Mendekuaz (I)
-Jone Albeniz: Ikuspuntu filosofikotik nola definituko zenuke mendekua?
-M. Zapiain: Jarrera eta jokabide egokia nahi bezain ahoberoki aldarrikatuta ere ez da erraza izaten zure buruari eta zure bizitzari aplikatzea. Mendekutik libre bizi banintz bezala mintzatzen ahaleginduko natzaizu, arraroa egingo zaidan arren. Baina ikuspuntu filosofikotik jarduteko eskatu didazunez distantzia hartu behar, eta aholkulariaren jarrera, filosofia-tradizio ezagun beneragarri bati jarraiki.
Spinozaren definizioa izan daiteke abiapuntu egoki bat. “Etika”ko hirugarren zatiko berrogeigarren proposizioaren bigarren korolarioak dio: “Nornahik irudikatzen baldin badu berak lehenago afekturik izan ez dion norbaitek gorrotoz gaitz egin diola, berehala lehiatuko da hari gaitz horren ordainez itzultzen.” Eta proposizio horren beraren eskolioan: “Gorrotatzen dugunari kalte egiteko ahalegina, hira deitzen da; eta egin diguten kaltea itzultzeko ahalegina, mendekua.”
“Etika”ren hirugarren zatian bertan, amaieran, afektuen definizioen artean mendekuarena aurkitzen dugu. Hogeita hamazazpigarrena da. Honelaxe dio: “Mendekua da, gorrotozko afektu berberaz kalte egin digunari, gorroto ordainez gaitz egitera bultzatzen gaituen desira.” Piarres Xarrittonek eta Jose Luis Alvarez Santacristina “Txelis”ek euskaratu ziguten “Etika”.
Spinozarentzat, mendekua pasio triste batek bultzatzen du; pasio tristea den heinean, murriztu egiten ditu nire jarduteko ahalmena eta hunkitua izatekoa. Mendekuak harrapatzen nauenean ergeldu egiten naiz. Hortaz, arrazoi egokiak erabiliz mendekutik askatzen ahalegindu beharko nuke. Noski, mendekua sentimendu bat da, eta arrazoi batek ezin du sentimendu bat ordeztu. Eta zenbait irain eta erasoren ondorioz, ezinbestez jausten da edozein gizaki mendekuaren atzaparretan, ezinbestekotasun matematiko batez. Dena den, arrazoimenak eta artez pentsatzeak badute nolabaiteko eragina afektuengan, bidera gaitzakete mendekua bezalako pasio triste bat, tenteltzen eta ahultzen gaituena, pozgarri litzaigukeen afektu aktibo bilakaraztera, ahaztu gabe beti ere erritmoak errespetatu beharra eta pasioen gaineko arrazoimenaren eragina mugatua dela. Edonola ere, merezi du, jakina, mendekutik askatzen ahalegintzea.
Eritasun bat baita. Zoritxarraren hainbat ezaugarri darakutsa: batetik, mendekatia iraganaren arabera bizi da. Iraganak erabakitzen du bere oraina zein bere asmo nagusia. Eta sentimenduen ekonomiak erakusten duenez, afektu-kopuru handiagoa baduzu iraganean inbestiturik orainean eta etorkizunean baino, orduan ezingo duzu behar bezala ekin, eta are gutxiago gozatu edo gozarazi.
Bestetik, pasiozko amodioan bezala, mendekatia etsaiaren esku dago, bere boterea eman baitio. Etsaiarengan du arreta finkatua. Ordea, ondo xamar bizi ahal izateko zure buruak behar du abiapuntu, ez zaio garrantzi berezirik eman behar bestek dagienari edo gogoan darabilenari. Etsaia zertan dabilen ez dagokizu, zu zara erdigunea. Ahaztu txotxolo horren aurkako mendekua eta zentratu zure baitan.