Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Mendekuaz (II)

Markos Zapiain 2014/05/28 09:13

-Jone Albeniz: Nondik sortzen da mendekua?

-M.Z.: Bidegabeki eraso dizutenean aukera bi dauzkazu: erantzun edo ez erantzun. Jesusek ihardukiari ukoa aldarrikatzen zuen, beste masaila eskaintzea, etsaia maitatzea. Nietzscheren ustez, larregizko sentiberatasunaren eta ahuleziaren eraginez zegion uko Jesusek ihardukiari. Dena den, litekeena da borrokari ukoa ez etortzea beti eta ezinbestez makaltasunetik eta ezinetik; oraingoz ulergaitza zaigun kemen arraro batetik ere etor bailiteke. Historian uko hori ia ez da erabili izan, eta horregatik ez dakigu ez ote den lehen begiratuan dirudiena baino eragingarriagoa epe luzera. Esperimentua egin behar: eutsi zenbait hilabetez bizitza pertsonalean zure burua inondik inora ez defendatzeko erabaki irmoari.

Edozein gisaz, ia jende guztiari, Hegel barne, zuzenagoa iruditzen zaio irain injustuari erantzutea, ihardukitzea, borrokatzea, ekintza. Gero gerokoak, baina makurtu eta injustizia isil-isilik irenstea saihestu beharra dago, barrualdea usteltzen baitizu eta ondorioz baita kanpoaldea ere, proiekzioz. Mendekatiak joera du jende guztia errudun sentiarazten ahalegintzeko, bere mendeku-grinarekin bat egiten ez duen heinean.

Nietzschek ihardukia eta mendekua bereizten ditu. Lagun on, zintzo, osasuntsuak iharduki egiten du, ondoren ahaztu eta bizitzen jarraitu ahal izateko. Erantzun ezazu behar bezain bortizki, eta kolpe horrek eragingarriki uxa ditzala etsaiaren irainak, traizioak eta gainerako eltxo gogaikarriak. Ahaztea ez da gabezia bat, baizik eta ezin onuragarriagoa zaigun fakultate aktibo bat. Asko ahaztu beharra dago berriari leku egitearren.

Mendekatiak ordea ezin du ahaztu. Ez denez une egokian eta ganoraz erantzuteko gai izaten, iraina irentsi egiten du eta aurrerantzean irainean finkatuko du bere sentimendua, inoiz ez du iraina ahaztu ahal izateko moduko ihardukirik joko. Mendekatiaren oroimena eta bizitza bera oinaze hutsa da. Ikaragarrizko oroimen indartsua izaten du, gomuta orori zornea dariola. Mendekatiarengan, ekintza beharrean, ihardukia garaiz, sentimendua dugu, erresumina, etengabeko marmarra, kexua eta irudimenezko konpentsazioak. Deleuzek dio osasuntsuak badakiela haizea alde jartzen zaionean mamitzen bidegabekeriaren aurkako bere ihardukia. Gai da bere erreakzioa abagune egokian aktibatzeko. Aldiz, mendekatiak ez du erreakzioa aktibatzen eta oinazea barneratu egiten du, sentimendu bilakatu. Mendekua sentimendu bihurtutako erreakzio bat da, aktibatzen ez dena. Mendekatiaren barrualdea erruz, damuz eta erantzukiz dago osatua. Mendekua tarantula da, iraganeko ausiki zornetsua, eta osasuna mendekutik askatzea da.

Mendekuaz (I)

Markos Zapiain 2014/05/28 08:55

-Jone Albeniz: Ikuspuntu filosofikotik nola definituko zenuke mendekua?

-M. Zapiain: Jarrera eta jokabide egokia nahi bezain ahoberoki aldarrikatuta ere ez da erraza izaten zure buruari eta zure bizitzari aplikatzea. Mendekutik libre bizi banintz bezala mintzatzen ahaleginduko natzaizu, arraroa egingo zaidan arren. Baina ikuspuntu filosofikotik jarduteko eskatu didazunez distantzia hartu behar, eta aholkulariaren jarrera, filosofia-tradizio ezagun beneragarri bati jarraiki.

Spinozaren definizioa izan daiteke abiapuntu egoki bat. “Etika”ko hirugarren zatiko berrogeigarren proposizioaren bigarren korolarioak dio: “Nornahik irudikatzen baldin badu berak lehenago afekturik izan ez dion norbaitek gorrotoz gaitz egin diola, berehala lehiatuko da hari gaitz horren ordainez itzultzen.” Eta proposizio horren beraren eskolioan: “Gorrotatzen dugunari kalte egiteko ahalegina, hira deitzen da; eta egin diguten kaltea itzultzeko ahalegina, mendekua.”

“Etika”ren hirugarren zatian bertan, amaieran, afektuen definizioen artean mendekuarena aurkitzen dugu. Hogeita hamazazpigarrena da. Honelaxe dio: “Mendekua da, gorrotozko afektu berberaz kalte egin digunari, gorroto ordainez gaitz egitera bultzatzen gaituen desira.” Piarres Xarrittonek eta Jose Luis Alvarez Santacristina “Txelis”ek euskaratu ziguten “Etika”.

Spinozarentzat, mendekua pasio triste batek bultzatzen du; pasio tristea den heinean, murriztu egiten ditu nire jarduteko ahalmena eta hunkitua izatekoa. Mendekuak harrapatzen nauenean ergeldu egiten naiz. Hortaz, arrazoi egokiak erabiliz mendekutik askatzen ahalegindu beharko nuke. Noski, mendekua sentimendu bat da, eta arrazoi batek ezin du sentimendu bat ordeztu. Eta zenbait irain eta erasoren ondorioz, ezinbestez jausten da edozein gizaki mendekuaren atzaparretan, ezinbestekotasun matematiko batez. Dena den, arrazoimenak eta artez pentsatzeak badute nolabaiteko eragina afektuengan, bidera gaitzakete mendekua bezalako pasio triste bat, tenteltzen eta ahultzen gaituena, pozgarri litzaigukeen afektu aktibo bilakaraztera, ahaztu gabe beti ere erritmoak errespetatu beharra eta pasioen gaineko arrazoimenaren eragina mugatua dela. Edonola ere, merezi du, jakina, mendekutik askatzen ahalegintzea.

Eritasun bat baita. Zoritxarraren hainbat ezaugarri darakutsa: batetik, mendekatia iraganaren arabera bizi da. Iraganak erabakitzen du bere oraina zein bere asmo nagusia. Eta sentimenduen ekonomiak erakusten duenez, afektu-kopuru handiagoa baduzu iraganean inbestiturik orainean eta etorkizunean baino, orduan ezingo duzu behar bezala ekin, eta are gutxiago gozatu edo gozarazi.

Bestetik, pasiozko amodioan bezala, mendekatia etsaiaren esku dago, bere boterea eman baitio. Etsaiarengan du arreta finkatua. Ordea, ondo xamar bizi ahal izateko zure buruak behar du abiapuntu, ez zaio garrantzi berezirik eman behar bestek dagienari edo gogoan darabilenari. Etsaia zertan dabilen ez dagokizu, zu zara erdigunea. Ahaztu txotxolo horren aurkako mendekua eta zentratu zure baitan.

Leibnizen infinitu batzuk (eta V)

Markos Zapiain 2014/05/05 12:35

 

INFINITU BER INFINITUREN ERDIGUNE INFINITUA

-izaki indibidualari “monada” ere deitzen dio Leibnizek; monada atomo metafisiko bat da; indibiduo bakoitza da monada, dela gizaki dela inurri; baina ez dira monada taldea, saldoa, armada, eskola, estatua

-izaki indibiduala Jainkoaren inbertsoa denez, eta Jainkoa ∞/1, orduan indibiduoa: 1/∞

-izaki indibidualak ez du ez leihorik ez aterik, kanpotik ez dio ezerk eragiten, automata espirituala da, aldez aurretik dago programatua; aurrezarritako harmoniagatik iruditzen zaigu izakiek elkarrekin komunikatzen dutela

-arimaren eta gorputzaren arteko lotura ere, aurrezarritako harmoniaren araberakoa: hasieratik sinkronizatuak leudekeen bi ordulari desberdin

-beste metafora bat: zirkunferentzia (gorputza) eta bere erdigunea (arima); zirkunferentziako lerro guztiak, gorputzezko ugaritasuna, erdiguneko arima bakun zatiezinera datoz elkartzera

-izaki bakoitzak, eta infinituak dira izakiak, unibertso osoa, halaber infinitua, barnebiltzen eta adierazten du: izaki bakoitza atomo bat da, baina ez fisikoa, baizik eta filosofikoa

-pertsona jakin baten nozio zehatza kiribildurik dago geuretzat; baina, adimen infinitu batek egin lezakeen eran, pertsona horren nozioa askatu eta deskiribilduz gero, guztia genuke osotoro ezagutuko: pertsona ezezagun horrengan dautza Epikuroren jakinduria zein biharko eguraldia, Erromatar Inperioa nahiz Francoren garaipena; halaber patata guztiak eta izar guztiak. Hori bai, barnebildurik, tolesturik, biribilkaturik; ezagutu ahal izateko analisi infinitua behar

-Leibnizen infinituak era islatzaile edo are biderkatzaile batez funtzionatzen du: esan bezala, izaki infinituetarik bakoitzak unibertso osoa bere ikuspuntutik barnebiltzen eta adierazten duenez, eta beraz, nolabait, gainerako izaki infinituak ere barnebiltzen eta adierazten dituenez, orduan, ezinbestez, infinitu bakoitza bere buruaz infinitu aldiz biderkatzen da, eta biderkatze infinitu hori potentzia maximoan edo infinitu maximoan burutzen da, hau da, Jainkoarengan. Jainkoa infinitu aktual eta birtual guztien erdigune infinitua litzateke 

-apalago, gure tamainari egokitua, Goethek: “Infinitua ezagutu nahi duzu? Orduan zeharkatu finitua zentzu guztietan”

Leibnizen infinitu batzuk (IV)

Markos Zapiain 2014/05/05 11:30

 

PERSPEKTIBISMOA

-Leibniz arte: perpaus analitikoa egiazkoa da

-Leibniz: perpaus egiazkoa analitikoa da

-Leibnizentzat, analitikoak ez dira soilik identitatezko egiak, logikoak, esentziazkoak, matematikoak, beharrezkoak

-baita existentziazkoak ere, kontingenteak, egitezkoak: Zesarrek Rubikon ibaia zeharkatu du; Julio Zesar subjektuaren nozioan barnebilduak daude eternitate osotik Zesarren ekintza guztiak; denborak deskiribildu eta erakutsi egiten du gutako edozeinen nozio eternoan kiribildurik dagoena

-beraz, egia existentzialak ere analitikoak dira

-hori bai, analisiak infinituraino jo behar du, kausaz kausa eta ondorioz ondorio

-gutako bakoitzaren baitan den-dena dago barnebilduta, baina tolesturik

-Unibertsoan guztiak konspiratzen du, guztia dago guztiari loturik harreman guretzat ikusgaitzen bidez; tximeleta-efektua, metereologia

-gutako edonor eta edozer agertzeko beharrezkoa izan da unibertso osoaren historia; eta gure agerpenak unibertso osoaren etorkizuna baldintzatu eta aldatuko du; are, gure edozein ekintza edo esaldik

-gutako bakoitzak unibertso osoa barnebiltzen eta adierazten du, baina bere ikuspuntu edo perspektiba berezitik; era berean, hiri osoari, bat eta berdina izan arren, biztanle eta turista bakoitzak desberdin begiratzen dio, arauz-eta non dagoen; gizakiok ezin dugu hiri osoa aldi berean perspektiba guztietatik ikusi

-gutako edozeinen nozioa infinituraino analizatuz gero, unibertso osoa azalduko da; hori bai, osotasun hori modu ilun eta nahasian adierazten da; soilik dagokigun esparru finitua dagokigu modu gutxi-asko argi eta garbian, gauez aurrera doan autoaren leihotik ikusten dena bezala

Leibnizen infinitu batzuk (III)

Markos Zapiain 2014/05/03 15:30


INFINITUKI TXIKIA

-ezer ez da ezerezetik sortzen, ezer ez da erabat hiltzen; aldatu egiten da dena, tolestu, txikitu, gorde eta berriro agertu, garatu eta handitu

-edozer gauzakik infinituraino doazen tolesak barnebiltzen ditu; esan bezala, ura arrainez betea dago, arrainetan ura dago, eta arrain horien uretan arrainen arrainak daude; horixe da besteak beste analisi infinituak erakusten duena: mundu honetako atomo bakoitzak unibertso infinituak gordetzen ditu; eta gure mundu osoa atomo bat izan liteke unibertso handiago batean

-gu gizakion adimenak gordean ditu ezagutzen ez ditugun hainbat eta hainbat pertzepzio eta egia

-batetik pertzepzio infinituki txikiak ditugu, kontzientziara heltzen ez direnak; eta bestetik apertzepzioak, pertzepzio kontzienteak

-apertzepzio arrunt batez ohi bezala jabetzeko, aldez aurretik infinitu pertzepzio inkontziente txiki-txiki izan ditugu gure kontzientziaraino helduko den sentipenaren norabidean

-itsasoaren burrunba hautematen duzunean (apertzepzioa), olatu bakoitza ez ezik olatu bakoitza osatzen duten tanten soinu txki-txiki infinituetako bakoitza ari zara oharkabean hautematen (pertzepzioak)

Leibnizen infinitu batzuk (II)

Markos Zapiain 2014/05/03 13:45

 

ZAZPI PRINTZIPIO

A-bereizezinen identitatearen printzipioa, “Leibnizen printzipio” deitua:

-gauza desberdin bi ezin badira bereizi, bat baldin badatoz ezaugarri orotan, orduan gauza bat eta bera dira; arrazoi infinituak ez du ezer alferrik egiten; hosto bi, ur-tanta bi, puntu bi, bikien hatz-markak, oso-oso antzekoak izan arren desberdinak dira ezinbestez

B-identitatea eta kontraesana:

-Descartesentzat, Jainkoa matematikaren eta logikaren gainetik zegoen; zirkulu laukizuzenez bete zezakeen mundua; aldiz, Leibnizentzat mundu posible guztiak eta Jainkoa bera identitatearen eta kontraesanaren printzipioen menpe daude, matematikaren eta logikaren menpe; Leibnizentzat, Jainkoak ezingo luke 2+2=7 ezarri, edo zirkulu karratua

C-arrazoi askia:

-gertatzen den guztiak badu arrazoi bat, gure adimen mugatuak ezagutu ez arren; horregatik iruditzen zaizkigu hainbat gertaera absurdo eta jasangaitz, adimen infinitu batek ulergarri eta ezinbestekotzat joko lituzkeenak: margolanaren detaileak edo barakuiluaren lerdeak bere horretan ez dute zentzurik, obraren eta naturaren osotasuna hartu behar da kontuan beren zentzua eta beharra ulertu ahal izateko; era berean, unibertso infinitua osotoro behar da ulertu, mingarri eta ulergaiztzat dugunaren zentzua onartu ahal izateko

D-jarraitutasuna:

-unibertsoan ez dago hutsunerik, naturak ez du jauzirik egiten; adimen sortzaile infinituak guztiari ateratzen dio onura eta hutsa ez da ekonomikoa, ez dago arrazoi askirik hutsari izatea baimentzeko

-identitateak ezartzen ditu beharrezko egia logiko matematikoak, baina jarraitasunak ezartzen ditu existentziazko egiak: analisi infinituan predikatu batetik bestera igarotzen gara, gero beste batera, jarraitasunik handienaren arabera

-existentziazko egietan bi elementuren arteko erlazio infinituki txikiak ziurtatzen du jarraitasuna; bi elementu jarrai izango dira, baldin bien artean erlazio infinituki txikia ezartzen bada

-zer esan nahi du Julio Zesarrek Rubikon zeharkatzearen eta Erromako inperioa gorbernatzearen arteko jarraitasunak?

-bi predikatu horien artean erlazio eta tarteiferentzia bat dagoela, baina ahal bezain txikia, diferentzia ebaneszentea, desegiteko joera duen diferentzia

E-bateragarritasuna:

-mundu posibleak infinituak dira, baina soilik gure mundu honekin bateragarria dena dator existitzera; Hitlerrek bigarren mundu gerra irabaztea ez da kontraesanezkoa baina ez da gure munduarekin bateragarria; aldiz, zirkulu karratua kontraesanezkoa da, eta hortaz ez dago halakorik inongo mundu posibletan, identitate eta kontraesan printzipioen menpean baitaude, esan bezala, adimen infinitua eta mundu posible infinituak

-Borges: “Banatuz doazen bidexken jardina”: gure mundu honetan aldi berean mundu desberdinak genituzke, serie bateraezinak mundu berean; Leibniz: gure mundu honekin bateragarriak ez diren munduak ez datoz existitzera, mundu posible infinituek elkar baztertzen dute

-Borges leibnizianoa: marra zuzena da labirinturik ikaragarriena, marra zuzen infinitua

F-mundurik onena:

-mundu posible infinituen artean, adimen infinituak onena aukeratu du existentziara ekartzeko; gure mundu hau da mundu posible infinitu guztien artean onena, alegia, ume errugabeak torturatzen diren mundua

-mundurik onenak dauka bateragarritasunak baimentzen duen aniztasun eta desberdintasunik aberats eta muturrekoena

-gure mundu honetan sufrimendua eta gaizkia dago besteak beste onena izanik aniztasunik aberatsena daukalako: era berean, mp3ko zerrendarik onena ez da soilik maisu-lanak dituena, Bob Dylan eta Lou Reed infinituki errepikatuak; maila eskasagoko sasikantuak ere eduki behar ditu, Nyno, Metallica, Manolo Escobar… Liburutegirik onena ez da soilik Platon, Shakespeare eta Nietzsche dituena; kontsumo-literatura ere bai, Ikeako katalogoak…

-orobat, mundurik onenean ez daude soilik goi mailako atleten gorputz perfektuak; haur batzuk itsu jaiotzen dira (Diderotek aipatuko zituen: ume errugabeen aurkako gaizki mota horren errudun ez da gizakia; nola baimen lezake Jainko on eta aldi berean ahalguztidunak? Diderot, arazoa planteatzeagatik, espetxera)

-Leibniz: mundurik onenean dibertsitaterik handiena dago, bikain ikusten dutenengandik itsuenganaino; eskasagoa litzateke denek bikain ikusten duten mundua, berez baita barietatea on

-diferentziaren eta integrazioaren filosoforik handiena da Leibniz; ez zuen alferrik asmatu, matematikari gisa, kalkulu diferentzial eta integrala

-infinituak badu alde gaizto ikaragarri bat: Leibnizen Jainkoaren adimena da ziur aski asmatu den kontzepturik beldurgarriena: Jainkoaren adimena lapiko itzel bat da, bertan daude mundu posible infinituak, denak gurea baino oinaze eta hondamendi handiagokoak, tentsioan, existentziara igaro ahal izateko elkarren aurka borrokan 

G-aurrezarritako harmonia:

-adimen infinituak, mundua kalkulatuz sortzen zuen aldi berean, patata, zorri, gizaki guztion izaera eta gertaera guztiak aintzat hartu eta abian jarri zituen. Elkar ikusten, entzuten, ulertzen, hiltzen badugu, mundua sortukeran Jainkoak gutako bakoitzaren pertzepzio-segida berez autista, besteenarekin harmonizatu zuelako da. Baina berez ez dugu harremanik besteekin, munduarekin: espiritu-automatak gara, Jainko onak era posible guztien artean hoberenean harmonizatuak

-izaki bati gertatzen zaiona bat dator beste guztiei gertatzen zaienarekin, nahiz izakiek ez dioten zuzenean elkarri eragiten; erori den kristala apurtu da aldez aurretik apurtzeko programatua dagoelako, bere baitan “badakielako” apurtu behar duela, eta ez lurraren aurkako kolpeak apurtu duelako

 -Leibnizek dio filosofoari batzuetan iruditzen zaiola kaira sartu eta azkenik atseden hartu ahalko duela, sistema biribildu; baina ezustean uhin-zartako bortitz batek, filosofia-eragozpenak, itsaso zabalean galdurik uzten du berriro. Aurrezarritako harmoniaren kontzeptua Leibnizi naufragiotik sistema koherentearen abarora itzultzeko txikota izan zitzaion

Leibnizen infinitu batzuk (I)

Markos Zapiain 2014/05/02 18:15

-Infinituaren ikurraren jatorriari buruzko hipotesi batek dio alfabeto grekoaren azken letratik letorkeela, omegatik (ω); azken muturra adierazteko ohiko metafora da (alfa eta omega). George Cantor matematikariaz geroztik, bestalde, letra grekoak erabiltzen dira zenbaki ordinal infinituak izendatzeko. Cantorren notazioan, ordinal-infiniturik txikiena, zenbaki naturalen ohiko ordenari dagokiona, omega hori da, ω

-beste hipotesi bat Georges Ifrah-ek azaldu du “Zenbakien historia unibertsala” entziklopedian: infinituaren grafiak indiar zibilizazioan luke abiapuntua, zehazki indiar mitologian. “Ananta” da infinitu esan nahi duen sanskritozko hitza, eta Vishnu Jainkoaren “suge infinitua” da. Bere buruaren inguruan kiribildurik irudikatzen da, etzanda jarritako 8 bat, ∞ 

-infinitu matematikoan, paradoxak eten gabe:

-Cantor (XIX mendea): zenbaki osoen serie infinitua, zenbaki bikoitien serie infinitua eta zatikien serie infinitua berdinak dira; serie infinitu horien guztien zenbakiari “aleph nulu” deitu zion

-marra batean eta marra horretako edozein bi punturen artean infinitu puntu baino gehiago dago, baina marra osoan eta zatian kopuru berbera; hemen beraz osotasuna eta zatia berdinak dira; infinitua baino handiagoa den zenbaki honi Cantorrek “aleph” deitu zion

-badago lortzea infinitua baino handiagoa den aleph hori baino zenbaki are handiagoa: horretarako, aleph ber aleph egin behar da; “aleph bat” deritzo emaitzari, eta espazioan posible diren kurba razional guztien baliokidea da

-osotasunaren eta zatiaren infinituak berdinak badira ere, bada aldi berean infinituen hierarkia bat: infinitu batzuk besteak baino handiagoak dira; infinituak dira infinitu-modu desberdinak

-filosofian ere, grekoez geroztik, arazoak:

-gizaki finituari infinitua ahal zaio eman, agertu, osorik? Badago infinitu osorik? Ala edozein osotasuni zerbait erants lekioke beti eta tai gabe?

-gizakion adimen finituarentzat, beti eta derrigorrez ote da infinitua soilik potentziala, birtuala? Soilik adimen infinitu batek ezagutu ahalko luke infinitua aktualki?

 

∞∞∞∞∞∞∞-----------------∞∞∞∞∞∞∞

 

-Leibnizen arrazoimen itzelak matematika irauli, ordenagailuak asmatu eta Internet igarri zuen. Baina bere liburuak astiro irakurriz nabari da arrazoibiderik zorrotzena, muturreraino eroanda, erdi txoratu edo, egiten dena

-txikitan, aita eta izeko bertan zeudela, mahai batera igotzen saiatu eta une erabakigarrian erori egin zen, baina eserita, irribarrez eta grabitazioari ez zegokion eremu batean, mahaitik oso urruti; aitak seinaletzat hartu zuen: bere umea munduan marka uztera deitua zegoen

-jakinmina piztu zion euskarak eta euskarazko katixima bat eta hiztegi bat eskatu zituen; “Projecte de descente en Biscaye” delako txosten bat idatzi zuen Hannover-eko dukearentzat

-Leibnizek oroz gain Jainko infinitua zuritu nahi izan omen zuen, Jainkoaren abokatutzat zuen bere burua, “Teodizea” idatzi zuen; alta, hain zen ezohikoa eta arraroa Jainko hori, Hannover-eko herrikideek eszeptiko eta sinesgabetzat jo baitzuten; hitz jokoa egiten zuten: “Leibniz” “Glaubt-Nichts” bihurtu zuten, “federik ez”

-Leibnizen ustez, Jainkoa: ∞/1; nahiz eta, aurrerago ikusi dugunez, infinituari loturiko beste hainbat eraz ere definitu zuen

 

∞∞∞∞∞∞∞----------------∞∞∞∞∞∞∞

 

- XVII. mendean filosofoak xaloki abiatzen ziren infinitutik, era naturalean zuten infinitua abiapuntu eta helmuga (Merleau-Ponty)

-Pascal: natura esfera infinitu bat da, erdigunea edonon duena eta zirkunferentzia berriz inon ez

-matematikan zein filosofian, Leibniz infinitista da, bere gogoetaren bihotza infinitua da; edonon aurkitzen du infinitua, izugarri handian zein txiki-txikian

-dena den, Leibnizen infinitua ez da ideia ulergaitz edo irrazionala; ez da ikaragarri handiak eraginiko sentimendu erromantikoa, ezta aberria ere, Flauberten zentzuan: “Aberria Lurra da, Unibertsoa, izarrak dira, airea, pentsamendua bera, hots, infinitua gure bularrean” (bitxia: bihotzean daukadan infinitua, horixe litzateke Flaubertentzat aberria)

-aitzitik, Leibnizen infinitua neurgarria da. Infinituekin matematikoki opera daiteke; infinituki txikiekin bai, bederen, infinituki txikiak kalkulagarriak baitira; Leibnizek asmatu zuen kalkulu infinitesimala

-Unibertsoaren puska mugatu eta zatiezin dirudiena ere errealitate infinituz beterik dago. Unibertso bakoitzak unibertso infinituak barnebiltzen ditu. Itsasoa arrainez beterik dago baina arrain bakoitzak itsasoak eta itsasoak ditu bere baitan, eta itsaso horietako bakoitzak arrain txiki-txiki kontagaitzak, eta abar infinitu bat

-orobat, gure unibertso osoa beste unibertso handiago bateko ur-tanta izan liteke

-Cantorrenean bezala, Leibnizenean ere dena ez da berdin-berdin infinitu: pluralista da Leibnizen infinitismoa; aurrena zenbaki-infinitutasuna dugu; hurrena, munduaren infinitutasuna; eta azkenik Jainkoarena, infinitu gorena, analisi aktuala infinituraino eraman dezakeena, ez dago-eta, gizakion antzera, infinituari dagokionez, analisi birtualera mugatua 

Heidegger (1889-1976)

Markos Zapiain 2014/04/10 13:10

-pentsamenduaren abiarazlea: harridura. Zientzia izaki zehatzen batek harritzen du. Filosofia, berriz, Izateak berak. Horregatik galdetzen du “zergatik dago zerbait eta ez ezer ez”? Filosofiaren pentsaerak ekarri du zientzia. Identitate eta kontraesan hastapenak: gizaki bat gizaki bat da eta ezin da aldi berean tigre bat izan, a a da eta ezin da aldi berean b izan. Identitate eta kontraesan printzipio filosofikoek, Aristotelesek adieraziak, filosofia magiatik bereizi eta zientzia oinarritu dute; berriki arte bai, bederen

-Heideggerrek Izatea eta izakiak bereizten ditu: izakia baden edozer da: mahaia, prozesu kimikoa, oroitzapena, internet, asintota, Big-Bang-a…, badira, izan; eremu desberdinei dagozkie, baina honetan bat datoz: mahaia bada, prozesu kimikoa bada, oroitzapena bada… ; Izatea, berriz, edozein izaki izatera dakarrena da, agertzera; Izatea izakietan aldi berean agertu eta ezkutatu egiten da

-zientziak izakiak ulertu nahi ditu; baina edozein izakiren ezaugarri garrantzitsu bat da ezerezetik datorrela eta ezerezera doala (gizakia bera: berari baimenik eskatu gabe bota zuten mundura eta laster hilko da; ezerezetik ezerezera doa, hortaz, eta ezerezaren gainean dago zintzilik); zientziak ordea ez du ezereza aztergai, ez du osotasuna kontuan hartzen

-egia metafisiko zientifikoa: adaequatio rei et intellectus, Jainkoari edo Jakintza Absolutuari leriokeen egia betierekoa, egia ontikoa, zientifikoa, gardentasun perfektua, presentzia presentea; ez du denbora-dimentsioa aintzat hartzen

-egia ez metafisikoa: aletheia, desestaltzea, inoiz ez osoa, denboraren araberakoa; presentziara etortzeak denbora eskatzen du; aletheia tankerako egiak, presentziarekin batera absentzia ere aintzat hartzen du, hondo ikusgaitzaren gainean nabarmentzen zaigu ikusgarria: gizakiak ezin ditu aldi berean kuboaren 6 aldeak ikusi, soilik 3; beti gelditzen zaigu zerbait ilunpean; ezin klarionaren muina ezagutu, berriz eta berriz ebaki genezake, ezer barik gelditu arte, baina inoiz ezingo dugu klariona osorik ikusi; itsasontzia aurrera baina ezin zeruertza zeharkatu: jakintza filosofiko-zientifikoari denboraren, ikusgaitzaren eta ezerezaren dimentsioa falta zaio; presentziara etortzeak denbora behar du

-egia, hortaz, ilunpetik geldika-geldika agertzen zaigu, eta soilik adi baldin bagaude, gogoa erne eta prest; egia ez zaio ehiztariari agertzen, baizik eta artzainari, Izatearen zaindariari

-gizakiaren esku dago: aukeratu dezake bizimodu inautentikoa, izakia azalpen erlijiosoak edo zientifikoak agortzen duela uste duenarena, Izateari itxirik, Izatea ahazturik; edo bizimodu autentikoa, ezinbestez hil behar duela kontuan hartu eta bien bitartean Izatearen enigmaz arduratzen dena

-Angelus Silesius: “zergatirik gabe da arrosa, loratzen delako loratzen da, ez da bere buruaz ardura, ez dio bere buruari galdetzen ikusiko ote duten”; arrosa ez du agortzen ez Jainkoak egina dela uste izateak, ezta ere arrosari buruzko azalpen zientifikoak

-(zergatik dabiltza hain gaizki frantsesak? Luc Ferry Heziketa Ministro ohiak etengabe jartzen du Silesius-en esaldi ospetsu hori Rimbaud-en ahotan: takian-potian, Heziketa Ministroak berak… kontuz mintzatzeko erraztasunak eragin dérapage-kin, gizakia baita Izatearen artzaina eta hizkuntza bere etxea!)

-benetako giza bizitza, Izatearen enigmari zabaltzen zaiona, eta ez onto-teologiaren edo teknozientziaren bidez enigma hori ulertutzat jotzen duena; baina tentuz, gure garaia onto-teologiaren eta filosofiaren burutzea baino ez den teknozientziaren garaia da, eta Izatea ahaztuta dago

-zientzia teknologikoa ez zaio filosofiari eta metafisikari kontrajartzen; zientzia teknologikoa filosofiak abiarazitako pentsaeraren burutzea da; filosofiak ekarri du zientzia teknologikoa; Heideggerren ustez, zientzia teknologikoa ekarri duen filosofia klasikoa jauntxokeria da funtsean, kutsu inperialista biolatzailea dario

-Heidegger metafisikoa izango ez den pentsaera poetiko berri baten hazia erein nahi du, natura bakean utziko duena

-iritzi nagusia: filosofo handia ezin da nazi izan; nazia ezin da filosofo handi izan

-ordea, Heidegger aldi berean filosofo handi eta nazi

-Txillida. Hizkuntzen hierarkizatzea

-gure munduan giza subjektibitatea naturari eta Izateari ezartzen zaio

-nahiaren nahia: Heidegger-en Nietzsche II: botere-nahia ez da beste zerbaiten nahia, baizik nahiaren nahia, bere burua indartzeko nahiaren nahia, bizia biziagotu nahia

-Ilustrazioaren idealak baztertuta: dagoeneko ez da aurrerapena, askatasuna edo zoriona nahi, baizik eta helburu argirik gabe gelditu den ekimena bera indartu, enpresen jardunean bezala liberalismo globalean: enpresa denak estresatuta gero eta traste teknologiko distiratsuagoak egin nahian, ez ditzaten lehiakideek irentsi. Xedea ahaztu duen botere-nahi konpetitiboa, irautera eta irabaztera mugatua

-bizitza politikoan ere askatasuna eta zoriona bezalako Ilustrazioaren helburu handiak ez dira gogoratzen; kasurik onenean kudeaketa bilakatu da politika, ekonomiak aurrera egin dezan da helburu bakarra; inork ez daki zein den politikaren oinarrian legokeen zibilizazio-proiektua

-zientzietan ere antzeko zerbait: Einstein-en erlatibitate orokorra eta mekanika kuantikoa dira azken unibertso-ikuskera handiak; orduz geroztik, biak adostea da helburu nagusia, Hawking-en liburuak erakusten duenez, baina ez dute lortzen; eta bestela esperimentu txikiak dauzkagu teknikaren zerbitzura, zientzia teknozientzia bilakatu da

-subjektibitatearen metafisika indibidualista, AEB, kapitalismoa, ekoizpen-tresnak esku pribatuetan

-subjektibitatearen metafisika kolektibista, sobietarrak, behartutako industrializazioa, ekoizpen-tresnak publiko

-bi-bietan ordea gizakia jaun eta jabe, zientzia teknologikoaren eta beraz filosofia subjektibistaren ondorio, “produkzio” kategoriapean; Izatearen ahaztean jausirik

-irtenbide bakarra, metafisika eta subjektibitatea ardatz duen edozein pentsaera gainditzea, alegia, Izatea zaintzeari eustea; gizakia baita Izatearen artzaina; eta hori munduan soilik egin lezake Alemania bihotz eta motor lukeen Europa nazionalsozialistak

Freud (1856-1939)

Markos Zapiain 2014/04/05 14:20

-Koperniko, Darwin, Freud

-Erlijioa eta zientzia. Totem eta tabu. Ilusio baten etorkizuna

-Hasiera zaila. Emma Eckstein. Hipnositik psikoanalisira. Per via di porre, per via di levare

-Kontziente, prekontziente, inkontziente. Ikasgelaren metafora

-Psikoanalista eta arkeologoa: arkeologoak kultura ahaztu edo hilak desehorzten ditu; psikoanalista gogorarazten ahalegintzen da zapaldurik dena, oroimenetik erauzirik

-Ikuskizun traumatikoa. Errepikapena. Jelosia. Xaretatik maitearen zelatan. Bihotz bi. Martutene

-Gozamen-hastapena, errealitate-hastapena, heriotza-irrika. Mingarria errepikatzeko desira inkontzientea indartsuagoa da atsegina bilatzekoa baino. Sabina Spielrein: aitaren ordezkoarekin aitarekiko harreman hasieran atsegina eta osteko dezepzioa eta haustura errepikatzeko joera inkontzientea. Baina zer da Jungek errepikatzen duena? Abandonatua izatea da agian ohartzeke bilatzen duena? Ez du iraganeko ezer zehatzik errepikatzen? Zer da bizitzan Berria?

1-ORO HARTURIKO GIZAKIA. LIBIDOAREN BILAKAERA

-Umea, perbertso polimorfo (perbertso: oraindik ez du supernirik, ez du barne zentsurarik; polimorfo: bere sexualitatea ez da soilik genitala, gorputzeko hainbat zulotan kokatzen da)

-Libidoaren bilakaera: errekaren joana, amerikanoen migrazioa Kaliforniarantz: aho-aroa, uzki-aroa, aro genitala; indioek eraso: orduan atzera, babesa bilatzera atseginak izandako esparruetan

-Libidoaren inbestitzea, libidoaren finkatzea; haurra hazi ahala saiatu finkatzeak ez indartzen, etorkizuneko erregresioak ez daitezen bortitzegiak izan; adibidez, ez abusatu zupakiaz, eragin baitezake helduaroko zailtasunei ganoraz aurre egin beharrean txokolate-betekadetan ezkutatzea eta bilatzea babesa, edo zurrutean (Penny, Faustino Iturbe)

-Titia (Schopenhauer, Nietzsche, Freud)

-Kaka: ume, sorkari; eta jostailu, jabetza pribatu, diru, opari, iskilu; helduaroko funtsezko giza harremanek umeak kakaz dagien erabilera dute abiapuntu

-Masturbazioa. Masturbazioa eta errua. Ikaslearen erreakzio bitxia aitak harrapatu ostean. Irudi masturbazio-eragileak: mutilenak sinpleagoak. Talde masturbazioa

-Neskak eta mutilak. Zakilaren inbidia. García Calvo, El amor y los dos sexos. Adierazpen performatiboetan esateak berak egiten du adierazitakoa: maite zaitut, te quiero, je t’aime. Horixe da esan beharrekoa, inolaz ere ez antzeko zerbait: I love you esan behar da, ez I want you edo adoratzen zaitut. Zakilaren inbidia baino gehiago alu huts infinituaren inbidia da giltzarria. Infinitua indartsuagoa da mugatua baino, orobat andrearen maitatzeko ahalmena gizonarena baino. Honen beldurrez eta kontrolatzeko asmoz asmatu du gizonak “bikotekide bakarra, betirako” ideia; baina emakumeak sinetsi eta bere egin du, gizonak ez bezala. Salamancako pentsioan: Bixente da benetan maite dudana. Nobio posibleen zerrendak

-Edipo

-Aitaren legea irentsi. Supernia

-Atezainaren alabaren eta etxejabearen alabaren arteko jolasak eta errua

-Homosexualtasun grekoa, homosexualtasun judua. Amaren zakila. Ama falikoa

-Birjintasunaren tabua. Lehenengo biderra

2-NEUROSIEN ETIOLOGIA

-Nortasunaren instantziak: zera, nia eta supernia. Neurosia hiru instantzien arteko desorekak eragiten du: orduan nortasuna arrakalatu eta antsietatea, larridura, depresioa agertzen dira. “Ekonomoa” deritzo Freudek niari, bere lana zeraren, superniaren eta errealitatearen artean oreka eta bakea ezartzea baita, bake beti ere behin-behinekoa, hauskorra

-Bestalde, giza arima Erromaren antzeko: aldi berean oso antzinako aztarna erdi ezkutatuak eta eraikin berriak, etruskoak eta Starbucks coffee

-Zutitzea, usaimenaren atrofia

-Errua. Erruak bilakarazten du sadismoa masokismo. Kontuz masokismoarekin: ez da ezinbestez, Spielrein-en kasuan bezala, gozagarriak zitzaizkigun aitatxoren jipoiak errepikatzeko irrika; Freuden ustez, maizago ageri da masokismoa inoiz jipoituak izan ez direnengan, edo aski jipoituak izan ez direla sentitzen dutenengan

-Maitemina: psikosi, mania, obsesio. Ez bada epeltzen eta bideratzen, katastrofea. Antidotorik egokiena, eguneroko bizitza konpartitua. Zentzu horretan, zinezko maitasuna da ezin dena gauzatu. Titanic

-Maitasunaren eta bizitzaren gasolina: sexua; goi mailako jarduera espirituala ere, sexuaren sublimazio

-Ohiko sexu harremanak ezinezko direnean, sublimazioa: maite eskuragarriaren ordez, dama helezina, Jainkoa. Edo jarduera artistikoa, filosofikoa, zientifikoa, misiolaria

-Sublimazioa ere eragotzirik badago, erregresioa. Libido kopuru handiagoa badago iraganean inbestitua orainean eta etorkizunean baino, eritasuna: ezin ez behar bezala jardun, ez gozatu

-Erregresioan, ez badago superniaren errepresiorik, perbertsioa; aldiz, errepresioa baldin badago, sintoma neurotikoa; sintoma neurotikoa, pultsio perbertsoaren sublimazio; sintoma neurotikoa ager dadin, ezinbestekoak: finkapena, erregresioa, errepresioa

-Perbertsioa: Meetic Bilbon, perbertsio uzki-sadikoaren adierazpen perfektua; Institutuko ikasle perbertsoaren balentriak; fetixismoa (Freuden kontakizuna zapata-fetixismoaren kasuaz)

3-BOST PSIKOANALISIAK

-Neurosia eta psikosia. Neurosian niaren eta zeraren arteko gatazka; errealitatea kaka zahar, baina ez dago galdua: neurotikoak ondo ikusten du 2+2=4

-Psikosian, niaren eta errealitatearen arteko gatazka, errealitatearekiko lotura galdua: 2+2=7; esaten badiozu ez dela ezinezkoa 2+2=4, orduan zu zaude erotuta, edo bere aurkako konfabulazio batean esku hartzen ari zara, eta abar

-Psikopata eta psikotikoa. Psikopatia ez da derrigorrez txarra. Trena

-Sintoma neurotikoak: fobia, ideia obsesiboa, paranoia, depresioa, histeria

-Histerian, libidoaren finkapen intzestuzkoa. Errepikatzen dena: omen dakien maisua erakarri, ondoren menperatu eta bere erregina bilakatu, azkenik beste barik traizionatu edo abandonatzeko. Ama-alaben arteko uzki-konplizitatea (Julia Kristeva). Sabina Spielrein. Dora, bitxi-kutxaren ametsa

-Paranoian, homosexualtasun erreprimitua. Schreber presidentea, jazarpen-eldarnioa, emakumetzea, berrerospen-eldarnioa, Jainkoaren nerbioak, gizateriaren erredentzioa

-Obsesioa eta errituala. Ideia obsesiboak. Zenbat uharte daude zehazki munduan? Arratoien gizona, txinatar tortura. Neska gaztea, dantzalditik etxera itzuli eta gehiegikeria. Eskuak egunean 150 aldiz garbitu, azkazalak odoletan, baina dutxarik ez. Ludopatia, masturbazio konpultsiborako joera erregresiboaren sublimazio

-Depresioan, haurtzaroko biktima eta abandonatu sentitzearen errepika, superniaren exijentzia gehiegizkoak. Otsoen gizona, gaztainondoko otso zurien ametsa

-Fobia, barruko korapilo bat kanpora proiektatua, arazo arina. Hans txikia, zaldi-fobia. Zaldiaren eroriko zalapartaria. Zaldia=aita. Kastrazio-mehatxua. Hidrofobia kasu bat. Agorafobia. Neskamefobia. Amaginarrebafobia. Komuna hurbil ez edukitzeko fobia

 

 4-INKONTZIENTEA MINTZO: LAPSUSA, AMETSA

-Bizitza psikikoan guztiak du arrazoi bat: sintoma neurotikoak bezala baita lapsusak ere, eta ametsik arraroenak

-Lapsusak (lapsus, latindar elea, laprastada esan nahi du): familionarioa, Signorelli, logela, Bordeaux, ukituko gara, Zapatero: hemos hecho un gran acuerdo para follar al turismo ruso; Raxoi: ETA es una gran nación.

-Lapsusetan ere desira inkontzientea adierazten da. Freudek ez die sinesgarritasunik ematen lapsusen ohiko zuritzeei (nekatuta nengoen, estresa, despistea, oroimen kaskarra, kasualitatea, txikitan gela guztiak zitzaizkidan logela, respetamos y admiramos profundamente al noble pueblo ruso, keep on touch, ETA  y España al fin y al cabo son prácticamente lo mismo, a ver quién es el listo que no las confunde de vez en cuando… )

-Lapsus beraren kontrako interpretazioak: gizon baten eta andre baten hitzordua. Jatetxetik hurbil, gizonak andreari: “logelan sartu behar dugu”. Gehienen ustez, “zera” da mintzatu dena: gizonaren benetako desira apenas mozorrotua andrearekin lehenbailehen oheratzea litzateke eta afaria berriz konbentzioek ezarritako zubi gogaikarria. Baina beste batzuen ustez superniak eragin du lapsusa: gizonari jatea da benetan gustatzen zaiona, baina bere buruari oroitarazten dio elkarrekin oheratzea ere ohiturek agindutako egin beharreko zerbait dela: ez ahaztu une batean ekintza atsegina utzi (afaldu) eta zure obligazioari aurre egin beharko diozula (oheratu)

AMETSA

-Ametsa, ez anabasa zentzugabe, ez etorkizunaren igarle, baizik eta desira baten gauzatzea. Irmaren ametsa

-Etorkizuna ez, iragana erakusten digu ametsak, iraganetik baitatorkigu osotoro. Ordea, betiko uste hori, geroa darakutsala, ulergarria da. Desira bat gauzaturik irudikaturik, ametsak etorkizunera garamatza, baina amesgileak orainalditzat hartzen duen etorkizun hori iraganaren araberako desira hautsezinez dago eratuta (La interpretación de los sueños, II, 318)

-Kanpotik datorkigun sentsazioa amets-irudian txertatu: loa babesten da, ez esnatzeko nahia mamitzen da. Frantziar ume-jagolea (Íbidem, 39-40). Erizaina jadanik ospitalean. Iratzargailua barik arbitroaren txilibitua

-Esna eginiko ametsak: gizaki guztiok antzekoak baina gizaki guztiontzat lotsagarri publiko egingo balira: maitasuna, dirua, arrakasta, mendekua

-Gaueko ametsak:

a-Amets infantilak: mozorro eta itxuraldaketa barik ageri da nahia mamiturik, bere horretan: familia batek erakartzen zaitu, ez dakizu zelan hurbildu: ametsetan, Urkiolatik Anbotora igotzen zara familia horrekin, betiko lagunak bazinete bezala berbetan. Egunez ezinegona, email garrantzitsu bati erantzuten ez dizutelako; ametsetan emailkide horren sei mezu jaisten zaizkizu segidan mugikorrean, leunki. Lagun bat ez duzu espero bezala zoriondu, txarto sentiarazi zaitu, eta ametsetan zorionak esaten diozu eta eskertzen dizu. Zuretzat oso garrantzitsua den harreman batean hanka sartu duzula dirudi, abandonatu zaituzte, errudun sentitzen zara jakin ez arren zehazki zergatik eta ametsetan abandonatu zaituenarekin Do you remember Rock and Roll Radio dantzatzen duzu basatiki

b-Amets arruntak: desplazamendua eta kondentsazioa. Adibidez, eskailerak igo eta jaisteak koitoa sinbolizatzen du. Hegaldiak, beti sexualak. Hagin-ametsak, masturbaziozkoak (La interpretación de los sueños, II, 62-3-4) Airetik jaustea, tentazio erotiko batean jaustea (67) Olatu artean igeri ametsa, txikitan ohea atseginez bustitzen zutenek egiten dute (67)

-“Aita, ez duzu ikusten kiskaltzen ari naizela?” (196, 264)

-Ametsa gidatzeko ahalmena, ametsa eten eta beste bide batetik eramatekoa, esnatu gabe: “ez dut amets bero honekin jarraitu eta hazia isurtzen amaitu nahi, egoera erreal baterako gordeko dut indarra.” (265)

-“Bi jauregi bikainen artean, han sakonean, etxetxo bat dago. Itxita ditu ateak. Nire emazteak gidatzen nau etxetxoraino daraman karrika zatitik, eta atea bultzatzen du. Orduan, arin eta aise sartzen naiz patio estu batean, maldan gora dagoena” (69-70) Interpretazioa

-Interpretatu amets hau: opor lekua, eguraldi ona, hondartza: albornoz edo bainu-txabusina berde bat jantzirik, txintxeta batzuk hartu eta hoteleko horma batean dagoen gure ikasgelako kortxoan paper zuri bat iltzatzen duzu, zerbait idatzia duena baina ulertezin

c-Amesgaiztoak; niak eta zentsurak ez dute desira erreprimitua desplazamenduaren eta kondentsazioaren bidez mozorrotzea lortu eta bere horretan agertzen da ametsean, esaterako intzestua. Hamaika pauso

-Nerabearen angustia, ametsetan deabruaren mehatxua. Interpretazioa (280-1)

-Gurasoak bereizi, aitaren emazte berria, umea ondorioz eri: mitologiari lotutako begitazioak (315-16)  

-Freudi kontatuz gero desira baten gauzatzea ez den amets bat, erantzuna: zigor-ametsa da, edo zure desira da niri arrazoia ukatzea

-Harakinaren emaztearen ametsaren interpretazioa

-Ametsetan egiten dugunaren erantzule etiko ote gara? Freuden ustez, ametsa barkagarri: oker zebilen erromatar enperadore hura, menpeko bat heriotzaz zigortu zuena honek amets egin baitzuen enperadorea hiltzen zuela. Benetakoa balitz ere menpekoaren desira kriminala, Freud dena den Platonekin ados: gizaki zintzoak ametsera mugatzen du perbertsoak bizitzan gauzatzen duena (316-7)

5-TERAPIA

-Egonezina kulturan. Gizarteak intzestua, kanibalismoa eta hilketa lako irrika sakonak zapaldu eta tabu bihurtzeak ezinbestez neurotizatzen du gizakia

-Gaixo askok ez du sendatu nahi. Erresistentzia. Eritasunaren onurak

-Normala eta patologikoaren artean muga aldakor zehaztugabea

-Praktika psikoanalitikoa: talking cure, arreta lausoa, asoziazio librea

-Transferentzia, kontratransferentzia, sendakuntza. Gurasoak, irakasleak, sendagileak. Transferentzia terapian edo ikasgelan=maitasuna bizitzan. Transferentziak bizitza dakar ikasgelako tragikomediara. Psikoanalisiak, jakintza eztabaidagarri baina zehatz bat transmititzeaz gain, prozesu pedagogikoan protagonistei gertatzen zaienaz ere badihardu, gainerako ikasgaiek ez bezala

-Transferentzia adibidea, aitaren aurkako jarrera irakaslearengana proiektatua: “ez dizut ezer sinesten, ez dizut gehiago berba egingo”. Kontratransferentzia: “egun on, Institututik deitzen dizut, zure alaba Maribelen aita naiz”. Isilunea. “Ba nire andreak ziurtatzen dit ni naizela Maribelen aita”. Ya san casau, ya san casau… Freuden deontologia: terapeutak urrun eta hotz behar du, pazientearen proiekzioen jokoetan ez jausi

-“A Dangerous Method”. Spielrein (transferentzia, omen dakienarenganako maitasunari esker sendatua); Jung (kontratransferentzia, zeraren eta superniaren arteko gatazkak bihotza arrakalatu, Spielreinenganako desiraren eta Freudek ezarritako terapiaren arau etikoen artekoak); Freud (Jungen supernia, inkontzienteki dizipulurik maiteenak bera abandonatzera behartzen ditu); Otto Gross (zera, Dionisos, ez atzera egin zure desiran, ez amore eman gizarte-hertsapenen aurrean)

-Inkontzientea kontziente egindakoan desagertzen da sintoma, gaixotasuna. Egia ote?

-Filosofia eta psikoanalisia, Epikuro eta Freud. Psikoanalisiak oinaze patologikoa baretu nahi du. Hala ere, badago patologia guztiak sendatuta ere iraun egiten duen oinaze bat, giza hilkortasunari lotua: maite duzun jendea derrigorrez hilko da. Horri filosofiak erantzuten dio

6-FREUDEN AURREAN

a) antinomia eta sintesi moderatua

1-Interpretazio razionalista, Leibniz-en eta Hegel-en ildotik; bizitza psikikoan nihil sine ratione, Eguneroko bizitzaren psikopatologia

2-Interpretazio amaigabea, Nietzscheren ildotik: ez dago oinarririk, jatorrizko gertaerarik, azken egiarik, guztia da interpretazioaren interpretazio: psikoanalistarik jakintsuenak ere bere inkontziente mugatutik interpretatzen du, eta bere interpretazioa ere interpretagarria da

3-Aurreko ikuspuntu biek, bakoitzak bere aldetik arrazoi. Zentzuzko konponbidea, Freudek berak adierazia: ez dago erabateko sendakuntzarik, ez dago analista orojakilerik, baina analista zintzo eta egoki batekin eginez gero terapia sufrimendua apaldu liteke, bizitza eramangarriago egin. Erabateko sendakuntza, osotoro lor ez daitekeen baina hurbiltzen ahalegintzea merezi duen helburu ideal erregulatzailea, Kanten zentzuan

b) zenbait kritika Freudi, gaur egungo psikoanalista gehienek onartuak:

-Ediporen unibertsaltasuna auzitan. Osaba, ugazaba

-Homosexualtasuna ez da perbertsio bat

-Andrea ez du zakilaren faltak definitzen

-Karl Popper: psikoanalisia ez da faltsifikagarria

-Psikoanalistek luzaroegi ukatu dute era histerikoan biologiaren eragina, ikuspuntu nazia zelakoan, eugenismora daramana; autismoa dela eta milaka eta milaka ama sentiarazi dituzte errudun, beren hoztasuna jo baitute umearen autismoaren eragiletzat; gaur egun bistakoa da genetikaren eragina autismoan eta hainbat psikositan

-Multzoa eta ugaritasuna bat eta bakarrera murrizteko grina: otso-taldea azkenik aitatxo

-Bizitza eta unibertsoa aita, ama eta haurtzaroko kontutxo gutxi-asko zozoetara mugatzekoa; benetako eldarnioak ez dira amatxo-aitatxo tankerakoak, baizik eta fisiko-historiko-geologiko-politikoak: nola moldatuko naiz nire tribuak basamortuan barrena gidatzeko? Nola moldatu ezustean bero-bero jarri den Siberiako estepan? Molekula bat naiz, Bing-Bangaz gerozko nire oroitzapenak zehaztu behar ditut

 

c) Freuden alde:

-Freud ez da feminista, baina gaur egun bada psikoanalista feminista ugari; eta emakumeen eta homosexualen eskubideak bermatuen dauden herrialdeetan ezarri da psikoanalisia; psikoanalisi gutxiago, zapalduago emakumea eta homosexuala

-Freudek eskaini die lehenbiziko aldiz hitza eta arreta arduratsua, eta jakintza-iturri bihurtu ditu, ordu arte isilarazi eta mutu egondakoak: umea, histerikoa, eroa, emakume baztertua…

-Freudek joera du bere ideiekiko desadostasuna interpretatzeko zure burua eta zure traumak eta desira sekretuak ezagutzeko erresistentzia inkontziente gisa. Hala ere, badira listilloak, batik bat silueta histerikodun zientzialatrak, xehero-xehero bete arren beren jokaeran Freuden diagnostikoa, psikoanalisiaz trufatzen jarraitzen dutenak, Elizako jendea Galileoz bezala

 

 

 

 

Gorkaren kaxoia

Markos Zapiain 2014/03/11 14:54

Egia baldin bada ipuinek, batik bat haurtzaroan maiz entzundakoek, giza gogoa moldatu eta garatze lanetan laguntzen dutela, orduan “Gorkaren kaxoia”ren hartzaileak garbi edukiko du pilatzea itogarria dela eta asmamena zaintzeko muntazko txoko bat eskaini behar zaiola deusezari.

Ipuinean kontatzen zaigu Ferminek armairua jostailuz mukuru beterik duela baina nahi duen guztia berehala lortzeak ez duela asetzen, umearen sormena itoa baitu jostailu mordo horrek.

Dirudienez, Ferminen antzeko arazo psikologikoak dituzte diru-parrasta irabazten dutenek lan egiteke; besteak beste, behiala sorturiko abesti batzuen arrakastaren ondorioz egunero ehunka mila euro irabazten dituztenek. Ezin inoiz erabat hustu. Era berean, sexu kontuetan ere arazo latza izaten da larrua behin eta berriro jo arren erabat hutsik sentitu ahal ez izatea, errekuperazioari eta berpizteari bide emateko, bizitzaren berezko erritmoari jarraiki. Inoiz hutsean gelditu ahal ez izatea da beti erdi hilik ibiltzea, pilak ahiturik, Ferminen jostailuak eta Fermin bera bezalaxe.

Ez da bat ere erraza jaso dugun guztia goitik behera garbitu eta ezereza erdiestea. Baina, ez badugu hutsa lagun, ezin benetan geuretik asmatu eta gustura jolastu. Informazioaren teoriak frogatua du muga batetik gorako erudizioak sormena itzaltzen duela.

Orduan Fermin, zerraldo-andana bilakatu zaizkion jostailu mehatxarietatik ihesi, bizilagunaren etxera doa, Gorkarekin olgetan. Gorkak badu kaxoi bat zeharo hutsik, eta Gorkaren kaxoiaren bidez Ferminek aurrerapauso eder bat egingo du heldutasunerantz, kristau gurutzatuek Jesukristoren hilobiaren bitartez lortutakoaren antzekoa. Hainbeste borroka eta heriotzaren ostean Jerusalemen hilobia irekitzera iritsi eta hutsik aurkitu zuten. Hegelen ustez, hilobiaren hustasunak argi erakutsi zien Jainkotasuna ez dagoela kanpoan, ez dela gorpu bat, gauzaki bat; aitzitik, ikusgaitza da, eta nork bere baitan darama. Gorkaren kaxoi hutsak, orobat, Fermini erakusten dio jolasaren muina ez direla jostailuak, trasteak, oso garestiak eta makina bat izanagatik ere, baizik eta irudimena, piztu ahal izateko hutsunea lagun behar duena; eta adiskideak.

Halatan, Gorkaren kaxoi hutsa suhiltzaileen auto bilakatuko da, piraten ontzi, Mari Errauskinen karroza, denda, kobazulo. Eta, jostailuen menpe zebilelarik bakarti eta zakarra zen Fermin ireki egingo zaio adiskidetasun maskulino zein femeninoari, Gorkaren arreba Ainara ere, neska izan arren, eta txikiagoa, jolasean onartuko baitute, adin horretan ohikoa ez bada ere.

Bizitzako jarduerarik serioena da jolasa; eta ezereza, berriz, jostailurik ederrena, edozein jolas ahalbidetzen baitu. Halaber, parkerik ederrena gure Institutu albokoaren tankerakoa izaten da: belarra baino ez.

Goizegi joan zitzaigun Joxan Ormazabalek euskaratu zuen Andreu Dòriaren ipuina. 1999an argitaratu zen, Sirena bilduman. Beharbada urte haietan Gorkaren kaxoia sarritan irakurri zietelako izango dira hain autonomo eta harrigarriak orain Batxilergoan dauden zenbait ikasleren adimenak eta izaerak.   

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.