Garraio
Unai San Martinentzat, heliograbatuak barne paisaiaren proiekzioak dira, irudikatutakoak emozio edota egoera mental bat erakusten du. Paisaia batek bere atentzioa harrapatu eta fotografiatzera deliberatzeko, sentsazioa izan behar du, aurretik memorian bisitatu izana. Picassorena parafraseatuz, gauzak ez ditu ikusten dituen moduan fotografiatzen, baizik oroimenean dabilzkion bezala.
San Martinen ohiz kanpoko ikuspuntuak arrokak eta adarrak erretratatzen ditu, baina ez gizakien soslaiak era xelebre tipikoan imitatzen dituztelako, ezpada tapaturiko emozio edo egoera mentalak iradokitzen lagungarri zaizkion heinean. Halatan, edozein gizakiren pertzepzioa eta kontzientzia aberasten ere laguntzen dute. Eta ez al da bada horixe berorixe arte handiak dagiena, alegia, hautemateko aukera berriak inspiratu, sentitzeko molde desberdinak erakutsi, barne eremu ezezagunak esploratu eta izenik gabekoa bataiatu edo irudiz jantzi?
San Martinen heliograbatuak metaforak dira, emozio batetik irudi batera daramaten transposizioak. Grekoz, «metafora» hitzak “garraio” esan nahi du. Gaurko egunean, Atenasen kamioiz osaturiko metafora-enpresak aurki ditzakezu. San Martinen obra metafora-konpainia bat da, paisaia berri batera garamatzana, dialekto berri batera. Konstelazio horri dagokie «gibelatu», «soiltasun», «melankolia», «agerkunde» bezalako hitzak; edonola ere, transmititzen duena ez dator zehazki bat inongo hitz ezagunekin. Bihotz abentureroak bere baitara jauzi egingo du, orain arte artikulatzeke egon den emozio uher horren oihartzunen bila, eibartar artistak seinalatu eta gure esku jarria.