Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Politeismoa eta sekularizazioa

Politeismoa eta sekularizazioa

Markos Zapiain 2015/10/02 19:21

 

Mitologia grekoa bizirik zegoenean Mediterraneo osoan kontatzen ziren Apolo, Odiseo, Afrodita eta gainerakoei buruzkoak, Egipto eta Turkiatik hasi eta Hispania arte. Irunen bada erromatarren hilerri edo nekropoli bat, Ama Xantalenen, eta Jupiter, Minerva, Diana, Marte eta enparauen irudiak agertu dira, alegia, erromatartutako Jainko grekoen botozko irudiak.

Irun/Oiasson latinez, baina gehienetan grekeraz beneratu zituzten hurrengo sarreretan ezagutuko ditugun Jainkoak, grekera baitzen garai hartako ingelesa, edo Erdi Aroko latina, batez ere jende ikasiaren artean. Ahalik eta irakurlerik gehienengana iritsi nahi bazenuen, grekeraz idatzi behar. Koiné Glossa edo hizkuntza komuna zeritzoten Mediterraneo osoan ulertzeko moduan asmatu zuten grekera batuari, hizkuntza komuna. UPyDk horrelaxe izendatzen du orain gaztelania, Konstituzio sakratua pentsatua eta idatzia izan zen hizkuntza. Era berean, Jainko Jaunak grekera batu hartan idatzi zuen Bibliako Itun Berri gehiena.

Mitologia horrek jendearen eguneroko bizitza erabakitzen zuen. Oro har, Odisean eta Iliadan kontatutakoak historikotzat jotzen zituzten, eta tenpluak eta sakrifizioak eskaintzen zizkieten Zeus, Hera, Hades, Artemisa, Hefaistos, Atenea, Afrodita, Ares, Apolo, Poseidon, Demeter, Dionisori. Sarritan hamabi izaten ziren olinpiarrak, Jesusen dizipuluak bezala. Homero oinarri azaltzen zituzten fenomeno naturalak, historia, etika. Homero izan zen Greziaren irakaslea. Odisean eta Iliadan ikasten zuten greziarrek zer den zintzoa izatea, edo ergela, zer den erotzea, maitemintzea, hiltzea.

Mitoak jasotzen dituzten idazkiak ez daude liburu kanoniko bakar batean bilduak, Bibliaren edo Koranaren antzera. Asko dira mitografoak, K.a. 8. mendetik K.o. 3. mendera luzatzen da haien jarduna, Homero, Hesiodo, Eskilo, Sofokles eta Euripides tragikoak, Pseudo-Apolodoro, Platon bera, Plutarko, latindarren artean Ovidio... Horrela, mitoek tokian tokiko eta garaian garaiko kutsua hartzen dute eta hainbat aldaki dituzte. Halatan, nik mitoren bat kontatzean hanka sartu eta norbaitek salatuz gero, ihardets niezaioke aldaera desberdinak darabiltzagula, nik zehazki Pseudo-Apolodororena. Azken batean, nork irakurtzen du gure artean Pseudo-Apolodororen mitografia? Angel Errok apika, baina aingerutiar ez ezik olinpikoegia ere bada nire hanka-sartzeak salatzen denbora galtzen ibiltzeko. Lasai sartuko dut hanka hortaz behin eta berriz.

Edozein gisaz, aipaturikoak idazleak dira, baina mitoak ahozkotasunean murgildutako kultura batean sortu ziren; eta gerora ere, idatziz jaso zituztenean, ez ziren bakardadean eta isilik irakurriak izateko idatzi, baizik eta errezitatuak izateko.

Filosofia agertu zenean mito horiek osatzen zuten grekoen irudikapenen orea, mitoen gainean edo mitoekin batera agertu zen Filosofia, eta, aurkakotasunak aurkakotasun, Filosofiak inoiz ez dio utzi apur bat mitikoa izateari.

Mitoen mundu-ikuskerak dakarren grazietako bat da ezen erlijio politeista baten izenean inoiz ez dela hilketarik egin. Egiazko bakarra omen den Jainkoagatik lagun hurkoa hiltzea monoteismoen berezitasuna eta mania izan da, batik bat kristauena, eta baita islamdar eta juduena ere.

Filosofia agertu zen lurraldean, Grezian, esan bezala, mitoa bazen ere nagusi, eta sarritan kontrakotasun bat ezarri nahi izan bada ere mitoaren eta filosofiaren artean, Cornford, Gigon, Blumenberg, Vernant eta Iturriotz bezalako adituek garbi erakutsi digute mitoan logos franko dagoela, eta logosean berriz mito asko. Kontzeptuak ezin du narrazioa erabat eta behin betiko azaldu. Platonek xede zuen heziketaren erdigunetik mitoa kendu eta arrazoi matematiko eta dialektikoa ezartzea, baina hala ere ez zion muzin egin nahi izan mitoaren erabilerari bere egitasmoen berri emateko. Garai historiko desberdinek modu berezian baliatu eta bizi izan dituzte mito horiek. Dioniso, Prometeo, Pan eta Edipo bezalako Greziako mitoak bizi-bizi dabiltza gure artean oraindik, Goetheren Prometeo, Freuden Edipo edota Laura Mingegiren Sisifo lekuko. Bestalde, Lévi-Straussen esanetan, mito baten edozein interpretazio ere mitikoa da era berean, mitoaren aldakietako bat. Freuden interpretazioa Ediporen mitoaz Ediporen mitoaren kontakizuna bezain mitikoa litzateke.

Vernant, Gigon, Cornford eta , Ferry adituek diotenez, Greziako filosofiako muin nagusiak lehenagotik zituen mitoak erakutsiak. Esaterako, zein da bizitzaren zentzua, zer da gizakiarentzat bizimodu ona: funtsezko galdera horri erantzuna filosofiak gerora kontzeptuetan garatuko zuen, baina ordurako aspalditik zuen mitoak narrazioen bidez iradokia.

Mito grekoen nire irakurketak sekularizazio deitu izan dena onartuko du ia beti, hau da, ikuspuntu razional zientifiko eta laikoak mitoaren muin sakratua bere baitan balerama bezala jokatuko dut. Horrela ikusten dute kontua, besteak beste, Nietzschek, Max Weberek, Karl Löwithek, Schmittek, Jean-Pierre Vernant erresistentziako heroiak, Marcel Gauchetek, Joxe Azurmendik, Ander Iturriotzek, Luc Ferryk.

Sekularizazioari dagokionez, zenbait filosofok begien bistakotzat jotzen dute, alde batetik, kristauek lehenbiziko mendean DENOK garela berdin Jainkoaren seme-alabak aldarrikatu zutelako dauzkagula gaur egun Giza Eskubideak, unibertsalak diren Giza Eskubideak hain zuzen. Erlijio kristauaren unibertsaltasunaren itzulpen laikoa litzateke Giza Eskubideen unibertsaltasuna; Nietzsche batek kristau etikaren sekulartze apenas disimulatutzat ditu 1789an aldarrikatu Giza Eskubideak, Ferryk zehazki Nazareteko Jesusek kontatutako talentuen parabolarena (Mateo 25, 14-30).

Bestetik, Löwithen ildotik, historiaren filosofia modernoak kristau eskatologiaren sekulartzeak lirateke: kristauek historia azken egunera arteko ibilbide gisa ikusten dute, Azken Judiziora artekoa (horixe izango da Denboraren Amaiera), eta horren “ondorioz” genuke PROGRESOA giza historia ulertzeko funtsezko kontzeptu, hortik letozke Hegelen eta Marxen Historiaren Filosofiak, eta azken iraultzaren osteko komunismoa zuzenean letorke Azken Judizioaren osteko zerutik.

Hirugarrenik, Schmitten ustez, kontzeptu juridiko moderno garrantzitsuenak kontzeptu teologiko sekulartuak lirateke (subiranotasuna, eta abar).

Azkenik, Max Weberek dio kapitalismoa herri protestanteetan garatu zela batez ere, Luterok sinesten zuelako gure mundualdiko arrakasta ekonomikoak adieraziko lukeela gure arima hil ostean salbatuko dela.

Ordea, oso kontuan hartzekoak dira Hans Blumenbergek sekularizazio kontzeptuaren erabilerari eginiko kritikak, batez ere “La legitimación de la Edad Moderna” liburuan. Izan ere, egia da sekularizazioaren aitzakian esajerazio komiko samarrak ere egin izan direla, besteak beste ikastetxeetako azterketak eta notak ipintzea kristauen eskatologiatik eta Azken Judiziotik eratorri nahi izan direlarik: suspentsoa errudun bekatariari dagokio, eta beraz infernura; gainditzeak berriz arimaren salbazioa adieraziko luke, zerura.

Blumenbergek nolabaiteko autonomia onartzen dio Modernitateari: dena sekularizazioaren arabera mekanikoki ulertzea ezer ganoraz ez ulertzeko modu ugarietako bat iruditzen zaio.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.