Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Tiresias

Tiresias

Markos Zapiain 2015/10/04 11:00

Leire Narbaizak jakinarazi dit blogen irakurleak eta irratiko entzuleak biderkatu egiten dituela ipurdia, orgasmoa, bularretakoak eta gisakoak aipatzeak. Penagarria dirudien arren, baina ezin eragotzirik kosta ahala kosta bilatzea ahalik eta audientziarik aberatsena, Leireren aholkua aintzat hartu eta mitologiako kontu lizun batzuk aipatuko ditut.

Mitoek betiko galderei erantzuten diete, filosofikotzat edo erlijiosotzat hartzen direnak eta edozeinek bolada sentibera batean bere buruari egiten dizkionak: nondik nora nago ni hemen munduan? Ba ote du zentzurik nire bizitzak, giza bizitzak? Gu gizakiok zer gara, animalien artean beste animalia bat, ala gure eta gainerako animalia guztien artean ba al da funtsezko desberdintasunik? Zergatik hobetsi behar da jokaera ona, zintzoa? Zer gertatuko zait hiltzean?

Hauxe da betiko galdera horietako bat: sexu harremanetan jende guztiak sentitzen du antzeko zerbait? Ala gozamena zeharo desberdina ote da pertsonaren arabera, nork berea? Aurpegiko imintzioek eta konbultsioek antzera sentitzen dugula iradokitzen badute ere, berdintasun hori ez ote da proiekzio bat? Ez baita ezinezkoa pertsona bakoitzak orgasmoa modu guztiz desberdinean bizitzea eta sentitzea.

Edo, bederen, orgasmoa alde batetik gizonek eta bestetik emakumeek desberdin sentitzea.

Behin batean, Olinpoan, Jainkoen egoitzan zeuden Zeus eta bere emazte Hera, eta sarri bezala liskartuta eta haserre bizian, Zeusek emakume hilkorrak tronpatu eta biolatzeko grina baitzuen eta Hera jeloskortu egiten zitzaion.

Oraingo honetan eztabaidagai hain zuzen sexu kontuetan emakumeak ala gizonak, zeinek lortzen duen gozamen handiagoa. Zeusen ustez, andreek hobeto pasatzen dute. Heraren iritziz, jakina, alderantziz. Adostasunik ez eta Tiresiasi deitzea erabaki dute, Tiresias, gizon jaio zen arren, udazkeneko arratsalde batean, mendian zebilela, bide bazterrean suge bikote bat larrua jotzen ikusi eta makilaz emea hil egin baitzuen, eta ondorioz emakume bilakatu, eta hurrengo hamar urteak emakume gisa bizi izan zituen, orgasmoak barne.

Hamar urte horiek igarota, berriro mendian, beste suge bikote bat txortan ikusi, arra makilaz zulatuta hil eta gizon izatera itzuli zen.

Beraz, Tiresiasek jakingo du, datorrela Olinpora. Tiresias, sexu harremanetan gizonak ala emakumeak, zeinek gozatzen du gehiago? Tiresiasen erantzuna: plazer kopurua hamar zatitan banatuz gero, emakumeak bederatzi puxtarri eramango lituzke, gizonak bakarra.

Ikaragarri haserretu zen Hera, berak aldeztutakoaren aurkakoa baitzen, eta amorruaren amorruz begi biak erauzi zizkion Tiresiasi.

Orduan Zeusek, errukiturik, eta Tiresiasek orainaldian aurrean zuena ezin ikus zezakeenez, konpentsatzeko etorkizun urrunean ikusteko ahalmena eman zion, alegia, igarle egin zuen. Orduz geroztik dugu Tiresias igarle itsu ospetsua, Sofoklesen “Edipo errege” tragedian rol garrantzitsua izango duena.

Gaur egun antzeko galderak darabiltzagu, zeinek pasatzen ote duen hobeto. Eta, tamalez, ez dirudi erantzunak askoz ere zehatzagoak direnik. Hori bai, zozoagoak dira.

Zientifiko deritzegun erantzun horiek, gainera, arras aldakorrak dira. Gaur Science aldizkari ezin ospetsuagoak artikulu bat argitaratzen du eskemez, taulez eta zenbakiz josia, milaka eta milaka laguni orgasmo-plazera neurtzeko hodi batzuk ipini eta emaitzen berri emanez, eta emaitzek zientifikoki frogatzen omen dute orgasmo-plazera berdin-berdina dela gizaki eta are animalia guztiongan. Aldiz, datorren hilabetean Nature aldizkari zientifiko ezin ospetsuagoak artikulu zorrotz bat argitaratuko du erakutsiz teknika aurreratuenei esker frogatu dela andrearen orgasmoa kualitatiboki desberdina ez ezik askoz ere sakonagoa dela gizonarena baino.

Eta hurrengo astean gutuna zuzendariari, batetik gizonak eta bestetik andreak sailkatze hori binarismo faxista dela, jendea bi sexuetako batean kokatzera behartzea hainbat laguni bortxakeria gogorra zaiola eta patogenoa izatera irits daitekeela.

Labur, gaur egun sexu gozamenari buruz ez dakigu benetan eta era eztabaidaezinean Tiresiasen garaian baino gehiago, baina auzi hori azaltzeko gure kontaerak indarra eta xarma galdu du.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.