Hizkuntzak selektibitatean
Selektibitatean deigarriena hizkuntzekiko jarrera eta begirune desberdina da. Adibidez, gure epaimahaian, hamalaugarrena, bost ikasle euskaratik salbuetsirik daude. A ereduan ikasten dute, baina gainera euskara ikasgai gisa ere ez dute ikasten eta ez dute selektibitatean egin behar izan. Salbuetsi horietako batek Filosofia nirekin egin du eta galdetu egin diot ea nondik nora salbuespena. Castro Urdialesen bizi dela erantzun dit eta Somorrostron ikasten duela.
Europa osoan ez dago bere hizkuntzan guk bezain gutxi sinesten duen herririk, ganora eskasagoarekin erabiltzen duenik. Noski, inor ez dago espainoletik salbuetsirik, ikasle guzti-guztiek egin behar dute Lengua Españolako azterketa. Inor ez dago ingelesetik salbuetsirik. Burutik pasatu ere inori ez zaio egiten. Ezin da. Eta zenbait kasutan ez litzateke zeharo burugabea. Bermeoko andre bat legionario batekin zebilen, tratu txarrak ematen zizkion eta semea erdi blokeatuta dago gaztelerarekin, aita zitalarekin identifikatzen baitu. Ikasle mordo bati zaio pairagaitza Justin Bieber, honen erruz gorroto diote ingelesari eta hala ere legeak ez du eskaintzen ingelesetik salbuesteko aukerarik.
Beste itxurakeria barregarri negargarri horietako bat da selektibitatean berdina izatea euskarako azterketa A eredukoentzat eta D eredukoentzat. Xedea: A ereduan ere euskara ikasten dela zabaltzea lau haizeetara. Ordea, A eredukoen euskara-maila da, ez dakit ba, erosiz gero swahilia ikasteko ASSIMIL-a, egunean ordu erdi gainetik begiratu eta hiru hilabete barru lortuko zenukeena, horren pareko. Selektibitateko azterketa bakarra, jakina, A eredukoen mailari egokitzen zaio. Harrigarria da. Kasu, aurtengo testuan alaba batek amari diotso: “Jada ez dakizu nola egiten diren zapataren korapiloak”. Eta galdera: “Amak zapatekin arazoak ditu. Egia da ala gezurra?”
D eredukoek bikain ateratzen dute normalean eta A eredukoek berriz eskas.
Ihardets liteke: Lengua Españolako azterketa ere berdina da A eta D ereduetan. Bai, baina Hego Euskal Herria espainola da, eta A eta D ereduko ikasleen emaitzak berdintsuak dira Lengua Españolan. Azken batean, Konstituzioak dioen bezala, euskaldunontzat eta edonorentzat espainolez jakitea betebeharra da, eta euskaraz ikastea eskubidea baino ez.
Oaxacako egunerokoa
“Munduko landare gehienak -ezagutzen diren espezieen % 90 baino gehiago- lur azpitik elkarri lotuta daude onddo-filamentuen sare baten bidez, landareak sortu ziren garaietatik (duela 400 milioi urte) datorren asoziazio sinbiotikoan. Onddo-filamentu horiek ezinbestekoak dira landareen ongizaterako; ura eta funtsezko mineralak (baita, agian, konposatu organikoak ere) onddoetatik landareetara eta landare batetik bestera pasatzen diren bide biziak dira. Honela dio David Wolfek bere Tales from the Underground obran: 'Onddo-filamentuen amaraun-sare hori gabe gure basoetako sekuoiak, haritzak, pinuak eta eukalipto lerdenak galdu egingo lirateke garai gogorretan'. Nekazaritzako produktuekin ere berdin gertatuko litzateke; izan ere, onddo-filamentu horiek askotan hainbat espezie lotzen ditu -esate baterako, lekaleak eta zerealak, edo haltzak eta pinuak-. Hala, bada, leguminosoek eta haltzek, nitrogeno asko baitute, usteltzen direnean ez dute lurra ongarritzen bakarrik, baizik eta duten nitrogenoaren kopuru handi bat inguruko landareei zuzenean ematen diete onddo-sare horren bidez. Lur azpiko lotura horien bidez (eta baita prestasun sexualaren, harrapari baten erasoaren edo beste edozeren berri emateko airera botatzen dituzten gai kimikoen bidez), landareak ez daude uste bezain bakartuta, baizik eta komunitate konplexu eta elkarreragileak osatzen dituzte, eta elkarri laguntzen diote.” (71)
Auzolan eta elkarri laguntze harrigarri hori hobeki ezagutzearren, eta bakarrik bazkaldu behar izanez gero, onena aurrean landaretza duzula esertzea: iratzeak, zuhaitzen hostoak. Haize pixka bat baldin badabil, orduan mugitu egiten dira, orain poliki-poliki, orain bizkorrago. Zenbaitetan zeru zati bat erdikusten uzten dizute. Berdearen ñabardurak oso aberatsak dira: esmeralda, itsaso berdea, belar berdea, muki berdea. Hostoen firfira baregarria da eta zoragarria. Ardo botila gero eta hutsago. Jakoba Errekondok Argian zioen bezala, landarerik gabe gizakia ez da deus. Postrera iristerako nahastu egin zara hostoekin eta beren firfirarekin; zeure barruko onddo-filamentuak garatu eta lur azpiko landare sarearekin sinbiotikoki elkartu zara; eta bat egin duzu munduko sustraietako batzuekin: zerua, haizea, mugimendua, landarea. Bizitzaren alde sakon eta lasaigarrienetako bat ezagutzeko modu ederra, hostoei tinki so bakarrik eta isilik bazkaltzea.
Edo bestela, gehienez ere, Oliver Sacks-en Oaxacako egunerokoa alboan duzula. Jaione Alberdik euskaratu du, ohi bezain bikain (Erich Fromm-en Gizarte osasuntsua ere itzuli zigun. Gaiak argitaletxeak plazaratu ditu bi liburu horiek).
Oaxacako egunerokoa ez da Sacksen beste liburu batzuk bezain ospetsua, hala nola Antropologo bat Marten edo Bere emaztea kapelu batekin nahastu zuen gizona, baina landareak eta zehazki iratzeak maite badituzu liburu hauxe komeni zaizu. Xarmantki kontatzen du AEBko botaniko eta landarezale batzuen hamar eguneko bidaia Oaxacara; baina iratzetik abiatuta konkista baino lehenagoko zapoteken zibilizazioaz ere badihardu, Monte Albán zuena hiriburu, eta ordukotik biziraun duenaz. Interesgarriak dira jakinarazten dizkigun datuak eta pasadizoak, adibidez pilotari, tabakoari eta txokolateari buruzkoak, haluzinazioei buruzkoak, edota landareen arteko harreman ezkutuei.
Deigarria da: athleticzalearen antzekoena realzalea den bezala, iratzezale askorentzat ez dago lorezalea bezain pertsona barregarri eta ergelik. Loreak folklorika ahohandien gisakoak omen dira. Oliver Sacksek, bederen, nahiago du loreak agertu baino lehenagoko iratzeen mundu berde eta lurringabe xumea. Iratzeak ez dira loreak bezain exhibizionistak, ez dute sexua modu arranditsuan erakusten. Delikatuki ezkutatzen dituzte ugaltze-organoak frondearen azpialdean. Maitagarria zaio Sacksi oso antzinako apaltasun hori. (56)
EBOLUZIO-KIDETASUN MIRAGARRIA
Hala ere, Sacks ez da fanatiko bat, gai da loreen alde politak estimatzeko. Esaterako, bada Sierra Madren solanum izeneko lore ia beti gorri bat. Baina solanum espezie batzuk saguzarren bidez hedatzen dira, eta lore berdexkak edo zuriak dituzte. Gorriak berriz txoriek hedatzen dituzte. Saguzarrek hedatzen dituztenek ez dute energia metabolikorik gastatzen loreek eurek ezertarako behar ez duten pigmentu gorria ekoizten.
Ez al da txundigarria elkarrekin moldatze hori, landare loredunen eta intsektuen arteko azken ehun milioi urteetako koeboluzioa? Landare loredunek kolore, forma eta lurrin bereziak garatu dituzte intsektuak eta txoriak liluratzeko. Gainera, zenbait fruta gorri eta laranja azken hogeita hamar milioi urte inguru eskasean agertu dira, tximinoek eta primateek ikusmen trikromatikoa garatzearekin batera. Fruta horiek, tximinoen dietan oinarrizkoak, erraz ikus zezaketen begi trikromatikoek oihaneko hostotza itxian, eta landareek, bestalde, tximinoen gorotzaren bitartez zabaltzen zituzten beren haziak. (55-56)
EROS PILOTALEKUAN
Landarea baldin bada ere gailen liburuan, Sacksek ez ditu hala ere giza kontuak ahazten. Pasarterik beroenean kontatzen du, uztartuz gay erotismo xalo eta aldi berean kosmiko bat, ipar amerikako iratzezaleak Monte Albánen zebiltzala bera taldetik bakartu eta iskina batean erdi ametsez pilotalekua irudikatzen hasi zela, duela 1500 urte, zapoteken garairik onenean. Jokalariak ikusten ditu “bata besteari bultzaka, beren aldakak eta ipurmasailak airoso eta aldi berean indartsu erabiliz, baloi pisua eta ia bizia hara eta hona mugituz, eta sentituz zeruetako pilota jokoaren ispilu zirela, eta beren mugimenduak, irudiak eta osatzen zituzten konstelazioak kosmoseko mugimenduak, heriotzaren eta bizitzaren jaunaren mugimenduak, islatzen ari zirela.” (146) Berez berpizten da gauzak behar bezala izendatzeko Angel Erroren kezka eta zehaztasun beharra: rugbyari zergatik deitzen zaio rugby eta ez sexu edota estasi mistiko?
“Pilota Erdialdeko Amerikako jatorrizko herriek asmatu zuten, espainiarrak iritsi baino ehunka edo milaka urte lehenago asmatu baitzuten latexa zuhaitzetatik ateratzen. Espainiarrak harrituta geratu ziren gomazko pilotak estreina ikusi zituztenean. 'Lurra jo eta berriz airera gora egiten dute abiada handiz. Nola liteke?' Halaxe idatzi zuen esploratzaile harritu batek XVI. mendean. Esploratzaile batzuek pentsatu zuten pilota bizirik zegoela; halako malgutasunik, halako boterik ez zuten inoiz ikusia Mundu Zaharrean. Ikusia izango zuten balezta bildu baten malgutasuna, edo arku tenkatu batena, baina inoiz ez zitzaien burutik pasatuko berez malgua zen substantzia bat egon zitekeenik.” (144)
HALUZINAZIOEN ETA ARTE GEOMETRIKOAREN FORMA-KONSTANTE UNIBERTSALAK
Oliver Sacks neurologoa ere bada. Oaxaka inguruko landare asko haluzinagarriak dira. Egun batean bidaiari iratzezaleak Mitlako jauregira joan ziren. Jauregiko sabaian eta hormen goiko aldean figura geometriko konplexuak eta dotoreak daude: mosaikoak, forma hexagonal eta pentagonal korapilatsuak eta migrainetan ikusten ditugunen antzekoak, Sacksi navajoen alfonbrak edo mairuen arabeskoak gogorarazten dizkiotenak. Dirudienez, gizaki guztiok forma-konstante neurologikoak dauzkagu. Eta muturreko egoeretan (gose larria, arima hustea, toxikatzea, migraina) irudi ikusgarri bilakatzen ahal zaizkigu: abaraska, amaraun, sare-lan edo kebide itxurako haluzinazio geometriko. Sacksek bere buruari galdetzen dio ea psilozibe perretxikoa edo Oaxacan hain arrunta den gau-lorearen haziak haluzinazio horiek nahita eragiteko erabiltzen ote zituzten. Ematen du badirela haluzinaziozko forma-konstante unibertsalak. Hainbat kulturatako arte geometrikoaren azpian oinarri neurologikoa legoke.
Eta lurraren azpian, apur bat haluzinatu nahi lukeenaren zain, ez ahaztu, landareen arteko filamentuzko loturak, formari dagokionez ulergaitzak oraingoz geometrialarientzat.
DSK eta Abasolo
Sarkozy politikari dotorea izan balitz asteazkeneko buruz burukoan ez zatekeen ahaleginduko Hollande DSKren bidez zikintzen. Ezin izan zuen eragotzi, noski. Baina bumeran efektua jasan behar izan zuen.
Zelan izan zenezaketen sozialistek DSK lehendakarigai aurkezteko asmoa? Hollanderen erantzuna: Nik ez, zuk jarri zenuen Nazioarteko Diru Funtsaren buruzagi. Sarkozy: Baina zuek Frantziako lehendakari nahi zenuten, gure aberri maitearena, halako gizon lizuna. Hollande: Baina garai hartan ez genekien deus. Sarkozy: Nola ezetz, Pilatos. Hollande, jenialki: Nik ez dut lagunen eta kolaboratzaileen bizitza pribatuaren berri. Zuk bai ala?
Eta Sarkozy atzez, kili-kolo, totelka. Ikusentzuleari sentiarazi zion zaletasun handiz jartzen dizkiela lagunei eta kolaboratzaileei kamera eta mikrofono ezkutuak.
Frantzian oraindik ere DSKren aferarekin dabiltza atzera eta aurrera, are lehendakarigaien arteko eztabaidak erabakitzeraino.
Eta gurean? Ez da antzekoa Paul Abasoloren eskandalua? Alegia, sexu jazarpen eta erasoengatik hainbat salaketa dauzkan morroi bati Zapaterok azkeneko ministro kontseiluan ematen dio indultua, azpikeriaz eta ilunkeriaz, agindu lotsagarriaren ondorioen erantzukizuna bere gain hartu behar ez izateko moduan, sasoi batean Espainian Partido Comunista aste santuetako oporretan legeztatzen zen bezala. Zapatero feministak, emakumearen duintasunaren aldeko borrokan engaiatua omen, sexu jazarle berrerorlea errugabetu egiten du, doi-doia espetxean sartu behar ez dadin. Nondik nora?
Hara susmoa: jakina da, jendaurrean aitortua, Urkullu eta Zapatero lagunak direla, ikuspuntu politikoen desberdintasuna gorabehera. Bestalde, Paul Abasolo durangaldeko familia jeltzale aberats bateko semea da, eta Urkulluk ezkontza loturak dauzka durangaldeko beste familia jeltzale aberats batekin. Kanpotik begiratuta, eta jeltzaleen aurkako ezer berezirik eduki gabe ere, ematen du Abasoloren familiak Urkulluri semea babesteko mesedea eskatu diola, eta hala berean Urkulluk Zapaterori. Jeltzaleen egunkariak, Deiak, garbi anparatu zuen futbol jokalaria “Paul Abasolo vuelve a sonreír” eta gisakoak idatziz, bai baitzirudien biktima gaizkilea zela.
Ordea, neskei behin eta berriz biolentzia baliaturik Gernikako kale kantoi ilunetan ukitu lizunak egin zizkiena jertsearen zein prakaren kanpoalde zein barrualdetik Abasolo izan zen. Epaitua dago, eta zigortua, eta susmagarriki indultatua.
Dirudienez, gurean ere indarrean dirau mende luzeetako joerak: jauntxo harrapariak herriko alabak bortxatzen ditu baina, errua frogatuta ere, eta ohitura feudalen arabera, ez du zigorrik pairatu beharko, sendiak edonor erosi eta isilarazteko adina diru baitu.
Ez genuke hau guztia ganoraz argitu beharko? Zergatik eman zion zehazki Zapaterok indultua, beste askori ukatzen zien bitartean, erru apalagoa izan arren?
Zergatik ez dute Bilduk eta PPk erabiltzen Sarkozyk DSKrena darabilen moduan? Dotoreagoak direlako? Hori ote da dotore izatea?
Joseba Mikel Ugalderen "Hirurehun eta hamar segundo haiek"
“Akatz” aldizkarian nabarmendu zen Joseba Mikel Ugalde, “Ai gure Bermio!” atalaren bitartez, ezagutza eta grazia baitzerien haren testuei. Orain, "Hirurehun eta hamar segundo haiek"en bere betiko gai kutunei, gizaki guztion kezkak eta elkarrizketak elikatzen dituztenak (maitasuna eta heriotza, funtsean), bestelako barrentasun bat erantsi die, testuinguru pedagogiko sinesgarri batean kokaturik eta irakasle guztion patroi eta santu behar lukeen Urertze maisuaren figura asmaturik.
MAITASUNA INSTITUTUAN
Bermeon aspaldi irakasle ibilitako Antonio Agirre hil egin da. Urdiainen jaio bazen ere, ura behar zuen alboan, ur ertzean bizi. Ikasle batek Urertze ezizena jarri zion. Haren heriotza aitzakia, sakabanatu samar ibiliriko ikasle batzuek biltzea erabaki dute, Urertzeri loturiko oroitzapenak berpizteko. Matematikako irakaslea zen arren, ez zitzaion zentzuzkoa iruditzen letretako ikasleek logika baztertzea, ezta zientzietakoek kontatzeko eta idazteko trebetasuna galtzea ere. Halatan, egunero, ikastorduko aurreneko bost minutuetan berbazko opari bat egiten zien ikasleei; eta azkeneko hamar segundoetan etxerako lana ipintzen zien, istorio bat jorra zezaten, biharamun goizean ikaskideen aurrean kontatzeko. Ikasgelan sartu bezain laster, horrenbestez, ikaslearen ipuina eta maisuaren oparia. Guztira, hirurehun eta hamar segundo irakasgai ofizialetik kanpo, ikasleen garunak piztu eta bizitzak dakartzan korapiloetan buru argiz murgiltzeko moduko deskribapenei, oroitzapenei, elezaharrei, paradoxei, hitz jolasei eskainiak. Eta, batez ere, ikasleak kontalari bilakarazteari, beren etxeetan eta inguruan zutenaren poesia adierazten laguntzeari, ikusgaitza baitzitzaien ia beti, edo gutxietsia.
Ni bezalako irakasleoi, sarriegi etsita gabiltzanoi, arnasa eta eredu zaigu Urertze, irakaskuntzaren funtsezko Hirutasun Santua berezkoa baitzaio: maitasuna, jakintza eta legea, hurrenez hurren. Behar bezala dabilen maisuak, hiru indar horiek eskaini behar dizkio ikastordu bakoitzean ikasle bakoitzari, eta hirurak aldi berean. Izan ere, maitasunari jakintza eta legea kendu eta berehala bihurtzen da ikasgela anabasa eta intzestu. Jakintzak, berriz, datuak eta kontzeptuak diren heinean, autista dira berotasun pedagogikorik gabe, bizitzatik erauziriko zama hotza. Azkenik, maitasunik gabeko legeak, ikastetxean, zigortzeko irrika itsua bihurtzeko arriskua du; eta beldurraren gainean ezarririkoak ez du “lege” hitzaren alde noblea barnebiltzen, sadismoaren mozorro hutsa baita. Maitasuna, jakintza eta legea aldi berean eskaintzea da ikasleengan epe luzera esker oneko arrastoa uzteko bidea, Urertzeren uberan. Gurasoentzat ere balio du seme-alabekiko harremanetan, eta ia edonolako autoritaterentzat.
Urertzerengandik jaso beharreko beste irakaspen bat: benetako maisua irakasteko gai da, jakina, baina era berean zabalik dago ikasleengandik ikasteko. Egia da gehiegikeria franko bota izan dela gazteekin sinpatikoarena jo nahian: irakaslea eta ikaslea maila bereko solaskideak direla eta antzekoak. Noski, irakasgai zehatzari dagokionez ikasleak onartu behar du maisuak gehiago dakiela, entzun egin behar dio eta harengandik ikasten ikasi. Aldi berean, ordea, ukaezina da irakasleak ikasleei adi entzuteari zenbait minutu eskaintzeak gaurkotu, sakondu eta edertu dezakeela bizitzaren gainean zekikeena, edota errealitatearen gainean; eta, oroz lehen, bere buruaren gainean.
Urertzek irakaskuntza modernoaren arrisku handietako bati aurre egiten dio: zientzien eta letren arteko zatiketa hemiplegikoari. Gazteak, osoa izatera helduko bada, alde biak behar ditu barneratu, nola literatura hala matematika baitira baldintza eta akuilu giza berezitasuna lora dadin, piz dadin buru argitasuna eta dagoenaren ulertzea, bizitzan gutxienez behin, heriotzak harrapa gaitzan baino lehen.
Martutene
ZER EGIN OINARRI BIOGRAFIKOAREKIN?
Saizarbitoria olgetan dabil beti erakustearen eta lotsaren arteko joan-etorrian. Batzuetan adierazten du idazleek fikzioaren aitzakia erabiltzen dutela beraiei ez balegokie bezala eman ahal izateko aipatu eta erakutsi beharra duten jatorriko korapilo edo zauri lotsagarriaren berri, eta hitz horiek berez bultzatzen dute irakurlea idazlearen biografian kuxkuxeatzera. Baina aldi berean nabarmentzen du, adibidez, eredutzat eta farotzat duen Max Frisch-i buruz uste izan dela literatur disimulu handirik gabe erakutsi duela eleberrietan bere bizitza sentimental eta sexuala, eta hala ere oso fikziozkoa dela haren obra, oinarri biografikoa arrunt zeharka darabilela, aditzera emanez Saizarbitoriaren beraren obran ere asmatuak liratekeela biografikoenak diruditen pasarteak, maiz errepikatzen direnak, funtsezko zauriak dituztenak itxuraz aipagai.
Ikusmira modernoaren adierazpenik nazkanteenetakoa den arren boladan dabil narrazioetako protagonistengan idazleak bizi izan duena igartzeko grina, edo bere nortasunaren ezkutuki ikaragarriren bat, bihotzeko eta sexuko kontuak, oinazetsuak izatekotan are hobeki, ondoren zelofan psikoanalitikoz apaindurik saltzeko. Aski aberatsa da berez Martutene, aski lan barruan daukan jakinduria ateratzeko, autorearen zaurietan begi luzeak sartu behar izan gabe. Utzi bakean artista, sakondu bere lanaren fruitua.
ARAZOAK BERE BURUA ONARTZEKO ORDUAN
Alde ilunekin hastearren, identitatea dugu Martuteneko protagonisten arazoetako bat, norberaren eraikuntza. Saizarbitoriak ia guztia kuestionatu izan du beti, batez ere herentzian jaso duena: abertzaletasuna, besteak beste. Baina baita bere izaera pertsonala bera ere. Haren beste protagonista batzuen ildotik, Martinek eta Abaituak ere arazoak dituzte beren burua onartzeko orduan. Abaituari, esaterako, bere antzekoegia sumatzeak korapilatzen dizkio semearekiko harremanak.
Abaituarena da hain zuzen foku narratiboetako bat, bere begietatik ikusten ditugu hamabi kapitulu, bikoitiak, liburu erdia, eta agian horregatik ez da Martin idazlea bezain papaoa gertatzen, eskuzabalagoak izaten baikara gure buruarekin. Martinen emazte Julia itzultzailearena duzu hamabi kapitulu bakoitietako foku narratiboa, eta behinola Martin maite izan bazuen ere, orain ez du errukirik. Iradokiko digu idaztearekin hain obsesionaturik bizitzeak ergeltzen duela Martin: bere ipuintxoei, nobelatxoei eta burutazio ustez harrigarriei emateak denbora eta arreta, inguratzen duten lagunei ezikusia egiten dien bitartean. Zalantzazkoa da neurosia sendatzeko idazten ote duen Martinek ala idazteak berak bihurtzen ote duen neurotiko. Saizarbitoriaren aurreko obra batzuetatik erator zitekeen agindu kategorikoetako bat “ez ezazu emaztea hil” baldin bazen, Martutenek erakusten du kontuz ibili behar dela idaztearekin. Martinek idazteko gogoa kentzen dizu, kosta ahala kosta behar da saihestu Martinen antzeko bilakatzeko arriskua.
Egia da, aldi berean, idazteak berrerosiko duela Martin, testu jakin batzuek ekarriko diotela maitasuna. Besteak beste, Faustino Iturbek Flora Ugalderi idatziriko gutunak, alegia (eta hein batean baino ez), Martinek Juliari. Martin sinetsita dago soilik idatzitakoaren bidez bilaka daitekeela besteentzat maitagarri. Abaituak berriz sentitzen du ez dela maitatzeko gai. Baina ez idazteak salbatzen du ziurrenik Martin bezain pepelerdoa izatetik.
JELOSIA RETROSPEKTIBOA
Beste alde ilun bat, oraingoan ez identitatea baizik eta maitasuna: Martuteneren muina giza harremanak dira, giza harremanena maitasuna, eta maitasunarena jelosia. Jelosiazko mamuak leku estrategikoetan kokatu izanak (lehen parte osoaren hasieran eta amaieran adibidez, edo zenbait kapituluren amaieran, klimax gisa) erakusten du Saizarbitoriarentzat maitasunaren muina jelosia dela eta jelosiak egituratzen duela gizonen nortasun afektiboa. Martutenen inoizko sakonkien aztertu eta adierazi du jelosia molde desberdinen nondik norakoa. Desberdin jelosten zaizkio protagonista maskulino eta femeninoak. Eta gizon eta emakume bakoitza ere, desberdin.
Gizonek, Martinek eta Abaituak, emazteak maite dituzte, baina jelosiak eragozten die bihotzez eta gardenki maitatzea, atzera begirako jelosiak zehazki. Pilar zein Julia abandonatuak sentitu ziren garai batean, eta amorante gazte banarekin joan zitzaizkien, Adolfo sasipoeta eta Adolfo neurokirurgialaria. Martinen eta Juliaren arteko harremana hautsia zegoelarik infideltasunak zuen berpiztu. Zentzu horretan, Saizarbitoriaren gizon protagonisten jelosia nagusia, Martinena zein Bihotz bi-ko entziklopedistarena, amorruzkoa eta kontrolatzaile obsesiboa ez ezik, afrodisiakoa ere bada.
Ordea, berpizteak soilik iraungo du harik eta gizonak andrea berreskuratua duelako bermea ziurtatuko duen arte. Ondoren, infideltasunari loturiko oroitzapenek, irudi mingarri haiek, mamuen jazarpenek, oztopatu egingo diote andrea goitik behera maitatzea, eta gizonaren beraren infideltasunaren akuilu izango dira. Bien bitartean, jelosiak biziberrituriko bikotean, gizonaren desoreka eta min horiek tabu bihurtu dute andrearen iraganeko harremanen aipamena.
Gizon jelostuek bai eta emakumeek egiten ez dutena: maiteari beste harremanei buruzko informazioa atera, bikote sendo batek egia osoa konfiantza osoz partekatu behar duelako aitzakiarekin, eta ondoren informazio hori maitearen aurka erabili. Ez sadismo hutsez, gehiago agian masokismoz, pasibo agresiboa baita Saizarbitoriarenean gizona: informazio horietan bildutako irudiak oinazetsuak zaizkio gizonari, behin eta berriro gogoratzen ditu edo zaizkio, eta emakumea zigortzeko erabiliko ditu, kontraeraso mendekatian, azken batean emakumeak sentiarazi baitio oinaze hori. Horixe da Martinen eta Abaituaren atzera begirako jelosiaren zentzua; Martinena itsu eta basatiagoa, Abaituarena berriz buruerrukitsuagoa, dotoreagoa, beharbada Abaituaren beraren ikuspuntutik ezagutarazten zaigulako. Zernahi gisaz, gurpil zoro horrek ez die Saizarbitoriaren bikote helduei bizitzen uzten. Iraganak matxuratzen ditu.
Andrearen nortasuna egokiago dago egituratua orainaldiaz gozatzeko, indartsuagoa eta osasuntsuagoa du arima, prest dago barkatzeko eta ahazteko maite duen gizonarekin ondo bizi ahal izateko; baina gizonak beti leporatuko dio iraganeko mamua, eta azkenik andrea nazkatu egingo da.
Edonola ere, jelosia mota hori, zein Martuteneren inguruko albiste eta elkarrizketetan hainbeste aipatu den errua, nagusiagoa den arazo baten aldakiak dira: zama zaigu iragana eta madarikazio oroimena. Saizarbitoriaren protagonistak ezin dira Ithakara itzuli. Irudimenezko maitea eta maite erreala azkenik bat eta bera izan daitezen litzateke Ithaka, baina gizon horiek etengabe dabiltza noraezean, ikasi ezinik ideala ikusten alboko errealitate gordinean, eta hortaz sufritzen eta sufriarazten.
PATUA
Dena den, bizitzaren alde ilunak saihestu gabe ere, inoizko koloretsuen dakarzkigu Saizarbitoriak loreak eta katuak, adiskidetasuna, maitasuna eta jaiotza. Eta ez al da errua bezain erabakigarria bizitza errugabetzeko ahalegina patuaren onarpenaren bidez, baldintzarik gabeko amor fati eder hori?
Martutene baino lehenagoko narrazioetan omnipresentea zen patuaren atzaparra, nonahikoa, eta hainbat moldetan mamitzen zen: arbasoen zama, protagonistaren izaera, putzuari ihes egiteko ahalegina, zuzenean putzura zaramatzana, simetria gaizto bat... Ezohikoa dugu Martuteneko patu gaiztoaren baiespen barea, Lynnen ahaleginean bai Abaitua eta bai Pilar errugabetzeko: “nirea ez da izango zure erruaren izena” diotse. Onartze hori ez da estoikoa ordea, ez da zori txarraren eramate solemne arranditsua, baizik lasaia eta aurrera begirakoa, Spinozarenaren tankerakoa. Spinozak pertsonaia baten bidez erakutsi beharko balu zein den jokabide etiko zentzuzkoa Lynn aukeratuko luke, aldenduena baita errutik eta goxo onartzen baitu bizitzak dakarkiona. Onbera da gainera, alegera, eskuzabala, argia, eta beldurrik gabe ematen zaio maitasunari, protagonista euskaldunek ments duten ausardiaz.
Bada jende sarkina bikote sendoak desorekatu eta apurtzeko irrikak mugiarazten duena. Ezohikoagoa da kontrako kasua, Martutenek erakusten diguna: bikote batzuek suntsitu egiten dituzte tartean sartzen zaizkien lagunak. Hirugarrenaren agerpenak bikotearen eritasuna eta gainbehera katarsiz sendatuko du, eta ondoren zauritu eta bota egingo dute. Patu makurrak dakarkion zartako eta bazterketa horixe da Lynnek patxada dotore batez onartzen duena.
JAIOTZA
Saizarbitoriaren orain arteko eleberrien artean Martutene baldin bada konplexuena, ispilu eta simetria jolasik esanguratsuenak erakusten dizkiguna, ez da soilik potoloena izaki edozer sartu duelako; kontuan hartu behar da halaber zer gauzaki erabili duen pertsonaien ispilu, akuilu, katalizatzaile eta inspirazio iturri gisa. Aurreko eleberrietako gauzaki gafeak edo talisman gaiztoak izan ziren giltza Ehun metro-n, Omega ordularia Hamaika pauso-n, domina Bihotz bi-n.
Martutenen, berriz, liburu bat dugu, Max Frisch-en Montauk, giltzak, ordulariak eta dominak ez duten bizitasun indartsu batez eragiten diena protagonistei, heriotzatik salbatzen dituena. Ehun metro-n, Hamaika pauso-n eta Bihotz bi-n heriotza eta hilketa baldin baziren nagusi, protagonistak hil egiten baitziren edo hil egiten baitzuten, Martutenen ez soilik ez da protagonista bakar bat ere hiltzen; gainera, gertaerarik hunkigarrienetakoa jaiotza bat da, Peruren jaiotza Sagastizabal baserrian. Saizarbitoriak inoiz ez du hain ederki erakutsi borondatetik eta maitasunetik datorren biziaren aldeko grina.
Egia den arren Hamaika pauso-n ere Abaitua idazten ziharduen Hamaika pauso eta Loretta Sheridanen liburua genituela, eta Rossettiren obsesioa-n berriz Juan Martinek hotelean galdutako eleberria, protagonistei gordetik eragiten zietenak, hala ere Martutene arte heriotzaren zerbitzura zeuden narrazio barruko liburuak, fusilatzeen eta ehorzketen mesedetan, eta Montauk aldiz Martuteneko bizitasuna suspertzera dator.
Liburu bat izatea katalizatzaile, ahots narratiboak bi izatea eta protagonistei lotuak, irakurketa aukerak biderkatu egiten ditu. Lehenbiziko irakurketan Juliari eta Abaituari sinesten diezu, ni bezalako gizon primariook bai bederen. Harrituta utzi ninduen Martutene amaitu bezain laster era berean irakurri berria zuen emakume batek: Martin salau bat iruditzen zaio, erretxina baina ona. Julia da bitxotzat daukana, Juliaren begirada. Eta Lynni babalore samarra deritzo. Nola da posible halako irakurketa bat, hain nirea ez bezalakoa eta ziur aski sinesgarriagoa?
Emakume irakurle horren ulermena zoliagoa izan da nirea baino, kontuan hartu baitu Juliak eta Abaituak berek nahi eta erabakitzen dutena jakinarazten digutela beren buruaz, zein Lynn, Martin, Pilar eta Kepaz, eta irakurle azkarrak sistematikoki jo behar lituzkeela susmagarritzat haien kontaerak.
Manchesterko urkien eta pinpilinpauxen bilakaera
Darwinen “Espezieen jatorria”k aurten bete ditu 150 urte eta bihar Biologiako euskal irakasle bat baino gehiago arituko da orroka Old Trafforden, hemengo ikasleak abandonatuta. Halakoxeak baitira zientzietakoak.
Ikasle ohi bat Manchesterren dabil Erasmusi esker, eta egitate deigarri honen berri eman dit: urki zuri ugari dago Manchesterren. Eta pinpilinpauxa mota bi: zuriak eta ilunak (ia beltzak). Kapitalismoa sortu baino lehen hobeki zirauten pinpilinpauxa zuriek, hobeki kamuflatzen ziren: harrapariek ez zituzten bereizten, urki zuriaren gaineko pinpilinpauxa zuria ez zen nabarmentzen. Tximeleta zuriak luzaroago iraun eta gehiago ugaltzen ziren; zuritasuna maizago eta zabalago heredatzen zen iluntasuna baino.
Alta, kutsaduraren erruz zerua bezala urkiak ere gero eta ilunago jartzen hasi ziren. Marxen adiskide Engelsen gurasoek airea izugarri belzten zuen fabrika bat zuten Manchesterren. Orduz geroztik, errazkiago bizirauten dute pinpilinpauxa beltzek, harraparientzat ikusgaitzago, zuriak baino, hauen mantxa eta soslaia, kontraste bortitzaren erruz, nabarmen ageri baita hondo beltzaren gainean; ondorioz, berriki arte maizago heredatu izan da iluntasuna.
Aspaldion, ordea, ekimen eta jokabide ekologistei esker, harrapariak galduta dabiltza berriro ere, urkien eta pinpilinpauxen zuritasunak alaitzen baitu atzera Manchester, eta zuritasun horrek egingo dio abegi Athleticen garaipenari; edo berdinketari, Muniainek bakarrik jokatu beharko balu hamaika ingelesen aurka.
Zehazki, zenbat uharte daude munduan?
Sarrionandiari lotutako obsesio konpultsibo triste hura nire kabuz sendatzeko asmoz liburu batzuk erosi nituen. Horietako bat, bikaina, “Nortasunaren nahasteen etiologia eta tratamendua”, talde lana, Mikel Haranburu, Marian Soroa, Joana Esteve, Nekane Balluerka eta Arantxa Gorostiagak idatzia, Udako Euskal Unibertsitateak argitaratua. Beste bat, Enrique Rojasen “La ansiedad. Cómo diagnosticar y superar el estrés, las fobias y las obsesiones”. Txundigarria da giza gogoa. Adibidez, fobiak: betikoak agertzen dira, iluntasunari, sugeei, xomorroei, jendaurrean hitz egiteari... Baina bada aski zabaldu den fobia bat, diagnostikatua eta zerrendatua, amaginarrebari. Amaginarrebari fobia, jainko laztana.
Eta obsesioen artean ere, ezagunenekin batera, alegia, eskuak egunean berrogeita hamar aldiz garbitu beharra, eta abar, badira batzuk txit harrigarriak. Bada jendea zeharo obsesionatzen dena honelako galderekin: “eta txoriek titia hartuko balute, orduan zer?” Hau da, txoriak ugaztunak balira, txori amek bularrak balituzte, txorikumeek edoskiko balute, bai desberdina dena, ezta? Obsesiboak badaki hori ez dela gertatzen, oraingoz ezinezkoa dela, baina hala ere ezin eragotzi bere buruari galdera hori egitea egunean laurogei aldiz.
Beste obsesio tipiko xamarra, orobat galdera formakoa: “Zenbat uharte daude zehazki munduan?” Galdera obsesibo horrek joera konpultsibo batera bultzatzen du: toki guztietan etengabe bilatzera erantzuna, entziklopedietan, google-en... Baina jakina, ezin fidatu. Zeren... zer da zehazki uharte bat? Adibidez, zenbat daude euskal kostaldean? Gaztelugatxe ondoko Akats ere zenbatu al dute, uhartetzat hartu al dute? Egunak joan egunak jin, ezin erantzun asebetegarririk aurkitu eta galdera berberari jira-bueltaka gau eta egun.
Dirudunen zein txiroen artean topa ditzakezu obsesiboak, baina aberastasunak bestelako kezkabideak ahalbidetzen ditu. Azken emaitza, dena den, gogoa txorakeriez bete eta bizitza galtzea da. Aberats batzuen obsesioa izaten da beraien soinekoa, txamarra, ordularia, bakarra izatea munduan. Ezin dute eraman berek daramaten alkandora berdina ikustea beste pertsona batek jantzirik. Halatan, diru piloa xahutzen dute lortzeko jostunak alkandora berezi bat egin diezaien, beraiena bakarrik izango dena mundu osoan. Arazoa da ez direla erabat fio. Eta operan, edo karrikan, jende guztiaren alkandora guztiak aztertzen dituzte, eta antzeko bat ikusten dutelarik sekulako zartakoa pairatzen dute, egunak eta egunak pasatzen dituzte jostunaren traizioari bueltak ematen.
Tanpax
Gero eta zailagoa da iragarki bat aurkitzea erakutsiko dizuna salgaiak zertarako balio duen. Aldi berean, gero eta nabarmenagoa da iragarkien kutsu magikoa. Ia ez dituzte aipatzen produktuen ezaugarri zehatzak. Orokorrak izaten dira, abstraktuak. Ez dizute mopa bat saltzen, zoriona baizik. Martini ez da edari atsegin bat, gizontasuna baino.
Hots, iragarkiek erakusten dizutena da, produktuak egin lezakeena baino gehiago, zelan sentiaraziko zaituen; zure sentimendua da erabaki nahi izaten dutena. Eta, zeregin eta gorabehera fisiko konkretuek ez bezala, sentimenduek, batzuetan, adin eta sexu desberdintasunak gainditzen dituzte.
Horrela, ez da harritzekoa Xavier Rubert filosofoaren lagun baten seme txikiak, telebistan tanpoien iragarkia ikusi ondoren, Tanpaxa eskatzea urtebetetze oparitzat. Gizajoari aitak “zertarako arraio nahi duzu Tanpaxa” galdetu ziolarik, erantzuna izan zen: “Tanpaxarekin dantzan ibil zaitezke, igerilekuan, patinatzen, eskiatzen, beti irribarretsu, pozik. Tanpaxa baldin badaukazu, fini arazoak, ziur sentitzen zara, erakargarri, eder, argi. Pare Noëli ere pakete bat eskatuko diot”.
Txillardegi eta ziminoa
Hemen daukazu Susak argitaratu zuen Txillardegi eta ziminoa, osorik
Eli Laztangurenek "Txillardegi eta ziminoa"ren aurkezpenean sortutako bideoa
Epub edo PDF gisa jaisteko, hemen
Beñat Sarasolak Berrian egin zion kritika konstruktiboa
Martin Ansok liburuaren berri eman zuen Garan
Taperware kolektiboak "Txillardegi eta ziminoa"ri buruzko elkarrizketa sakon bat atera zuen bere blogean, zati bitan:
lehenbiziko zatia eta bigarren zatia
Sarrionaindia
Joera poliziako itxuraz inozo bat tara bilakatu daiteke adinak aurrera egin ahala, larritu eta obsesio bihurtu. Bada jendea gauero 30 aldiz jaikitzen dena etxeko atea ondo itxi ote duen egiaztatzera. Hamaseigarrenerako badaki ziur ondo itxi duela baina hala ere ezin du eragotzi berriro ere jaiki eta pasilloko joan-etorria egitea pijama jantzirik. Oso gaizki pasatzen du, bizia izaten da antsietatea. Terapiaren bat lagungarria izan liteke halako larridura arintzeko.
Badira bosturteko batzuk irakurtzean maiz gertatzen zaidala hitzen esanahiari baino gehiago hizkien itxurari egoten naizela adi. Bulkada kontrolatzaile horrek harrapatuta, saiakeran edo nobelan gertatzen denak ihes egiten dit. Berriki zenbait idazle bi puntuen ondoren maiuskula erabiltzen hasi dira, Pío Barojaren eta Valle-Inclánen bidetik. Adierazi nahi balute bezala: puntu baten ostean maiuskula badator, arrazoi handiagoz puntu biren ostean. Orain arte, bi puntuen ondoren, komatxoak irekitzen baldin baziren, orduan bai, maiuskula; orobat, bi puntuen ondoren lerro berean jarraitu beharrean aparte egiten bazen; bestela ez. Aspaldion, aitzitik, dena ari da nahasten. Batzuk batetan eta kontutan idazten tematzen dira. Azterketak zuzentzen hasi eta burutik jota amai dezakezu.
Larriena Sarrionandiarekin gertatzen zait. Ez berak idatzitakoarekin, baizik eta abizen horrekin. Badira urteak eta urteak irakurtzen dudan aldiro idatzirik dagoena Sarrionandia ala Sarrionaindia ote den egiaztatu behar izaten dudala. Idazlea Sarrionandia da, baina askok Sarrionaindia idazten dute, batez ere erdaldunek; Onaindiarekin nahastuta, beharbada. Beti gelditu behar izaten dut, letraz letra aztertu. Denbora galtzen dut, urduri jartzen naiz. Ez du ezertarako balio. Inoiz ez diot gutun bat idatzi egunkariko zuzendariari Sarrionaindia irakurri behar izateagatik kexuz. Ondo idatzirik topatu, zein txarto, berdin-berdin dio. Eta ezin hala ere kontrolatzea eragotzi.
Are okerrago: irakurtzen duzu Paul Austerren eleberri bat, Jim Thompsonena, eta badakizun arren ezinezkoa dela Sarrionandia edo Sarrionaindia hitza ager dadin, noizbehinka orrialdeari gainbegiratu azkar bat ematen diozu Sarrionaindiaren baten bila, badaezpada ere.
Milaka eta milaka aldiz irakurri dut abizen hori, eta beti aztertu behar izan dut. Hil arte gelditzen zaizkidan urteetan ere horrela jarraituko du obsesio nazkagarri honek? Baten batek zioen irakurtzea plazer handia dela; erantsi beharra dago: ez beti.