e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Tintini buruzko erreportajea Sautrelan
Irudia: Sautrela
Pasa den astean, ETBko Sautrela literatura saioan, Tintini buruzko erreportajea egin zuten, berriki bete dituen 80 urteen karira. Oso berri pozgarri eta ez oso ohikoa komikizaleontzat, literatura saio baten komikiari tartetxo bat eskaintzea.
Erreportajea Gasteizen izan den erakusketako irudiekin eta Mikel Aramendiren eta nire hitzekin osatu dute Jon Benitok eta bere taldeak. Jada EITBren web gunean dago erreportajea, eta blog honetan ere ikus dezakezue. On egin!
"Arturo Erregea" seriea osatu dute azkenik
Iazko irailean aipatu genuen hemen Arturo Erregea marrazki bizidunetako serie bikaina, ETBk aspaldi emandakoa, euskaraz jartzen ari zirela Euskal-Encodings webgunean, eta jada 18 ripeatu zituztela. Ba, arazo asko izan eta kristoren lana egin ondoren, azkenean amaitu dute serie osoa ripeatzeaz. Helbide honetan dituzue eskuragai. Eskerrik asko berriz Euskal Encodings!
Barakaldoko "Teknologia berriak" umore grafikoko lehiaketaren inguruko berriak
Aurreko batean hitz egin genizuen hemen Barakaldoko Udalak antolatzen duen Teknologia berriak umore grafikoko VIII. lehiaketari buruz. Lehiaketa amaitu da jada, 54 herrialdetako 322 partehartzailek 816 lan aurkeztu dituzte, eta hauek izan dira irabazleak:
- 1. saria, 1500 euroz hornitua, Emilio Federico Ferrero argentinarrarentzat
- 2. saria, 1000 euroz hornitua, A Coruñako David Pintor eta Carlos Lópezentzat
- 3. saria, 800 euroz hornitua, José Francisco Martínez murtziarrarentzat
- 4. saria, 700 euroz hornitua, Ahmet Aykanat turkiarrarentzat
- 5. saria, 500 euroz hornitua, Bahman Jallali irandarrarentzat
Gainera, Barakaldoko Udalak museo birtual bat jarri du online lehiaketaren zortzi urteetan aurkeztutako 3800 lanetako batzuk erakusteko. Sauré argitaletxeak egindako webgunean udalerriko lau toki esanguratsu bisita daitezke, horietako bakoitzean lehiaketara aurkeztutako lanetako batzuk ikusiz: udaletxean zortzi urteotako lan irabazle guztiak ikus daitezke, lorategi botanikoan ingurumenarekin lotutako lan batzuk, Gurutzetako ospitalean medikuntzarekin lotutakoak eta BECen zientzia, teknologia eta informatikarekin lotutakoak. On egin!

