-arekin probatu genuen, progresismoarekin probatu genuen... Eta iristen da puntu bat non jendeak esaten baitu: «Beno, gizonezko hau pertsonaia bitxia da, baina zergatik ez?» Eta hori ez da ulertu behar epai morala eginez, baizik eta errukiz, gu guztiekiko errukiz, ni barne, bizi beharra dugulako alternatibarik ez duen herrian. Hots, esan dezagun haserre baino erruki gehiago behar dela.

Milei

Begoña del Teso: Zure ustez, motozerra hartu zuen The Texas Chain Saw Massacre ezagutzen duelako?

Mariana Enriquez: Ez naiz gai bere burua ulertzeko. Benetan, oso pertsona misteriotsua iruditzen zait. Ez dut uste, baina agian bai.

Begoña del Teso: Penagarria litzateke, pelikula gustatzen zaigulako.

Mariana Enriquez: Bai, baina izan daiteke. Galdera horiek ez dizkio inork egiten.

Begoña del Teso: Atariko gure elkarrizketan ez da egon itxaropen hutsalik Argentinako edo munduaren etorkizunaz, baina bai esan duzula gauza interesgarria: «Presidente bat baino ez da».

Mariana Enriquez: Presidente bat baino ez da.

Begoña del Teso: Alde egin dezake.

Mariana Enriquez: Oraingoz presidente demokratikoa da. Latinoamerikan Fujimoriren Perun gertatutakoa dut gogoan. Egun batean, jaiki eta esan zuena: «Ez dago kongresurik, ez dago parlamenturik». Eta itxi egin zuen. Estatu auto-kolpea eman zuen eta autokrata bihurtu.

Hori ez du Javier Mileik egin, eta uste dut ez duela egingo, hori egiteko arnas politiko nahikorik ez duelako. Horretarako botere handia behar baita, jendearen adostasun handia.

Presidente demokratikoa da. Oraingoz joku demokratikoaren arauetara makurtzen da. Bera bezain zoritxarreko presidenteak egon dira Argentinan. Alde egin zuten eta okerragoak iritsi....

Begoña del Teso: …Eta gero hain txarra ez zen baten bat iritsi zen…

Mariana Enriquez: Hala da. Dagoen nahaste-borraste orokor honi nik, dudan adin eta Argentinan izandako eskarmentutik, ekarpen bakarra egin diezaioket: perspektiba pixka batCarlos Menem egon zen, 2001eko krisia eta kalean hildakoak... Orain beste une batean gaude.

Katastrofismoa

Begoña del Teso: Eta bihar Bilbora eramango zaituen bira honetan katastrofismoari buruz egin duzun beste hausnarketa horretaz, zer diozu?

Mariana Enriquez: Orokorrean ez naiz pertsona baikorra; nahikoa ezkorra naiz. Nik jendearengandik ez dut gehiegi espero. Pozik nago, baina ez nago pozik gauzak ondo doazelako, gauzak beti gaizki baitoaz, ezinbestean. Baina zer egin behar du norberak?

Hori bai, ez dut sentitzen historiako une jakin hau beste batzuk baino hobea edo okerragoa denik. Zentzu horretan ez naiz katastrofista. Esan nahi dudana da solasaldi hau herri honetan izan bagenu 1939an, esan genezakeen egoera...

Begoña del Teso: ...Katastrofea.

Mariana Enriquez: Bai, ezta? Objektiboki esan dezakegu, serioski, une hura Espainia eta mundu osoarentzat gaur egungoa baino hobeagoa edo txarragoa zela? Ez, gizateriaren historian katastrofe handiak daude, baina katastrofrismoa da pentsatzea une hau ikaragarria dela.

Niretzat, horrek pentsatzeko eta bertatik irteteko aukerak murriztu egiten ditu. Zuk esaten baduzu kognitiboki: «Hau izugarria da, ezin da ezer egin, a ze hondamendia!». Orduan, ez dago ezer irudikatzeko aukerarik. Krisi egoeretatik ateratzeko aukera bakarra irudimena da. Irudimen politikoa ere imaginazioa da.

Fantasia, gustatzen zaigun (genero) hau, ez zaigu soilik gustatzen gauzak direlako... ez, jendea dago bertan pentsatzen errealitateari, etorkizunari, hortik ateratzeko alternatibak irudikatuz. Obsesiboki distopiak irakurtzen ditugunean, etengabe ikusten dugu sormen handiko jendea dagoela esanez: «Beno, hau hemendik da, eta beste hau handik». Eta munduaren momentu hau ez da distopia bat, oraingoz...

Begoña del Teso: Oraingoz.

Mariana Enriquez: … eta agian ez da izango. Iraganean egon izan dira distopiak. Eta hori bada kontuan hartzeko beste zerbait. Une distopiko jakin batzuk egon ziren, lokalizatuak, iraganean.

Begoña del Teso: Lagundu gaitzazu ulertzen distopia edo une distopikoak zure erara.

Mariana Enriquez: Pilo bat egon ziren. Argentinan, adibidez, 1977 eta 1978ko diktadura urteak izan ziren gogorrenak; batez ere 1978koa, Junta Militarrak antolatu zuen Munduko Futbol Txapelketa, jendearen euforiaz lagunduta, bahiketa gehien izandako une gorena bihurtzeko. Une distopikoa da hori, Junta Militar baten unea, gainera. Junta bat zelako, ez buruzagi bakarra. Eta Juntak zioen: «Egin dezagun horixe bera». Jendea kalean ospatzen ari zen bitartean… Kaleko ospakizunak ditut gogoan, nahiz eta ume mokoa izan (4 urte nituen), baina gogoan dut histeria, eta kalean hori ospatzen ari ziren bitartean jendea torturatzen ari ziren. Hori une distopikoa da, eta hori ez da orain gertatzen ari Argentinan. Horregatik aipatzen nuen katastrofismoa.

Nik pertsonalki bizitutako gauzak izan ziren, pertsona askok bizitutakoak. Paradoxikoki, zerbait baikorra esatea bezalakoa da, baina... Hots, bada makinen alde iluna non etengabe informazio partziala ari baikara jasotzen, gogoratu behar baitugu algoritmoa guk emandakotik hornitzen dela. Eta ematen dioguna beti da okerrena, ez politena.

Hori nabarmena da. Jendeak askotan esaten dit: «Nolatan pentsa ditzakezu hain gauza ikaragarriak?». Nik telefonoa hartu eta ikusi egiten ditut gauzak; gehiena da horrelakoa, badagoelako jendea datsegit eman beharrean Jenna Ortegaren jantzi zoragarriari, datsegit ematen dio Emmy sarietako gauza izugarriei. Bestela ez baitzen halakorik gertatuko. Denak izugarrikeriei begira daude, baina uste dute pertsona eredugarriak direla: ba ez, ez dira.

Ulertu behar da gauden une honetan ikusi egiten dugula nagusikiirakurri baino gehiago ikusi, entzun baino gehiago ikusi albisteak eta halakoak, eta horrek berria den distortsioa sortzen du.

Beraz, erabat zilegia da norbera kommozionatuta sentitzea inoiz ez delako pasa, baina ona da pentsatzea eta esatea: «Beno, eta zer gertatzen zen duela 30 urte?». Eta harritu egingo gara gertatzen ziren gauzekin.

Begoña del Teso: Lehen aipatzen zenuen perspektiba.

Amaya Zabarte justizia eske

Mikel Iturria 2025/10/26 10:55
Ertzaintza eta Justizia Administrazioa biluzik. Gure herrian ere badirudi erakunde batzuk ukiezinak direla.

Aste honetan Amaya Zabarteren bikotekidea, Joseba Novoa, Gasteizko Parlamentuan agertu da emaztea zauritu zuen erruduna identifika dezaten eskatuz. Urte eta erdi luzeko borroka darama bikoteak gurutzebide bihurtu den prozesuan argitasun bila.

Justicia para Amaya Zabarte, este apunte en castellano

Laburbilduz, 2024ko martxoaren 5ean Realak Champions Leagueko partida zuen Anoetan PSG taldearen aurka (Mbappé paristarren elastikoarekin egon zen Donostiako zelaian lehen aldiz egun hartan). Istiluak ekidin nahian operatibo handia osatu zuen Ertzaintzak.

Ondo baino hobeto gogoratzen dut lagun batekin sartu nintzela zelaira eta ze itxura zuen inguruak: gaua, polizia (beltzak), topoaren obrak.... bataila baten ondorengo paisaia. Egia esateko etxera joateko gogoa ematen zuen, baina arazo handirik gabe sartu ginen.

Amayak eta Josebak kontatu dutenez, semearekin batera joan ziren egun hartan. Hirurak hurbildu ziren zegokien atera, baina Amayak ezin izan zuen sartu, telefonoaren estaldurak ez ziolako ahalbidetu bazkide txartela erakustea. Aita-semeak barrura egiten zuten bitartean, metro batzuk urrutiratu zen andrea, kobertura bila. 

Horretan ari zela, telefonoari begira, ertzain batek jaurtitako foam pilota batek eman egin zion buruko atzealdean; 20-30 metrotik, dirudienez. Zerbait sentitu zuen, lurrera erori eta, altxatzeko ahaleginetan ari zela, ertzain taldea pasa zen ondotik, formazioan, inork behar den bezala esplikatu ez duen zeri edo nori aurre egitera. Formazioko batek ostikada eman zion paretik pasatzerakoan.

Altxatu, senarrari kontatu zer gertatu zitzaion eta, kommozionatuta, estadiora sartu zen semea lasaitu nahian. Handik gutxira, egoera ezinezkoa zela ikusita, hirurek alde egin zuten. Bidasoa Ospitalera jo, eskanerra egin eta Donostia Ospitalera bideratu zuten. Bertan, ZIUn sartu zuten.

Hemeretzi hilabete pasa badira ere, Zabarte ez da erabat errekuperatu.

Garai hartan Erkoreka zen Segurtasun sailburu. Tamalez ohi samarra den jokaera errepikatuz, bertsio ofizialak ez zuen bat egiten denok sarean ikusi genituen irudiek adierazten zutenarekin.

Joan zen Urkullu eta berarekin Erkoreka. Pradalesek Zupiria izendatu zuen. Gauzek berdintsu jarraitu dute eta familiaren gurutzebidea samurtasunetik urrunegi dago oraindik ere.

Ez da soilik Ertzaintzarena izan jokabide eskasa: Justizia Administrazioan instrukzioa egiten ari den epaileak ere trabak baino ez ditu jarri.

Aurreko apuntea GALek duela 40 urte Baionako Monbar Hotelean hildako lau pertsonen senideek jasotako tratuaz idatzi nuen. Zorionez, Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak barkamena eskatu zien irailaren amaieran pairatutako tratua dela eta. 

Askotan, estatu-indarkeria tartean dagoenean, Justizia Administrazioak ez du bere lana egiten.

Hori da Amaya Zabarteri gertatuko zaiona?

1985eko Hotel Monbarreko atentatua

Mikel Iturria 2025/10/18 08:05
Duela 40 urte, 1985eko irailaren 25ean, GALek lau pertsona hil zituen Baionan. Horren harira hainbat ekitaldi egin dira Bidasoa ibaiaren bi aldeetara. Garrantzitsuenak Baionan eta Donostian. Azken honetan, Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubide sailburuak, María Jesús San Josék, barkamena eskatu zien biktimen senideei.

Irailaren 25ean Iñaki Guridik gidatutako Euskadi Irratiko Faktoria saioa entzun nuen, goizez. Zuzenean ari zen Guridi, Baionatik. Eta hainbat kide zituen inguruan: Txetx Etxeberri, Itxaro Borda, besteak beste. Telefonoz sartu zen Fermin Muguruza. Saiatu naiz saioa Guau-n bilatzen, baina jada ez dago eskuragai.

Gero ekitaldia egon zen Baionan bertan. Jendetsua. Argia aldizkarian duzue kontakizuna: GALek Monbar hotelean hildakoek aitortza zabala jaso dute Baionan.

Askotan badirudi ez dela ezer gertatzen, baina azpitik gauzak beste modu batez gertatzen dira eta, bat-batean, azaleratu egiten dira.

Abuztutik nekien Gogora Institutuak erakusketa bat antolatu behar zuela Monbar hoteleko atentatuari buruz Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Urriaren 11n bisitatu ahal izan nuen. Ikusgai dago urriaren 20ra arte. Gunearen goiko solairuan dago, kultur etxeko liburutegirako sarreran. Txikia da, xumea, baina hamahiru panelek laburbiltzen dute atentatu hura eta GALen historia.

Garrantzitsuena orain dator. Ezin izan nuen joan irailaren 29ko inauguraziora, baina bertan María Jesús San José sailburuak barkamena eskatu zien Monbarreko biktimen senideei. Erakunde eta alderdi politikotako ordezkari ugari bildu zen bertan, baita GALen eta ETAren biktima batzuk ere.

Hona hemen nola jaso zuen El Diario Vasco egunkariak: El PSE pide perdón a las familias de los asesinados por los GAL: «Nunca debió ocurrir». Antzera ere Berria egunkaria: San Josek barkamena eskatu die Monbarreko biktimen senideei: «Lau hamarkadako absentzia instituzionalagatik».

Bigarren ekitaldi bat egon zen urriaren 7an. Antolatzaileen arabera, pedagogia egitea zuen helburu mahai-inguruak. Hiru kide eseri ziren jendaurrean: Ainara Esteran (Egiari Zor), estatu indarkeria pairatu duten hainbat biktimen elkartea; Jon Mirena Landa, Zuzenbide Penaleko katedraduna (EHU), Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedraren zuzendaria (EHU) eta Jaurlaritzako Giza Eskubideen ataleko zuzendari ohia; azkenik, Jerónimo Ríos, Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea Zientzia Politiko eta Soziologiako Fakultatean eta, Egoitz Gagorekin batera, GALen biktimen testigantzak jasotzen dituen El terrorismo de estado ante sus víctimas. Conversaciones a propósito de Los GAL liburuaren egilea.

Mahai-inguruaren kronika duzue irekian Garan: Monbar, culmen de los GAL y prueba de su impunidad y del maltrato a las víctima.

Hiruko mahaia bereziki interesatzen zitzaidan eta horregatik entzun dut sarean. Behean duzue bideoa.

Ez hori bakarrik, NotebookLMren laguntzaz, bertan esandako guztia jaso dut gaztelaniazko blogean: 40 aniversario del atentado del Hotel MonbarAlberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariaren sarreratxoa eta Maitane Salinas gidatzailearen hasierako hitzak kendu ditut.

Behean ere erakusketako irudi batzuk jarri ditut. Telefonoarekin egin nituen.

Hotel Monbar, 1985

Enric González

Mikel Iturria 2025/09/22 14:55
Maiatzean Palmako March Fundazioan egon zen kazetaritzaz eta politikaz berbetan ordubete luzez.

Abuztuan hamar urte bete ziren Rafael Chirbes idazlea hil zela. Patrikako telefonoan nuen audioen artean, berea zen bat nuen, entzun gabea. Madrilgo March Fundazioan 2009ko otsailean irakurritako 40 minutu inguruko interbentzioa zen. Transkribatu nituen Chirbesen hamabost minutu inguru eta gaztelaniazko blogean argitaratu nuen testua: Chirbes y la estrategia del boomerang.

Horri esker, jakin nuen March Fundazioak azken 50 urteetan beren eremutik pasa diren artista, idazle eta intelektualen audioak eta bideoak dituela sarean (Canal March). Beraiei kasu eginez gero, «espainolezko kulturaren ikus-entzunezko ataririk handienetakoa». Hasiera-hasieratik grabatu baitute dena eta gaur egun Internetek ematen dituen abantailak aprobetxatuz, material hori eskuragarri baitago.

Duela pare bat aste, foro horretan Andreu Manresa kazetariak Enric Gonzálezi eginiko elkarrizketa entzun nuen. Bien arteko topaketa 2025eko maiatzekoa da. 

 

 

 

 

 

 

Ordu eta laurden irauten duen solasaldia oso interesgarria iruditu zitzaidan. Eta azken egunetan, tarte sueltoak erabiliz, joan naiz material hori transkribatzen. Badakit baudela audioak transkribatzen dituzten programak, baina ez dut topatu ezer erabilerraza. Norbait zerbait gomendatzeko gauza bada, eskertuko nioke.

Enric González kazetari espainiarra da, ibilbide luzea egin duena korrespontsal gisa El País egunkariarentzat: Paris, Erroma, Londres, Jerusalen, New York, Washington eta  Buenos Aires.

Irakurri nahi baduzue zer dioen, hona hemen lotura: Enric González en la Fundación March.

Arnasestuka

Mikel Iturria 2025/09/07 20:35
To the gym.

Pasa den igandean gimnasiora hurbildu nintzen astean zehar oinez egiten dudan ariketa fisikoa osatze aldera. Laupabost makina eta lurreko ariketa batzuk.

Podcast-en bat entzuten nuen bitartean, halako batean konturatu nintzen pertsona batek oso portaera arraroa zuela. Gimnasioetara joaten ez zaretenak usteko duzue orain kontatuko dudana ohikoa dela, baina ez, arau baino, tipo honena salbuespena zen.

Oinez edo korrika egiteko makinetan ari zen serie batzuk egiten. Gero pasatzen zen lurreko ariketa batzuk egitera. Denetan arnasari buelta eman ezinik zebilen, arnasa ozenki hartzen, modu oso nabarmenean.

Halako batean, albotik agurtzera pasa zen ezagun bati kontatu zion 50 minutuko entrenamendua egiten ari zela. Kilometroa 4 minutuko erritmoan, 10 segundu gelditu eta lurreko ariketak egiten jarraitu. Horrela etengabe, 50 minutuz.

Ez zituen 50 urte izango, baina ez zebilen adin horretatik oso urrun. Ikusi duzue nola bukatu dituzten gaur Kontxako estropadak arraunlariek? Horrelako zerbait.

Amaitu zuenean lagunari esan zion bezperan iluntzean jandako bokadiloaren estra kendu zuela.

Mutiko, horrela jarraituz gero, halako batean bertan geratuko zara, pentsatu nuen.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter