Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Leibnizen infinitu batzuk (eta V)

Leibnizen infinitu batzuk (eta V)

Markos Zapiain 2014/05/05 12:35

 

INFINITU BER INFINITUREN ERDIGUNE INFINITUA

-izaki indibidualari “monada” ere deitzen dio Leibnizek; monada atomo metafisiko bat da; indibiduo bakoitza da monada, dela gizaki dela inurri; baina ez dira monada taldea, saldoa, armada, eskola, estatua

-izaki indibiduala Jainkoaren inbertsoa denez, eta Jainkoa ∞/1, orduan indibiduoa: 1/∞

-izaki indibidualak ez du ez leihorik ez aterik, kanpotik ez dio ezerk eragiten, automata espirituala da, aldez aurretik dago programatua; aurrezarritako harmoniagatik iruditzen zaigu izakiek elkarrekin komunikatzen dutela

-arimaren eta gorputzaren arteko lotura ere, aurrezarritako harmoniaren araberakoa: hasieratik sinkronizatuak leudekeen bi ordulari desberdin

-beste metafora bat: zirkunferentzia (gorputza) eta bere erdigunea (arima); zirkunferentziako lerro guztiak, gorputzezko ugaritasuna, erdiguneko arima bakun zatiezinera datoz elkartzera

-izaki bakoitzak, eta infinituak dira izakiak, unibertso osoa, halaber infinitua, barnebiltzen eta adierazten du: izaki bakoitza atomo bat da, baina ez fisikoa, baizik eta filosofikoa

-pertsona jakin baten nozio zehatza kiribildurik dago geuretzat; baina, adimen infinitu batek egin lezakeen eran, pertsona horren nozioa askatu eta deskiribilduz gero, guztia genuke osotoro ezagutuko: pertsona ezezagun horrengan dautza Epikuroren jakinduria zein biharko eguraldia, Erromatar Inperioa nahiz Francoren garaipena; halaber patata guztiak eta izar guztiak. Hori bai, barnebildurik, tolesturik, biribilkaturik; ezagutu ahal izateko analisi infinitua behar

-Leibnizen infinituak era islatzaile edo are biderkatzaile batez funtzionatzen du: esan bezala, izaki infinituetarik bakoitzak unibertso osoa bere ikuspuntutik barnebiltzen eta adierazten duenez, eta beraz, nolabait, gainerako izaki infinituak ere barnebiltzen eta adierazten dituenez, orduan, ezinbestez, infinitu bakoitza bere buruaz infinitu aldiz biderkatzen da, eta biderkatze infinitu hori potentzia maximoan edo infinitu maximoan burutzen da, hau da, Jainkoarengan. Jainkoa infinitu aktual eta birtual guztien erdigune infinitua litzateke 

-apalago, gure tamainari egokitua, Goethek: “Infinitua ezagutu nahi duzu? Orduan zeharkatu finitua zentzu guztietan”

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.