Mendekuaz (eta V)
-Jone Albeniz: Diego Sanchez Mecak, ikuspuntu filosofikotik, honelako baieztapenak egin ditu, Kant eta Nietzsche kontrajarririk: “El origen de ese bien y de ese mal están dentro de cada uno, no forman una ley moral establecida por Dios ni una estructura transcendental universal a modo de imperativo categórico, como creía y defendía Kant. Éste sería el primer argumento de la crítica de Nietzsche a Kant: el bien y el mal sólo están en nosotros como un contenido subjetivo; la ley moral es producto de nuestra educación y de la interiorización de nuestra cultura” Zeinekin zatoz bat? Eta zergatik?
-M.Z.: Nietzscherekin nator bat. Nietzschek maiz aztertu du mendekuaren eta moralaren arteko harremana, mendekua jo du Mendebaldean nagusi diren moralen sorburutzat. Dena den, ez dago ikuspuntu bakarra bere obran, bilakaera interesgarri bat dago “Gizatiarra, gizatiarregia” eta “Paseatzailea eta bere itzala”ko testuetatik “Horrela mintzatu zen Zaratustra” eta “Moralaren genealogia”koetara.
Ez dut uste lege moral eta agindu kategoriko unibertsal bat dagoenik, gizatasun behin betikoak ezarria; aitzitik, gizakia bilakaeraren ondorio da, bilakaera ez da amaitu, oso desberdina da jendea, oso historia desberdinak izan dituzte herriek, eta etikak, legediak eta justizia-sentimendua bera ere, horrenbestez, ugariak dira eta mutakorrak. Edozein herriren baitan ere askotarikoak eta aldakorrak dira taldeen eta gizabanakoen etikak, baina egia da aldi berean kutsu orokor berezia hartzen dutela herriz herri. Esaterako, eta Nietzschek berak kontatzen duenez, grekoek mendeku hartzea ohitura egokitzat zuten. Gaiztotzat zuten fundamentuz mendekatzen ez zekiena. Esker ona eta mendekua uztarturik zekuskiten eta bai esker ona adierazteko eta bai mendekatzeko gai ziren pertsonak zituzten zintzotzat.