Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Mendekuaz (III)

Mendekuaz (III)

Markos Zapiain 2014/05/28 10:01

-Jone Albeniz: Ze muga izan ditzake pertsona batek ez mendekatzeko?

-M.Z.: Esaten da biktimari oinazearen handitasunak eta indarraren txikitasunak eragozten diola iharduki eragingarri bat garaiz asmatzea. Tarte zabalegi horrek eragindako paralizatzeak bilakaraziko luke mendekati. Hau da ohiko ikuspuntua. Nietzsche ez dago ados.

Hemen giltza ez da neurria baizik tipologia. Gizaki tipo bat da Nietzscheren ustez mendekatia. Desberdinak dira Irene Villa edo Eduardo Madina eta Daniel Portero edo Enrique Mugika Herzog. Mendekatiarentzat, erabakigarria ez da jasan duen erasoaren tamaina edota bere minaren sakontasuna, ezta ere mendekatia bera zeinen indartsua den. Kontua da bere indar guztia, berdin dio neurriak, min horretara bideratu eta bertan finkatzen duela. Horregatik ez da gai erreakzionatu eta ganoraz erantzuteko. Mendekatiaren erreakzioa ez da sekula amaitzen, sentitua baita, esan bezala, eta ez aktiboa.

Hobe da, behin egoerak eskatzen duen erantzun merezi bezain bortitza eman ondoren, mendekua ahaztea. Mendekua ez baita amaitzen eta mendekatiari berari zapuzten dio bizitza. Erantzun efektibo eta artistiko bat behar da, nire ikasleak Tuenti erabilirik eman zuenaren antzekoa; gero kontatuko dizut. Edonola ere, saiatu, ahal izanez gero, zure orduak eta zure egunak ez galtzen mendekua bezalako pasio tristeen pean. Iraindu zaituzte, eraso, bidegabeki. Horrek goibeldu zaitu, etsitu. Ederrena litzateke erasotzaileari gogor ihardukitzea eta aldi berean ihardukiaren bidez zuk ondo pasatzea.

Infernua da mendeku-katea amaigabe horietako batean amiltzea, hala nola belaunaldiz belaunaldi luzatzen diren familien arteko liskarrak, edota herrien artekoak. Azkenean jendeak ez du gorrotoaren kausa gogoratzen; ez da gelditzen mendeku-behar gordina baino. Mendekua inpotentziaren adierazpen bat da. Ihardukitzeko gai ez denak jotzen du mendekura. Politika da mendeku gosea gainditzeko artea, horrela definitzen du Koldo Izagirreren “Metxa”k.

Ihardukitzailearen garuna malgua da, moldagarria, freskoa, zabalik dago kitzikapen berriak jasotzeko. Mendekatiarena, berriz, gogortu egin da, zurrundu, eta irainak burmuinean utzi duen aztarna ez da sendatzen, mendekatiaren bizi indarra aztarna horretan finkatzen baita. Psikoanalisten mintzamoldean: mendekatiaren libidoa aztarna mnemiko hori behin betiko inbestitzen du, mendekatiaren digestioa sekula bukatuko ez balitz bezala. Aurrerantzean, irainaren aztarnak mendekatiaren gogo osoaz jabetuko dira. Oinazea izango da nagusi bere bizitzan. Edonorengan sumatuko du erruren bat. Inork ez omen du bere mendeku-gosearekin bat egiten Etika Unibertsalak exijituko lukeen bezain sakonki. Biktima izatea da mendekatiaren izaeraren eta bizimoduaren funtsa. Baina inor ez du ezaugarri bakar batek definitzen, gaixorik ez badago. Mendekatiari lagundu behar zaio berriro jotzen biktima-tekla monokordeaz gain bere bizitzan ibili litezkeen bestelako musikak.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.