Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Carlos Castanedaren bibliografia

Carlos Castanedaren bibliografia

Markos Zapiain 2016/11/01 10:50

Carlos Cesar Salvador Arana Castañeda Burungaray Novoa, Carlos Castaneda gisa ezaguna, Cajamarcan jaio zen, Perun, 1925ean, eta AEBeko Los Angeles hil zen, 1998an, gibeleko minbiziak jota. Berak idatzitako hamabi liburu argitaratu dira (azkeneko biak post mortem):

1-The Teachings of Don Juan: a Yaqui Way of Knowledge, 1968, Don Juanen irakaspenak: ezagutzeko bide yaki bat.

Kontagaia 1960ko udatik 1965ko uda arte luzatzen da. Peioteak (Don Juanek "mescalito" esaten dio, "meskaltxo"), deabruaren belarrak eta Don Juanek “little smoke” edo "humito" (euskaraz agian "ketxo") deritzon "psylocibe mexicana" onddoak eragindako haluzinazioen kontakizunek Castaneda ospetsu egin zuten garai hippy hartan.

2-A Separate Reality: Further Conversations with Don Juan, 1971, Bereiziriko errealitate bat: elkarrizketa gehiago Don Juanekin.

Kontatzen dituen gertaerak 1968ko apiriletik 1970ko urrira artekoak dira. Hemen ere psikotropikoak gora eta behera. Drogak kari, lehenbiziko bi liburu horiek Argentinan, Eliza Amaren eraginez, debekatu egin ziren.

3-Journey to Ixtlan: The Lessons of Don Juan, 1972, Bidaia Ixtlanera: Don Juanen ikasbideak.

Kontagaia 1960ko udatik 1971ko maiatza bitartean dago kokatua. FBIak milaka eta milaka folioko txostenak bildu ditu Castanedaz, idazlea bereziki kontrolagaitza den arren. Amerikar gazteak drogatzera bultzatzen omen ditu, eta Castaneda ez da John Lennon kaukasiarra, zeharo kontrolpean halaber,  baizik eta AEBeko paperak berriki eskuratu dituen hegoamerikar beltzaran bat. FBIak idazleari gaztigua eman eta bere liburuetatik drogak desagerrarazteko exijituko dio. Bidaia Ixtlanera-z geroztik, berau barne, idazleak psikotropikoen garrantzia erlatibizatuko du. Castanedak ez zuen inoiz FBIaren presioaz idatzi edo berba egin. Haluzinogenoen garrantziaren erlatibizatze horretan, dena den, Castanedaren beraren izuak izango zuen zerikusirik, ikusita zenbat gaztek galtzen zuen burua psikotropikoak deskontrolatuki irensteagatik, bere liburuak akuilu edo aitzakia.

Bere hurrengo liburuetatik psikotropikoak zokoratzeko Castanedaren arrazoi esplizitua da Don Juanen ustez Castaneda zurrunegia zela bere logika razionala ezagutzeko bide onargarri bakartzat hartzeko orduan, tentelegia bere zientifismo unibertsitarioan, eta bere garunak eta pertzepzioak astindu gogor bat behar zutela defentsazko hesi horiek mugiarazteko. Hala ere, bestelako munduak ikusteko jende gehienak ez du psikotropikoen beharrik.

Nire ustez, kontuak kontu, Bidaia Ixtlanera da Castanedaren libururik ederrena.

4-Tales of Power, 1973, Ahalaren ipuinak.

Kontagai dituen gertaerak 1971ko udazkenetik don Juan Matusekiko azken elkarketa artekoak dira, 1973an. Don Juanen lagun min Don Genarok pasadizo histrioniko gogoangarriak eragingo ditu. Doblea, bestea, bestaldeko bikia, ameste-gorputzaren gaia nabarmentzen hasten da; orobat Tonalaren eta Nagualaren arteko bereizketa. 

5-The Second Ring of Power, 1977, Ahalaren bigarren eraztuna.

Kontatzen du Don Juan Matusekin azkeneko aldiz egon ostean nola elkartzen den bere lagun aprendizekin.

6-The Eagle's Gift, 1981, Arranoaren oparia.

Bere lagun aprendizekin jarraitzen du; eta gero bakarrik La Gordarekin.

7-The Fire from Within, 1984, Barrualdeko sua.

Don Juanen irakaspenak Bigarren Atentzio edo Atentzio Areagotuaz, Carlitosen eta Don Juanen azken elkarketa arte, 1973an.

8-The Power of Silence: Further Lessons of Don Juan, 1987, Isiltasunaren ahala: Don Juanen ikasbide gehiago. Don Juanen irakaspenen “bihotz abstraktuak” kontatzen zaizkigu.

9-The Art of Dreaming, 1993, Amesteko artea.

Amets kontzientearen inguruko Don Juanen irakaspenak jasotzen ditu. Lokartzeko unean oharmena ez galtzea da kontua eta ametsean ohiko kontzientziari eustea. Lehenbiziko urteetan ametseko irudiak geldiarazten eta kontrolatzen ikasi beharra dago, ametsetako gauzen mugimendu eta desagertze lasterrak eragozten, ametsak berregiten. Gero, amets batetik beste amets baterako bidea aurkitzen ikasiko duzu eta bigarren ametsetik lehen ametsean esnatzen.

10-Magical Passes: The Practical Wisdom of the Shamans of Ancient Mexico, 1998, Pase magikoak: Antzinako Mexikoko xamanen jakinduria praktikoa. Ohiko pertzepzioaren hesiak hausteko gorputz mugimendu zehatzen berri ematen digu.

11-The Wheel of Time: Shamans of Ancient Mexico, Their Thoughts About Life, Death and the Universe, 1998, Denboraren gurpila: Antzinako Mexikoko xamanak, beren gogoetak bizitzaz, heriotzaz eta unibertsoaz. Lehen zortzi liburuetako aipamen hautatuak biltzen ditu.

12-The Active Side of Infinity, 1999, Infinituaren alde aktiboa. Castanedaren bizitzako gertaera gogoangarriak. Gerlari aldartez bildutako oroitzapen albuma.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.