Inodoro Pereyra eta Mendieta txakurra
Argentinako komikigilerik ezagunena Quino edukiko dogu gehienok, Mafalda jenialaren aita dana. Eta Maitenaren barri be askok edukiko dozue dagoeneko. Baina Fontanarrosa aitatuz gero, zer? Neuk orain dala denpora gitxi eta Arrasateko lankide bateri esker ezagutu dot hirugarren hau, Ozeano Atlantikoaz bestaldean aski famatua dana. Bere pertsonaiarik ezagunenetakoa Inodoro Pereyra da.
Roberto Fontanarrosa Rosarion (Argentina) jaio zen 1944an, haren berbetan: "Era domingo y el parto había sido normal, salvo por un detalle: el bebé resultó negro y canalla.". "Humor Gráfico"aren egile honen lanen artean, bi dagoz nabarmentzekoak: alde batetik, Boogie, el aceitoso pertsonaia "underground" eta iluna, eta bestetik hamen komentau nahi dodana, Inodoro Pereyra, el renegau.
1972an ekin zion Fontanarrosak Inodoro Pereyra gautxoa, Mendieta haren txakurra eta Eulogia haren emaztearen abenturak argitaratzeari. Ordutik, 30 urte baino gehiago pasau dira eta ia 30 liburu argitaratu ditu dagoeneko, Ediciones de la Flor argitaletxearen eskutik.
Pertsonaiaren izen xelebreak eta lankideak hari buruz kontautakoak erakarrita, Argentinara egindako bidaia aprobetxau neban "arnegaria"ren nondik norakoak lelengo aldiz dastatzeko. Haren liburu batzuk han feriatu eta hona ekarri nituen, gero Jose Luis lankideak laga zizkidan beste batzuk eta, azkenik, Javi lagunak beste batzuk ekarri zizkidan opari orain dala gutxi.
Hizkera da, izena beraren ondoren, Inodororen bigarren ezaugarririk nabarmenena. Geure baserritarren moduan, gautxoek be euren berba egiteko era propioa deukie, gaztelera trakestzat har dezakeguna baina bizi-bizia dana beti be, "gaztelera batua" zuzen hori baino erakargarriagoa dana (beste baterako laga dezakegu euskal baserritarrek euren hizkera bizi eta naturalagaz deukiezan konplexuen azterketa...). Euskal abizena deukon txakurrak be, Mendieta horrek, berba egiten dau, eta askotan gautxoaren izaera sutsuaren kontrapuntu zentzuduna emon behar izaten dau: "Negociemos, Pereyra". Pampa zabalean lantzean behin agertzen diren soldadu argentinarrekin eta indio "bildurgarri"ekin egin behar dabe topo, hain zuzen be, baina askotan horiek guztiak zoratzeko ahalmena deuko geure bikoteak.
Hala eta guztiz be, bikotea baino hirukotea da istorio hauen guztien ardatza, Eulogia emaztea be batzuetan (ez sarritan) biñetaratzen daualako Fontanarrosak. Senarraren ataraldi dibertigarrien ondoan, andrak oso paper grixa jokatu behar izaten dau, sarri senarraren ataraldien euren sorburua izanda: "Endijpué de tantos años, si tengo que elegir otra vez, la elijo a la Eulogia con los ojos cerrados. Porque si los abro elijo a otra".
Hauxe izan da, ganetik, gautxo honen komikiari buruz egin nahi neutsuen aurkezpen laburtua. Eta honegaz batera gomendioa: lagunek edo senideek (gutariko nork ez deuko familia Argentinan?) handik hona ekarteko opari aproposa hauxe dozue. Edo, are hobeto, zuek haruntza junez gero, badakizue zer ekarri neuri.
Argi dago Inodoro Pereyra ezagutzeko Argentinarekin konexio berezia behar dela; niri herrialde horretan egindako bixita baten oparitu zizkidaten, Rosarion bertan, eta Fontanarrosak kafea hartzen zuen lekutik pasa ginen sinadura bila, baina ez genuen topatu...
Leku neutro batetik, Argentinako zelai batetik, pertsonari eta herriari buruzko gogoeta etengabean dago Inodoro: komiki gehienetan ez bezala, Fontanarrosak ez du azken biñetarako uzten "eztenkada", eta kasik biñeta bakoitzean egiten du hausnarketa edo ematen du umore kolpea.
Arrazoi duzu e-gor, irudiaren aldaketa etengabea da: gainera etzait lineala iruditu, eta ziur Fontanarosaren aldartearekin edo 30 urte luze hauetan mundua eta marrazkia ikusteko moduarekin harremana duela. Eskertzekoak dira estilo propioa eta aldatzeko grina duten komikiak.
Eulogiari buruz, emakumea komiki munduan kokatzeko komikilari askok dituzten zailtasunen beste isla dela uste dut: badirudi zaila egiten zaiela emakumeak pertsonai autonomo gisara irudikatzea, eta askotan gizonen perspektibaren eta sexu-gerra baten arabera irudikatzen dituzte: klasikoen artean Mortadelo eta Filemon, Asterix, Tintin... eta beste hainbat datozkit burura. Inodororen kasuan "segun pasan los años" atalean argi dago: Eulogia ederrak ez omen zion hainbeste joko ematen Fontanarrosari... Inodoro ere estetikaz aldatu da, baina emaztearena nabariagoa da.
Argentina mitoz beteta dago, Bersuit taldeak "La argentinidad al palo" kantan dioen bezala munduko onena eta txarrena izan daitezke, eta Inodororen komikiekin herri hau hobeto ezagutu daitekeela uste dut, merezi du ezagutaraztea. Argentinar gehienak ez dira Indororo bezain zorrotzak, baino hizketaldi ederrak sortu ohi dira haien artean eta umorea maiz dago presente.