e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Nobela grafikoari buruzko mahaingurua Donostian
Donostian ospatzen den Literaktum, Letren eta Lengoaien Festaren programaren barruan, nobela grafikoari buruzko mahaingurua antolatu dute maiatzaren 25eko arratsaldeko 19:30ean, Ernest Lluch Kultur Etxean. Mahaingurua Juan Manuel Diaz de Guereñuk, 30 X 30 - Gure komikiaren tamaina 1976-2006 liburuaren egileak, moderatuko du, eta Borja Crespo eta Félix Romeok hartuko dute parte. Ez galdu!
"Xabiroi" komiki-aldizkariari buruzko erreportajea "Sautrela"-n
Irudia: Sautrela
Joan den asteko ETBko Sautrela literatura saioan Xabiroi komiki-aldizkariari buruzko erreportajea eman zuten. Denboraldi honetan hirugarren aldia da literaturari buruzko saio honek komikiari buruz hitz egiten duela, Tintin-en 80 urteeri eta Zaldieroari eskainitakoen ondoren.
Oraingoan ere oso erreportaje majoa egin dute Xabiroiren inguruan, bertan idazle eta komikigileek duten elkarlana azpimarratuz, eta literatura eta komikiaren arteko ezberdintasunetan sakonduz. Muntaia ere ikaragarri txukuna da, elkarrizketatuak eta bestelako irudiak mugitzen diren biñetetan sartuz. Patxi Zubizarreta idazleak, Asisko Urmeneta irudigileak eta Dani Fano komikigile eta Xabiroiko editoreak gauza ezin interesgarriagoak esaten dituzte bertan. Ez dezazula ikusi gabe utzi!
"Ganorabako" komiki-lehiaketak baditu irabazleak
Sarritan izan dugu hizpide blog honetan Basauriko Pozokoetxe Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako komiki-lehiaketa. 2009ko edizioan 89 lan aurkeztu dira, 32 Euskal Herrikoak eta besteak Kataluniakoak, Madrilekoak, Andaluziakoak eta Amerikakoak. Rober Garay komikigileak, Danimaiz Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren presidenteak eta Carlos Cristobal Borra kazetari eta komiki kritikariak osatutako epaimahaiak erabaki ditu jada 2009ko edizioaren irabazleak, eta katalanek eraman dituzte hiru sari nagusiak. Hemen duzue lan irabazleen zerrenda:
- 1.go saria, 900 eurorekin hornitua: Xavier Tarregaren Saloon
- 2. saria, 450 eurorekin hornitua: David Muñoz eta Javi Fernandezen Love & Dinosaurs
- 3. saria, 300 eurorekin hornitua: Jose Angel Labariren Cuerda
- Euskarazko akzesita, 300 eurorekin hornitua: Aitor Urkiolaren Bidaiaria
- Basauriko egile onenaren saria, 300 eurorekin hornitua: Eugenio Lasarteren Cosas de mi ex
Horiez gain, iazko eta beste urte batzuetako lan irabazleak ere ikus daitezke web gunean. Gainera, web gune guztia elebitan dago. Ekimen txalogarria benetan.
Hala ere, aurreko urteetan bezala, kritikatxoa egin nahi nuke... Nire ustez, komikiak web gunetik bertatik irakurtzeko aukera eman beharrean (edo aukera emateaz gain), CBZ edo CBR formatuan jaisteko aukera ere eman beharko litzateke, gero norberak bere ordenagailuan offline irakurtzeko aukera ere izateko. Formatu hau ZIP edo RAR bidez konprimitutako JPEG irudiak dira, eta ordenagailuan irakurtzeko, CDisplay programa erabil dezakezu Windows-en eta CBView , Comix edo CBRPager Linux-en.
"Mundu digitala" atal berria egingo dut aurrerantzean Elhuyar aldizkarian
Aste honetan aurkeztu dute Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkari berritua. Maiatzeko aletik aurrera, hainbat aldaketa izango ditu Elhuyar Fundazioak ateratzen duen aldizkariak: diseinu eta formatu berriak, informazioaz gain hausnarketa, ulerterrazagoa, zorroztasuna galdu gabe ikuspegi berritzaile eta modernoago bat, komiki eta ilustrazioen presentzia handiagoa, eta atal eta kolaboratzaile berriak. Maiatzeko ale horren lagin bat hemen ikus dezakezue. Benetan aldaketa nabarmena egin dute, eta benetan lehen baino are interesgarriago eta erakargarriago bihurtu dute aldizkaria.
Aipatutako atal berri horietako bat Mundu digitala izenekoa izango da, eta kolaboratzaile berri horietako bat atal horretaz arduratuko naizen ni neu. Aurrerantzean, hilero pare bat orri idatziko ditut aldizkari horretan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei buruz. Informatikaren munduko azken aurrerakuntza edota tendentziak modu dibulgatzaile eta ulerterrazean azaltzen saiatuko naiz, eta lanbide ditudan hizkuntz teknologiek ere presentzia izango dute bertan. Lehenengo ale honetan, Web Semantikoari buruzko bi artikulutako serie baten lehenengoa irakurri ahal izango duzue.
Elhuyar aldizkariaren eduki guztia Zientzia.net webgunera ere eramaten da, baina paperezkoa ateratzen denetik bi hilabete pasatu bitartean, harpidedun izan ezean, sarreratxo bat soilik irakur daiteke, harpidedunentzako abantaila gisa. Nik ere tarte hori errespetatuko dut, baina bi hilabeteok iragan ondoren Mundu digitala atalerako idatzitako artikuluak hemen jarriko ditut, blogak duen Creative Commons CC-BY-SA lizentziapean. Beraz, uztailetik aurrera hilero IKTei buruzko artikuluok hemen irakurri ahal izango dituzue, eta lizentzia libreaz baliatuz nahi duzuenerako erabili, baldintzak betez gero noski (egiletza aitortu eta baimen beraren arabera partekatu). Ea gustuko dituzuen!

