Sarraskitzaileen aldeko boto-asmoak gora
Nazientzat juduak ez ziren humano osoak. Holokaustotik sortu zen Israel. Israelgo armadak Gaza sarraskitu baino lehen ere, blokeo basatiaren erruz, palestinarrek ez zuten janaririk, ez urik, ez argindarrik, ez botikarik edo erregairik. Erasoak astea aspaldi pasa duen honetan, Tzipi Livnik jarraitzen du ez dagoela krisi humanitariorik aldarrikatzen. Bistan da: Livnirentzat, hainbat agintari israeldarrentzat bezala, palestinarrak ez dira humanoak. .
Libanoko derrotak min handia egin zion harrokeria sionistari. Oraingo etsaia askoz ere ahulagoa da. Hezbolak Libanoren eta Siriaren arteko muga lainotsua zeukan armez hornitzeko. Aldiz, Hamasek etsaiak ditu mugaz bestaldean: Israel bera, eta Egipto. Egiptoren Gobernuak sarraski hau onartu egin baitu, Saudi Arabia eta Jordania orobat arabiarrek bezalaxe.
Sarraskia gorabehera, Hamasek koheteak botatzen jarraitzen du, orain 40 bat kilimetroraino iristen dira Israelen lurraldean. Israeldar militarrik errealistenek diote oldarraldi honen benetako helburua kohete-jaurtiketa hori murriztea dela. Ezta erabat desagertzea ere! Hori Avi Benayahuk aitortu du, israeldar armadaren bozeramaleak. Hamasen kohete-jaurtiketak apur bat gutxitzeko, ehunka zibil aieneka, odoletan, zafraturik, hilik, muinoi bihurturiko neskatxa horiek...
Are larriago, israeldar armada bera eta defentsa-ministroa ez zeuden erasoarekin ados. Hauteskunde-kanpainaren osagaietako bat izaten ari da triskantza. Kadima Likud baino ahulagotzat dute Israelen. Gainera, Kadimakoek Tzipi Livni emakumea aurkeztu dute presidentegai. Emakumea: ahulezia ahuleziaren gainean. Gobernuari eusten dion Kadima alderdiak behartu du sarraskia, Israeli erakustearren badakitela Likudekoak bezain krudelak izaten. Baita arrakasta handiz erakutsi ere, erasoari ekin ziotenez geroztik izugarri egin baitute goiti boto-asmoari buruzko inkestetan. Espainian ere, zenbat ankerrago presoekin eta senideekin, hainbat oparoagoak hauteskunde-emaitzak.