Mendekuaz (IV)
-Jone Albeniz: Zein izan da mendekuaren eboluzioa gizabanakoarengan?
- M.Z.: Mendekua ez da gizakion berezitasuna. Frantses Wikipediak mendekuari eskainitako sarrerak dio 2000 urtean Saudi Arabian babuino talde bat errepide ertzean ezkutatu zela hiru egunez automobilista bat mendekuz harrikatzeko asmoz, honek zimino talde horretako kide bat akabatu izanaren ordainez.
Begien bistakoa bada ere zimino-oinarriak eta mendeku basatiak bizi-bizi dirauela gizakiongan, zibilizatzeak mendekurako aukera berriak eskaini dizkigu, gorputzetik eta odoletik libreago; irudimentsuagoak, maltzurragoak. Ikasleei jotzea debekatu zuten garaian eztabaida interesgarri bat piztu zen irakaskuntzan: irakasle eta ikasle batzuek zioten debekua txarrerako izango zela, momentuko asaskatzea eragotzita bide ematen baitzaio epe luzerako mendeku psikologikoari. Zaplazteko bat garaiz jo ezinean umiliazio publikoak etorriko ziren, edo noten bidezko mendekuak. Ziur aski, debekua baino lehen ere zaplaztekoak ez ezik umiliazio publikoak eta noten bidezko mendekuak ere izango ziren, baina beldurra zabaldu zen, erantzun primarioa debekaturik ez ote zen sotilagoa areagotuko. Urte asko igaro dira orduz geroztik, eta orain arreta deitzen duena da gero eta irakasle gehiago dagoela inoiz ikara fisikoa sentitu duena, ikasleek eraginda. Zurrumurrua dabil zentzu horretan arazo larriak dauzkazuela Mondragon Unibertsitatean (txantxa).
Mendekua alferrikako bihurtu zuen iharduki eredugarri baten adibidea gure Institutuan bertan gertatu zen, Tuenti nagusi zen garaian, artean ez zuen Twitter-ek ordeztu. Bazen ondo zebilen bikote bat. Mutilagunak kontatutakotik eta neuk ikusitakotik dazagut istorioa: ohi baino partzialagoa da ikuspuntua. Batxillergoko bigarren mailan ikasgela desberdinetan jarri zituzten.
Saizarbitoriak Martutene-n erakutsi du bikote batzuek tartean sartzen zaien hirugarrena suntsitzeko joera izaten dutela. Aldiz, bada jendea bikote itxuraz sendoak apurtzeko grina bultzatzen duena oroz gain, Edipo aroa gainditu gabeko sarkinak. Neskaren ikasgelan bazen horrelako morroi bat eta neskari fitxak sartzen hasi zitzaion takian-potian. Neska ez da borde bat eta kortesiaz erantzuten zion, atsegina baita eta komunikatiboa. Sarkinak interpretatzen zuen neskak bide ematen ziola. Neskaren ikaskide batzuek mutilagunari kontatu zioten, horrelako notiziak ematea beti baita bihotz-altxagarri. Mutilagunak hasieran ez zion inori eman bere kezkaren berri, baina urduri hasi zen txirrina jo bezain laster pasillora irteten, zaintzera ea neskalaguna eta sarkina elkarrekin agertzen ziren, nola begiratzen zioten elkarri. Mutilagunak oraindik ez zekien aldi berean Tuentiren pribatutik sarkina egundoko mezu-zaparrada lerde-jarioa bidaltzen ari zitzaiola neskari. Neska bera moskeatu eta erakutsi egin zizkion. Mutila oso txarto jarri zen, Institutuan igartzen zitzaion, irakasleok gure artean komentatu genuen. Alegia, ez zen ihardukitzeko gai, erreakzioa aktibatu beharrean sentimendu bilakatu zitzaion. Zeharo galdua zuen ekimena, beste bien artekoa zelan zihoan kopetilun eta amorruz ikustera mugatzen zen, ikusle pasibo, goibel eta herratsu.
Konponbidea ekimena berreskuratzetik etorri zen, iharduki polit bat asmatzetik. Neskalagunarekin mintzatu eta erabaki zuten mutilak berak erantzungo ziola Tuentiko pribatuan sarkinari, neskaren izenean. Orduan hasi zen mutila eraso gisa sentitutakoari ondo pasarazten zion erantzun bat ematen, sarkinarekin jolasten. Gerra irabazi egin du; oraingoz bai, behintzat. Aspaldion, oker ez banago, ez mutilak ez neskak ez dute Tuentirik, eta behin krisia gaindituta neskak pasahitzaz babestutako bere esparru pribatua berreskuratu du interneten, mutilagunaren behakotik at, psikologoen aholkuari jaramon eginik.