Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Asklepio/Eskulapio

Asklepio/Eskulapio

Markos Zapiain 2015/10/04 18:45

Asklepio, edo latinez Eskulapio, medikuen eta sendagileen aita jauna, aditu handia da belarren dohain sendagarrian. Apolo zuen aita, Jainkorik ederrena. Baina Apolo, beste Jainko asko bezala, Zeus bera kasurako, emakume hilkorren atzetik zebilen beti. Jainkosak perfektuagoak dira, ederragoak, baina hilkorrek aldakortasunaren grazia dute, geldigaitzaren xarma, atzeraezinaren lilura, hiltzera doala jakiteak eragiten duen erakarmena, eta Koronis hilkorraz amorostu zen. Koronisek beste hilkor bat maite zuen haatik, Iskis. Bele batek jakinarazi zion Apolori. Garai hartan, txori atseginak ziren nola belea hala zozoa, alaiak, eta, guretzat harrigarriro, zuriak. Apolok, albiste txarrak dakartzan mezularia zigortzeko ohitura inauguratu eta beleak eta zozoak beltz eta desatsegin bihurtu zituen, kantaera karrankarikoak. Gainera, atsekabetuta, bere maite hilkorra kalitu zuen.

Haurdun zegoen ama ordea, eta hileta-su edo pira funerarioan erre baino lehen, Apolok Asklepio umea ama hilaren sabeletik atera zuen.

Asklepiok, hiliko ama batengandik jaioa, hain sakonki ikasi zituen medikuntzako teknikak, hilak berpizteko gaitasuna lortu baitzuen, eta halaxe hasi zen, hilak berpiztu eta berpiztu. Hybrisa dugu hemen ostera ere, anabasa, kosmosaren arrakalatzea, gizakiari ez baitagokio hilezkortasuna. Hilkorrak hilezkor bihurtuta ez da belaunaldien joanik, ez da zaharren eta gazteen arteko bereizketarik, ez dago bakoitza dagokion lekuan, arrisku handiagoa dago familia barruan sexu harremanak izan daitezen, birramona birbilobarekin... nahasketa kaotikoa. Bere tokian jarri beharra dago Asklepio. Zeusek dxusturikada batez hilko du.

Asklepiorengandik datorkie medikuei gaur egun oraindik ere darabilten ikurra, suge bat makila batean kiribildua. Izan ere, Asklepioren ohorezko tenpluetan sugeak zerabiltzaten sendaketa errituetan, Asklepioren sugeak; narras zebiltzan, libre, eriak eta zaurituak lo zeutzan geletan. Inaugurazio ospakizunetan sartzen zituzten suge horiek Asklepioren tenpluetan. Oso arrakastatsuak izan ziren Asklepioren artatze-tenpluak, batez ere K. a. 300. urtetik aurrera, saldoka joaten ziren eri erromesak. Purifikazio erritualaren ostean Asklepiori ofrendak eta sakrifizioak eskaintzen zizkioten eta eriak santutegiko lekurik sakratuenean bakarturik igarotzen zuen gaua. Biharamun goizean, amets eta begitazioak xehero-xehero kontatzen zizkion azti bati, zeinak amets horien interpretazioaren arabera erabakitzen baitzuen sendabidea. Asklepioren tenplu batzuetan bazeuzkaten zakur sakratuak ere, zaurien miazkatze jainkotiarra. 

Asklepioren makila, medikuen ikurra, makila luze bat da suge bat daukana goitik behera kiribilduta, buru miztoduna goian. ETAren ikurraren antzekoa, baina aizkora beharrean makila hutsa. Egiantzekoa dirudi ETAren ikurra asmatu zuenak Euskal Herria gaixo gisa ikusi zuela, eta ETA sendabide moduan. Horregatik aukeratuko zuen medikuntzaren ikurretik hain hurbil dagoen sinboloa, nahiz eta, makila soila beharrean aizkora erantsirik, sendabideak gogorra izan beharko zuela iradoki, traumatikoa, kirurgikoa. 

Bestalde, gaur egun Euskal Herria eri badago, sintoma bat memoriaren hipertrofia litzateke. Asko dira giza fakultateak, baina erdi baztertuta dauzkagu, guztia ipintzen baitugu memoriaren inguruan biraka: Memoriaren Legea dugu, Memoriaren Parkea, Memoriaren Institutua, Memoriaren Museoa, eta orain Gogora. Ez dirudi ez orekatua ez osasuntsua. Ematen du etorkizunera begirako irudimena eta proiektua atrofiatua dugulako hipertrofiatzen dugula memoria, gure ezintasun politikoak kateatzen gaitu oroimenaren obsesioan. 

Sugea ulertzeko era dute desberdina ETAk eta Asklepiok. ETArentzat sugea aizkoradakaz ebaki beharreko itomena den bitartean, Asklepiok nabarmentzen du sugeak azala aldatzen duela, gaztetzearen sinbolotzat du horrenbestez, azala mudatuta zaharra utzi eta berria inauguratzen baitu, eritu eta osatu, hil eta berpiztu. Kultura askotan sugea hildakoak berpizteko gai jotzen da, eta hori izan zen hain zuzen Asklepioren lorpenik ospetsuena. 

Asklepio gizon heldu gisa irudikatzen dute antzinako murkoek, bizarduna, adats luzea diadema batean bildua. 

Asklepioren alabetako bi Higia eta Panazea dira. Panazeak “dena sendatzen duena” esan nahi du, eta Higia izenetik datorkigu Higiene, Higia baitzen garbitasunaren eta osasunaren Jainkosa. Farmazietako ikurra behiala Higia neska gaztea zen, sugearen pozoia kopa batean isurtzen ari. Denboragarrenean, neska desagertu eta soilik sugea eta kopa gelditu dira Farmazietako ikur gisa, Durango edo Lesakako karriketan egiazta dezakegunez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.