Errege Magoak
Askoz ere jatorragoa da Olentzero Errege Magoak baino. Oporretako bi asteak dauzkagu gainera Olentzeroren opariekin jostatzeko. Bikotekide gisa Simone de Beauvoirren dizipulu Mari Domingi komeni ote zaion, adituek erabaki dezatela. Edozein gisaz, errege guztiak dira zitalak, egia da, baina gaiztoenak Errege Magoak, batez ere Baltasar, behinola ene kuttuna. Txikitan Kolon Pasealekuan Erregeen kabalgata espaloitik ikusten ari nintzela, halako batean Baltasarrek Gasparri garrasi egin zion: “¡Manoloooo, que se me han acabado los caramelos, pásame unas bolsas!” Orduantxe galdu nuen umetasuna, orduz geroztik pairatu dudan gainbeherak ez du etenik izan.
Harrigarriak dira, bestalde, gaur egungo haurrak, ez bederen gu bezain inozoak. Arestian zazpi urteko batek aitortu dit aspalditik zekiela Olentzeroren eta Errege Magoen sekretua, baina itxurak egiten jarraitu duela gurasoen ilusioa ez zapuztearren, hain liluratuta ikusten baitzituen koitaduak bere ametsa atxikitzeko lanetan, opariak ezkutuan prestatzen, gaueko urratsen hotsa disimulatzen... Ohikoaren alderantziz, haurrari ematen zion pena gurasoen liluramendua hondatu beharrak. Hori ziurtatu zidan mutikoak. Hala ere, batek daki: dirudienez, hainbat senditan umea sekretuaz jabetzeaz batera amaitzen dira Olentzeroren eta Errege Magoen opariak, eta beharbada gure mutikoak gurasoen lilura baino gehiago opariak nahiko zituen luzatu.
nere etxean bai behintzat, halaxe gertatu da. Hark gurasoen ilusioa zapuztu nahi ez, eta aldi berean, badaezpadaere, opariak gogoan, ixilik.
Nere visa txartelaren klabea ere ba ote daki?