Firefox OS sistema eragiledun telefonoak euskarazko zuzentzailearekin datoz orain
Ostiraletik, Firefox OS daukaten telefono mugikorretan euskarazko zuzentzailea dator sisteman integratuta!
Firefox OS smartphoneentzako sistema eragile bat da, Googleren Android edo Appleren iOSen gisakoa. Software librekoa da, web irekia, protokolo estandarrak eta bateragarritasuna bultzatzeko Mozilla Fundazioak sortua. Bertan exekutatu daitezkeen aplikazioak ez dira gailu horrentzat berariaz egindakoak, bertan HTML estandarra betetzen duten web aplikazioak soilik exekuta daitezke Firefox nabigatzailean. Hemen nahikoa (edo oso) ezezaguna den arren, garapen bidean dauden herrialdeetan telefono-konpainia askok saltzen dute, smartphone merkeak saldu ahal izateko modua baitute honen bidez.
Firefox OS software librea izaki, aukera dago berari ekarpenak egiteko: hobekuntzak, itzulpenak... Hala, duela hilabete batzuk software librea euskarara itzultzen aritzen den Librezale elkartekoek niregana jo zuten Julen Ruiz @Julenen bidez eskari batekin: Firefox OSrentzat euskarazko zuzentzailea egin nahian zebiltzan, eta horretarako testu-corpus batetik ateratako euskarazko hitz-formen maiztasunen zerrenda bat behar zen; Julenek bazekien ni corpusekin aritzen naizela lanean Elhuyar I+Gn (nire tesia web corpusen bilketaren ingurukoa izan zen), eta eskatu ziguten ea hitzen maiztasunen zerrenda bat pasatzerik bagenuen zuzentzailea egiteko. Elhuyar ere euskararen alde aritzen den fundazioa izaki, gure web corpus handiena horretarako erabiltzen uztea eta zuzentzailearen garapenean laguntzea erabaki zuen. Beraz, hitzen maiztasunak atera nituen gure 200 milioi hitzeko corpus batetik eta, Julenen laguntzarekin, Firefox OSren kodeari gehitu nion euskarazko zuzentzailea.
Baina zuzentzaile hori ez da orain arte sisteman integratu, hizkuntza askotarako zuzentzaileak gehitzen ari baitziren eta sistemaren tamaina asko handitzen ari zen. Erabaki zuten modua jartzea zuzentzaileak aukeratzen zirenean orduan jaitsi eta instalatzeko, eta hori inplementatzearen zain egon gara. Ostegunean egin zuten hori.
Ostiralean Firefox OS duen nire Mozilla Flame telefonoa eguneratu zitzaidan eta orain euskarazko zuzentzailea dauka. Kristoren ilusioa egin zidan!
Beharbada eta nik dakidala (zuzendu oker banago), lehenengo aldia izan daiteke smartphone batek euskarazko zuzentzailea integratuta daukala. Firefox OS atera eta sei hilabetera euskaratuta zegoen, Librezaleren eskutik, eta orain, bi urtera, euskarazko zuzentzailea dakar. Androiden, askoz zaharragoa izan arren, interfazea euskaraz orain arte gailu batzuetan soilik zegoen, eta zuzentzaileei dagokienez, badago Xuxen aplikazioa, Elhuyarrek egina, baina ez sisteman integratuta. Eta iOS, sistema zaharrena den arren, ez dago euskaraz, eta zuzentzailearekin berdin, Xuxen aplikazioa dago baina ez sisteman integratuta.
Software librearen abantailak. Borroka neketsuaren noizbehinkako garaipen txikitxoak. Ospatzera noa.