Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zientzialarientzako sorgintza

Zientzialarientzako sorgintza

Markos Zapiain 2017/01/23 08:50

Gara ote liteke sorgintzari buruzko mintzamolde bat, sorginaren ikuspuntutik nolabait esateko, sorgin kontuei dagokienez printzipioz eszeptikoak baina adimen zabaleko eta toleranteak diren zientzialariek onartzeko modukoa, hala nola Maider Etxebarria, Xabier Murelaga edota Naia Ormazak? Murelagak dioenez, zientzia amaitzen den mugan hasten da magia eta sorgintza. Zientzia, mekanika kuantikoa agertu arte bederen, identitate hastapenean dago oinarritua: arroka arroka da eta ezin da aldi berean ahatea izan. Sorgintzak, berriz, identitateak astindu eta A aldi berean B izan daitekeelako hastapena darabil. Don Juan bele bilakatzen da. Ez soilik bele dela irudikatzen du, edo bele sentitzen du bere burua: Don Juan da eta aldi berean bele bat. 

Sorgintza garai eta leku desberdinetan agertu da, baina badu beharbada ezaugarri komun bat: jende normalak erabiltzen ez dituen burmuineko zatiak pizten ditu. Sorgintzaren ohiko ariketek, fisiko zein mentalek, horixe dute xede nagusi. Bizimoduz aldatu beharra dago, baita izaeraz ere, eta entrenamendu luzeen ondorioz azkenik garunetako alde ezezagunak pizten ikasten duzu. Horrek jende normalari helezinak zaizkion aukerak eskuratzen dizkio sorginari, baina baita arrisku ikaragarriak ere. Ahalmen anormal horien pizteak sute apokaliptikoa erakar dezake. Hainbat eta hainbat sorgin dizipulu eta xaman aprendiz erotu izan da ikasbidean. Ez dira batere ezohikoak krisi eskizofrenikoen ondoriozko suizidioak.

Euskal Herriko sorginei buruz dagoen literatura gehiena larregi kutsatzen du zapaltzaile katolikoen ikuspuntuak. Pasarte asko ridikuluak dira. Sorginek eskuarki ezkutatu eta disimulatu behar izan dute, apaiz edo filosofo mozorroa baliatu, baina honezkero badakigu haien praktikak ez direla oso desberdinak munduko herri urrutienetan: Siberia, Kongo, Mexiko. Hain zuzen, Mesoamerikakoa da gaur egun sorginen inguruko literaturarik indartsuena: Carlos Castaneda, Florinda Donner-Grau, Taisha Abelar, Victor Sanchez.... Horiek irakurrita hobeki irudika dezakezu zertan zebiltzan gure sorginak inkisidoreen txostenen bidez baino. 

Sorginek askatasuna dute helburu, gizarteak normaltzat jotzen duena gainditu eta mundu berrietan barneratzeko askatasuna, kontsentsu sozialak erabakitako hautemate moldeari gero arte esan eta gauzak bestela ikusi eta bizitzekoa. 

NESKAK ETA MUTILAK

Aurrez aurre jarri izan dira, batetik, Filosofiaren Historia eta Logika zientifiko arra, eta, bestetik, sorgintza emea. Historiak eta soziologiak elikatu izan dute kontrajartze hori, baina aldakorrak dira Historia zein Soziologia, aurkakotasun hori ez da berezkoa, ez dago balizko ezaugarri maskulino eta femenino naturalei lotuta. Auskalo zer esan nahi ote duen, baina datu zientifiko bat da gizon gehiago daudela sorginen artean emakumeak Filosofiaren Historia klasikoan baino.

Egia da, hala ere, baiezta daitekeela ezen, gorabehera historiko kontingenteen ondorioz, Filosofian, ohi ez bezalako izaera eta bizimoduak asmatzeko orduan, gizonak izan direla nagusi; ostera, izaera eta bizimodu berrien bila ibili den emakumeak sorginen artean bilatu izan du, besteak beste, bidea. Arrasto esperogarritik desbideratzen den andreak sorgintza bilatu izan du. Eta sorginen aurkako gurutzadan gizon kristau konkistatzaileen protagonismoa eztabaidaezina da. Gurean, gizon kristauak emakume sorginen aurka benetako erlijioaren izenean. Ameriketan, gizon zuri kristauak indigena fede ustelen aurka, praktika satanikoen aurka. Beti eta nonahi, fede edo normaltasunen bat ezartzeko beharra duen jende beldurtia giza mugak zabaldu nahi dituzten mundu ikuskera eta jarduerak ito guran. Sorgintza sarkasmoz gainetik kentzeko zientifista zenbaiten presa urdurian nabarmenak dira inkisidore eta konkistatzaile haien oihartzunak.  

Ezagutu, sorginak trantze-egoeran ezagutzen du, ezohiko hautemateak erakusten dionaren baitan. Hautemateen korapiloa edo ahokatze edo doitze puntua mugitu eta kontsentsuzko mundu hau, pertzepzio normala, pitzatu beharra dago, gerlariaren diziplinaz burmuineko esparru ezezagunetara bidea ireki eta beste mundu batzuk konkistatu. Ilunabarra da munduen arteko arrakala, askatasunaren promesa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.