e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
Café Budapest Alfonso Zapico asturiarrak, Astiberriren eskutik, Espainian publikatzen duen lehen albuma da (lehenago Frantziako merkatuan publikatuta zuen beste bat). Oraingo honetan ere jende arrunta gatazka eta gerra egoeretan kokatzen ditu, berauen zentzugabekeria salatzeko.
2006an Paquet etxearekin La guerre du professeur Bertenev argitaratu zuen. Crimeako gerratik desertatu eta errusiarrek preso hartzen duten irakasle ingeles baten istorioa kontatzen du, preso-esparruko bizitza berrira moldatu beharko dena, bertan dauden bere herkideek arbuiatuta. Lan txukun eta atsegina da oso, irudi oso sinpatikoz egina. 2007an Moulins-eko FestiBD-n Prix BD Romanesque saria irabazi zuen. Album horren promozioa egitera Angulemara joan zenean ezagutu nuen Iñaki Holgadoren bidez (honek ere Paquet-ekin atera zuen Muraille), nire furgonetan egin baikenuen harako eta handiko bidaia, eta beherago ikus dezakezuen dedikatoria eder hori egin zidan bere editoreak oparitutako albumean... furgonetan gindoazela!!!
Café Budapesten ere beste gerra bat du gaitzat, baina oraingoan tratatzeko askoz zailagoa, gatazka hain luze eta aldi berean hain gaurkoa izanik: Israel-Palestina gatazka. Aita Auschwitz-en galdu eta gero amarekin Palestinara doan eta neska arabiar batez maitemintzen den biolinista hungariar judutar baten istorioa kontatzen du, eta biek eta osabaren kafetegian elkartzen diren arraza eta ideia denetariko beste lagunek nola bizi dituzten hurrengo urteetako garai gogorrak: Israelgo estatuaren sorrera, liskarren eta gatazka armatuen hasiera...

Irudia: Alfonso Zapico
Une historiko horien kronika zehatz eta dokumentatua egiten du baina, horren gainetik, berriz ere gizakien eta gizatasunaren alde egiten du, alde guztietako politika eta fanatismoen aurka, istorio hunkigarria (nahiz eta agian pixka bat naive-a ere bai) osatuz. Album mardula da (beharko, gai hain korapilatsua ganora eta zorroztasun apur batekin landu nahi bada), 168 orritako edizio txukunean argitaratuta, eta duen preziorako (16 euro) erabat gomendagarria. Eta hau ez diot nik soilik, ikusi zer dioten berataz La cárcel de papel-en edo Diario Siglo XXI-n.
| Fitxa |
|---|
|
Izenburua: Café Budapest Gidoia eta irudiak: Alfonso Zapico Argitaletxea: Astiberri Urtea: 2008 ISBN: 978-84-96815-62-9 |
Eta bide batez, ezin duzue galdu Alfonso Zapicoren web gunea, Zapiburgo. Flash-en egindako web guneak ez ditut normalean atsegin, baina honetan hiri batek izan ohi dituen eraikin ezberdinak komikigileen web gune batek izan ohi dituen atal ezberdinekin lotzen dituen modua guztiz-guztiz jeniala da, benetan!
Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
Egun tristeak dira hauek komikiak eta euskara maite ditugunontzat: salmenta eta harpidetzen jaitsiera medio, Ipurbeltz haurrentzako komiki-aldizkari beteranoa argitaratzeari utzi dio Erein argitaletxeak, 31 urteko ibilbidea eta gero.
Blog honetan ez dut askotan mintzagai izan Ipurbeltz aldizkaria, gazte edo helduentzako komikigintza gehiago landu dut. Baina Ipurbeltz 1977an atera zenean, nik sei urte nituela, nik irakurritako lehenengoetako komikia izan zen, eta zalantzarik gabe komikizaletasuna eta irakurzaletasuna piztu izanaren "errudun"etako bat da. Urte luzez egon ginen harpidetuta, eta bertako denborapasen atalera behin baino gehiagotan bidali nituen gauzak (publikatu ere egin zizkidaten!). Gainera, Ximun semeak 6 urte ditu eta orain hasi behar du Lehen Hezkuntzan irakurtzen ikasten. Kristoren gogoa nuen horren aitzakiaz Ipurbeltz berriro jasotzen hasteko...

Irudia: Antton Olariaga
Berriako artikuluan Ipurbeltz bera berpizteko edo antzeko beste komikiren bat sortzeko aukerak aipatzen dituzte. Ea horrela gertatzen den! Baina horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait niri Ipurbeltzek eman duen "material pila harrigarria" (Julen Lizundia sortzailearen hitzetan), digitalizatu eta Interneten kontsultagai eta eskuragarri jartzeko proiekturen bati ekitea, sekulako ondarea baitago hor. Eta bide batez, zergatik ez, berdin egin beharko litzateke HABEko Mik eta desagertutako euskarazko beste komiki-aldizkariekin...
Eskerrik asko urte hauetan guztietan emandakoagatik. Agur Ipurbeltz! Edo laster arte...?

