Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Tales bertsolari

Tales bertsolari

Markos Zapiain 2015/12/24 10:55

Miletoko Tales hartzen da lehen filosofotzat. Mileton jaio zen, Egeo itsasoaren ekialdean, gaur egungo Turkian, Kristo aurreko zazpigarren mendean, eta seigarren mendearen erdialdean hil zen.

Historian interesgarria izan den guztia Europan gertatu dela aldarrikatzen dutenen aurka, gogoratu beharra dago Tales feniziarra zela jatorriz, gaur egungo Israel edo Libano ingurukoa, eta Egipton eta Babilonian ikasi zuela. Orain arte Europaren eta beraz Unibertsoaren ohore eta gailurtzat jo izan den Filosofia grekoa, beraz, asiar batek abiarazi zuen. Are larriago, greziar peto-peto batek, Traziako neskatxa batek, barre egin zion Talesi; gora begiratzeagatik egin zion barre.

Tales lehenbizikoa izan zen fisisaren arjéaz galdetzen (Fisis=Natura; arjé: oinarria, muina, hasiera, arkeologian edo anarkian bezala); arjé hori itxura aldakorraren azpian legokeen batasuna litzateke. Gainera, Talesek erantzuna ez jainkoen artean baizik eta naturan bilatu zuen, eta erantzun hori era arrazoituan aurkeztu. Dagoen guztia funts bakar batetik eratortzen ote da? Talesen eta ondoko filosofoen ustez, bai. Dena da azken finean bat.

Erantzunen askotarikotasunak ez du garrantzi handirik, galdera bera egin izana izan zaigu erabakigarri. Presokratikoen artean, oinarri edo funts hori ez zen ezein Jainko, baizik eta lehengai natural edo logikoren bat. Talesek ura dela esango du naturaren funtsa, Anaximandrok mugagabea, Pitagorasek zenbakia, Heraklitok sua, Demokritok atomoa… Fisikoak dira lehenbiziko filosofoak, astronomoak, matematikoak, poetak, igarleak. Ez lukete ulertuko zientzien eta letren arteko bereizketa.

Filosofoak, definizioz, egia bilatzeari ematen dio bere denbora guztia, ez du denborarik galtzen diru bila. Aristotelesek kontatzen duenez, Talesi leporatu ziotelarik kontu materialekiko bere arduragabekeria, bere txirotasuna, filosofoak, fisiko, astronomo, matematiko eta ingeniari ez ezik metereologo ere bazenak, oliba-uzta oparo bat aurreikusi eta neguan Mileto eta Kios-eko olio-dolare guztiak erosi zituen, merke, eta gero, udan, uzta gauzatu zenean, garesti alokatu eta diru pilo bat egin zuen, erakutsiz filosofoak nahi izanez gero badakiela aberasten, baina ez duela hori izaten helburu nagusi.

Gaur egungo filosoforik ezagunenek ere, Zizek, Onfray edo Joxe Azurmendik, etxe eta bizimodu umilak izaten dituzte. Uko degiote maila batetik goragoko aberastasunari: produkzio filosofikoan ardazten dutenez bizimodua, poxelu lekieke dirutza.

Miletoko Talesek, harira, Kristo aurreko 585ko eguzki eklipsea aurreikusi zuen, eta horrek ere ospe handia eman zion, Zazpi Jakintsuetako bat da.

Bestalde, piramideen garaiera neurtzeko metodo bat asmatu zuen, piramideek proiektatzen duten itzalean oinarritua. Giltza zen itzala neurtzea piramidearen altueraren berdintsua denean. Metodo hori beste esparru batzuetan ere aplikatu zen, eta ondorio ederrak ekarri zituen, besteak beste nabigazioaren artean.

Andoni Egañak zioen bertsolariak behera begira botatzen badu bertsoa batez ere oroitzen ari dela, eta gora begira berriz asmatzen. Gezurtiak gora begiratu beharko luke.

Esoporen alegia batean oinarriturik, Platonek kontatu du behin batean Tales, zerura begira zihoala, bideko zuloa ikusi ez eta bertan erori zela, eta Traziako neskame batek barre egin ziola: “a, Tales, beti astroei so eta mutur aurrean duzuna ere ikusten ez”. Hegelek komentatu zuen Tales putzuan erori zela putzutik kanpo zebilelako. Gu ez gara erortzen, ez garelako inoiz putzutik irteten.

Filosofo mota batek beti begiratzen du gora, putzuan jausteko arriskuaren despit. Gora begiratze heroiko horren ondorioz estropezuka du filosofatzen eta behin eta berriro erortzen da,  gero eta hobeto erortzen da.

Larunbatean, Gipuzkoako finalean, bertsolariek ez zuten ez gora ez behera begiratzen, ezpada parera, zuzen. Egañaren sailkapenetik at, ez zebiltzan ez asmatzen ez oroitzen. Filosofatzen ote zebiltzan? Bistan da Talesen sasoiaz geroztik asko aniztu dela filosofoen behakoen norabidea. Gaur egun Tales ez zen putzuan jausiko, honezkero astronomoek eta metereologoek ez dute-eta ortzira begiratzen, baizik eta, bertsolarien antzera, parera, ordenagailuko pantailara, hortxe jasotzen baitituzte sateliteek igorririko datuak.

Larunbatean erakutsi ziguten bertsolariaren hegaldian ere mamitzen dela Hegelek filosofiaren zeregin nagusitzat duena, ihre Zeit in Gedanken erfasst, “zure garaia kontzeptuz atzematea”. Adibidez, gaur egungo etorkinaren Beñat Gaztelumendiren definizioan: “beti etortzen, beti etortzen, eta iristen ez dena”.

Jende normalak ez du beti filosofia maite izaten. Zenbaitetan barre egiten dio, edota hil. Platonek lotu ditu neskatxaren irria Talesen lepotik eta Atenaseko demokraziak Sokratesi ezarririko heriotza zigorra. Filosofiaren eta agintarien arteko betiko tentsioaren azkenaurreko adierazpena Filosofiaren aurkako Hezkuntza Sailaren gurutzada da, Iñaki Artola pilotariak zein Julio Soto bertsolariak ganoraz salatua.

Dena den, eta behako eta jarrera filosofikoak zein anitzak diren ostera ere ilustratzeko, aintzat hartu beharra dago ezen Talesen jarrera dudarik gabe baldin badagokio filosofiari, traziar neskamearenak ere baduela bere tradizioa. Diogenes zinikoak hurbilago luke neskamearen algara jakintsuaren seriostasuna baino.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.