Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Edu Lartzangureni erantzunak Svastikak eta estatua biluziak artikulurako

Edu Lartzangureni erantzunak Svastikak eta estatua biluziak artikulurako

Markos Zapiain 2016/02/12 19:50

-Edu Lartzanguren: Zilegi da norbere kultura estaltzea edo deskafeinatzea kanpotarrari atsegin egiteko?

-Markos Zapiain: Epe luzera frustrazioa dakar eta kanpotarraren aurkako erasokortasuna. ETA sortu zuenak jakinarazi zigun antropologo batek idatzi zuela euskaldunak kanpotarrekin oso irribarretsuak izaten garela, eta hori ohikoa dela desagertzera doazen herrietako kideengan.

Eskuzabaltasuna onuragarria da, ahal den heinean praktikatu beharreko balioa. Bere burua ziur sentitzen duena eskuzabala izan daiteke. Aldiz, ahula baldin bada zure kultura, eta mehatxatua baldin badago, defentsako jarrerak hartzeko joera izango duzu, eta hori eskuzabala izatea baino desatseginagoa da. Edonola ere, oso subjektiboa izaten da norberaren hauskortasunaren pertzepzioa. Guretzat hain indartsuak diren frantses askok eta askok agonia larrian sentitzen dute beren kultura, anglofonoek eta musulmanek itoa, eta defentsako arauak euskaldun askori paranoikoa zaigun kopururaino biderkatzen dituzte.

-E. L.: Non dago muga kanpokoa integratu nahiaren eta makurtzearen artean?

-M.Z.: Kanpokoaren jarrera ere aztertu behar. Batzuetan kanpokoa integratu nahia eta makurtzea ez dira aurkakoak. Esanguratsua da “ospitalitate” eta “ostilitate” latindar jatorri etimologiko berekoak izatea. Ines Arrimadas Andaluzian jaioa da, 26 urte bete arte ez zen Kataluniara joan, hedabideetan dio bere burua salamancar sentitzen duela eta zentralismo jakobinorik agresiboenaren arietea da Katalunian; hala ere, abertzale independentista du bikotekidea. Antzekoa da Andrea Levyren kasua. Gu oraindik ez gara konplikazio horien baitan atseginez elkarbizitzeko bezain helduak. Zaila da Laura Garrido eta Pernando Barrenaren eztei bidaia irudikatzea, Javier Maroto eta Andoni Ortuzarrena, Laura Mintegi eta Rodolfo Aresena.

-E.L.: Horretaz ez eztabaidatzeak ez al dio bidea libre uzten eskuin muturrari Europaren “nortasunaren” defentsan?

-M.Z.: Europako eskuin muturra aporia betean jausi da: Europaren nortasunaren bihotza kristautasuna dela aldarrikatzen du, eta etorkin mairuek mehatxatzen dutela. Ordea, kristautasunaren funtsa etorkinari abegi egitea da, behartsuari laguntzea, lagun hurkoa zure burua bezala maitatzea, are etsaia maitatzea. Ez dut uste luzaro iraungo duenik berriki Fronte Nazionaleko zenbait kidek aporia horri aurkitu dioten irtenbidea: errefuxiatuen jantokietara laguntzera boluntario joan, baina bazkaltiarrei, ia denak musulmanak, txorizoa eta buzkantza baino ez eskaintzea. Jesu Kristoren izenean, irentsi ezak zerrikia edo bestela alde hemendik.

-E.L.: Euskal Herrian badakigu zerbait geure hizkuntza ezkutatzeaz kanpotarra “eroso” senti dadin, ezta?

-M.Z.: Eskuin abertzaleak aspaldi utzi zion euskararen alde serio egiteari, EAEko Hezkuntza Sailaren funtzionamenduak erakusten duenez, eta ezker abertzaleko sektore gero eta zabalagoak euskara abandonatu beharra aldarrikatzen ari dira Euskal Estatua erdietsiko bada; hau da, eguneroko praktikan beti egin izan dena teorian ere ezartzen dabiltza. Ikusita euskaldunon jokaera euskararekin, euskara ikasteko prest datorren kanpotarrak pena ematen du.

-E.L.: Arrazoizkoa litzateke ikastoletan-eta zerrikia menutik kentzea haur musulmanak daudenean? Eta klase egutegia moldatzea ramadanaren garaian?

-M.Z.: Ez, ez litzateke zentzuzkoa klase egutegia ramadanaren garaian moldatzea; aski lan ematen dute kristauek. Arrazoizkoa litzatekeena da eskola publiko benetan laikoa ezartzea. Lehenbiziko galderari dagokionez, gure ikastetxean behintzat menu berezia dute zeliakoek, barazkijaleek eta musulmanek. Eta oraingoa ez bezala zinez laikoa litzatekeen eskola publikoa lortuko bagenu, musulmanei solomoa beharrean oilaskoa zerbitzatzen jarraituko genuke, laikotasun erradikalak badaki eta eskuzabala izaten, benetan axola duten printzipioei eutsiz gero.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.