Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Ezkerra eta eskuina

Markos Zapiain 2012/10/31 15:42
Ezkerra eta eskuina oro har, Michel Onfrayren arabera

1-Liberalismoak pobretzea dakar, eta ez guztien ongizatea

2-Miseria aberastasuna txarto banatzeak eragiten du. Ez da berezko egitate ulergaitz eta misteriotsua.

3-Banaketa zuzen batek txirotasuna desagerraraziko luke, miseria ez baita beharrezkotasun teologiko bat.

4-Delinkuentzia sortzeko orduan gizabanakoen ezaugarriak baino eragingarriagoak dira gizartearenak.

5-Erlijioak gizarte atzerapena larritzen du, ez da indar askatzaile bat.

6-Pertsona mota berri bat sor daiteke, ezinbestez bekatari edo gaizto litzatekeen gizakiaren ideia gaindi liteke.

7-Politika ez da etikatik bereizi behar.

8-Herri baten onura gorena ez da aberastasun nazionala handitzea, baizik hiritarren zoriona.

9-Gizabanakoen zein herrien gaixotasun fisiko eta psikikoen jatorri bi: batetik, kristautasunak guztia erruz kutsatu du; bestetik, liberalismoak gizartetik bakartzen gaitu.

10-Eskuinak lanorduak biderkatu eta lanaldia luzatu nahi izaten du; ezkerrak, berriz, laburtu, murriztu.

11-Eskuina umeei lan eginarazten ahalegintzen da, edo gazteak lehenbailehen lanean jartzen. Ezkerrak nahiago ditu eskolan.

12-Eskuinak eskubide sindikalen aurka dihardu, besteak beste lan eskubidearen aurka.

13-Eskuina eskola pribatuak sustatzearen aldekoa da; ezkerrak, berriz, gurago du irakaskuntza laiko, doako eta derrigorrezkoa.

14-Eskuinak langabeziari ezikusi egiten dio, egitez onartu egiten du. Ezkerrak guztiontzako lanaren alde dihardu.

15-Eskuinak lanpostu kaxkarrak onartzen ditu, eta kanporatze librea. Ezkerrak langilea babesteko joera du, funtzionaritza sustatzen du.

16-Eskuinak ahula eta txiroa are ahul eta txiroago bilakarazten du. Ezkerrak osasun publikoa eta zahar-etxeak indartzen ditu, ahulenak babesteko joera du.

17-Eskuinaren zigor eredua panoptikoa da. Zigorra gogortzearen aldekoa izaten da: begia begi truk, heriotza zigorra, eta abar. Aldiz, ezkerrak prebentziozko politika egiten du: gaizkileak neurri handi batean miseria ekonomikoak sortzen dituenez, sutsuki zigortzea baino zuhurragoa da miseria desagerrarazten ahalegintzea. Gizartetik egundo ezer jaso ez dutenak dira askotan gaizkileak. Ezkerraren arabera, gizarteak gaizkileengandik zerbait exijitzeko eskubide etikoa izango du soilik aldez aurretik baliabide eta bitarteko guztiak jarri baditu hiritarra gaizkile bihur ez dadin.

Doktore gorriaz

Markos Zapiain 2012/10/31 07:50

Marxek, bera ez zela marxista esan zuelarik, egia zioen, eta horri esker ari da krisi eta asfixia ekonomikoko garai hauetan irakurle mordo baten eskaera haren liburuen berrargitalpenak biderkarazten. Marxek etengabe berritzen zituen bere kontzeptuak, edo oker zebilela ohartzen zelako edo egoera historiko berriak hobeto ulertzeko. Ordea, hil zenez geroztik haren obra bilatzaile eta ezinegona katekesietara izan da maiz bihur-murriztua eta bigundua. Joxe Azurmendik eta Txillardegik proselitista amorratu ugari pairatu behar izan zuten 60ko amaieran eta 70. hamarraldi osoan, seminarioa utzi berritan ordezko Biblia Marxen obran aurkitu zutenak. Marxek bere esperientzia propiotik abiatuta pentsatu zuen; hemengo marxista gehiegik beren egoera zehatza beren kabuz pentsatu beharrean XIX. mendeko alemaniar baten obran aurkitu uste izan dute hitzez hitz adierazia. Alegia, Marxek egin zuenaren kontrakoa egin dute. Marxek inoren obra ez zuen sakratutzat hartu, eta Hegel, Feuerbach edo Bruno Bauerekin aldiren batean bat etorri arren, begien bistan zuena ulertzeko aski ez zirela ohartu bezain laster kritikatu eta teoria egokiagoak asmatu zituen.

 

Pentsalariek sarritan izaten duten akats baten kontra gogor jo baitzuen Marxek: gehiago ikusten dute buruan darabilten kontzeptua aurrean duten egoera baino. Marxek gaztetan maisu handitzat izan zuen Hegel, baina “arrazoia erreala da, eta errealitatea arrazoizkoa” irakurri ziolarik langileen mixeriari erreparatu zion. Langileen errealitatea ez da batere razionala. Bestalde, kapitalismoak sistematikoki itotzen ditu giza gaitasunak. Eta hori ez da erremediorik gabea. Giza asmamenak, lanak, iraultzak, baldintza objektibo zapaltzaileak desegin ditzakete.

 

Merkatu librearen aldezleek diote, batetik, ezinbestekoa dela: ikusi besterik ez dago amets sozialista nola bilakatzen den amesgaizto historian mamitzen den aldiro; eta, bestetik, sistemarik onena dela batez besteko aberastasunak gora egin dezan, jenderik gehiena bizi dadin egoerarik erosoenean. Hiritar orori emanez gero kontrolik gabe aberasteko erraztasuna eta askatasuna, aberastasunaren bilatze indibidualak ondorioz gizarte osoaren aberastea ekarriko du. Liberalek diotenez, “esku ikusezin” batek merkatu librea guztion onurarako egituratzen du. Ideia hori, egiantzekoa izan litekeena, komunismoa baino utopikoagoa da, liberalek merkatu librearen heldutasun errealista eta sozialismoaren ameskeria utopikoa kontrajartzea gustuko duten arren. Marxek begiak zabaldu eta merkatu librearen ondorio enpirikoak ikusten ditu: aberatsak gero eta gutxiago eta gero eta aberatsago, txiroak gero eta gehiago eta gero eta txiroago.

 

Bikainak dira alienazioei eta ideologiari buruzko orrialdeak, 1789ko giza eskubideen aurkako kritikak: berdintasun politikoa eta legearen aurrekoa faltsuak dira ez badago homogeneotasun ekonomikorik. Eta ez da ezinezkoa abiapuntu eta baldintza ekonomikoak berdintzen hastea. Horri deitzen zion hain zuzen “demokrazia” Tocquevillek, Marxen garaiko beste pentsalari politiko handi batek, liberala haatik. Demokrazia erreal batek aberats edo txiro jaiotze hutsagatik jasotzen dituzun pagotxak edo makilakadak desagerrarazten lagundu behar du. Hori da adibidez hezkuntza publikoaren zentzuetako bat.

 

Dena den, Marxen teorien artean bat aukeratu behar izanez gero, gainbalioarena da beharbada harrigarriena. Eskaintzaren eta eskariaren desorekak ere ederto nabarmendu zituen, aldiro-aldiro gainprodukzio krisiak eragiten dituztenak, baina hori aise irentsi dute kapitalismoaren aldeko liberalek, merkatuaren funtzionamendu naturaltzat dute. Naturan hautespen naturalak espezie ahulak nola, halaxe desagerrarazten ditu merkatu libreak enpresa desegokiak. C'est la vie.

 

Ordea, gainbalioaren teoriak auziaren iltzea jotzen du, eta erakusten du zergatik ez den ona kapitalismoak irautea, zergatik den berez kontraesanezkoa eta bidegabea. Eta Luc Ferryren tankerako liberal batek ere egiazkotzat jo behar du. Zer nahi du Marxek gainbalioaren teoriaren bidez azaldu?

Tongo nabarmena

Markos Zapiain 2012/10/18 23:56
ETB 1eko hautagaien eztabaidan

Ez dakit nork antolatu duen mahai ingurua; jeltzaleen satorra, zalantza barik. Amaieran minutu bana zuten hautagaiek botoa eskatzeko, eta errealizazioak Urkulluri zilegitasunik gabeko bultzada eman dio, txirrindulari zozoa patrozinatzailearen autoari helduta Tourmalet gailurreraino eraman balute bezala. Azken minutu horietan, kamera, ordurako aspertuta itxuraz, gainerako hautagaiekin hotzepel, Urkulluren aurrean ezustean berpiztu eta lehendakari egin du: erdi-erdian kokaturik, ikus-entzulearen begiei so, geldika-geldika eta menpekotasun liluratu batez buruzagiarengana hurbilduz... Irudi zuen eztabaida amaitu ondoren Sabino zerutik eta twitterretik jaitsiko zela "Gora ta gora Euzkadi" kantari.

Murrizketen aurka

Markos Zapiain 2012/10/10 16:37
Gaur goizean Gasteizen Filologia eta Historia fakultateko ikasleak murrizketen aurka protestatzeko errepidea moztu dute. Orduan ertzainak eta beste batzuk agertu eta identifikatzeko agindu diete. Argazki bi.

Murrizketen aurka

Markos Zapiain 2012/10/10 16:35
Gaur goizean Gasteizen Filologia eta Historia fakultateko ikasleak murrizketen aurka protestatzeko errepidea moztu dute. Orduan ertzainak eta beste batzuk agertu eta identifikatzeko agindu diete. Argazki bi.

Botere linguistikoari ere uko

Markos Zapiain 2012/10/09 14:20

Egia da gaur egun ere merezi duela bizimodua Epikuroren eta Lukrezioren aholkuen arabera antolatzea. Ederki jarraitzen du Epikurok filosofo terapeutaren zeregina betetzen. Haren testuak irakurtzeko orduan ez da ahaztu behar ez direla bilaketak, eztabaidak, ez dago dialektikarik, ez lirikarik. Bizimodu zoriontsuaren legeak aurkitu dituen jakintsuak dizipuluari jakinarazten dizkio: arau eta aginduak dira, aurkikuntzak, eta helburua da dizipuluak gau eta egun buruan erabilirik bizipozaren bidea har dezan. Filosofia ez da eskolako ikasgaia, baizik eguneroko bizimoduan eragin nahi duen aholku-bilduma, dakienak jakin nahi lukeenari zuzendua. Hori dela eta, konatiboa da Epikuroren testuetan erabiltzen den hizkuntza-funtzio nagusia. Epikurok, besteak beste,  ez naturalak ez beharrezkoak ez diren desirak lehenbailehen baztertzea agintzen du. Horien artean daude ospea, dirua eta boterea. Botereari dagokionez, epikurozale batzuek uste bide dute agintaritza politikoari ukora mugatzen dela: ez dut ministro izan nahi, bide onetik noa.

Bozkarioa xede botereari ukoak, haatik, zentzu zabalagoa izan dezake. Noski, uko egin behar zaio nahi izateari kuadrillakideek kosta ahala kosta bete dezaten nik erabakirikoa, orobat hurkoari buruzko informazioaren jabetzak eman dezakeen kontrol sentipenari. Autokontrolaz gainerako kontrol mota guztiak dira kaltegarriak.

Giza harremanak botere harreman dituzu hein handi batean, eta zenbaitek jendea hizkuntza ahalmenaren arabera hierarkizatzen du. "Tipo hori ni baino ederragoa eta aberatsagoa izan arren hain da hiztun eskasa ni baino gutxiagotzat jo baitezaket." Etorri oparoak botere sentipen sakona ematen dio eta soilik dabil eroso hizkuntzari dagokionez trebetasun eskasagoa dutenekin, besteek baino hobeto mintzatzeak boteretsuago sentiarazten baitu.

Beharbada, epikurozale kontsekuente izatekotan hizkuntza-trebetasunak ematen duen botere-sentipen horri ere uko egin behar zaio, jendaurrean hanka nabarmenki sartuz, txorakeriak esanez, totelka eginez, eta abar. Hiztunaren zein solaskidearen autoexijentzia urduria uxatzen da horrela, eta patxada bitxi bat loratzen elkarrizketan.

Har ezank asentsio belarra; eztiz nahastuta nahi izanez gero, baina hartu

Markos Zapiain 2012/10/08 17:55

Filosofo greko klasiko guztien artean Platonena da oso-osorik iritsi zaigun obra bakarra; aldiz, Lukrezioren maisu eta salbatzaile Epikuroren 300 liburuetatik hiru gutun, zenbait maxima eta deus gutxi gehiago heldu zaigu. Agian, Onfrayk uste bezala, idealisten herrak atomismo materialista berariaz suntsitu zuelako. Litekeena da, ordea, hain gizatiarra den utzikeriak ere nolabaiteko errua izatea.

Kontuan hartu behar baita nola transmititzen ziren obrak moldiztegia asmatu baino lehen. Liburuak papiro bilkariak izaten ziren, edo pergamino biribilkiak. Liburutegietan hezetasunak eta saguek inoiz ez zioten beren lan desegile isila egiteari uzten. Halatan, 50 urtean behin, eskribaren batek bere gain hartu behar izaten zuen testua beste bilkari batean kopiatzeko lana. Platonek Akademia Kristo aurreko 385ean fundatu zuen gutxi gorabehera, eta Akademiak bizirik iraun zuen Kristo osteko 529 urtera arte. Erakundearen baitan beti egon zen baten bat fundatzailearen obra kopiatzeko prest (hala ere, bada apokrifo franko eta obra batzuen benetako egiletzari buruzko eztabaidak). Moldiztegia agertu arteko Platonen obraren biziraupenari dagokionez, ez da ahaztu behar atenastarrak eman ziola oinarri eta egitura filosofikoa kristautasunari, hasieran ipuin eta mirari sorta bat baino askoz ere gehiago ez zekarrena. Gainera, 380an Teodosio enperadoreak kristautasuna Erromatar Inperioko erlijio ofizial bakar izendatu zuen.

Eta Leuzipo, Demokrito, Epikuro? Egia da kristauek ezin zutela deus aprobetxatu materialisten obratik; are okerrago, etsai nazkagarritzat jo zituzten. Epikurozaleei “zerri” deitzeko moda Jesukristo baino lehenagoko idealistek zabaldu zuten: zerriak ez du inoiz gora begiratzen (ezin zerua ezagutu, ideien mundua, haraindia, Jainkoa), lohian bizi da amildua, epikurozaleak bezala gorputzeko zuloetan eta lilzunkerian. Ez da harritzekoa materialisten aurkako idealisten konfabulazio liburu-erretzailearen hipotesia hain egiantzeko eta erakargarria izatea. Baina ez da ahaztu behar zein funtsezkoa den axolagabekeria giza kontuetan.

Nondik nora salbatu zaigu orduan Lukrezioren Gauzen izaeraz? Berriki egin diren latindar poetari buruzko jardunaldi batzuetan Javier Agirre irakasle eta Epikuroren euskaratzaileak iradoki du obraren poesia izaerak babestu zuela sugarretatik. Begirune berezia omen zitzaion artean poesiari.

Eta zergatik erabili ote zuen Lukreziok poesia, Epikuroren doktrina Memmio eskaintza-hartzaileari eta oro har edozein irakurleri helarazteko? Liburuan bertan dioenez, medikuak sendabelar eta botika mingotsa eztiz nahasten duen bezala, umeak har dezan, halaxe eman digu Lukreziok Epikuroren doktrina filosofiko lehorra poesiaren eztiaz adierazia, Memmioren eta gainerako irakurleon burmuinera atseginez igaroaraztearren.

Gauzen izaeraz Venusen laudorio batek abiatzen du. Bizi indar sortzaileen jainkosa da Venus. Haztea dakar fisikan, zabaltzea, hodeien, oinaztuaren eta munduaren sortzea. Etikan, berriz, bizipoza, gozamena, ugaltzea, sexua, umearen jaiotza.

Venusekin batera, haatik, Martitz jainkoak ere eragin handia du gure munduan. Martitzek indar suntsitzaileak ordezkatzen eta irudikatzen ditu, anabasa, desegitea. Heriotza eta usteltzea Fisikan. Eta Etikan oinazea, epidemia, gerra, zitalkeria, hilketa politikoa, sakrifizio erlijiosoa, soldaduen lapurreta, zaharraren heriotza, umearena…

Horrelaxe dabil mundua: plazeraren bilatzeak bultzatzen gaitu, baina Martitzek eragozten digu.

Eta Lukreziorentzat filosofia, besteak beste, Martitz baztertu eta Venus barnebildu eta adierazteko artea da. Epikurok lagunduko dio poetari kezka, ezinegona, antsia eta ikara apaltzen, giza arimako ilunpe oinazetsua argitu, onartu eta ahazten. Desiren dietetika zentzudun baten bidez lor daiteke hori, eta aintzat hartuz guztia dabilela lege naturalen arabera. Horrela eginarazten zaie atzera sufrimenduari eta erlijioari.

Zaletasun konbinazio berri bat

Markos Zapiain 2012/10/06 19:20

Orain dela hogei urte ia ezinezkoa zen, Bermeon zein Mundakan, nerabe bat aurkitzea Athletic zalea ez zela aitortuko zuena. 2000 urte inguruan hasi ziren batzuk Athleticen gainetik Barça ipintzen eta jendaurrean aldarrikatzen. Real Madrid zaleak ere etorri dira (Txapor salbuespen nabarmena izan zen; samaldan iaz agertu ziren, DBHko bigarren mailako Galindo eta).

Konbinazio zeharo berri bat daukagu aurten ikastetxean: 15 urteko mundakar batek Real Madrid maite du edozeren gainetik, eta La Roja, baina aldi berean ETAren aldeko sutsu ere bada, eta ez preseski iskiluak isildu dituelako.

Kristau ez diren batzuek diote sexua eta maitasuna bereiztea komeni dela. Kristauek, sexuaz eta maitasunaz gain, ugaltzea ere bulkada-bilduki bakar batean nahi dute sartu. 15 urteko mundakarrarentzat Real Madrid da sexua; maitasuna, berriz, ETA nahiz "La que se avecina"; eta umeak, azkenik, institutuan ateratzen dituen notak.

Pantailara bidean

Markos Zapiain 2012/10/02 20:10

Gaur egun agintariak kritikatzeko eta kontrolatzeko orduan eragingarriagoa da prentsa idatzia internet baino. Blogak-eta oraindik ez dira heldu zeregin hori betetzera. Elkarbizitza hobetzeko eta demokrazia sakontzeko ahalmen hori internetek ez du bereganatu, sakabanatuegia delako, eta berehalakoegia. Paperera igaro baino lehen galbahetu egiten da idazkia eta bidean sendotasuna hartzen du, heldutasuna. Internetek oraindik ez du filosofia berririk eman. Prentsa idatziak ere ez, baina filosofia desberdinen arteko talkak prentsa idatzian adierazi izan dira, eta guri normalak eta ohikoak zaizkigun iritzi eta ohiturak, abortuaren, militarismoaren edo etorkinen inguruan, besteak beste, behiala eztabaida gogorrak irabazi behar izan zituzten prentsa idatzian. Internetek ez du astirik izan halakorik emateko. Wikileaksek dokumentu sekretu mordoa eskuratu digu, egia da, baina esanguratsua da datu gordinak filtratzera mugatu dela; prentsa idatziak eskaini dizkigu datu horietatik eratorritako gogoetarik garrantzitsuenak.

Hala ere, prentsa idatziari eta paperari atxikimendua gure belaunaldiak eta, oro har, hemen Kafe Antzokian gaudenok sentitzen dugu, txikitandik irakurri baitugu egunkaria paperean, gurasoei gauza bera egiten ikusi, eta abar. Atxikimendu hori sentimentala ez ezik neuronala ere bada, paper idatziak formateatu dizkigu garunak. Adibidez, idazki sakonak ulertu ahal izateko inprimatu behar izaten ditugu.

Ordea, milurteko berrian jaiotakoei papera baino hurbilagoa eta naturalagoa zaie pantaila. Bertan irakurtzeak ez die ulerkuntza zailtzen. Irakaskuntzari lotzen diote oroz lehen papereko testua, eta gero eta gutxiago: unibertsitatean bezala institutuetan ere gero eta usuago erabiltzen baitira film, dokumental eta antzekoak; baita pantailako idazkiak ere, ikasgelak proiektorez horniturik datozkigula baliatuta.

Ematen du goian aipatu zereginak, prentsa idatziak bai baina internetek oraindik gauzatu ez dituenak, sareak pixkanaka bere egingo dituela. Idatzizko kazetaritzak funtsezkoa izaten jarraituko du, baina pantailaren bidez hedatuko da nagusiki, Público-ren kasuak erakusten duen legez, edo prentsa idatzia abandonatu eta interneten inbertitzeko publizitatearen joerak. “Tinta frexkoaren gozamenak ez du parekorik, ai paperaren ukitu lizuna!” eta gisakoak ulergaitzak egingo zaizkie berriki jaiotakoei, guri bitxia zaigun bezala Andrés Berlangak “La Gaznápira” eleberrian nostalgiaz kontatzea etxeetan komunik ez eta mendira jotzen zutela herritarrek sabela hustera, denak elkarrekin, eta gero garbitzeko bakoitzak bere harri landua zerabilela. Oihanen soiltze etengabea geldiarazte aldera, pantailako kazetaritza onartzearekin batera horrenbeste paper ez erabiltzeko moduko ohiturak zaharberritu beharko genituzke.

Dena den, paperetik pantailarako aldaketa geldiezin hori katastrofetzat jo gabe ere, milurteko berrian jaiotakoen aldetik detaile ederra litzateke zaharron inertzia eta sentimenduak aintzat hartzea: eskertuko genieke paperean idatzitako kazetaritzari eustea, aldez edo moldez, gu hil arte bederen, ez gara larregi luzatuko.

Prentsan zein pantailan, behar-beharrezkoa dugu kazetaritza, gertatzen denaz jabetzearren, agintariak kontrolatzearren, eztabaida publikoa bideratzearren. Profesional talde bat zailtzeko eta umotzeko denbora behar da. Berriako langileak etengabe ari dira beren produktua berrasmatzen irakurleon eskakizunei moldatuz, eta aspaldidanik eskuratzen digute puntako kazetaritza egunero. Bada hamarraldi pare luze bat gure babesa eta sos-ziztada edozein atakatan merezi izateko moduko konfiantza irabazi dutena. Ez edozein euskal kazetaritza baizik eta Berrian dabilen lan talde hauxe da diru-parrasta handi batez suspertu nahi duguna.

Joxe Azurmendi (eta 4): "Errealitateari pentsamenduak hizkuntza sortuz erantzun dio, hizkuntzak pentsamendua eratuz errealitatea taxutzen du. Hirurok bata-bestea egiten dute, hiruron bategitea da gizakiaren mundua"

Markos Zapiain 2012/08/30 12:01
Joxe Azurmendiri eskainiko dio Noticias taldeko Ortzadar gehigarriak hurrengo alea, datorren larunbatean plazaratzekoa, etzi, irailaren lehen egunez. Elkarrizketa hau, osorik, Ortzadar horretan aurkitu ahalko duzu.

-Lurrera etorri berritan, martiztar bati irudituko litzaioke gizaki guztiok hizkuntza bera darabilgula? Hizkuntzaren auzian zer da azpimarragarriagoa, zein behar luke gogoetaren abiapuntu, hizkuntzen arteko diferentziak ala hizkuntzazkotasun orokorrak?

 

- Abiapuntu logikoa hizkuntzazkotasun orokorra da, enpirikoa seguru asko hizkuntzen arteko konparazioarena. Filosofian, Aristotelesekin hasi eta historia guztian ez da dudarik egon giza hizkera denak hizkuntza edo logos bakarra direna. Filosofia klasikoaren arazoa horixe da, hizkuntzen diferentzientzat ez daukala esplikaziorik. Babelgo dorrearekin-eta eskapatzen zen. Erdi Aroko gramatikak denak unibertsalak dira. Port Royalgo Gramatika famatua, XVII. mendekoa, unibertsala da. Filosofiarentzat hizkuntza guztiak bat direna ebidentea izan da. Giza arrazoimena bat da. Besterik da filologian. Kolonialismoarekin, batez ere sanskritoaren aurkikuntzarekin eta konparatismoaren goititzearekin, ikerlarien interesa hizkuntzen arteko antz eta diferentzietara lerratu da XIX. mendean. Ilustrazioarekin eta arrazismoarekin giza arrazoimenaren bata ere zalantzan jarri da. Gaur Chomskyk, bere esanean, berriro linguistika kartesiarrera itzuli nahi du, filosofia klasikoaren ikuspuntura. Egia da kartesiar bezala berak gehien aipatzen duena Humboldt dela, kantiarra, baina ez dio axola. Chomsky, S. A. Pinker bezala, filosofiaren historiarekin ez da oso ongi moldatzen. Humboldt, etab., diferentzien ikertzaile handiek, hizkuntza guztien funtsezko batasunaz ez dute zalantza izpirik izan. Aristotelikoa izan, kartesiarra ala kantiarra, filosofoarentzat, oinarrian pentsamendu oro bezalaxe hizkuntza oro kategoria unibertsalen egitamu apriorikoak taxutua da, gizaki guztientzat berdinak. Esan beharrik ez, gaur ez dugula kategorien taulaz hitz egiten. Arrazoimena ere historiko ebolutiboa da. Arrazoizkotasuna da, ez arimaren fakultate edo gizakiaren esentzia beti-bata.

 

-Hizkuntzalari batzuen ustez, aurrena giza garunaren pentsaera dago, “gogamenera”, gero hizkuntza zehatzek gauzatuko dutena. Ba al da hizkuntzarik gabeko pentsaera eta kontzepturik?

 

-Pentsamendua bai, dudarik ez, baina ez kontzeptuala. Kontzeptua hizkuntzarekin sortzen da, hori da hizkuntzaren abantaila izugarria. Gizaki prehistorikoak askoz lehenago landu ditu tresna harrigarriro fin pentsatuak hizkuntzak asmatu baino. Haur txikiak hizkuntzaz jabetu baino lehen erakusten du pentsatzen hasia dela. Iruditan pentsatzen duela esan genezake. Zuk ez duzu kontzeptuak erabiliz ikasi bizikleta gainean oreka gordetzen, baina bai pentsatuz eta probak eginez. Gero prozesu hori kontzeptualizatu egin dezakezu. Eskultoreak, pintoreak, dantzari trebeak, iruditan pentsatzen dute, ez kontzeptutan. Autoa ez duzu kontzeptutan gidatzen, gidatzen ikasi bai. Hala ere, gizakiaren pentsamendua hizkuntzazkoa da gehien-gehiena. Pentsamendu abstraktu eta logiko guztia, gizakiaren espezifikoa. Zientzia, etab. Aipatzen duzun “gogamenera” hori, hizkuntza eta pentsamendua lotzea tesi abertzalea dela uste duten batzuei gustatu zaie, horrek argumentuak ematen zizkielakoan abertzaleen aurka. Jon Sudupe, Haranburu Altuna, etab. AEBen hipotesi horrekin hizkuntzaren oinarri apriorikoak, inork ukatzen ez dituenak, eta filosofian gutxiago, neurofisiologiarekin esplikatu nahi ziren. Baina Fodor-Pinkerren esplikazio hori zurezko burdina da, gogamenaren eta hizkuntzaren konbinazio inposible bat. Hipotesiak abertzaletasunari ezertan ukitzen ez diola aparte.

 

-Zein da orduan errealitatearen, pentsamenduaren eta hizkuntzaren arteko harremana?

 

-Ikerketek erakutsiko dute, baina nire ustean gauzak ez ditugu pentsatu behar norabide bakarreko egitura geldi baten eran. Errealitateari pentsamenduak hizkuntza sortuz erantzun dio, hizkuntzak pentsamendua eratuz errealitatea taxutzen du. Hirurok bata-bestea egiten dute, hiruron bategitea da gizakiaren mundua. Horregatik esan da errealitatearen mugak hizkuntzaren mugak direla. Ez dago gaizki esana, hori ere modu estatikoan hartzen ez bada. Klabea hizkuntza da. Errealitatea ez dugulako atzematen pentsamenduan baino, eta pentsamendua ez dugulako bestela atzematen hizkuntzan baino. Hizkuntzatik abiatu beharra daukagu beti. Horri guztiari grekoek logos esaten zioten. San Joanen ebanjelioa, grekoa baita, ez judua, frase horrekin hasten da: “hasieran Logosa zen”.

 

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.