Paisaia
San Martinen heliograbatuetan paisaia da nagusi. Historialariek eta berezilariek erakutsi digute paisaia giza begiradak sortzen duela. Ez da berez existitzen, ez dago paisaia naturalik: terrenoa edo ekosistema ez da paisaia. Horregatik jar diezaiokegu data historikoa paisaiaren agerpenari. Alderantziz, ez dirudi paisaiaren berrasmatzeak oraingoz amaiera izango duenik. Diogularik argazkia dagoena berregitera mugatzen dela, muga azpimarratuz, ez dakigu zer diogun.
Begirada paisaiagilea ez da arrantzalearena edo egurgilearena, ez zaio pertzibitutakoaren alde ekonomikoa interesatzen, bizirauteko praktikotasuna. Emozio estetikoa bilatzen duen begirada da. Ederraren eta sublimearen arteko bereizketa ospetsuaren arabera, ederra gizakiok sortutakoa da, oroz lehen lorategia, eta sublimea, berriz, natura: mendia, itsasoa, basamortua, oihana eta sumendia. Bereizketa honek ez du San Martinen obra ukitzen: ez du lorategirik erretratatzen, eta edertasun naturalari larritasuna erantzi eta elemental bilakatzen du.
San Martinek batez ere mendiak eta basamortuak erakusten dutena erretratatzen du, nagusiki erresuma minerala eta begetala. Fosilak erakartzen du, beharbada fosila bere moldean grabatua ere badelako, oinatz. Deleuzek dioenez, gizakiarenaz gain bada Lurraren espresionismo eta sormen bat, materiaren zenbait ametsen arrarotasunean azaltzen dena. San Martinek ez ditu berariaz forma bereziki arraroak bilatzen. Artistaren ikuspuntuak bihurtzen ditu arraro erakusten dizkigun belar, harri, arroka eta zuhamuxkak. San Martinen zenbait grabatu hain dira soilak, irudikatutakoak erretraktila ematen baitu, iheskorra, posearen kontrako muturrik urrutienean balego bezala. Beste zenbaitetan sakonki hunkitzen duten epifaniak dira, hala nola hiru beleak. Esan liteke, gizakia bizigabetzen duen bitartean, izaki naturalak animatua dirudiela, inorganikoak berak ere liluratua eta sorgindua ematen du. Beharbada gure tolesik sakonena lotuagoa dago arrokarekin edo landarearekin, animaliarekin edo giza berezitasunarekin baino. Ziurrenik, gure barne geruzetako musikak hobeto ematen dio oihartzun mineralen eta belarren soinu sinpleari, ezen ez ugaztunei eta pertsonei, hauek ospetsuagoak izanagatik ere.
Heliograbatua
Hainbat teknika plastiko darabil eibartarrak, baina maizenik heliograbatua, Karel Klíč txekiarrak XIX. mendeko azkeneko laurdenean asmatua.
Urteak zeramatzan Unai San Martinek argazkia kobre-grabatuaren teknikan txertatu nahian, harik eta 1992an heliograbatua aurkitu zuen arte Camera Work aldizkari mitikoan, non Alfred Stieglitz eta Paul Stranden obra aztertu ahal izan baitzuen; baita Edward Sheriff Curtisen The North American Indian monumentala ere.
Heliograbatuaren teknika, prozedura, liluragarria da. Izpi ultramoreak erabiltzen dira, eguzki-izpiak: hortik dator, hain zuzen, «heliograbatu» hitzeko «helio» hori. Hasteko, gelatina bat argazkiari atxikitzen zaio, argazki-gardenkiari, eta argi ultramorearen eraginpean jartzen da. Gero, gelatina hori kobrezko plantxa bati erantsi eta guztia ur berotan errebelatzen da. Kobrezko plantxa, behin lehorturik, urtinta fin batez hautseztatzen da. Erretxinazkoa edo asfaltozkoa izan daiteke urtinta hori. Erretxinazko trama funditu eta plantxari zeharo itsatsirik gelditzen da. Ondoren, eraso kimikoa: burdin-klorurozko soluzio bat gelatinan barneratu eta kobrezko plantxa matrize bilakatzen da, jatorrizko argazkiaren tonu eta ñabardura guztiak erakusten dituena. Amaitzeko, heliograbatua torkuluarekin inprimatzen da; grabatuak inprimatzeko prentsa mota bat da torkulua.
Hiru arazo irakaskuntzan
Aldatuko ote du Hezkuntza Lege berriak aurreko hamarraldietan indarrean egon den arau hau? Batxilergoan D ereduan Filosofia eta edozer irakasteko oposizioak gaztelaniaz egin ditzakezu, bai idatzizko zatia eta bai ahozkoa. Agintari batzuk harrituta daude: nola da posible bigarren hezkuntzako ikasleek Euskaran hain maila eskasa ematea eta, aldi berean, euskaraz egin beharreko Filosofian edo Historian txukun samarra? Erantzunaren alde bat, ez garrantzitsuena baina bai kontuan hartu beharrekoa: Filosofiako eta Historiako irakasle frankok oposizioak gaztelaniaz eginda lortu dute lanpostua. Horien artean, kopuru kezkagarri bat ez da gai ikasleen euskara maila neurtzeko, euskara alemana bezain arrotza baitzaie. Txiribitonen garai alaian atera zuten EGA, baina hogeitaka urte dira Javier Marias eta Savater iruditzen zaizkiela gure munduko horizonte gaindiezina, ez dute besterik irakurtzen, eta ahaztua dute gure hizkuntza. Hala ere, abertzaleek kudeatutako administrazioak egundo ez die oztoporik jarri bigarren hezkuntzan edozein ikasgai euskaraz emateko.
Orain dela bi aste, irakasle horietako batek ikasle bati, karpetan ikurrina eta “independentzia” pegatina zeramatzana: “eso se te curaría si aprendieras más Historia”. Ikasleak gogorarazi zion ez dela polita irakasleak falaziak erabiltzea (eman berriak genituen falaziak), eta bere esaldia falazia hutsa zela, besteak beste badelako hainbat historialari jakintsu independentista; ez dela ezinezkoa zenbat eta Historia gehiago jakin, orduan eta independentistagoa izatea. Tamalez, bestalde, gurean irakasle dependentistarenaren tankerako aholkuei beti sumatu izan zaie ad baculum kutsua. Hogeigarren mendean nabarmen, baina 2022 honetan ere bai. Ez dakit ikasle horrek nonon militatzen duen (uste dut Deusturen independentziaren alde ere badiharduela), baina badaki behintzat eskolan ikasitakoa eguneroko bizitzan erabiltzen.
Beste misterio biolento bat, oraingo honetan dibinoa: azkeneko urteetan ez zegoen Batxilergoan Erlijio eskaini beharrik. Urrats egokia laikotasunari begira. Orain, berriz, Podemosen eta PSOEren gobernuak derrigorrez eskaini beharra ezarri du. Hor badabiltza auskalo nondik datozen presio arraroak, internet miatu arren behin eta berriro mozorrotu eta ihes egiten didatenak. Zergatik ez zuten Felipe Gonzalezek eta Zapaterok konkordatu frankista bertan behera utzi? Nietzschek ondo erakutsi zuen kristauek, sozialistek eta komunistek antzeko azpiegitura ideologikoa dutela. Kirrinkarik batere gabe ibili zen Javier Madrazo komunista Ibarretxeren gobernuan. Alvarez Solisek komunista katoliko definitzen zuen bere burua.
Ni bezalako egunkari-irakurle arrunt batek ezin du eragotzi pentsatzea oraingo honetan Erlijioren berrezarpenaren kausetako bat Yolanda Diazek Vatikanora egin berri duen bisita izan dela. Berrogei minutuz mintzatu zen Frantziskorekin. Isabel Zelaa, Sozialisten eta Podemosekoen Gobernuko aurreko Hezkuntza Ministroa, arestian Vatikanoko enbaxadore izendatua, herenegun bildu zen Frantziskorekin, ostiralean, ordu erdiz. ABC-k kontatu duenez, nabarmen hunkitu zuen aita santuaren hurbiltasunak: ahotsa dardarka, erdi negarrez, Zelaak opari bi egin zizkion Bergogliori:
El primer regalo era muy personal, un rosario de la Cartuja de Burgos que perteneció a la cuñada de la ex vicepresidenta, fallecida hace unos meses. Francisco lo ha tomado en las manos muy agradecido.
El segundo era un pequeño busto de San Ignacio, que pertenece a una serie limitada, y que envía una comunidad jesuita del País Vasco. «Yo me he educado en un centro de los jesuitas vascos», le confió orgullosa la embajadora al Papa.
Karmeldar Oinutsak eta Karmeldar Oinetakodunak baino sakonkiago emozionatzen ditu aita santuak sozialistak. Bistan da hezkuntza laikoaren aldekook ezin dugula ezker espainoletik gauza handirik espero. Ahaztua dugu honezkero noiz izan zen fidagaitzak izateari uzteko zirrikituren bat erakutsi ziguten azkeneko aldia.
San Martinen grabatuen sailkapen bat
Eibartarraren ikuspuntua eta azentua dibertsoa da; eta irudikatutakoaren barietatea ere deigarria da, are espektakularra. Erretratatzen dituen edo ez dituen izakien enumerazio osagabe eta axaleko batek haren obra interpretatzeko giltza batzuk eskaintzen ditu. Kokatuak izaten ohi diren erresumen arabera multzoka litezke izaki horiek.
Abia gaitezen naturatik. Paisaietan lainoa erakusten zaigu, elurra, hodeiak, itsasoa, hondarra, tantak, mendiak, ibarrak, harriak, arroka arrakalatuak, basamortuak. Florari dagokionez, belarra dugu, galburuak, erroak, zuhamuxkak, adarrak, hostoak, landareak, arbolak. Badira halaber armiarmen tankerako zomorroak, eta txoriak eta hegaztiak bakardadean edo saldoka. Beleak mimo bereziz daude irudikaturik, aparteko grazia darie. Ez dago eguzkia edo ilargia lako astro argitsurik, baina bai aitzitik itzal ugari.
Gizakiek sortutako objektuak ere ageri zaizkigu: kutxak eta panpinatxoak, zenbakiak, lanparak, apalak, paper-sortak, teilapeak, porlan-blokeak, zutoin elektrikoak, kristal hautsiak, bultoak, eskailerak, kableak, hesiak eta itxiturak, faroak, etxeak, auzoak, Hondarribiako zezen-plaza, labirinto zapuztuak, Zacatecas, Lima edo Eibar bezalako hiriak. Baita estratak ere, eta errepideak, eta korritzen dituzten autoak eta kamioiak; orobat aireplanoak. Erremintak eta metalurgia nabarmentzen dira, torlojuak, matrizeak eta trokelak, mailuak eta gurutzeak, eta, oro har, objektu industrialak, zeinak, testuingurutik aterata, pertzepzioaren inertzia apurtu eta diferente ikusten baitira. Gauzakirik arruntenen bidez botatzen digu amua ikusezinak.
Unai San Martinek fotografiatzen ez duenari dagokionez, edo ia fotografiatzen ez duenari, eguzkiarenak eta ilargiarenak ez ezik, atentzioa ematen du ugaztunen absentziak ere: ez da ageri zakur baten itzala baizik. Gainera, grabatuaren izenburua Itzala da. Ugaztunak, ezta aipatu ere. Bereziki esanguratsua da gizakien falta ia erabatekoa: heliograbatu batek oinezko robotikoen multzo bat erakusten du zebra-bide batean, eta haien itzal izugarri luzeak, eta beste batek hildako bat baltsamaturik, izan daitekeen arren zeruko agerpen bat, hodeiek eta gasek zoriz osaturiko giza muturra. Ez dago aurpegirik. San Martinek bizia kentzen die gizakien obrei zein gizakiei berei. Itzal iragankor gisa ageri dira, abandonatuak eta mekanikoak; edo bestela karbonatatuak, disekatuak eta momifikatuak. Garrantzitsuagoa da itzala, proiektatzen duen pertsona baino. Sarritan dira San Martinen grabatuak ospelak eta aztoragarriak.
Korrespondentzia
Unai San Martinen meritu nagusietako bat, saxofoiaren soinuarena legez Hector Berliozen esanetan, bere azentu ederraren dibertsitatean dago, oraintxe lasai, are grabe, oraintxe kartsu, ameslari edo malenkoniatsu; edota lauso, oihartzunaren oihartzun ahularen gisara, edo brisaren kexu atzemangaitza oihanean, edo ezkilak uzten dituen bibrazio misteriotsuen antzera, errepika jo baino askoz ere geroago. Ia ez dago halako begirada duen artistarik, hain garbi kokatzen dena isiltasunaren mugan. Budistek bizitzari buruz dioten bezala, San Martinen grabatuak kandelen modukoak dira, baten batek putz egin eta itzaliak izateko zorian beti.
Unai San Martinen erakusketa
XXI. mendeko lehenbiziko laurden honetan indartsuen dabiltzan mugimendu artistikoen artean, adituek gorea lehenesten dute (anputazioak, kanibalismoa, serieko hiltzaileekin lankidetza...). Diru-laguntzen %80 harrapatzen du eta aldi berean gore-obrak dira garestienak. Adituek aipatzen dituzte, orobat, gorputzaren artea, grafitia, performancea eta arte birtuala; azken hau, batez ere, mangaren eta fantasia heroikoaren eraginpean dauden gazteek baliatua. Gainera, badira oraindik tradizioa hautsi eta estiloz aldatzera behartuta daudela uste duten artistak, Duchamp edo Picassoren ildotik.
Panorama horrek mugimendua adierazten du, gaztetasuna, berrikuntzen bilaketa etengabea. Hedabideen arreta bereganatzen duen sortzaile mota horrekin kontrastean, San Martinek erakusleiho distiratsuari eta ateraldi harrigarriari uko egiten die, artista-jarreran zein obraren edukian. Ederra du bilatzen, ez berria.
Ez da tradizioa sutsuki beneratzera edo arbasoak gurtzera iristen, ez horixe, baina ezohikoa gertatzen da hemeretzigarren mendeko teknika soilak erabiltzea, eta gogokoen dituen artistak hain diskretuak izatea: adibidez, Giorgio Morandi; eta, garaikideen artean, Vija Celmins letoniar grabatzaile erreserbatuaren lana da miresgarrien zaiona. Alferrik bilatuko dituzu San Martinen heliograbatuetan gremio akademikoko kideek elkarri egin ohi dizkioten keinu konplizeak. Arroken aldera jotzen du gehiago Giza Zientzien aldera baino. Periferikoa da, desordukoa.
Criptomnesia
Bagenuen “kriptotxanpon”, baina nik dakidala Goizalde Landabasok erabili du gurean lehenbizikoz “kriptomnesia”. Orain Elhuyarrek "critomnesia" sartu du hiztegian.
Baudelairek itzuli zituen frantsesera Edgar Allan Poeren ipuinak. Eta kontatu zuen Poeren ipuin-liburu bat aurrenekoz ireki zuenean, izuturik eta liluraturik aurkitu zituela, ez soilik berak amestutako eszena osoak, baizik orobat berak pentsatutako esaldi zehatzak, Poek hogei urte lehenago idatziak.
Alderantzizko norabidean, baina denboratik ateko izpirituen komunikazioari dagokio, igualki, criptomnesia. Lurtarragoa izan daiteke alabaina, pikareskaren mugakidea.
("Igualki"ren bidetik, ikasle batek azterketan "momentualki" idatzi du, "momentáneamente" buruan, edo agian "de momento"; hain polita izan arren, oraindik ez da hiztegietan ageri.)
“Criptomnesia” hitzaren greziar oinarri etimologikoak “oroitzapen gordea” esan nahi du, eta ez da zehazki eritasuna. Badu lapurretaren eta plagioaren antza; izan ere, lapurreta eta plagioa baita. Ohiko plagioa ez bezalakoa, ordea, oharkabean gauzatzen denez: plagio inkontzientea adierazteko erabiltzen da batez ere, plagiogilea ohartzen ez deneko plagioa.
Plagiogiletzat salatzen bazaituzte, epailearen aurrean esan dezakezu ez zinela konturatu, inkontzienteki egin zenuela. Barka nazazu, epaile jauna, criptomnesia izan da, zin degizut.
Freud ohartu zen bere Eros eta Thanatos azken batean Enpedoklesen Maitasuna eta Gorrotoa izan zitezkeela, eta criptomnesia aipatu zuen.
Michel Onfrayk dio Freudek Enpedoklesi ez ezik Nietzscheri eta beste hainbat filosofori ere ideiak ohartuki ebatsi zizkiela, eta criptomnesia ez zela izan aitzakia baizik.
Onfrayk berak hamaika aldiz adierazi du, berari bururatu balitzaio bezala, Gilles Deleuzek Nietzscheren betiereko itzuleraz egin zuen interpretazioa okerra dela: Deleuzek itzulera selektiboa aipatu baitzuen, eta Nietzschek, ostera, guzti-guztia itzuliko dela. Ordea, Onfrayk baino lehen Clément Rossetek edo Fernando Savaterrek egina zioten kritika horixe Deleuzeri. Eta Onfrayk irakurriak ditu bai Rosseten eta bai Savaterren liburuak.
Bestalde, Onfrayk berari otu balitzaio bezala errepikatzen du, halaber, optimistak guztia edertasun aizun batez ikusten duela, pesimistak berriz dena ilun; azkenik, tragikoak ikusiko luke dagoena benetan den bezain gordin, eder eta ilun. Hori ere zenbait hamarraldi lehenagotik zuen Clément Rossetek garbi idatzia, besteak beste Filosofia tragikoa (1960) eta Txarrenaren logika (1971) liburuetan. Izan litezke Onfrayren criptomnesiak. Edo proiekzio psikoanalitikoa: Freud ezin gogorrago salatzen duzu egiteagatik zuk zeuk behin eta berriro degizuna. Baina ziur aski aldi berean izango da proiekzioa eta criptomnesia.
Udan, Joxe Azurmendiren Gizaberearen bakeak eta gerrak berrirakurtzen ari nintzela, egundoko sustoa: institutuan, Antropologia irakastean, gaur egun nagusi den ikuspuntua azaltzen dut: gizakia animalia da. Gainera, ez dago alde batetik giza animalia eta bestetik gainerako animalia guztiak. Gizakia “beste” animalia bat da. Noski, baditu berezitasunak. Alta, edozein animaliak dauzka berezitasunak. Errinozeroak, adibidez, aski nabarmena. Horixe errepikatu izan dut urteak joan urteak jin, errinozeroarena niri bururatutako adibidea bailitzan.
Ez horixe, orain dela berrogeita bost bat urte idatzi baitzuen Azurmendik.
Psikologian ere, bada mistikoen psikologiaren inguruko ideia zahar bat: jainkotasunera hurbiltzeko ez da inongo gertaera ikaragarri garrantzitsurik behar; aldiz, eguneroko traste, kontu edo zereginik arruntena izan liteke bitartekari eta gorabide, hala nola laranja, eztula, platera, dutxa, harria, siesta, makila... Klasean esan izan dut dibinitateak zenbaitetan gauzarik arruntenak darabiltzala mistikoei amua botatzeko. Esaldi antzekoegia aurkitu berri dut aspaldi irakurritako Ernst Jünger-en Anotaciones del día y de la noche-n.
Litekeena da nire buru koxkor honek inoiz ez sortu izana ideia berri bakar bat ere. Menturaz, esan eta idatzi ditudan milioika karaktereak, den-denak, izan dira itzulpen, plagio edo criptomnesia. Ea aurrerago zerbait okurritzen zaidan, behin jubilatu ostean edo. Momentualki, itxuraz, deus gutxi.
Hezkuntza Laikoa elkartearen eskaera
Aurreikusita dago 2022an onartzea Euskal Hezkuntza Sistema arautuko duen lege berria. Proiektuak dioenez, lege horren helburua honako hau da: “Euskal Hezkuntza Sistema arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan kalitate, ekitate eta eraginkortasun printzipioetan oinarritutako hezkuntza sistema bateratua eraikitzen lagunduko duen markoa ezarriz, gizarte-kohesioa eta herritar aktiboak sustatuko dituena, eta ikastetxe publiko zein itunpekoen identitate eta izaera propioa errespetatuko dituena.”
Hezkuntza Laikoa elkartetik adierazi nahi dugu ekitatea eta gizarte-kohesioa lortzeko ezinbestekoa dela, besteak beste, laikotasunaren printzipioak kontuan hartuko dituen Hezkuntza Lege bat onartzea. Gizarte demokratiko batean Estatuak eta, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak, neutrala izan beharko luke kontzientzia- eta erlijio-aukeren aurrean. Erlijio-sinesmenen irakaskuntza, proselitismoa eta doktrinamendua familia-esparruan, elizetan edo kultu-lekuetan egin beharko litzateke, eta horren finantzazioa eliza edo erlijio-elkarte bakoitzari legokioke.
Erlijio katoliko konfesionalak hezkuntza-sisteman duen presentzia Espainiako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko akordioen ondorioa da. Akordio horiek 1979ko urtarrilaren 3an izenpetu ziren Vatikano Hirian, Konstituzioa 1978ko abenduaren 29ko BOEn argitaratu eta bost egunera. Jakina, prekonstituzionaltzat jo ez zitezen itxaron zuten data horretara arte. Akordioen helburua Egoitza Santuaren eta Estatu frankistaren arteko 1953ko Konkordatua eguneratzea zen. Erlijio katolikoko ikastetxeek, irakasgaiek eta irakasleek gure hezkuntza-sisteman dituzten pribilegioak, beraz, diktaduraren nazionalkatolizismoan dute jatorria.
Egoera bidegabe horrekin amaitzeko, akordio horiek bertan behera utzi beharko lirateke, eta hori ez dago Eusko Jaurlaritzaren esku (ezta Nafarroako Foru Gobernuaren esku ere), Espainiako Estatuan txertatutako autonomia-erkidego bateko gobernua baita.
Horrek ez du esan nahi gure hezkuntza-administrazioak ezer egin ezin duenik. Ordea, zerbait egitera deliberatzeko borondate politikoa behar da, eta printzipio batzuk aitortu. Gure kasuan, ezinbestekoa dela fedea eta ezagutza bereiztea, edota doktrinamendua eta ikaskuntza. Oro har, ez dela bidezkoa erlijio-erakunde jakin batzuen pribilegioei eustea. Pribilegio horiek honelaxe gauzatzen dira gaur egun:
-
Ikastetxe erlijiosoak diru publikoarekin finantzatzen dira.
-
Ikastetxe publikoetan erlijio konfesionalaren irakaskuntza diru publikoarekin ordaintzen da.
-
Erlijio-irakasleak, apezpikuak edo dagokion agintaritza erlijiosoak aukeratzen dituen arren, klaustroko kide bihurtzen dira, eta funtzionarioen lan-baldintza berberak eskuratzen dituzte, edo hobeak.
-
Erlijio bakoitzaren agintaritzak zehazten du curriculuma, hau da, irakatsi beharreko edukia.
-
Erlijio ikasgaia aukeratzen duten familia eta ikasleek Erlijio aukeratzen ez duten ikasleen ordutegiak eta ikasketak baldintzatzen dituzte.
Lege berriarekin aukera daukagu hezkuntzak behar lukeen izaera laikoa asmo-adierazpenetik harago eramateko eta, horrela, ahal dugun neurrian, hiritarren arteko ekitatea eta kohesio soziala bermatzeko.
Horregatik guztiagatik, Euskal Hezkuntza Lege-proiektuaren aurrean, honako neurri zehatz hauek proposatzen ditugu:
ERLIJIO IRAKASLEEI DAGOKIENEZ:
-
Beste erlijio batzuen irakasleek bezalaxe, ikastetxe publikoetan Erlijio katolikoko irakasleek Erlijio katolikoa baino ezingo dute irakatsi.
-
Erlijio irakasleen ordutegiak Erlijioko orduei egokituko zaizkie. Gaur egun puztuta eta gaindimentsionatuta daude. Erlijio katolikoaren irakasleei, funtzionarioak ez diren gainerakoei bezalaxe, eman behar duten ordu-kopuruaren arabera egingo zaie kontratua (jardunaldi osokoa, erdikoa edo herenekoa).
-
Erlijio katolikoaren irakasleak, Erlijio katolikoa emateko sartu baitira sisteman, ezingo dira beste ikasgaien zerrendetara pasatu Erlijio katolikoa emateagatik pilatu dituzten puntuekin.
-
Erlijio irakasleek ezingo dute zuzendaritza taldeetan parte hartu. Era berean, ezingo dute arduradun gisa jardun ez liburutegietan ez ikasketa-proiektuetan.
ERLIJIO IKASGAIARI DAGOKIONEZ:
-
Erlijio ikasgaia aukeratzen ez duten ikasleek ez dute ordu horretan ikastetxean egon beharko. Hori dela eta, ikastetxeak erabakiko du Erlijio saioak noiz eman, Erlijioa aukeratzen ez duten ikasleak ez kaltetzeko moduan.
-
Erlijio ikasgaian, besteetan bezala, curriculumean zehaztutako programazioa bete behar da, eta horrela egiten dela bermatzeko Hezkuntza Sailak behar beste ikuskari jarriko ditu.
TITULARTASUN PRIBATUKO IKASTETXE ERLIJIOSOEI DAGOKIENEZ:
-
Sinesmen erlijiosoak dituen ikastetxe pribatu batek diru publikoa jaso dezan, administrazioak ziurtatu eta bermatu beharko du legeak betetzen dituela. Zehazki, bizimodu eta sexualitate ez-normatiboak errespetatu beharko ditu, eta aniztasun ideologiko eta erlijiosoa.
Lander Garroren erantzunak Prousten galdetegiari
1-Zure dohain handiena.
Nire dohain handiena nire akats handienetik dator: nola nire barruan isilik geratzeak beldurra eragiten didan, hitz egin behar konpultsiboa dut, eta, ezinbestean, hitza da nire dohainik handiena.
2-Emakumearengan maiteen duzun ezaugarria.
Emakumeek nigan eragiten dutena primitiboegia da ezaugarri batera ekartzeko, baina esatekotan, esango nuke erraz antzematen dituztela bizitzak dituen hierarkiak, gauza garrantzitsuenetan arreta jartzeko trebeak dira.
3-Gizonarengan maiteen duzun ezaugarria.
Kontrakoa, gauza garrantzitsuei ihes egin eta abstraitzeko joera aski ero eta suizida, baina aldi berean oso espontaneoa eta infantila dena.
4-Zure nortasunaren ezaugarri nagusia.
Desordena. Desordena sortu eta desordena ordenatzeko beharra. Arreta beharra ere bai.
5-Zure lagunengan estimagarrien zaizuna.
Analisirako gaitasuna.
6-Zure akatsik nabarmenena.
Kaosa.
7-Zure zereginik gustukoena.
Bazkalostean sexua egitea.
8-Nola amesten duzu zoriona?
Bazkalostean sexua eginez.
9-Zein litzateke zure zoritxarrik handiena?
Bazkalostean sexua ezin egitea.
10-Zein nahiko zenuke izan, zeu ez bazina?
Patagonian bizi den itsas biologoa izan nahiko nuke, baleen artean bizi eta haien bizitza ikertu.
11-Zein herritan nahiko zenuke bizi?
Islandian edo Norvegian.
12-Zure kolore gogokoena.
Kobalto kolorea.
13-Zure lore maiteena.
Ez ditut loreak bereizten. Eguzkilorea agian, baina ez zait besteak bano ederragoa iruditzen derrigor.
14-Txori gustukoena.
Hontza.
15-Zure idazle gogokoenak prosan.
Salinger, Steve Tesich, Bennedetti, Richard Ford, Raymond Carver, Patricia Highsmith, John Fante, Cormac McCarthy, Sara Mesa, Eider Rodriguez.
16-Zure poeta gogokoenak.
Joseba Sarrionandia, Itziar Ugarte, Hedoi Etxarte, Jon Benito, Rosalía de Castro.
17-Izen gogokoenak.
Michelangelo Antonioni ezin da hobetu.
18-Zure protagonista maskulino gogokoenak, fikzioan.
Holden Caulfield edo Tom Ripley. Burura datorkit baita ere Primavera con una esquina rotako protagonista, orain euskaraz Udaberri kantoi-hautsia. Gurean ez dira egon protagonista potente asko, baina Abaitua, Saizarbitoriarena, oso gogoko dut.
19-Zure protagonista femenino gogokoenak, fikzioan.
Celie Harris, El color púrpurako protagonista, edo Sara Mesaren Un Amor-eko protagonista.
20-Protagonista gogokoena, Historian.
Lumière anaiak eta Miles Davis. Surrealistak gustatzen zaizkit, Man Ray eta Buñuel, eta ondorengo erromantikoak, Henry Miller edo Anaïs Nin. Hedonismoak erakartzen nau, baina Oteiza eta Txillardegi ere interesgarriak egiten zaizkit.
21-Protagonista gorrotatuena, Historian.
Ez dakit nor hautatuko nukeen, kolonialismoarekin izan duen harremanagatik Espainiako edozein jeneral edo agintari, baina partikularki inor ez, ez bada Galindo, Amedo, Corcuera edo halakoren bat, baina ez dakit historiako parte diren edota infrahistoriakoak. Barak Obama ere oso gorrotagarria dela uste dut, hain zuzen ere gorrotagarri gisa ez agertzen bazekielako.
22-Zinemagile gogokoena.
Steven Spielbergek bezala ez nau inork hunkitu, Lars Von Trierrek bezala ez nau inork harritu, Thomas Vinterbergek bezala ez nau inork larritu. Baina Oscar Alegria hautatuko dut.
23-Argazkilari gogokoena.
Chema Madoz eta Brassai. Alfredo Aldai. Bego Anton ere asko gustatzen zait.
24-Idazle gogokoena.
Steve Tesich, Raimond Carver, Mario Bennedetti, Eider Rodriguez, Julio Cortazar, Jamaika Kincaid.
25-Zure heroiak, bizitza errealean.
Ez daukat heroirik, denak dira hezur-haragizkoak, eta denak maite ditut hala ere.
26-Zure janari eta edari gogokoenak.
Itsasotik datorren ia dena eta kafea.
27-Zein talentu nahiko zenuke izan?
Gitarra, pianoa edo saxoa jotzekoa.
28-Zein akats edo bekatu iruditzen zaizu barkagarriena?
Idiota bat edo eskuinekoa (biak batera joan ohi direnak) izatea ez den edozein.
29-Miresgarriena zaizun ekintza militarra.
Cubako iraultza.
30-Nola nahi zenuke hil?
Oharkabean.
31-Zure ikurritz, lema edo eslogan gogokoena.
Itsasoa da bide bakarra.
Lander Garroren erantzunak Bernard Pivoten galdetegiari
1-Zure hitz gogokoena?
Neologismoak asko gustatzen zaizkit. Fotografia edo argazkilaritza, adibidez. Sonoritateagatik lardaskatu, larderia, zikoitz, zeken. Sestra ere gustatzen zait, baina ixaz idatzia.
2-Hitzen batek eragiten dizu nazka?
Herritar hitzak.
3-Zure droga kuttuna?
Estasia, zalantzarik gabe.
4-Zein soinu maite duzu?
Baleen berbaroa.
5-Bereziki gorroto duzun soinu edo zarata?
Eraikuntzarena.
6-Zure birao gogokoena, edo maizenik darabilzuna?
Makaguen-ekin hasten diren guztiak.
7-Noren irudia ipiniko zenuke 50 euroko billeteetan?
Txillardegirena.
8-Zein lan ez zenuke inondik inora egingo?
Polizia.
9-Zein landare, zuhaitz edo animalian nahiko zenuke berraragiztatu?
Balean, noski.
10-Jainkorik balego, zu hil ostean, zer nahiko zenuke zuri esatea?
Jainkorik ez da, ordea.
