e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
AlhóndigaKomik-en bi lehiaketa
Alhóndiga Bilbaoko komikien atalak, AlhóndigaKomikek, I. K.O. (Komik Online) lehiaketa abiarazi du. Formatu digitaleko komiki-lehiaketa da, komikien sorkuntza eta autoedizio digitala sustatzeko asmoz, eta online euskarriko pieza grafiko baten originaltasuna eta balio artistikoa sarituko ditu. Pieza irabazleak zenbait egile, gai eta nazionalitatetako 25 komikiz osatutako sorta jasoko du sari gisa. Edozeinek parte har dezake, gehienez 3 lan bidalita. Lehiaketara aurkeztutako lan guztien artean, epaimahaiak multzo bat aukeratuko du, ondoren ikusgai jartzeko. Lanak aurkezteko epea 2010eko martxoaren 16etik apirilaren 16ra bitartekoa izango da. Informazio gehiago goiko estekan.
Bestetik, aurten hirugarren aldiz, Alhóndiga Bilbaok beka bat emango dio komikigile bati Angoulêmeko La maison des auteurs zentroan urtebetez aritzeko, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia. Irabazleak urtebetez bertan komiki-sorkuntzan jarduteko aukera izango du, baldintza ezin hobeagotan. Zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta hilean 1000 euroko soldata bat ere izango du. Beka lortu nahi dutenek 18 urte beteta izan behar dituzte eta komiki bat sortzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute, paperean edo euskarri informatikoan, idatzizko garapen batekin eta irudiekin, martxoaren 31tik hasita eta apirilaren 14a baino lehenago. Bekaren oinarri zehatzak web gunean dauzkazu irakurgai.
Xabiroi 19 atera da
Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren 19. zenbakia, aurtengo otsailari dagokiona alegia, kalean da. Hau da bertan aurkituko dugun edukia:
- Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Auzomorro umorezko orri bikoitza, Guaikaipuroren gidoia, Sanviren irudiak eta Sedyasen koloreekin
- Julen Ribasen irudiak eta Iban Zalduaren gidoia duen Azken garaipena sailaren beste 8 orri
- Loperen Behien Tarzanen 3 orri
- Irune Lasak egiten duen KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza, oraingoan Enrique Villarreal Drogasekin
- Asiskoren Hor Konpost banda
- Haur besoetakoa sailaren 6 orri, Unai Iturriagaren gidoia, Sanviren irudiak eta Sedyasen koloreekin
- Zaldi Eroaren Arranotxuren beste bi orri
- Dani Fanoren ilustrazio eder bat
- Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Zebra efektua istorioaren 4. emanaldia, 6 orrikoa
Horra hor euskal komikigintza onenaren beste erakusgarri bat. Bide batez, niri lau bidali dizkidate, beraz norbaitek bat nahiko balu, erantzunetan eskatzea besterik ez du.
Cloud computing: datuak eta aplikazioak "lainoan"
- (Elhuyar aldizkariko 2010eko urtarrileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Interneteko nabigatzaile modernoek, AJAX eta CSS tekniken bitartez besteak beste, aukera ematen dute elkarrekintza-maila handiko webguneak egiteko, eta Interneteko konexioak gero eta azkarragoak dira; hori dela eta, gero eta gehiago erabiltzen da cloud computinga: aplikazioak eta datuak lainoan, Interneteko amaraunean alegia, exekutatzea eta biltegiratzea.
Horrela lan egiteak hainbat abantaila ditu: toki ezberdinetatik datu berdinekin lan egin ahal izatea (lantokitik eta etxetik, adibidez), dokumentuak beste batzuekin partekatu ahal izatea, softwarean aurreztea... Desabantailak ere bai, ordea: pribatutasuna (enpresa askok, adibidez, ez dute atsegin beren datuak, konfidentzialak izan daitezkeenak, beste norbaiten esku uztea), norberaren ordenagailuan baino motelago ibiltzea, konexio-arazoak daudenean ezin lan egin izatea, aplikazioek aukera gutxiago izatea... Zerbitzu batzuk erabat doakoak izaten dira, beste batzuk ordainpekoak eta beste batzuk mugatuak doako bertsioan baina ordainduz hobetzekoak. Bere gauza on eta arazoekin ere, cloud computinga errealitate bat da.
Erabilera ugari
Cloud computingaren adibiderik ezagunena posta elektronikoa da. Izan ere, jende askok erabiltzen ditugu web bidezko posta-zerbitzuak, hala nola Hotmail edo Gmail. Horietan, mezuak ez daude gure disko gogorrean, hornitzailearen zerbitzarietan baizik, eta mezuak kudeatu eta bidaltzeko aplikazioa ez da gure ordenagailuan instalatu behar dugun ezer, nabigatzailean exekutatzen den hornitzailearen HTML eta Javascript kodea baizik.
Biltegiratzea da beste erabilera ohiko bat. Hainbat zerbitzu daude webean gure datu eta dokumentuak gordetzeko aukera ematen digutenak, hala nola Dropbox, Filebox edo Skydrive. Hainbat lagunen artean dokumentuak partekatzeko aukera emateaz gain, gure ordenagailuko disko gogorrarekin sinkronizatu ditzakegu biltegi birtual horiek normalean, eta horrek aukera ematen du toki edo ordenagailu ezberdinetatik lan egiteko.
Ohiko beste cloud computing mota bat ofimatikarena da. Webgune ugari daude gure dokumentuak, kalkulu-orriak edo aurkezpenak gorde, editatu eta partekatzeko. Editatzean, beharbada ez dituzte ordenagailuan instalatzen diren aplikazioek bezainbat aukera, baina kasu askotarako nahikoa eta sobran dira. Zerbitzu horietako ezagunena, beharbada, Google Docs da, baina badaude beste anitz: Zoho, ThinkFree eta abar.
Eta, aipatutakoez gain, beste zerbitzu-mota ugari daude: irudiak biltegiratu eta editatzekoak, gure datuen segurtasun-kopiak on line egitekoak, hitzorduen, zereginen eta kontaktuen agendak eta abar. Esan daiteke ia edozein aplikazioren web-bertsioak ditugula. Izan ere, badaude ordenagailu oso baten ordezkoa -sistema eragilea, disko gogorra eta aplikazioak- on line edukitzea ahalbidetzen duten zerbitzuak ere, eyeOS adibidez.
Etorkizuneko joera?
Azkenaldiko hainbat joera teknologiko ikusita, pentsatzekoa da hurrengo urteetan gero eta gehiago erabiliko dela cloud computinga. Adibidez, gero eta gehiago ikusten dira netbook izeneko ordenagailu txikiak. Haien disko gogorrak eta ahalmena ez dira handiak, baina konektibitaterako, hau da, Interneten erabiltzeko, ederto prestatuta datoz. Beraz, ezin egokiagoak dira on line aplikazioak erabiltzeko.
Bestalde, Google apustu argia ari da egiten cloud computingaren alde, normala denez, mota horretako zerbitzu ugari baititu (Gmail, Google Docs, Google Calendar, Google Wave...). Testuinguru horretan ulertu behar dira azkenaldian egin dituen hainbat mugimendu. Adibidez, Google Chrome Interneteko nabigatzailea atera du, orrien kargatzea eta Javascript kodearen exekuzioa azkarrago egiten dituena, lainoko aplikazioak hobeto exekutatzeko. Eta duela gutxi aurkeztu du Google Chrome OS sistema eragilea: Linuxen oinarritutako sistema eragile bat da, dakarren aplikazio bakarra Google Chrome nabigatzailea duela. Laster jarri nahi dituzte salgai sistema eragile hori dakarten ordenagailuak, eta, haiekin, lainoko zerbitzuak bakarrik erabili ahal izango dira.
Ziurrenik, cloud computingak ez ditu inoiz erabat ordezkatuko ohiko mahai gaineko aplikazio eta sistema eragileak, baina badirudi haien erabilerak gora egingo duela. Hurrengo urteetan, ohiko konputazioa eta lainokoa elkarrekin bizitzen ikusiko ditugu, eta, kasuan kasu, bata ala bestea erabiliko dugu.
Geure haurtzaroaren komikiak
Haurtzaroa zoriontasunaren sasoitzat hartu ohi dogu heldutasunean eta, gaixotasunetaz libre egonez gero, gurasoek alkar orokorrean ondo tratatzen badabe eta etxean pobrezia, gosetea edo indarkeria pairatu ezean, hala izaten da geure mundu aberats, mendebaldar eta hipertrofiatu honetan. Haurtzaroan ganera dana magnifikatzen dogu, dana da ederragoa, handiagoa eta liluragarriagoa, edo behintzat holan gelditzen jaku oroimenean. Umetan mundua abiadura handiz deskubritzen dozu, eta buruan betiko gelditzen jatzuz lelengo aldiz ikusitako, entzundako, dastatutako edo usaindutako gauza horiek guztiak...
Neuk haurtzaroa Diasporan igaro neban, Euskal Herritik urrun, Espainiako uriburuan hain zuzen be. Lelengo urte (zoriontsu) haietan ez nekien zer zan Diaspora, EH edo Espainia, noski, baina denporagaz jun nintzan deskubritzen. Lelengo urte zoriontsu haietatik, hasiera-hasieratik Bizkaira etortzen ginan urtero, Lekeition udaldiak eta Gabonak Leioan, orduan Lejona izena baeukan be. Aitaren herria ezagutu genduan be bai, Lesaka hain zuzen, eta apurka-apurka hiru anai-arrebok konturatzen jun ginan geu ez ginala hangoak, hamengoak baizik...
Gero etorriko zan Argentinako futbol mundu txapelketa eta Espainiakoa, eta ordurako herrialdeak zer ziran bagenekien. Arkonada, Zamora, Satrustegi eta López Ufarte. Corbalán, Delibasic, Iturriaga, Epi eta “Chicho” Sibilio. Eta aurrerago Alvaro Pino eta Marino Lejarreta. Eta telebistako saio zuri-baltz horiek. Eta abuela-ren irratia piztuta, “Ser” kateko sintonia eta Burgos uriko denda probintzianoen iragarki probintzianoak. Eta komikiak.
Komikiek “tebeo” izena eukien, eta orduan ulea neukanez ondo gogoratzen naz auzoko uleapaindegian itxaron bitartean “Pulgarcito” eta holakoak begiratzen nituala. Haginlariaren kontsultan be baten bat egoan. Baina Burgosko abuelaren etxean (bera zaragozarra zan arren, eta oso zaragozarra ganera!) irakurten nituan batik bat tebeoak. Eta ordurako dikotomiak sortuta egoazan anaia eta bion artean: Bera Athleticekoa eta neu txuri-urdina. Bera Mortadelozalea eta neu Zipizapezalea. Orduan ez genekian “espainiar komiki” horien atzean kataluniar jente mordoa egoala, Ibáñez eta Escobar tartean. Eta ez genekian gazteleraz gain katalanez be zeozer idazten ebela, kontsumo txikiagoko gauzak izango baziran be. Bageneukan Neus izeneko izeko bat, haren azentu markatu horregaz, eta horreri esker bageneukan Kataluniaren barri, baina tira, geuk irakurten genituan tebeoak gazteleraz zetozen, eta orduko gizartearen isla ziran hein handi batean: Petra, Pepe el hincha (Pedrusco FCren jarraitzaile sutsua), Angel (“gu-gu” bakarrik esaten eban ume txikitxo hori), Sir Tim-O-Teo (hori zan neure faboritoenetarikoa)...
Geure antxume “handiak” dagoeneko badaki zeintzuk diran Tintin, Milu, Haddock kapitaina, Asterix, Obelix, Panoramix… Baina oraindino ez dakigu heldutan zein oroitzapenak gordeko dituan Pellok, pertsonaia horiek kuttunak izango dituan ala ez. Eta zer esanik ez Aiora txikiak. Ximun eta Hurren aita bitartean komikizale amorratua da, eta hori dala-eta abantaila handia edukiko dabe, ganera “Xabiroi”ren sasoikoak dira, danak dira abantailak. Geure txikitako tebeoak ez dabez ezagutuko ziur aski, baina heldutan galdetuko deutsegu zeintzuk izan ziran euren haurtzaroaren komiki kuttunak, eta orduan nostalgia hau ulertuko dabe.
Bibliografia:
- “Los tebeos de nuestra infancia. La escuela Bruguera (1964-1986)”. Antoni Guiral. El Jueves, 2007.
- http://elmaravillosomundodelostebeos.blogspot.com/2008/06/100-aos-de-escobar.html

