Zeusek ordena ezarri
Mitoek darakutsate giza helburua, bizitzaren zentzua, bizimodu ona, hein garrantzitsu batean, nork bere burua harmonia kosmikoari egokitzea dela. Era berean ikusiko dute bizimodu ona estoikoek. Aztertu behar ordea nondik sortu den egokitu behar omen gatzaizkion harmonia kosmiko hori. Kaosa izan baitzen hasieran.
Hesiodok Teogonian kontatutako mito batzuek azaltzen dute kaosetik kosmosera nola heldu garen. Teogoniak esan nahi du Jainkoen sorrera edo jaiotza, “gonia” horrek gene eta genetikarekin harremana du. Dena den, Hesiodoren Teogonia aldi berean Kosmogonia bat ere bada, Jainko pertsonalak Unibertsoko esparruak ere badirelako: Gaia Lurra da, Urano zerua, Poseidon itsasoa, Hades infernua, eta abar.
Genesia edo Big Bang-a Hesiodoren arabera: hasieran Kaosa zen, eta horrek artean ez zuen inongo atributu pertsonalik. Kaosa zulo beltza da, osina, ezaugarririk gabeko gaua, ohiko amesgaizto hori: etengabe erortzea eta erortzea, ziztuan, oinarririk aurkitu gabe inoiz. Kaosetik, eta ez zaigu kontatzen zergatik eta nola, Gaia sortu zen, Lurra, euskarria, elikatzailea, eta Gaiak, bere barne ahalmenetik, zerua sortu zuen, Urano. Urano berehala itsatsi zitzaion gainean Lurrari. Etengabe jotzen zuten larrua. Gaiak umeak egiten zituen, baina amaren sabelean gelditzera behartuta zeuden. Halaxe izan zituzten indar izugarrizko hamabi Titanak, hiru Ziklopeak (begi bakarrak) eta hiru Hekatonkiroak (ehun besodun eta berrogeita hamar burudunak), hamazortzi indar kaotikoak. Uranok ez zien amarengandik irteten uzten, beldur baitzen ez ote zioten ama Gaiaren maitasun esklusiboa lehiatuko.
Halako batean, Gaia haserretu egin zen: astun zuen sabela, min egiten zion, eta barruan zeuzkan umeei proposatu zien aita kalitzea. Titanik gazteenak, Kronosek, aitaren ahalaren bekaizti, amaren proposamena onartu zuen. Gaiak suharrizko igitai bat eman zion. Kronosek, aitaren zakila amaren barruan sentitu zuelarik, zakila eskuineko eskuaz oratu eta ezkerraz ebaki zion. Mitologiaren arabera, latindarrek pasadizo hau dela eta deitu zioten ezker eskuari sinister, sinistrum, gero gaztelaniaz siniestro eman duena, italieraz sinistra. Euskarazko “ezker” du gaztelaniazko “izquierda”k jatorri.
Kontua da orduantxe sortu zirela espazioa eta denbora. Ordu arte, Lurrak gain-gainean zuen zerua, tarterik ez. Zakila ebakita Zerua Lurretik desitsatsi eta oinazez uhurika urrutiratu zen, eta han goian gelditu zen Zerua, urrutiko sabai. Bortxazko bereizte horri esker dugu tartea, espazioa.
Baina gainera Titanak, Ziklopeak eta Hekatonkiroak askatu eta Lur gainera irten ahal izan ziren eta elkarrekin harremandu; eta horrelaxe abiatu zen belaunaldien segida, denbora.
Hori bai, hasieran intzestuzkoak ziren harremanak oro, erremediorik gabe.
Kronosek aitaren zakila itsasora bota zuen, eta, zakilaren esperma itsasoko aparrarekin nahastearen ondorioz sortu zen Afrodita, maitasunaren Jainkosa, Botticellik maskor baten gainean hondartzara datorrela pintatu ziguna.
Kronosek, bere aldetik, arreba Rearekin harremanak izan eta ondorioz hainbat ume izan zuen. Kronos bera bezala, Zeus zen anai-arreben artean gazteena. Kronosek, berak aita Uranori egindakoa gogoan, ez zuen bere umeak jaiotzerik nahi eta jan egiten zituen denak. Ospetsua da Goyaren margolana, Saturno bere haurrak deboratzen. Saturno da Kronosen latindar izena.
Hortaz, bere haurrak jaten zituen. Baina amak Zeus txikia Kretako leizezulo batean ezkutatu zuen, amona Gaiaren konplizitatez. Kronosi umearen ordez harri koxkor bat eman zioten jatera oihaletan bildua, eta, ez zenez itxuraz oso mizkina, aldaketaz ohartu ez. Leizezuloan, Amaltea ahuntz jainkotiarrak elikatu zuen Zeus, bere kornukopia edo ugaritasunaren adarretik.
Zeusek zuzendu zuen Kronosen belaunaldiko Titanen aurkako guda. Iskilu indartsuak zituen; besteak beste, ziklopeek oparitutako oinaztargia, trumoia eta oinaztua. Eta indarrari esker irabazi zuen. Behin irabazita, Tartaroan itxi zituen indar kaotiko haiek guztiak. Aita Kronosi tisana traidore bat edanarazi eta irentsiak zituen Zeusen anai-arrebak goitikatu zituen: Hera, Hades, Demeter, Poseidon eta gainerakoak.
Zeusek artez banatu zuen Unibertsoa bere anai-arreba olinpiarren artean, horrela deituak Olinpo menditik egin zutelako Titanen aurkako gerra. Indarrari esker irabazi zuen Zeusek; baina argia, maltzurra eta zuzena zelako mantendu ahal izan zuen zuen kosmosa kosmos gisa. Aitonaren eta aitaren ohiturari jarraiki, bere emazte bi irentsi zituen: bata Metis zen, Zuhurtasuna edo Maltzurkeria. Zeusek barruan zeraman ordudanik maltzurkeria zuhurra. Bestea, Temis, ohitura eta legeen Jainkosa zen, Justiziarena.
Hortaz, Zeusek, kaosa menperatu eta harmonia kosmikoa ezarri ahal izateko, oinaztargiak, trumoiak eta oinaztuak ematen zioten indar izugarriaz gain, zuhurtasun azkarra eta justizia ere behar izan zituen. Kosmosa Jainkoen artean era bidezko eta zuzenean banatu zuen, eta banaketa justu horren gainean altxatu zen harmonia. Harmonia zuzen bat ezarri zuen halatan Zeusek unibertsoan, hau da, Jainko-Jainkosen artean.
Arazoa zen, arazo larria, aspertu egiten zirela. Eta ikuskizun atsegin batez entretenitu eta dibertitzeko sortu zituzten bizidunak, edo, gauza bera baita, hilkorrak; eta zehazki gizakiak. Baina gaizki atera zitzaizkien.