Meliton Manzanasen adimen ederra. De mayor quiero ser cipaya
Txikitan Meliton Manzanasen etxe aurrean hartzen genuen auzoko umeok Ikastolara joateko autobusa. Manzanasek, txeratsu, eskuaz ferekatzen zigun burua. "¡Qué maravilla de niños!" esaten zien gure amei, baina gaur egun biziko balitz "¡Qué maravilla de niños y niñas!" esango lieke.
Sendian eta auzoan gizon atsegina omen zen, Hitler bezala. Ordea, ETAk, Manzanas hiltzea erabaki zuelarik, ez zituen bere ezaugarri pertsonal psikologikoak kontuan hartu, senideekin eta auzokideekin izan zitzakeen harreman goxoak adibidez, baizik bere jokabide publiko objektiboa. Besteak beste, euskaldunak zorrozkiago torturatzeko ideia berri zoragarriak praktikan jarri izana, hala nola txotxak azkazaletatik sartzea.
“Adimen guztiak direlako ederrak”, zioen buruko gaitzen ikerketari laguntzeko EITBk antolatutako maratoiaren leloak. Zalantzarik gabe, Hitlerren zein Manzanasen adimenek franko edukiko zuten ederretik.
Hala ere, onartu beharra dago adimen guzti-guztiak ez direla ederrak, batzuek ez dakitela sufritzen eta sufriarazten baino. Buruko gaitz jakin batzuek jotakoak oso dira bortitzak eta erasokorrak. Egia beti aurretik; mundua ez da Neverland. Arazo gogor bati aurre egin behar zaionean hobe da bere gordinean aipatzea, aingerukeriak baztertzea. Eroek berek nahiago dute beren gaitzaz eufemismorik gabe mintza dakien.
Oroitzen naiz gure izeba Felik buruko arazoak zituzten gazte batzuk zaintzen zituela. Donostiatik Irunera trenez bueltatzen ziren. Izeba Oreretan jaisten ziren hiru gaixorekin batera joaten zen eserita. Behin batean, trenean topatu nituen, hitz eta pitz. Gaixoak bidaia bat planeatzen ari ziren Marokora. Eta izebak: “Baina nola joango zarete Marokora, zu elbarri-aulkian ia ezin mugiturik, zu berriz zeharo pitzaturiko morroi arriskutsua eta zu beti isilik eta bost minuturo atake arraro batek jotzen dizu. Hori eztei-bidaia!” Eta gaixoek sekulako barre-algarak egiten zituzten, pozarren. Gustuko zuten beren arazoa txorakeriarik gabe aipatzea eta arazo latz hori kontuan hartuta antolatu beharko zutela bizitza. Batzuetan, beste baten ahotan zure egiaren berri entzuteak, egiaren larria gorabehera, gozamena dakar, zama astuna gainetik kentzean bezala. Bada baten bat animoa etengabe emateari utzi eta zinez mintzo zaizuna, eta zure mugak ondo ezagutu arren nolabait maite zaituena.
Oker ez banago, gaur egun Euskal Herrian psikoanalisian lacanianoak dabiltza ororen gailen. Ezagutzen ditudan lauzpabosten artean, bikainena Gillermo Lazkano, sortzez ordiziarra eta gaur egun Iruñean bizi dena. Institutuan ikasle arazotsuak izaten ditugu. Duela hiru aste Gillerri arreta deitu didan desira baten berri eman nion. Kontua da ikasleei galdetuta “zer asmo duzue helduarorako, pentsatu duzue zein lan egingo duzuen-edo?”, aspaldion behin baino gehiagotan neskek erantzun izan dutela “pues yo de mayor quiero ser cipaya”. (“Zipaio” hitzak gure Institutuan galdua du zeharo konnotazio txarra, “ertzaina”ren sinonimo da erabat.)
Beno ba, Gillerrek intuizio batzuk jakinarazi zizkidan zipaia izateko nahi horren azpian egon litekeenaren inguruan, eta, ikasle horietako batzuei adierazi dizkiedalarik, harritu egin dira zinez eta poztu, nork bere burua ezagutzea arriskutsua bada ere, batzuetan ezusteko desatseginak gordetzen baitizkigu, beste batzuetan, berriz, zure baitan ezkuta litekeenari buruz beste norbaiti garbiro mintzatzen entzuteak alaitasun bitxi bat eragiten du, lehenbiziko urrats gisa sentituko balitz bezala gogo-bihotzetako oinazea baretzeko bidean.