Prometeo
Prometeoren mitoak iradokitzen du zergatik behar duen gizakiak mitoa. Behin Zeusek kosmosa ezarrita, behin betiko harmonia, Jainkoak aspertu egiten ziren, perfektutasun mugigaitzak eta harmonia zoriontsuak eraginiko asper kosmikoa. Entretenitu beharra zuten, dibertitu, ikuskizun bat. Eta horregatik sortu zituzten hilkorrak, hiltzea zor duten bizidunak.
Jainkoek figuratxo batzuk egin zituzten, estatuatxoak, animalia guztienak, eta, bizia eman baino lehen, Japeto Titanaren seme Prometeo eta Epimeteori eskatu zieten animalia bakoitza ezaugarri egokiz hornitzeko. Kronosen anaia zen Japeto. Epimeteok esan nahi du pentsatu, jardun OSTEAN egiten duela, EPI ostean da. Hausnartu barik dihardu. Anaia du Prometeo, jardun baino lehen pentsatzen duena; PRO: lehenago. Prometeok konpondu behar izaten ditu Epimeteoren errakuntzak.
Epimeteok Prometeori erregutu zion bere esku uzteko jolas atsegin hori, eta atzaprra, larru lodia, adarra, arintasuna, oskola, begi zolia eman zien animaliei. Ekosistema orekatu bat sortu zuen. Gizakiarengana heldu zenerako, baina, xahutua zuen aurrera irteteko iskiluen altxorra. Ezin gizakia hornitu. Horrenbestez jaiotzen da babesgabe, ez du hegalik, ibiltzen ere ez daki.
(Horregatik behar du mitoa.)
Prometeo, anaiaren okerraz jabetutakoan, Olinpora igo eta Ateneari arteak eta teknikak ebatsi zizkion, eta Hefaistos errementariari berriz sua, eta gizakiei oparitu zizkien. Bizirauteko giza baliabideak ez dira naturalak.
Ogiari ematen zioten grekoek garrantzi berezia. Jainkoek ez dute jakirik behar, nektarra eta anbrosia hartzen dute baina ez gosea asetzeko baizik eta gozatzeko; piztiek, ostera, gordinik irensten dute janaria. Gizakiak dira garia egosi eta ogia egin dezaketenak. Sua behar ordea. “Gordinetik egosira” da Lévi-Straussen liburu baten izenburua, animaliatik gizakiarenganako sukalde-igarobidea sakonki aztertzen duena mitoan. Gizakia, halatan, Prometeori esker eta Jainkoen despit, aurrera doa. Horregatik dio Marxek edozein egutegi laikoko lehen saindua behar lukeela Prometeok.
Noski, Zeus biziki haserretu zen. Prometeoren lapurretak bidegabeki hausten du harmonia. Suak gizakia Jainkoak bezain sortzaile bihur lezake. Edo suntsitzaile, sua eskuan gizakiak unibertso osoa erre bailezake. Gehiegikeria dugu hemen, harrokeria, hybrisa, arrisku kosmikoa.
Bere gaiztakeriaren tamainako zigorra ezarri zion Zeusek Prometeori: Kaukasoko arroka galdu batean lotu eta kateatu zuen, arrano batek etengabe jan ziezaion gibela. Arranoak jan eta gibela berehala berrosatu, arranoak jatena eduki zezan berriro ere, eternitate osoan.
Behin batean, baina, Zeusen seme Herakles/Herkules handik igaro eta Prometeoz errukitu eta askatu egin zuen. Ordea, Zeusek agindua zuen Prometeo ez zuela egundo askatuko, sekula betikoz atxikiko zuela arrokari kateatuta. Hala ere, Zeusek biziki miresten eta maite baitzuen bere seme Herkules, ez zuen Prometeoren askatzea gaitzetsi nahi izan, eta konponbide polita asmatu zuen emana duzun hitza hautsi eta aldi berean ez hausteko, zorrotzek beharbada amarruzko konpromiso hipokrita leritzoketena: Prometeori iradoki zion bere askatzeari ezikusia egingo ziola baina eraztun bat eraman beharko zuela beti, harridun eraztun bat, eraztuna katea zati bat delakoan eta harribitxia arroka zati bat. Hortaz, Prometeok ez dio erabat utzi kateatua izateari, hatzean baitaramatza katea eta arroka zati bana. Zeusek zin-hitzari eutsi dio. Hortik omen datorkigu eraztun harribitxiduna eramateko ohitura.
Ederki kontatu du mitoen etsai Platonek Prometeoren mitoa “Protagoras” elkarrizketan. Garbi azaltzen du hurrengo milurtekoetan Filosofiak txitean-pitean aztertuko duen gai bat: gizakien eta gainerako animalien arteko aldea. Mitoak darakutsanez, gizakia ez da ezer zehatza, gizatasuna gabezia da, Epimeteoren akatsa. Animaliena ez bezala, bere sena ez dago behin betiko programatuta eta horrek egiten du libre, bere burua eta historia asmatzeko gai. Platonek Protagoras sofistaren ahotan jarri zuen mito hau, eta Mirandollako Picok, Rousseauk, Kantek, Hegelek, Heideggerrek, Sartrek, Blumenbergek, giza berezitasuna ez dute bestela pentsatu: gizakia ez da badena eta bada ez dena, zioen Hegelek. Gizakia ez du bere instintuzko programazioak agortzen, inurria edo zaldia bezala, ez da soilik badena, ageri duena, ez da gorputz huts; aitzitik, ez dena da, etorkizunera proiektatutako bere asmoak, asmazioak, aukerak, munduan oraindik gauzaturik ez daudenak baina egon litezkeenak. Gizakiak ez du behin betiko erabakitako esentziarik, egiteko dago beti, horixe izaki giza askatasuna. Asmatzen dituen makina artifizialek lege naturaletik aska lezakete. Noski, filosofo askorentzat hori lilura hutsa da; Spinoza eta Nietzscherentzat, esaterako, ustezko giza askatasuna funtsean ez dago giza jokabidea erabakitzen duten kausen ezagutza falta baizik.
Prometeoren mitoa ez da ahitu, ez ahituko. Etengabe izan da erabilia sortu zenez geroztik. Goethek, esaterako, behin eta berriro landu zuen. Gohetherentzat, Prometeo Napoloen zen batik bat, eta Napoleon Prometeo, zuzia irazekita giza historia aurrera daraman heroia. Goethek, zahartu ahala, edozelan ere, gero eta hurbilago sentitu zuen Epimeteo. Freuden interpretazioa ere aipatu behar suaren sorreraz: Prometo sua itzaltzeko txiza-lehia berez homosexualari eutsi zion lehen gaztea izan zen, senari amore emateke sua amata barik atxikitzeko gauza izan zen lehenbiziko mutila.
Hans Blumenbergek XX. mendeko bigarren zatian idatzi zuen mito bati buruz inoiz idatzi den libururik indartsuena, Arbeit am Mythos, Trabajo sobre el mito (ez dago frantsesez), eta Prometeoz dihardu.