Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Joxe Azurmendi: "Izan ginen tximinoak bizirik dirau gure barruan"

Joxe Azurmendi: "Izan ginen tximinoak bizirik dirau gure barruan"

Markos Zapiain 2016/09/18 21:55
Jakin Irakurgaiak bildumaren barruan argitaratu du ‘Gizabere kooperatiboaz’ bere azken liburua Joxe Azurmendik, gizaberearen azterketa filosofikoa eta kooperatibismoa norabide berean jarriz. Ondoko elkarrizketa irailaren 10eko "Ortzadar"en atera da.

Bere ibilbidean hainbatetan landu dituen bi aztergai gurutzatu ditu bere azken lanean Joxe Azurmendik (Zegama, 1941): gizaberearen azterketa filosofikoa eta kooperatibismoa. Ezinbestekotzat du biologiaren ekarria giza jokabidea zertan den ulertzeko. Hala, Darwin, E.O. Wilson, Richard Dawkins, Frans de Waal eta beste zenbaiten testuak aztertu ditu, Arizmendiarrietaren pertsona kooperatiboak sustrai naturalak izan ditzakeen ala ez bilatzeko asmoz.


Arizmendiarrieta Arrasateko kooperatiben sortzailearen pentsamendua behar bezala ulertzeko Darwinez geroztiko zenbait biologorentzat gizakia zer den aztertu duzu.

Arizmendiarrietaren ideia kooperatiboa gizakiaren kontzeptu klasikotik partituz elaboratua da. Bitartean, eboluzioaren teoria darwinista –biologia, etologia–, kontzeptu hori batzuetan auzitan jartzen eta beste batzuetan argitasun harrigarriak plazaratzen ari da. Arizmendiarrietak gizaki kooperatiboaren gainean gogoeta sakon bat egin zuen, orain gogoeta hori zientzien ekarpen berriekin jarraitzea tokatzen da.

Arizmendiarrieta apaiz katolikoa izan bazen ere, uste duzu bere pentsaera kooperatiboa edozein giza komunitatek bereganatzeko modukoa dela, dela islamikoa, ateista edo animista.

Printzipioz, bai. Hain zuzen Arizmendiarrietaren meritu handitzat daukat, noiz eta bere garaian eta giroan, kooperazioaren ideia erlijiosoki neutrala garatu izana, ez katolikoa soil, eta gutxiago nazional-katolikoa. Horrek ez du esan gura edozein islamiko, ateista edo animistarentzat balio dezakeela besterik gabe. Klabea pertsonaren duintasun absolutuaren aitortza da. Gaur-gaurkoz islamaren zenbait bertsiok hori ez du onartzen. Horrek ez du esan gura, berriro, halakoxeen kooperatibismo islamiko bat ez dela posible. Baina ez da izango Arizmendiarrietarena. Berdin ateistaren kasuan. Ateista arrazista bat, esaterako, ezin da izan kooperatibista arizmenditarra.

Kooperazioaren naturaltasunari gagozkiola, Kropotkin printze anarkistaren ideiek dirudite Arizmendiarrieta apaizaren aurrekariak.

Bai, eta beti harritu nau, gure gazte iraultzaile sutsu askok nola ez duen hurbiltasun hori sumatu. Baina bien aurrekariek Erdi Aroraino eramango gintuzkete. Eta beharbada lehen komunitate kristauaren ‘komunismoraino’.

Merezi duen garrantzia eman ote diote filosofoek Darwinen obrari?

Orokorrean, ez. Gutxi batzuek bai, Nietzschek esate baterako. Baina gaur Darwinen berrirakurketa kritiko bat egiten da, eta Nietzschek egin zuen haren irakurketarena ere bai. Ez Darwin eta ez Nietzsche bihurtu genitzake Biblia berri bat.

Naturaren eta egoismoaren identifikazioa erabili izan da aldarrikatzeko gizakioi kapitalismoa eta inperialismoa berezkoak zaizkigula. Lehiari eta borrokari ukoa azken batean gizatasunari ukoa litzateke, eta kooperazio sozialista berriz antinaturala.

Gerran gizonek elkar akabatzea betikoa eta naturala al da? Platonen arabera, hiru arima mota daude eta arima haserrekorra nagusi duten gizonen jarduera naturala gerran jardutea da. Erdi Aroan odol bat laborantzarakoa zen, beste bat otoitzeko jendearena, eta odol urdinekoen naturala beste guztien jaun izatea eta gerra egitea. Morala, naturatik abiatuz, auto-kontzientziarekin eta kontzientzia pertsonalarekin hasten da, hots, askatasunarekin eta erantzukizunarekin. Orokorrean naturari segitzeko, eta batzuetan naturaren aurka joateko, natura gainditzeko alegia. Gurasoek haurren ardura izatea naturala da, eta askotan bertute morala bihurtzen da. Arrotzaren mesfidak eta arbuioak asko dauka naturala, eta moralak gaindi lezake.

Gizabere kooperatiboaz’ lanean aipatzen dituzun biologoek morala altruismoarekin eta kooperazioarekin identifikatzen dute, bestelako moralik ez balego bezala; esaterako, moral indibidualistak, edota gerlariak. Ez dirudi berdin erabiltzen denik ‘moral’ hitza filosofian eta biologian.

Sistema sozial bakoitzak bere naturaltasunaren legitimazioak asmatzen ditu. Bere burua justifikatzeko, Kapitalismoak, kristaua deritzon kulturan hozitua izan arren, egoismoa, lehia, klase-borroka eta inperialismoa naturalak deklaratzen ditu eta progresoaren kausa printzipalak. Zerbait naturaltzat ematea bidezkotzat ematea bezala hartzen da.

Inurriak eta erleak kooperatzaileak dira. Morala deituko zenioke inurri eta erleen jarrera natural kooperatiboari? Morala zer da gehiago, naturaren ukoa ala naturaren zenbait ezaugarriren giza garapena?

Gerra bera moralaren frakasoa da. Jokaera moral indibidualistak, biologoarentzat funtsean egoismoaren formak dira, eta filosofoarentzat ere ongiaren eta gaizkiaren haraindi daudela esan beharko genuke. Alta, egoista hutsa denik ez dago, ezta altruista hutsa denik ere. Kontraesanezko izakiak gara, eta elkarri kontraesaten dioten balioekin orientatzen gara gure bizitzan. Justizia, errukia, etab. Erich Frommi behin irakurri nion, mendebaleko gizartearen bitxikeria bat kontraesan moralean lasai-lasai bizitzea dela. Ez izan egoista, irakasten diogu haurrari, eta nolabait denok hori barneratu dugu. Izan egoista, agintzen diogu ekonomiari, eta hori da gure sistema. Eta filosofoak ez dira eskandalizatzen.

Darwinek giza moral naturala norberaren komunitatera mugatzen du. Arrotzarekin immoral jokatzea da sarritan gutarren artean morala izatea. Ordea, gaur egungo mehatxu anitz globalak izaki, besteak beste ekonomikoak eta ekologikoak, naturala dirudi mundu mailako kooperazioa bilatzeak.

Unibertsaltasuna lehenbizi exijentzia erlijioso bezala agertu da, Israelgo profetekin. Exijentzia moral bezala gero sofista batzuekin eta estoikoekin. Eta gaur denok onartua dagoela esango nuke, teorian behintzat, arriskuak ere unibertsalak direnez. Biologoek gogorarazten digutena da norbere komunitatearekiko eraspen moralak gizadi osoarekikoak ez bezalako sustrai emozional naturalak dituela eta, mundu mailako kooperazioak, moralki funtsatua izango bada, landua izan behar duela.

Hautespen naturalak zibilizazioa ekarri du, eta zibilizazioan, hezkuntzari esker, besteak beste, hautespen naturalak nolabait bere burua ukatu eta ahula babestera garamatza, jarrera zaintzaile anti-selektibo batera. Hezkuntzaren garrantzia nabarmendu duzu, nola Darwinengan hala Arizmendiarrietarengan.

Hezkuntzaren garrantziak bi alderdi ditu bai Darwin eta bai Arizmendiarrietarengan. Batetik, moral primitiboa eta instintu tribalak berak, maila batean oso positiboak, politzeko balio du. Gaixoen ardura, esate baterako, naturan ere badagoena, erantzukizun kolektibo publikoa bihurtzeko. Eta, bestetik, haiek ukatu gabe, moral unibertsal baterantz gainditzeko. Komunitatearekiko moralak sustrai emozional sakonak ditu. Zenbat eta handiagoa komunitatea, hainbat eta ahulagoa eraspen morala. Gaur gaurkoz moral unibertsala aspirazio bat da batez ere.

Aldakorra eta korapilatsua izan zen Darwinen harremana erlijioarekin, ezta?

Bai, zalantzan zegoelako. Baina arrazionalista batentzat erlijioarekin zalantzan egotea da seguru asko jarrera posible erlijiosoena, erlijioa bera dogmatikoa bada batik bat. Spinozarengan gauza bera nabaritzen duzu: erlijioarekin txit kritiko, eta azkenean dena Jainko bihurtzen dizun ateista. Einstein, berdin: ateistak nardagarri zaizkio, baina Yahve biblikoa onartu ezinezkoa

Auskalo ez ote den burutazio natural samarra Wilberforce gotzainak ‘Darwinen bulldog’ ezizeneko Huxley-ri jendaurreko eztabaida iskanbilatsu hartan egin zion galdera ospetsua; alegia, amonaren aldetik ala aitonaren aldetik ote zetorren Huxley bera tximinotik. Alaba bati Darwinen teoria kontatu nionean, ‘baina orduan amatxi txikitan tximino bat zen?’ galdetu zidan…

Oso polita anekdota. Eta arrazoi du gainera, denboraren kontuagatik ez balitz. Alabatxoaren errealismo plastikoz imajinatuta, gure txiki-txikitan denok tximinoak izan gara, orain dela milioi batzuk urte, eta tximino hark bizirik dirau gure barruan.

Hautespen naturala da eboluzioaren oinarrizko legea. Zein da ordea eboluzioaren subjektu nagusia: genea, banakoa, taldea? Talde hautespenaz ere hitz egiten baita...

Hori hobe duzu biologoren bati galdetu, Joan Ignacio Perez Iglesiasi, adibidez. Gai hauei buruz oso informazio interesgarri eta argigarriak argitaratzen ditu bere un tal Perez blogetan. Gaur, monosubjektu batez baino, esango nuke gehiago faktore ezberdinen konbinaketaz mintzatzen direla ikerlariak.

Filosofian aspalditik nagusitu da egoismoaren susmoa, jarrera kooperatzaileen oinarrian ezkutaturik. Norberari ere ihes egin diezaioke interes inkontzienteren batek, norberaren portaera ustez desinteresatu aratzenaren atzean bultzaka. Kooperazioa susmagarri bilakatu da, ‘zera’-ren edo ‘supernia’-ren menpeko despistatuen onkeria.

Izan ere, halaxe da. Nahiko miserableak gara. Edozeini gertatu zaigun anekdota: parkingeko atarian edo kale bazterrean eskean dago norbait. Txanpon batzuk eman eta aurrera segitzen dugu. Gutxitxo iruditu nonbait, eta marmarka entzuten dugu atzean, eta indignatu egiten gara. Ez al genion ba guztiz desinteresatuki lagundu gura? Inkontzienteki gure karitatean ere egoismo apur bat ezkutatzen da askotan. Ez beti. Eta ez egoismoa soilik. Izaki ongaizto nahastuak gara.

Ongaizto’ horretan ordea gure filosofiak eta literaturak ez al dute gaiztoa neurriz gain nabarmendu eta ona sistematikoki gutxietsi? Ez al da deigarria kontrastea, jende gehienaren eguneroko eskuzabaltasunaren eta mendebaldeko idazle eta pentsalariek etengabe azpimarratzen dituzten miserien artean? Liburuan aipatzen duzunez, Alemanian hiru milioitik gora lagunek dute bizkarrezurreko muina eskainia, beharrean legokeen edozein leuzemikori emateko, alemanak ez direnak barne. Aldiz, Michel Terestchenkok erakutsi du mendebaldeko literaturak ez dituela sortu lau protagonista benetan zintzo baizik: Mixkin printzea, Pickwick, Jean Valjean eta Billy Budd.

Edozein westernetan ikusten duzu: bat edo bi on beti gaizto pila baten aurka. Azkenean beti onak irabazten du. Pentsaraziko luke, Ipar Amerikarrek euren nazioaren gehiengoaren kontzeptu eskasa dutela, baina western-en mezu modua ez ulertzea litzateke hori. Azkenean ongiak irabazten du, ordena zuzena salbatua geratzen da. Literaturan, zineman, efektu dramatikoak bilatzen dira, eta eszenan denak on-onak badira zaila da dramatismorik lortzea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.