Mendekuaz (II)
-Jone Albeniz: Nondik sortzen da mendekua?
-M.Z.: Bidegabeki eraso dizutenean aukera bi dauzkazu: erantzun edo ez erantzun. Jesusek ihardukiari ukoa aldarrikatzen zuen, beste masaila eskaintzea, etsaia maitatzea. Nietzscheren ustez, larregizko sentiberatasunaren eta ahuleziaren eraginez zegion uko Jesusek ihardukiari. Dena den, litekeena da borrokari ukoa ez etortzea beti eta ezinbestez makaltasunetik eta ezinetik; oraingoz ulergaitza zaigun kemen arraro batetik ere etor bailiteke. Historian uko hori ia ez da erabili izan, eta horregatik ez dakigu ez ote den lehen begiratuan dirudiena baino eragingarriagoa epe luzera. Esperimentua egin behar: eutsi zenbait hilabetez bizitza pertsonalean zure burua inondik inora ez defendatzeko erabaki irmoari.
Edozein gisaz, ia jende guztiari, Hegel barne, zuzenagoa iruditzen zaio irain injustuari erantzutea, ihardukitzea, borrokatzea, ekintza. Gero gerokoak, baina makurtu eta injustizia isil-isilik irenstea saihestu beharra dago, barrualdea usteltzen baitizu eta ondorioz baita kanpoaldea ere, proiekzioz. Mendekatiak joera du jende guztia errudun sentiarazten ahalegintzeko, bere mendeku-grinarekin bat egiten ez duen heinean.
Nietzschek ihardukia eta mendekua bereizten ditu. Lagun on, zintzo, osasuntsuak iharduki egiten du, ondoren ahaztu eta bizitzen jarraitu ahal izateko. Erantzun ezazu behar bezain bortizki, eta kolpe horrek eragingarriki uxa ditzala etsaiaren irainak, traizioak eta gainerako eltxo gogaikarriak. Ahaztea ez da gabezia bat, baizik eta ezin onuragarriagoa zaigun fakultate aktibo bat. Asko ahaztu beharra dago berriari leku egitearren.
Mendekatiak ordea ezin du ahaztu. Ez denez une egokian eta ganoraz erantzuteko gai izaten, iraina irentsi egiten du eta aurrerantzean irainean finkatuko du bere sentimendua, inoiz ez du iraina ahaztu ahal izateko moduko ihardukirik joko. Mendekatiaren oroimena eta bizitza bera oinaze hutsa da. Ikaragarrizko oroimen indartsua izaten du, gomuta orori zornea dariola. Mendekatiarengan, ekintza beharrean, ihardukia garaiz, sentimendua dugu, erresumina, etengabeko marmarra, kexua eta irudimenezko konpentsazioak. Deleuzek dio osasuntsuak badakiela haizea alde jartzen zaionean mamitzen bidegabekeriaren aurkako bere ihardukia. Gai da bere erreakzioa abagune egokian aktibatzeko. Aldiz, mendekatiak ez du erreakzioa aktibatzen eta oinazea barneratu egiten du, sentimendu bilakatu. Mendekua sentimendu bihurtutako erreakzio bat da, aktibatzen ez dena. Mendekatiaren barrualdea erruz, damuz eta erantzukiz dago osatua. Mendekua tarantula da, iraganeko ausiki zornetsua, eta osasuna mendekutik askatzea da.